Urteurren urte bereziari agur

Nerea Eizagirre 2018ko urr. 19a, 13:00
Erketz EDT-k 50. urteurreneko azken ekintzak egingo ditu asteburu honetan: emanaldia eta bazkaria. Urte horietan guztietan dantzari izandako 200 pertsona bilduko dituzte. Etorkizunean ere, euskal dantzak mantentzeko helburuarekin lanean jarraituko du taldeak

Erketz Euskal Dantza Taldeak  50 urte bete ditu aurten. Hainbat ekintza burutu ditu urrezko eztei hauek ospatzeko. Taldeko kide Ainara Adurizek (Lasarte-Oria, 1989), Asier Balerdik (Lasarte-Oria, 1996) eta Alaitz Esnaolak (Lasarte-Oria, 1998) urteari errepasoa emateaz gainera, beste hainbat gairi buruz hitz egin dute. 

Hirurak Erketz dantza taldeko harrobian hazitako kideak dira. Adurizek 5 urterekin eman zituen lehen pausoak euskal dantza taldean; Balerdik eta Esnaolak 7 urterekin. 

Gurasoak edo familia giroa izan ziren Erketzen hastearen bultzatzaileak. Aduriz: "Gurasoek galdetu zidaten ea hasi nahi nuen, eta beste eskolaz kanpoko jarduera bat bezala hartu nuen". Balerdiren  eta Esnaolaren kasuan dantza taldean arreba edo ahizpa zaharrago bat izateak eragin zuen erabakian. "Ahizpak egiten zuen dantza Erketz Txikin, eta ni harekin joaten nintzen Dantzari Txikietara... Hori ikusita, ni ere hasi nintzen," kontatu du Esnaolak. 

Ez dituzte Erketz dantza taldearen hasierako urteak bizi izan; ez diete dantzari faltaren gorabeherei aurre egin behar izan, baina taldea bereizgarri egiten dituen ezaugarriak oso argi dituzte.

Erketz dantza taldeak hasieratik beste herrietako dantza taldeekin harremanak egin, eta tokian tokiko dantzak ikasteko ahalegina egin du. "Gaur egun gehiena dokumentatua dago, eta bideoak daude; ez da beharrezkoa izaten lekuetara joatea. Hasierako bidaia horiei esker dakizkigun dantzak birtziklatzen saiatzen gara". Baina noizbehinka sortzen da aukerarik, Adurizek eta Balerdik diotenez. "Gazteek berreskuratu genuen garai batean Erketzek egin zuena. Pello Ormazabal zegoen prestatzaile lanetan; hark Erketzeko lehen urteak bizi izan zituen. Eta Gasteiz eta Galdakaora joan ginen. Galdakaon Auritzeko ingurutxoa ikasi genuen, eta Gasteizen bertako zortzikoa. Hara joan ginen egun pasa, ikasi, mantendu, grabatu... Argazkiak erakutsi zizkiguten, jantziak nolakoak ziren jakiteko..." 

Horrelako bidaiei esker, Erketzek altxor bat du: jantzitegia. Ehunka jantzi ditu taldeak; guztia jantzien arduradunak kudeatzen du. Pertsona honen lana urteen poderioz asko aldatu dela jakitera eman du Adurizek. "Jantzien arduradunaren lana ez da duela 40 urte zutena. Jantziak bilatu, egin, igandero geratu. Orain mantentze eta konponketa lanak dira egiten direnak, dantza berri gutxiago egiten baitira. Aurten Lapurdi dantzatuko dutenek orain dela 40 urte egindako jantziekin egingo dute dantza. Dantza berririk badago, jostunekin hitz egiten dugu edo erosi egiten dira."

Musikari taldea izatea ere balio erantsi bat dela azpimarratu dute. "Inoiz ez dugu dantzatu kaseteko musikarekin. Eta hori talde guztiek ezin dute esan. Inorri deitu gabe, inor kontratatu gabe, taldeak musikarik izatea bada berezitasun bat, eta eskertzekoa gainera. Askok ikasi dute taldean txistua edo instrumenturen bat jotzen. Hori ere aitortu behar da".

Urteurrena

Erketz dantza taldea burubelarri egon da lanean urteurren berezia prestatzen, eta balorazio oso ona egin dute.

