Bi hamarkadako harremana

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 20a, 10:57
Ez dira gainontzeko lasterkariekin batera egoten irteera-lerroan, ibilbideko 10.500 metroak ez dituzte egiten, baina hainbat kilometro egiten dituzte Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoian, anbulantzia zein bizikletetan, prebentzio-lanak eta larrialdiak egotekotan pertsonak artatzen. DYA elkarteko kideek krosaren lehenengo ediziotik daramate lan eskerga hori musutruk burutzen. Lasterketak 20 urte egiten dituen honetan Ostadar SKT antolatzaileak DYAko kideak omentzea erabaki du; haiek eramango dute bat zenbakidun dortsala.

Gutxi behar izaten dute  ados jartzeko Ostadar SKT eta DYAko kideek krosaren inguruan hitz egiten dutenean; Lasarte-Oria Bai! Kros herrikoiaren lehenengo edizioa 1995ekoa izan zen, eta han egon ziren DYAkoak prebentzio eta sorospen lanak egiten. Bi hamarkada igaro dira ordutik eta harremana ez da eten, ezta gutxiagorik ere, edizio guztietan aritu baitira hainbat bolondres lanean hori koloreko jantziak soinean.

Gipuzkoako DYAko burua da Joxepo Artola herritarra eta probintziako ekitaldietan egin beharrekoa hark koordinatzen du, krosa barne. Ostadarrekin “ia automatikoki” jartzen dira ados, Artolak nabarmendu duenez: “Orokorrean nahikoa izan ohi da dei bakar bat”. 20 urteko harremanaren ostean, ez da harritzekoa. 

Gogoan ditu Artolak bi hamarkada horiek. Hausnarketa ere egiten du: “Nola pasatzen den denbora! 20 urte igaro dira krosaren lehenengo ediziotik eta horrek sekulako poza ematen dit, urtetik urtera aurrera jarraitzen duela ikusteak“. 

Poza. DYAko kideek hori sentitu dute jakitean Ostadar SKTk bat zenbakidun dortsala eman diela aurten. “Guretzat ohore bat da, oso pozik hartu dugu aitortza hau. Normalean esaten dugu ez dutela zertan horrelakorik egin behar baina ilusio asko egin digu; Lasarte-Oria Bai! krosetik etorrita, zer esanik ez”, dio Artolak. 

Ekitaldi “berezia”
Izan ere, “egutegiko ekitaldi berezietako bat” da herriko krosa Artolaren aburuz: “Giro oso berezia sortzen da herrian egun horretan, beste tokietan ikusten ez duguna. Bihotzean daramagu, hasiera-hasieratik laguntzen ibili garenok batez ere. Xarma berezi bat du”. 
Xarma hori mantendu du 20 urteetan zehar, baina beste hainbat aspektutan lasterketa aldatu egin da, Artolak esaten duenez. Adibidez, korrikalari kopurua: “Benetan harrigarria da zenbat jendek egiten duen lasterka krosean gaur egun, korrika txikian batik bat. Haur horiek denak herriko kaleetan barrena lasterka ikusteak asko harritzen nau, beste inon ez dut ikusi horrelakorik”. 

Jende gehiago aritzen da krosean eta prestatuago dago orokorrean, Gipuzkoako DYA elkarteko buruaren iritziz. Hasierako krosekin alderatuz sumatzen du aldaketa hori: “Lehen parte-hartzera irteten zen jendea, denbora ona egin edo irabaztera baino; gisa honetako probak prestatzeko ohitura askoz gehiago dago orain, nire ustez“.

Eguraldiari so
Lasterketa asko prestatu arren badago lasterkariek kontrolatu ezin duten faktoreren bat edo beste. Eguraldia da horietako bat. “Klima hotza eta euritsua, ederki; beroa eta hego-haizea konbinatzen badira, kontuz. Kros eguneko eguraldia izan ohi da arazo gehienen kausa, baina ez dut oroitzen urteotan ezer larririk jazo denik“, esaten du Joxepo Artolak.

Martin Berasategi jatetxeko aldapan jarri ohi dute DYAko kideek arreta gehien, bereziki atleta elbarriekin, kolperen bat hartu edo ibilbidetik atera izan baitira noizbait.

Minik eta zauririk eragiten ez duen arren, beste 'etsai' bat ere aintzat hartu behar izaten dute DYAkoek; ordu aldaketa, krosarekin batera urtero egin behar izaten dena. “Edizioren batean etorri izan gara behar baino ordubete lehenago, eta benetan harri eta zur geratu ginen, kaleetan ez genuelako inor ikusten prestaketa-lanak egiten. Galdetu genion gure buruari, 'baina lasterketa ez al zen gaur?'. Ordulariari so egin eta orduan konturatu ginen, ez genuen aldatu“, oroitzen du Artolak, irribarretsu. “Aldrebes izan balitz, askoz okerragoa izango litzateke!“. 

15 bat boluntario
Aurreko gauean ordu-doiketa ongi egin eta Usurbilen duten egoitzatik irteten dira DYAko kideak igande goizean, erabili behar dituzten garraioekin eta materialarekin. 

