Denden borroka, bizirik segitzeko

Adrian Garcia 2017ko uzt. 14a, 20:00
Lasarte-Oriako merkataritza bizirik dago, ingurua saltoki handiez josita egon arren. Halere, kezkaz ikusten dute dendariek haien hedapena: Leroy Merlin ezartzekoa da inguruan. Herria bizirik mantentzeko merkataritza ezinbestekoa dela aldarrikatu dute.

Denbora gutxian aldaketa asko jasan ditu gizarteak, eta joera arriskutsu bat nagusitu da azken boladan: presak estututa bizi dira herritar asko, eta horrek herriak bultzatu ditu beste era batera antolatzera. Multinazionalak ongi aprobetxatu dira horretaz; azken hamarkadetan Lasarte-Oriaren inguruan eraiki diren merkataritza guneak dira horren adibide: Urbil eraiki zuten 2000. urtean. Gero, Decathlon, Belartza gunean. Orain, Mercadona supermerkatu katearen eta McDonald'sen txanda da. Eta etenik ez du hedapenak: Leroy Merlin brikolaje eta etxerako dekoraziorako multinazionalak Lasarte-Oriako lurretan ezartzeko asmoa du, Errekalden.   

 Herriko EAJk arrakastatzat aurkeztu du proiektua: 150 lanpostu zuzen sortuko ditu, eta beste 50 zeharka. Estitxu Alkorta zinegotziaren arabera, urtean 150.000 euro utziko ditu Frantziako enpresak zergetan. 

Gune estrategikoa da Lasarte-Oria; Donostiatik kilometro gutxira dago, eta komunikabideak onak dira. Gainera, N-I eta A-8 errepideek inguratzen dute herria. Eta gertu dago Donostia inguratzen duten errepide sarea. Multinazionalentzako lur preziatuak dira. Haatik, herriko merkatarientzat amesgaiztoa bihurtu da.  

Herriko denda txikiek "kezkaz" ikusi dute Lasarte-Oriako aldiriak saltoki handiez betetzen. Ramon Ormazabal bilakaera horren lekuko zuzena izan da. Orain 40 urte ireki zuen loradenda, eta beste denda asko ixten ikusi ditu denbora horretan. Aterpea merkatarien elkarteko presidentea ere bada. Zoritxarreko mugarri baten gisa gogoratzen du Urbilen irekiera. “Goraldi oso on bat eduki genuen, Urbil ireki arte”. Lasarte-Oriari ez ezik, ondoko herriei ere eragin zien. “Oso kolpe gogorra izan zen dendarientzako eta ostalarientzako". 

Dena den, multinazionalek herria inguratu izanagatik, merkataritza bizirik dago oraindik. Dionisio Alvarezek, udaleko enplegu dinamizaziorako teknikariak, eman ditu datuak: 500 bat enpresek osatzen dute egun merkataritza ehuna. Horietatik, 192 denda txikiak dira. Ostalaritzakoak, ehun bat.  Eta zerbitzuak eskaintzen dituztenak, 181 (ile apaindegiak, hortz klinikak, aholkularitzak...).  

500 enpresa 
Urbilek hasieran, eta krisi ekonomikoak ondoren, negozioak kaltetu ditu. Baina azken urteetan kopuru hori berdintsu mantendu da, gorabehera txiki batzuekin. 

Udalak badaki herriaren ekonomian merkataritza txikiak duen pisua: industriarik apenas ez dago, eta hirugarren sektoreak osatzen du zergen bidezko diru sarreren %70. 

Tokiko ekonomiaren akuiluak baitira denda txikiak. Gaindegiak gertutik aztertu du merkataritza txikiaren fenomenoa. Imanol Esnaola behatokiko koordinatzailearen esanetan, Lasarte-Oriak badu berezitasun bat: "Populazio zaharkitua du herriak, eta, ondorioz, beharrezko egiten du gertuko zerbitzua. Merkataritza txikia egoteko premia bat badago. Funtzionalitate argi bat dago". 

Multinazionalek herrian aberastasuna sortzen dutela defendatzen dute proiektu erraldoi horien aldekoek.    "Zergak ordaintzen dituzten heinean bai. Baina badakigu horretarako zenbat salbuespen dituzten. Hori hein batean itzultzen da herrira, eta enpleguak sortzen dira", azaldu du adituak. 

