Xabier Elizegi: "Orain arteko kirol erronka gogorrenaren atarian nago"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2015ko uzt. 27a, 12:37
'Eta nik, zergatik ez?'. Hori galdetu zion bere buruari Xabier Elizegi distantzia luzeko igerilariak, MIMS froga ezagutu zuenean, joan den urtean. 2013an hasi zen igerian herritarra eta bi urteren buruan 47 kilometroko proba bat egitear da. 20 igerilarik hartuko dute parte bertan eta Elizegi izango da horietako bat. Ez da erraza izan bidea, ordu eta egun asko eman baititu entrenatzen Kairoscore taldeko kideekin. Manhattaneko uretan ariko da larunbatean; egindako lana itsasora eramateko ordua da.

Nire buruari jarri diodan erronka bat betetzeko gai naizela sentitzeak motibatzen nau”. Xabi Elizegi distantzia luzeko igerilariaren hitzak dira. Erronkez hitz egiten hasita, laster egin beharko dio aurre bati: MIMS proban hartuko du parte, abuztuaren 1ean. “Orain arte egin dudan kirol erronka gogorrenaren atarian nago, dudarik gabe”, dio Elizegik. Desafioak ez du herriko igerilaria kikiltzen. Alderantziz: gogor entrenatu ostean erronkari aurre egiteko prest dagoela dio.

Larunbat honetan murgilduko zara Manhattaneko uretan, MIMS proba burutzeko. Nola sentitzen zara?

Batez ere gogotsu. Entrenamendu egun gogorrak bukatu ditut dagoeneko, eta proba burutzeko gogo handiak ditut. Urduritasuna ere iritsiko da aurreko egunetan, baina oraindik ez.

Maletak egiten hasia izango zara honezkero... Noiz zoaz Manhattanera?

Etzi egingo dugu bidaia. Lau pertsonak osatuko dugu espedizioa: Irati Samaniego eta Ane Zulaika entrenatzaileek, Andoni Labaka taldekideak eta nik neuk. 

Joan den udan UltraEbre Swim Marathon delakoa burutu zenuen, eta aurtengoan berriz, MIMS.
Biek nolabaiteko harremana badute, MIMSerako hautaketara begira burutu nuelako UltraEbre Swim Marathon; 31 kilometroko proba da hori.

Distantzia luzeko proben artean hiru handietako bat da Manhattanekoa, Mantxako Kanalekoa (Erresuma Batua eta Frantzia artekoa) eta Santa Katalinakoarekin (Kalifornia) batera. 'Koro hirukoitza' osatzen dute hirurek.

MIMS probak 47 kilometro ditu luze; Manhattaneko irlari itzulia emango diogu. East River, Harlem River eta Hudson River ibaietan zehar egingo dugu igerian. Korronteak kontran izango ditugu lehenengo bietan baina mareen ondorioz ez indar askorekin. Alde izango dugu Hudsonen, abiadura dezenterekin. Proba 8:45ean hasiko dugu (14:45 izango dira Lasarte-Orian). Dudarik gabe esango nuke orain arte egin dudan kirol erronka gogorrenaren atarian nagoela.

Horren seinale da baita ere parte-hartzaile kopurua. Ez dauka edonork proba hori burutzeko aukera.

20 igerilari ariko gara Manhattaneko uretan larunbatean. Urte hasieran jakin nuen hautatua izan nintzela, izugarrizko poza hartu nuen. Aurreko urtean nire buruari erronka gisa jarri nion MIMS proban aritzea eta lortu dut azkenean. Nire buruari jarritako erronkak osatzeko gai naizela sentitzeak motibatzen nau. 

Proba ezagutu nuenean nire barrurako galdera bat planteatu nuen: 'Eta nik, zergatik ez?'. Eta hemen nago orain. Hori bai, argi daukat honaino ez naizela ni bakarrik iritsi. Denbora honetan guztian nire alboan izan ditudanei eskerrak eman behar dizkiet: Kairoscore taldeko entrenatzaile Aaron, Irati eta Aneri, taldekide guztiei, Idoia lagun eta fisioari, familiari, erdi abandonatuta izan ditudan lagunei, animoak eman dizkidatenei, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Aquaman-i, Finis-i... Beraiei guztiei esker lortuko dut, lortzen baldin badut behintzat, MIMS proba bukatzea. 

