Zaleen animoen bila, Lauko Finalera iristeko

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko mai. 9a, 11:53
Urrats bat gehiago besterik ez denboraldiko helburua betetzeko. Lauko Finalera sailkatzetik 40 minutura dago Ostadar SKT. Oiarsorekin ari dira indarrak neurtzen final laurdenetan; joaneko partidan nagusi izan dira herritarrak, 46-76 irabazita

Lauko Finalera iristetik 40 minutura dago Ostadar Saskibaloiko senior taldea. Hamar minutuko lau denbora baino ez, denboraldi hasieratik finkatuta daukaten helburua betetzeko. Momentuz, final laurdenak ari dira jokatzen herritarrak, Errenteriako Oiarsoren aurka. Joaneko partidan, urdin-beltzak nagusitu dira, hasi eta buka: 46-76 irabazi dute. "Denboraldiko neurketa onena izan da", nabarmendu du Ander Otaegi entrenatzaileak.

Alde polita ekarri dute bueltan Lasarte-Oriara, baina itzuliko neurketa jokatu egin behar dute oraindik. Igandean neurtuko dituzte indarrak berriro bi taldeek, Maialen Chourraut kiroldegiko kantxan, 11:00etatik aurrera. Taldeko kideek herritarrak animatu dituzte harmailetara joatera, eta Ostadar animatzera. Denboraldi bikaina egiten ari da senior mailako taldea, eta biribiltzea besterik ez zaie falta. Zaleekin batera egin nahi dute Lauko Finalera sailkatzeko bigarren urratsa.

Oiarsoren aurka sekulako partida jokatu dute, taldearen ezaugarriak baliatuta. Joko bizkorra, erritmo handikoa, baloia alde batetik bestera azkar mugitzen... Horren seinale, libre eta markarik gabe egindako jaurtiketa guztiak; zortzi hiruko sartu zituzten denera, eta bi puntuko beste hainbat.

Egurrean, 40 minutuz
Aurreneko segundotik atera zen Ostadar SKT neurketaren bila. Junior taldeko hainbat kide deitu, eta hamabi jokalari eraman ditu Otaegik Errenteriara. Nabaritu dute, alor fisikoan batez ere: "Oiarsok bederatzi jokalari besterik ez zituen, eta fisikoki nabaritu da aldea; bigarren zatian, batik bat".

Ordurako, dena den, nahiko bideratuta zegoen neurketa. Atsedena hartzera joan zirenean, 18-36ko emaitza islatzen zuen markagailuak. Lehenengo laurdena 11-19ko emaitzarekin itxi zuten herritarrek, eta bigarrenean handitu egin zuten. Dinamika horri eutsi zioten, partida bukatu arte: azkenean, 47-76. Abantaila ederra etziko norgehiagoka jokatzeko.

Kirola ederra da, hainbat faktorerengatik; besteak beste, batzuetan gertatzen diren ezustekoengatik. Oiarsok ez dauka batere erronka makala igande honetan: saiatuko da 30 puntuko alde horri buelta ematen. Kirolean, eta, saskibaloiean bereziki, ikusi dira hori baino balentria handiagoak, baina Ostadarrek oso gaizki jokatu beharko luke Lauko Finalera ez sailkatzeko. Gainera, zaleen indarra ere edukiko du alde.
Abuztuan ekin zioten sasoiari. Aurredenboraldiko lehenengo entrenamendu gogor eta neketsu horietan, lehenengo izerdiak bota ostean, helburua finkatu zuten: senior mailako ligako kanporaketetara sailkatzea aurrena, eta, behin fase horretan egonda, Lauko Finalera iristea, iaz bezala. Ez dute lortu oraindik, baina oso gutxi falta zaie. 

Sailkapena lortuko balute, datorren asteburuan jokatuko lukete azken fase horretako aurreneko norgehiagoka, maiatzaren 19an, larunbatarekin. Irabaziz gero, final handia hurrengo egunean izango litzateke (maiatzaren 20an, igandearekin). "Lauko Finalera iristearekin asko poztuko ginateke, baina behin hor egonda, edozer gauza pasa daiteke", esan du Otaegik. Lauko Finala irabazten duen taldeak Espainiako Bigarren Mailan aritzeko txartela lortuko du.

Talde gaztea da Ander Otaegi eta Beñat Eleizegik entrenatzen dutena, baina kalitate eta gaitasun fisiko handikoa. Erritmo biziko partidak planteatzen dituzte, saskiraketa askokoak. Erakargarriak zaleentzat. Igandean dute saskibaloi azkar horretaz gozatzeko hitzordua. 11:00etan, Maialen Chourraut kiroldegian.