Bi oholtza Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 14a, 14:30
40 eguneko erronkak lekua izango du Okendo plazan, bertan izena emateko aukeraz gain, festa giro honen barruan emango zaio hasiera erronkari Ahobizien lehenengo txandarekin batera. Horretaz gain, Lutxo Egia eta Egia eta Añorgan egin diren antzeko ekimenen ordezkaritza bat izango da igandean gurean euren esperientziaz hitz egiteko.

Euskararen 9. Maratoiak badu aurtengoan beste erronka potolo bat bere baitan. 40 orduak euskaraz egitetik 40 egunetara egin da salto. Apustua, ezagutzatik erabilerara jauzi egitea litzateke helburua. Eta noski, honek esan nahi du 40 egunen erronkak ere protagonismoa izango duela euskararen festa erraldoian. 

Okendo plazan oholtza bakarra jarri beharrean, aurreko Maratoietan egin bezala, bi oholtza jarriko dira. Bigarren hau mugikorra eta txikiagoa izango dela aurreratu du antolakuntzak. 

Bertan, Ahobizi eta Belarriprest izateko erronka hartu duten herritarrei emango zaie protagonismoa. Horretarako, bigarren oholtza honetan photocall-a egingo da larunbatetik hasita eta jaiak iraun bitartean.

Oholtza honetan argazki dotorea egingo dute Belarriprest eta Ahobizi egiten diren herritarrek. Argazkia aterako dute euren txapa jarrita eta ondoren, irudi hauek baliatuko dira ordu aldaketetan, pantaila erraldoian erakutsiko dira eta. 

Modu honetara plazan dauden herritarrek ikusi ahalko dute nola doan Belarriprest eta Ahobiziak lortzeko erronka eta zeintzuk diren beregain apustu hau hartzera animatu diren lagunak.

Solasaldia

Etengabe herritarrak bertatik pasatzeaz gain, igandean tarte berezia egin zaio babarrun janaren bueltan eta 40 egunen inguruan solasalditxoa egingo da. 

Izan ere, aurreko hilabeteetan aipatu den modura, erronka euskal komunitatea aktibatzeko Euskal Herriko beste txoko batzuetan egin diren esperientzia batzuetan oinarritzen da. Lutxo Egiak berak Bilbon egin zuen, eta Donostian, Egia zein Añorga auzoetan burutu dira ekimen arrakastatsuak. Horietako ordezkari batzuk gonbidatu dira bazkaltzera eta bide batez esperientzia labur azaltzea ere eskatuko zaie herritarrek gertutik hauek ezagutzeko aukera izan dezaten.

Horrekin batera zalantzak edota galderak egiteko parada izango da ziur zortzikoteak gidatuta. 

Adituen tartea

Bestalde, igandean, aditu ezberdinak igoko dira bigarren oholtza honetara euren esperientziak kontatzera. 

Gizartearen esparru profesional ezberdinetan euskara hizkuntza nagusia dela erakusteko helburuarekin, hau da, erakutsi nahi da badirela beren egunerokotasunean beren jarduna eukaraz aurrera ematen duten zenbait herrikide. Horretarako, hainbat gonbidatu pasako dira zortzikoteko kideen galderei erantzutea. 

Joxean Sarobe eta Ana Labaka izango dira horietako bi. Biek zientziaren esparruan egiten dute lan, lehenengoa kimikaria da eta bigarrenak berriz Elhuyarren egiten du lan. Sarobek hainbat sustantzia kimikorekin egiten du lan baina bereziki deigarria egin zaiona zortzikoteari da Predictor, haurdunaldi probaren marren kolorea eragiten duen emulsioa gauzatzeko lana. “Deigarria egin arren, proba askotan erabiltzen da diagnostiko ezberdinetarako” azaltzen du Sarobek. Ziur zortzikoteak gai honi mamia aterako diola.

Erronkaren hasiera

Baina zalantzarik gabe, une garrantzitsuena erronkari hasiera ofiziala emateko unea izango da. 

Igandean, 19:45ean zortzikoteak gidatuta, erronkari hasiera emango zaio lehenengo asteko Ahobizien txandarekin batera. 

Txanda honetan parte hartzea egokitu zaien herritarrei deitu egingo zaie bertaratzeko. Horrela izanda, bakoitzari bere txapa emango zaio eta horrela hasiko da abenduaren 3an amaituko den abentura berri hau. 

Gogoratu behar da herrian 3.000 Belarriprest eta 300 Ahobizi lotu behar direla. 

Izena eman

Oraindik asko dira falta diren Belarriprestak eta horregatik beharrezkoa da herritarren inplikazioa. 

I-gunea egongo da Maratoiko 40 orduetan plazan eta bertan herritarrek eskuratu ahal izango dute erronkari buruzko informazioa eta izen-emate orriak. Edozein zalantza argitzeko moduan izango dira ere bertan Euskara Zerbitzuko zein Ttakuneko lagunak. 

Gauzak horrela, lasarteoriatar guztiak animatu nahi ditu antolakuntzak, herriak bere gain hartu duen erronka berri honetan parte hartzera. “Egunerokotasunean euskaraz jarduteko benetako maratoiari eusteko bide izan daiteke apustu hau. Dauzkagun kezka, muga eta aurriritzien zama alde batera utzi eta Ahobizi eta Belarriprestak martxan jarri” .