Halere, auziak ertz asko dituela nabarmendu du Esnaolak. Enplegua da horietako bat. Izan ere, askotan salatu izan dute baldintza txarretako lanpostuak direla saltoki handiek eskainitakoak. "Merkataritza txikiak barne  logikari erantzuten dion enplegua sortzen du. Saltoki handiek beraiei gehien komeni zaien lanpostu mota sortzen dute". Gainera, zerga bilketa "eraginkorragoa" egiten da denda txikiekin, Gaindegiako koordinatzailaren hitzetan. "Dendak herriko sarean eragiten du, eta inguruko komunitateari ongizatea ematen dio". 

Bizkar emanda
Baina errealitateak bizkar eman die dendariei. Ikusten dute herritarrak kanpora joaten direla erosketak egitera; inguruko merkataritza guneetara edo Donostiara. Gehien erabiltzen duten hitza da haien egunerokoa deskribatzeko: borroka. "Irekitzen dugunetik itxi arte, eguneroko borroka da".

Ezin dute Urbilgo saltokien ordutegi eta merkealdi amaigabeekin lehiatu. “Gerra hori galduta dugu. Egin ditugu probak, eta eguerdietan ireki izan dugu. Ez du funtzionatu. Ez du pena merezi larunbat arratsaldean irekitzea”, adierazi du Ormazabalek.

Batez ere arropa dendek sufritu dute lehia basati hori. Alba arropa denda du Kale Nagusian Yolanda Albak. “Oso ezkorra naiz. Zaila ikusten dut merkataritza txikiek herrian eustea, batez ere arropa dendek. Lasarteko jende askok Zaran erosten du”.

Krisi ekonomikoaren ondorioak azalean sufritu ditu Albak. Gainbehera ekonomikoaren aurretik jarri zuen denda, orain hamar urte.“Hasi nintzenean, merkealdietan jendez gainezka izaten nuen denda. Orain, %30, %40 eta %50eko beherapenak jartzen dituzu, eta badaude inor etortzen ez diren egunak". 

Albak uste du askok prezioa besterik ez dutela begiratzen. “Merkeago erosteko aukera badute, berdin zaie gainerakoa”. Kalitatezko oihalak saltzen ditu berak: “Marka onak ditut, baina askok esaten dute garestiak direla. Ez diote kalitateari begiratzen”.   Denda txikiek ezin dute lehiatu saltoki handiek dituzten prezioekin. “Txinan egindako produktuak ekartzen dituzte, eta ezinezkoa da prezioa berdintzea. Ezin gara alderatu horrelako enpresa erraldoiekin”.

Desberdintasuna tratuan
Aurrera egiteko, desberdintzea beste erremediorik ez dute herriko dendek. Prezioan bakarrik ez, multinazionalen gabezietan jartzen dute indarra: tratuan eta konfiantzan. “Artikulu ederra eta lehiakorra eskaini behar dugu. Baina arretak bezeroarekiko tratuan egon behar du”, uste du Ormazabalek.  Aterpeako presidentearen ustetan, “tematia” eta “berritzailea” izatea da gakoa. “Etengabe irudia aldatu behar dugu. Zailtasun askorekin, baina badugu etorkizuna”.

Alba arropa dendan sartu orduko nabari da dendariaren eta bezeroaren arteko harreman berezi hori: jertse bat ari da probatzen andre bat, baina ez dago guztiz konbentzituta. “Probatu ezazu etxean, ea etxekoek zer esaten dizuten. Eta gustatzen ez bazaizu, itzuliko didazu”, esan dio Albak. 

Mikel Mauleonek ere uste du alor alorretan abantaila dutela. Deco 75 denda jarri zuen orain bi urte, Kale Nagusian. Leroy Merlin izango du lehiakide zuzen, etxeko dekorazio produktuak saltzen baititu: gortinak, maindireak, eguzki oihalak eta itxiturak, besteak beste. "Baina zerbitzutik bizi naiz, eguzki oihalak-eta instalatzetik. Ezingo nuke aurrera egin bakarrik etxerako oihalak saltzen". 

Mauleon Leroy Merlinekin lan egindakoa da, eta ezagutzen du haien jarduteko modua: "Bezeroei arreta handirik ez diete jartzen. Anabasa eta deskoordinazio handia dute. Eta kalitatea eta zerbitzua ere hala moduzkoa da". Halere, zalantzarik ez du: "Min asko egingo du".  

