Arreta psikologikoa denon esku

martin-vicioso 2016ko ots. 15a, 11:00
Doako eta kalitatezko osasun zerbitzuaren garrantzia gutxik jartzen dute ezbaian. Arreta psikologikoari dagokionez, aldiz, eskaintza ez da beharko lukeen bezain egokia. Hala uste dute, behintzat, Psikosolidarioak proiektuko kideek. Horietako bat, Naiara Garcia Polo, lasarteoriatarra da, eta hasieratik egin du bat proiektuarekin.

Psikosolidarioak izeneko proiektua zenbait psikologo gipuzkoarren kezkatik sortu zen. Arazo ekonomikoak jasaten dituzten pertsonek behar bezalako arreta psikologikoa ez jasotzeak kezkatzen zituen.

Naiara Garcia lasarteoriatarrak azaldu duen moduan, Madrilgo Tabakalerako proiektu batetik abiatu zuten Psikosolidarioak. “Ezagutu eta gustatu zitzaigun bertan ikusitakoa, baina geurera gure ikuspegi eta ideiekin ekarri dugu”.

Izan ere, gaur egun Osakidetzak eskaintzen duen zerbitzua ez da nahikoa psikologo gipuzkoar talde honentzako. “Batetik, hilabetean behineko hitzordua ematen dizute eta, bestetik, 45 minutu inguruko saioak izaten dira”. Ez omen dira ganorazko artamendua aurrera eramateko baldintza egokiak.

Iraupena eta saio kopuruaz gain, arazo gehiago dituzte. Osasun publikoak, askotan, ez ditu artatuak dagozkien espezializazio psikologikoan aditu diren profesionalen esku uzten, Psikosolidarioak taldekoen ustez.

Luxua ez, eskubidea

Psikologia sektore pribatura lotua dago gehienbat. Laguntza psikologikoa behar duenak, normalean, klinika pribatuetara jo izan du. Horregatik, “baliteke jende askok luxuzko zerbitzua balitz bezala ikusi izana”. 

Psikosolidarioak proiektuak kontrakoa aldarrikatzen du. Hau da, artamendu psikologikoak eta osasun mentala ez direla inolako luxua. Behar bezala heldu ez zaion beharra baizik. 

Gizarteak soilik ez du irudipen hori, erakundeek ere hori babestu izan dute psikologia osasun publikoan "bigarren lerrora" eramanez.

Denbora, txanpona

Garbi zuten, besteak beste, eskainiko zuten zerbitzua doakoa ezin zela izan. Garciaren ustez, “menpekotasun egoerak” sortuko lirateke bestela.

Denbora bankuaren antzekoa den sistema diseinatu dute, artatuen abileziak ere landuko dituena. Interesa duen pertsonak zerbait eskaintzen du saioen trukean.

Denbora bihurtu dute txanpona, eta salneurria orduak dira. Azaldu dutenez, “terapeutikoa” suertatu daiteke sistema bera. Izan ere, autoestima arazo ugari topatu dituzte, eta askok ez daki zer eskaini dezakeen. “Haien abileziak landu eta ze ekarpen egin dezaketen bilatzen dugu”.

Horregatik, ez da sistema hertsia. Hasiera batean, baliteke norbaitek ez jakitea zer eskaini. Denbora emango diote zehazteko eta, behar bada, lagundu.

Artatzailearen eta artatuaren arteko harremana zaintze bidean, truke horretako baldintzak ondo definitu dituzte. Izan ere, “ez da komeni terapeuta bera izatea zerbitzuaren onuraduna, artatze erlazioan sor daitekeen kutsadura dela eta”.

Partehartzaileak

Terapeuta bezala proiektuan murgildu ahal izateko eremu profesionalean aritzeko baldintza berak eskatazen zaizkio psikologoari. Hau da, ikasketak amaituak izan behar ditu, elkargoko kide izan, etab.

Arrazoia argia da. "Beste edozein klinika edo kontsultan emango luketen zerbitzua”  eman nahi dute.

Norbaitek Psikosolidarioen proiektuan parte hartu nahiko balu, dokumentu batzuk aurkeztu beharko lituzke. “Sistema ez kolapsatzeko arrazoiarekin” egiten dute, izan ere, baliabide mugatuak dituzte.

Terapeuta bakoitzak bere lana izaten du, eta beraz, denbora aldetik mugak dituzte. Bestetik, proiektuarentzako berezko lokalik ez dute.  

Espazio bila

Orain arteko arrakastak arazo bat ekarri die: espazio falta. Kontsulta pribatuetan jasotzen dituzte proiektuko pazienteak, eta hauen kopurua handitzen doan heinean, zailagoa egin zaie eguneroko lana eramangarria izatea.

Horregatik, lokal bila hasi dira. Proposamen batzuk jaso dituzte jadanik haiena eskainiz, baina oraindik ez dute lortu akordiorik.

Garciak azaldu duenez “ez dute diruarekin lan egiten” eta, beraz, lokala utziko dien boluntario baten bila daude. Halaber, webgunearen zerbitzaria ordaindu ahal izateko diru bilketa saioa egin zuten Donostian.

Eraldaketa sozialerako tresna

Psikologiaren munduan lan egiten duten pertsonek osatzen dute Psikosolidarioak, baina atzean dagoen filosofia arlo askotara heda daiteke.

Lasarteoriatarrak azaldu duenez, “bizitza eta harreman ekonomiko eta profesionalak ikusteko modua” isladatzen du.

Ikuspegi horren baitan, elkartasun sarea osatuko litzateke norbanako bakoitzaren ekarpenak baliatuta. 

Ikasleekin lanean

Proiektuari forma ematean, ikasleei bertan praktikak egiteko aukera ematea pentsatu zuten.

“Ikasle praktikadunek, gehienetan, ez dute prozesu terapeutikoa hasieratik bukaerara ikusteko aukerarik”.

Hala ere, ez dute lortu hasiera bateko asmoa betetzea. Terapietan, artatuaren baimenarekin, ikuskatzaile rolean ipini nahi zituzten, baina ez da posible izan.

Beste alternatiba bat lortu dute psikologia ikasleen formakuntzan lagundu ahal izateko. Hirunaka elkartzen dituzte eta terapia saioak simulatu. Terapeuta, paziente eta ikuskatzailearen rolak antzeztuz, benetako egoeren gainean lan eginez.

“Nahiz eta egiazko pazienteak ez izan, prozesua hasi eta bukatzen dugu, kontsuntan baleude bezala”, dio Garciak.

Psikosolidarioak asko hazi da lanean hasi zirenetik. Psikologiaren adar askotan espezializatutako profesionalak aritzen dira, eta gero eta paziente gehiago lortu dituzte.

Erakundeengandik laguntza ekonomikorik jaso nahi ez dutenez, beharrezkoa dute kolaborazioa jarduera aurrera eraman ahal izateko espazioak lortzeko, adibidez.

Osasun zerbitzuak beste modu batera uler daitezkeela uste dute eta, pixkanaka frogatuz, aurrera doaz.