Aldazan/k, aldatzekorik bai?

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 14a, 13:30
Zure itxura aldatu nahi duzu? Ez zaude konforme ematen duzun irudiarekin? Dotoreago ikusi nahi duzu zure burua? Lasai, Euskararen 9. Maratoiak aukera ematen dizu goitik behera aldatzeko. Animatzen? Interesa duten herritarrek kultura@ttakun.eus helbidera idatzi behar dute ostirala baino lehen.

Euskararen 9. Maratoian denetariko ekintzak egongo direla aurreikusi dezakete herritarrek. Egitarauan jarritako izenen atzean asko ezkutatzen da, “ezustekoa izan dadin”, diote zortzikoteko kideek. 
Hala ere, zenbait gauza aurrera ateratzeko, ezinbestekoa da herritarren parte hartzea eta hau da adibide horietako bat.

‘Aldazan/k’ proban, hiru profesional elkartu dituzte hiru laguni itxura, looka, goitik behera aldatzeko. 

Nora Izagirre diseinatzailea, Eneritz Mendiluze estilista eta Ixabel Uzkudun ileapaintzailearen eskuetatik pasako dira hautatuak diren herritar hauek. 

Larunbatean 19:15ean hasiko da aldaketa prozesua oholtzan eta Sorgin gauean, gau erdiaren inguruan, aurkeztuko dituzte  herritarrak itxura aldatuta.

“Ikusi beharko da orduan aldaketarekin pozik azaltzen diren herritarrak edo ez zaien batere gustatzen, izan ere ez dute euren burua ikusiko azken momentura arte, oholtzara igo arte”.

Edozein izan daiteke

Antolakuntza zein adituek ez dute perfil zehatzeko herritarrik bilatzen, aurkezten direnen artean hori bai, aldaketa aukera gehien duenarekin geratuko dira. “Parte hartzera animatzen diren herritarrak prest egon behar dira edozertarako, ilea moztu, tintatu  edota bizarra kentzeko ere” azpimarratzen dute adituek. 

Arropari dagokionez, herriko Leize dendarena izango dela aurreratu dute. “Estilo horri helduko zaion arren, Nora Izagirrek bere ikutua emango die jantziak konbinatzeko garaian edota osagarriekin looka osatzeko. Hainbat trikimailu erabiliko ditu arropari ikusgarritasuna emateko”. “Oso estilo modernoa, casual, hipster, denboraldi berriko arropa izanda, uneko tendentziei jarraituz”. 

Datorren urte sasoirako tendentzia berriak markatuko dituzte hiru herritar hauek ziur.

Adinari dagokionez, mugarik ez dute jartzen: “Edozein adin da ona aldaketa bat egin eta itxura berritzeko”. 

Zortzikoteak telebista saio batetik atera du proba hau egiteko ideia eta hautatuak diren herritarrek azaldu beharko dute 60 segundotan zergatik nahi edo behar duten aldaketa hori. 

Hiru profesional
Aski ezagunak dira herrian proba hau garatzeko beharrezkoak diren laguntzaileak. 

Nora Izagirre arropa diseinatzailea da eta aurreko Maratoian ere bere laguntzarekin hainbat diseinu egin zituen gazte talde batek desfile dotorea osatuz. 

Ileari dagokionez, Ixabel Uzkudun herriko ileapaintzailea ariko da, izen bereko ileapaindegia dauka Kale Nagusian eta urte asko daramatza jardun honetan. Azkenik, Eneritz Mendiluze arduratuko da makillajeaz, Maite Erkizia ile apaindegian egiten du lan gazteak.

Zortzikotea parte

“Zortzikoteko kide batzuk ere ez omen daude konforme euren itxurarekin, urtetako perfila aldatuko dute eta desberdin agertuko dira oholtza gainean. Hauekin bai, lan zaila izango dute hiru profesionalek”. 

Zortzikoteko kideen artean, hori bai, ez dute argitara eman nahi izan zeintzuk izango diren aldaketa burutuko dutenak. Sekretua beraz, larunbateko gau sorginduan emango da jakitera...