Leroy Merlin
Dendari guztiak "beldurtu" ditu Leroy Merlinen iragarpenak. Negozio mota askori eragingo dio eta, Ormazabal Aterpeako presidentearen esanetan. "Burdindegiei, dekorazio dendei, loradendei... Alor asko dira". 

Edonola ere, urte asko eman ditu Ormazbalek negozioan, eta ikuspuntu praktikoa ere badu: "Egitea beste erremediorik ez badago, behintzat Lasarte-Oriako lurretan egin dezatela, gutxienez lanpostuak eta zergak herrian gera daitezen". Izan ere, beste aukera zen Donostiako lurretan eraikitzea, herritik gertu betiere. Ormazabalek esperantza badu zergen bidez bildutako diru horrekin udalak herriko merkataritza sustatzen laguntzea. 

Inguruan ezarri diren multinazionalen aurrean, Ormazabalek uste du dendari txikiek batzea ezinbestekoa dutela.  “Merkatarien elkarteak bazkide asko ditu, baina zabaltzea garrantzitsua da, fidelizazio kanpainak egiteko". 

Gauza berbera pentsatzen du Avilak, udaleko enplegu dinamizazio teknikariak: "Garrantzitsua da uler dezatela sektore bat direla, eta batera jardun behar dutela. Lehiakideak izan arren, elkarri laguntzen badiote denak aterako dira irabazten". Eta ari dira norabide berean mugitzen: aurten bazkideak bikoiztu ditu Aterpeak.  50 zituen urte hasieran; egun, berriz, 116 dira. Gainera, merkatariei laguntzeko udalak lehenetsitako bidea da elkarteena. 2002. urtean 2.000 euroko laguntza eman zuen zion Aterpeari. Joan den astean sinatutako hitzarmenaren ondotik, hiru urtez 11.000 euro jasoko ditu urtero elkarteak.   

Bestalde, udalak hainbat ekimen jarri ditu martxan herriko merkataritza sustatzeko: kaleak txunkundu ditu eta horma batzuetan muralak margotu. Helburua denden ingurugiroa hobetzea da. Avilaren aspaldiko desioa da: "Hirigunea zabaldu behar dugu, beste auzoetara irits dadin. Barrera psikologiko horiek hautsi behar dira". 

Herri dinamikoa
Halere, lanak izango dituzte herritarrak kontzientziatzen,  ohiturak errotik aldatu baitira: egun herritar askok erabakitzen dute merkataritza guneetara jotzea, erosotasunaren aitzakian. Autoa lasai aparkatu (zaila da hori Lasarte-Orian), gune berean askotariko dendetan sartu, eta orga beteta etxera itzuli. Horrez gainera, aisialdirako guneak ere bihurtu dira: tabernak, zinemak eta haurrentzako jolasak dituzte. 

Eta saltoki handiak jendez bete ahala, hustu egin dira herriak. Lo-hiri bilakatu dira asko, eguneroko bizitzaren traza oro ezabatuta.  Hori saihesteko, Ormazabalek ezinbestekotzat jo ditu denda txikiak:  “Merkataritza eta ostalaritza dinamikoa behar du herri batek, herri proiektuak huts egin nahi ez badu. Kultur ekintzak eta denda irekiak baditugu, herria pozik eta bizirik egongo da”. 

Baina bezeroak ez ezik, dendariak kontzientziatzeari ere beharrezkoa deritzo. “Dendek ere badugu erantzukizuna”. Izan ere, garai berrietara moldatu behar dute enpresariek. Albak badaki berritzea ezinbestekoa dela: "Sare sozialetan sartuko  naiz. Ikasten ari naiz horretarako. Denda askok horrela funtzionatzen dute". 

Euskal Herriko beste zonalde askotan egoera beretsuan daude dendariak. Eta joera da gero eta saltoki handi gehiago zabaltzea. Denda txikien etorkizunari buruz zalantzak ditu ere Gaindegiako Esnaolak. "2008. urtetik aurrera askok itxi dute. Eta iraun duten askok erretirorako adinari itxaroten ari dira”. Horrek airean uzten du tokiko merkataritzaren eredua: “Merkatarien batez besteko adinak laguntzen digu aurreikusten merkataritzaren hurrengo atzeraldia”. Baina mehatxua dena, aukera bat ere bihur daiteke: negozio berriak irekitzekoa.