"Lehengo bilerak egiten hasi ginen 2015eko abenduan. Orduan oso proiektu urruna eta lodia ikusten genuena, pixkanaka aurrera atera da, eta orokorrean oso zapore onarekin," goraipatu du Adurizek.
Flashmoba, jantzi desfilea, erromeria, liburu eta diska aurkezpena, San Pedroko emanaldia, 50. urteurrenekoa eta bazkaria. Hilabetero ekintzaren bat antolatu dute. "Urtean zehar ekitaldi asko egitea zen ideia. Ez izatea ekainean emanaldi bat eta urrian beste bat. Eta proiektu bakoitza oso ezberdina izan da". 

"Flashmob zerbait berria zela iruditu zitzaigun. Herriari begira, urteurrenaren berri eman eta hasiera emateko aproposa iruditu zitzaigun," jakitera eman du Balerdik. "Jende asko mugitu zen, gehienak dantzari ohiak. Ez zen ohiko emanaldi bat, eta oso ondo atera zen," gaineratu du Adurizek.

Jantzi desfilean Erketzek bere ondareetako bat erakutsi zuen: jantziak. Dantzariak, elkarteak, senitartekoak, lagunen seme-alabak... parte hartu zutela kontatu dute. "Dantzarekin zerikusirik ez duen jendea batu zen desfilean". 

Erromeriarekin urteurrena herriari ireki nahi zion dantza taldeak. "Nahiz eta taldekide edo ohia ez izan, herritarrei ere aukera eman nahi genien urteurrenean parte hartzeko". 

Egun horretan, 1968-2018. Etenik ez duen soka liburua eta musikarien diska ere aurkeztu ziren. "Hainbeste argazki eta anekdota izanik, argi zegoen libururen bat egin behar zela," dio Balerdik. 

Lan handia zela eta, bi urte lehenago libururako edukia lantzen hasi ziren. Liburuari egitura emateko Xabier Martin Berria-ko kazetariarekin gogoratu ziren. "Erketzeko kide ohia da. Hasiera batean baiezkoa eman arren, lan kontuengatik ezin izan zuen egin, eta hark Maider Galardi proposatu zuen. Orduan Berria-n zegoen praktikak egiten. Herrikoa, gaztea eta gogoz zegoen".

"Kriston lana egin du, bilera pila. Kanpotik etorritako norbait da, taldearen funtzionamendua zein den jakin gabe, eta hutsetik informazio pila bat lortu du. Gogorra izango zen guztiari forma ematea. Gaur egun taldean gaudenok baino askoz gehiago daki taldeari buruz".

San Pedro jaietako emanaldian omenaldi txikia egin zieten Erketzeko hazia jarri zuten bost   emakumeei. "Horiek gabe ez litzateke posible izango". 

Honez gain, herriko kultur elkarteen elkarlanaren erakusle izan zen emanaldia, Alboka, Zero Sette eta Suberri taldeekin batera eman baitzuten. "Elkar ezagutzen dugu, urteetan elkarlana egin dugun taldeak gara eta. Haiekin ere ospatu nahi genuen urteurrena". 

Ekintza horietan guztietan jendeak izandako erantzunarekin oso pozik dago taldea, eta guztien parte hartzea eskertu du. 

Baina ekitaldi berezi horiez gain, badaude urtero kale egin ezin dutenak. Dantzari Eguna edo Dantzari Txiki dira horietako batzuk. Aurten Dantzari Txikiren 30. urteurrena izan da, esate baterako. "Itzela izatea nahi genuen, eta talde gehiago ekartzeko ahalegin egin zen, baina ez zen posible izan".

Dantzari Egunean, ordea, Gasteizko talde bat etorri zen. "Inguruko taldeak ekartzen saiatzen gara. Gasteiz pixka bat haratago geratzen da. Zerbait berezia ekarri nahi genuen. Herritarrek dantza talde berriak eta ezberdinak ikusteko". 

Aurten bidaiarik egiteko aukerarik ez dute izan. "Aukera dagoenean, bidaia edo txangoa egiten saiatzen gara. Gonbidapenak iristen dira, aukerak badaude jaialdietara joateko, baina aurten urteurrenarekin nahiko genuen", esan du Balerdik. "Iaz bidaia handia egiteko aukerarik ez genuen, eta Suancesko taldearekin harremanetan jarri ginen, bidaiatxoa egiteko" jakinarazi du Adurizek. "Baina ez da lehen bezala. Orain dena ordaindu behar da. Poloniara joan zirenean, adibidez, mugarainoko bidaia ordaindu zuten, eta gainerakoa hango taldekoek ordaindu zuten. Jendea ere bildu behar da;  ikasleak daude eta zaila izaten da batzuetan taldea osatzea bidaia egiteko".

Erketzek egindako bidaia eta ekintzak taldea bizitzeko beste era bat dira, euren hitzetan. "Erketz ez baita akademia bat, beste mota bateko taldea da".