Tentsio askoko asteak pasa zenituen probaren antolakuntzako kideekin. Zer dela eta?

Dirudienez, antolatzaileak osasun arazoak izan ditu azken hilabeteetan, eta horietako batzuetan ez dugu izan bere berririk. Urduri jartzen hasi nintzen, Interneten informazio bila hasi eta jabetu nintzen gainontzeko parte-hartzaileak ere nire egoera berean zeudela. Azkenean, jakinarazi ziguten antolatzaileak osasun arazoak zituela baina guztiak aurrera jarraitzen zuela.

Larunbatean iritsiko zara helmugara edo agian ez, baina inork ez dizu esango prestatu ez zarenik. 

Urte osoan zehar aritzen gara entrenatzen, baina MIMSari begira otsailean hasi nintzen entrenatzen. Ekainera bitartean goiz eta arratsalde entrenatu dut, baita larunbat eta igande goizetan ere. Fisikoa landu dugu astean bitan eta igeriketa saioak besteetan, intentsitate desberdinetan. 

Ekainetik aurrera berriz, bi egunetan igerilekuan aritu naiz goiz eta arratsalde eta gainontzeko egunetan 5, 6 eta 7 orduko saio luzeak egin ditut itsasoan, simulazio gisara. 240 kilometrotik gora egin ditut azkeneko 4 asteetan.

Ahal izan dudan guztietan konpetizioetan hartu dut parte, entrenamenduek ematen ez dizuten puntutxo hori edukitze aldera. 

Hankak eta besoak bezain indartsu egon beharko du buruak 47 kilometroko igerialdi batean.

Hori esan ohi dut nik, gutxienez fisikoa bezain garrantzitsua dela alor psikologikoa. 8 edo 9 orduko proba batean nekeak eta minak agertu ohi dira, baina horiei aurre egiteko prest egon eta igeri egiten jarraitu behar duzu. Eguneroko saioetan landu dugu hori, itsas-zeharkaldi luzeetan batez ere. 

Pluralean ari zara entrenamenduez hizketan. 

Kairoscore izeneko taldean aritzen naiz 2013ko maiatzaz geroztik. Oso gustura nago taldean, ordu mordoa pasatzen ditut bertako entrenatzaile eta taldekideekin; familia txiki bat osatzen dugu. Giro bikaina daukagu, asko animatzen naute. Beti daukat norbait nirekin entrenatzeko prest, edozertan laguntzeko gertu eta animoak ematen. Luxu bat da Kairoscore niretzat. Aaron Sanchezek, Irati Samaniegok eta Ane Zulaikak kristona egin dute eta nik ere ahal dudan neurrian lagunduko diet, noski.

2013a aipatu duzu lehen. Aldaketa urtea izan zen hori zuretzat.

Mugarria izan zen niretzat, urte horretan hasi bainintzen igeri egiten. Ez nuen kirolik egiten batere eta 118 kilo pisatzen nituen orduan. Igerian hasi nintzen, kuadrilako lagun Aitorren bitartez Kairoscoren sartu nintzen maiatzean eta handik bi urtera hemen nago orain, 47 kilometro luze dituen proba baten atarian. Ingurukoak ezin sinetsirik daude, baina baita ni ere! Gustura nago.

Larunbateko proba burutu eta gero, zer?

Jende askok galdetzen dit 'Xabi, eta hurrengoa zer?'. Benetan diot ez daukadala ezer buruan uneotan. Manhattanekoa egin nahi nuela garbi neukan, baina hortik aurrera ez dakit zer egingo dudan. Larunbatekoa bukatu, deskantsatu eta ikusiko dugu etorkizunean beste erronkaren bat egiteko prestatzen naizen edo ez.

Blog pertsonala ireki zenuen urtarrilean. Zer moduzkoa izaten ari da esperientzia?

Idaztea ez da nire bertuterik handiena eta gainera denbora libre gutxirekin ibiltzen naiz; ez diot behar besteko jarraipenik eman kontu horri. Manhattanera abiatu aurretik zerbait idatzi beharko dut eta bueltatzean ere bai.