Bi edo hiru anbulantzia eramaten dituzte; hiruzpalau bizikleta ere bai. Denera 15 bat boluntario aritzen dira krosaren egunean prebentzio eta sorospen lanak egiten. Joxepo Artolak nabarmentzen duenez, ez du arazorik izaten egun horretan laguntzaileak topatzeko: “Oriako bailarako hainbat boluntario joan ohi gara Lasarte-Oriako krosera, eta ez dut burua hautsi behar izaten taldea osatzeko, askok berehala ematen dute izena, herrikoak izanik krosa eurena izango balitz bezala sentitzen baitute. Whatsapp talde bat daukagu eta batzuetan lasaitu egin behar izaten ditut, denek nahi izaten dute etorri“. 
15 laguntzaile horietako batzuk bizikleta gainean ibili ohi dira ibilbidean barrena, dena ongi doala ziurtatzeko. Bitxikeria moduan, Artolak aipatu du krosean erabili zituztela lehenengoz ibilgailu horiek, duela 15 bat urte. 

Lasarte-Oriako DYA
Bizikleten urteen bikoitzak beteko ditu 2016an herriko DYAko delegazioak, 30 hain zuzen ere. 1986an sortu zen eta urteek aurrera egin ahala hazten eta hazten joan zen. 1991. urtera arte anbulantzia propiorik ez zuten eduki, urte horretan erosi zuten lehena. Ordura arte beste delegazio batzuetakoak erabili zituzten.
Zumaburu eliza inguruan zegoen lokal bat erabili zuten hasieran, gozotegi bateko jabeak utzita, eta Kotxeras auzora joan ziren handik urte batzutara. Bertatik Goikale auzora igaro ziren, eta han eduki zuten egoitza herrian 2004ra bitartean. Usurbilen zuten beste egoitza eta Oriako Bailarako DYAk biak erabiltzen zituen. Urte horretan ordea, erabaki zuten Lasarte-Oriako egoitza uztea, biak mantentzea garestiegia zelako ordezkaritzarentzat. Orduz geroztik Usurbilgotik egiten dute lan. 

400 boluntario baino gehiago
DYA elkartea osatzen duten ia kide guztiak (administrariak izan ezik) euren borondatez aritzen dira, “musutruk“, Joxepo Artolak nabarmentzen duenez. “Gorakada“ nabaritu dute azken urteetan, batez ere gazte jendea sartzen ari dela dio Artolak: “Oso pozgarria da jende gaztea gurekin lanean hasten ikustea; aurreko udan esaterako 30-40 gazte sartu ziren, 16 eta 18 urte artekoak, 'GazteDYA' egitasmoan parte hartzera“. Gazte zein heldu, hamaika aukera ditu elkartean sartu nahi duenak, formatzen hasi eta etorkizunean laguntza ematen hasteko: Sorospeneko monitore, erreskate-teknikari, larrialdi koordinatzaile, etab.  

“Boluntarioak dira DYAren izena eta izana, zalantzarik gabe“, baieztatzen du Artolak.  Urte osoan zehar aritzen dira lanean DYAko kideak, ez kirol ekitaldietan bakarrik, era guztietakoetan baizik. Urtaro gogorrena uda da haientzat, Artolak dioenez: “Herri askok orduan ospatzen dituzte jaiak eta guri berriz, lanean aritzea tokatzen zaigu. Dena dela, oso gustura aritzen garenez, ez dago arazorik“.

Bazkideak, ardatz

Boluntario gisa aritzen direnez gain, bazkideeak dira elkartea sostengatzen dutenak. 35.000 inguru dira Gipuzkoan ahal duten heinean DYAri diru-laguntza bat ematen diotenak. 
“30.000 gipuzkoar baino gehiagok euren konfiantza eta dirua eman digute eta oso eskertzekoa da; ez dugu ahaztu behar haientzat egiten dugula lan“, dio Artolak.  
Gipuzkoan soilik ez, nazio osoan zehar dago hedatuta DYA elkartea, baina Joxepok aipatzen duenez antolaketa eta azpiegitura aldetik Gipuzkoakoa hartzen dute eredutzat, nahiz eta erakundea Bizkaian sortu 1966an. Gauzak horrela, DYAk mende erdia beteko du 2016an. 

28 urte DYAn
Berriro data eta urteurrenak aipatuta, 28 urte daramatza Joxepo Artolak DYAn. 1987an hasi zen Lasarte-Oriako ordezkaritzan lanean, txofer gisara. “Ama gaixo geneukan ospitalean, eta ni aritu nintzen hura zaintzen bertan, lau hilabetez. Gelako leihoak urgentzia sailera ematen zuen, eta gauero ikusten nituen anbulantzian hara eta hona. Garai horretan sortu berria zen Lasarte-Oriako ordezkaritza; lagun batek komentatu zidan jendea behar zutela eta horrela hasi nintzen, txofer moduan, amari berari baimena eskatu eta gero“.

Oraindik boluntario lana uzteko asmorik ez badu ere, Joxeporen seme-alabek hartuko dute lekukoa agian, dagoeneko boluntario gisa aritzen baitira DYAn bi seme-alabak. Hasierako lokala gozotegi baten aldamenean zegoenez, goizero croissant bat gosaltzeko ohitura hartu zuen Joxepok; hala egingo du igandean ere, DYAko kideekin elkartu eta, denek bat zenbakidun dortsala soinean, Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren 20. ediziora laguntzera etorri aurretik.