Esperientzia errepikaezinak

Honez gain, aurten San Pedro jaietako omendua ere izan da Erketz. "Hori ere esperientzia polita izan da. Balkoian egotea herritarren guztien aurrean. Txikiak ere txoratuta zeuden. Ziurrenik ez dugu izango beste aukera bat sanpedroetako txupinazoa botatzeko. Oso eskertuak gaude. Taldeak merezitako zerbait da, 50 urte egin ditu herrian lanean. Hor gaudela aitortzeko ere balio izan du. Asko mugitzen ez garela dirudi, baina hor gaude urtero-urtero".

Hori gutxi ez balitz bezala, taldeko kide batzuk zinema pantailetan haien burua ikusteko aukera izan dute, Dantza filmean. Leitzan izan ziren 2017ko maiatzean, dantza egin eta figurante lanak egiteko.
"Oso esperientzia polita eta aberasgarria izan zen. Guztientzat esperientzia berria izan zen, baita Telmo Esnal zuzendariarentzat ere. Berak zioen ezberdina zela figurante batzuekin edo dantzariekin lan egitea. Nabaritzen zen guztiek bagenekiela zer egin momentuan, berak lehen posizioa esan eta denak ezer esan gabe, posizioan jartzen ginen". 

Zinemaldia hasi baino lehen,  emanaldi pribatua egin zen. "Pelikula ikusi ostean, denak liluratuak geratu ginen. Proiektua egin da, eta bertan parte hartu dugu. Erketzen izena ere hor dago".

Lanean betiko martxan

Urteurrena amaitzean ikasturtea antolatzen hasiko dira Erketz eta Erketzen Lagunak. "Ikasturte bat ireki eta bestea itxi, zuzendaritza aldaketak… Zuzendaritza berriak ideia berririk ez badu, betiko martxan jarraituko dugu. Asko antolatu gabe hitzorduak hor daude: San Tomasen erromerian dantzatzea, Olentzeron baserrietatik katuan ibiltzea, Santa Ageda, Inauteriak… eta ohiko emanaldiak". 
Erketz Txiki, aldiz, lehenago hasi da larunbateko emanaldia prestatzeko. "Haur gehienak iaz egon ziren taldean, eta badakite nola egiten dugun lan". 

Etorkizunari begira ere, dantza taldeak lanean jarraituko du. "Erketz Txiki mantentzeko lan egingo dugu. Baina bai haur, bai helduetan jarraipen asko ez duen ekintza da. Talde guztiak gainbeheran edo mantentzen daude; nola hala aurrera egiten... Garai berriak ikusi eta haiei moldatu beharko gara".

"Azken ginga eta errematea da urte guztia lan eta lan pasa ostean"

50. urteurrenari amaiera emateko Erketz EDTk bi ekitaldi antolatu ditu asteburu honetan. Larunbatean dantza taldeko dantzariek  musikariek eta kide ohiek desfilea eta emanaldia egingo dute Okendo plazan. Eguraldi txarra eginez gero, desfilea bertan behera geratu, eta emanaldia Manuel Lekuonan izango litzateke. Igandean, berriz, bazkari gozoa dastatuko dute Michelingo kirolgunean.

Erketz EDTko kideek aurreratu dutenez, larunbatean 200 bat pertsona bilduko dira, "Dantzari, dantzari ohi, txikiak, musikariak eta antolaketa lanetan den jendea kontuan izanik".

Adurizek azpimarratu duenez, "berezitasuna" badu ekintzak. "Bada jendea duela 50 urte egon zela taldean, eta animatu dela berri dantzatzera. Egunero kalean ikusten duzun jendea ere Erketzen egondakoa dela konturatzen zara. Beste perspektiba bat ematen dizu. Jende asko pasa da Erketzetik, animatu direnak eta ezin izan dutenak, edo animatu ez direnak. Polita izango da".

"Niri beti esan didate Erketzen herri erdia egon dela dantzan. Urte honetan zehar, jende asko animatuko zela esaten zidaten; nik ez nuen uste. Orain ikusi dut 200 eta piko pertsona bildu garela. Horiek desfilean ikustea ikusgarria izango da," adierazi du Balerdik.

Belaunaldi askotako dantzariak batuko dira, eta hainbat dantza eskainiko dituzte. "Belaunaldi bakoitzak bere garaian ikasitako dantzak egitea zen intentzioa. Egon da jendea hutsetik hasi dena, zaila delako taldeak koadratzea," azaldu du Adurizek. 

Behe Nafarroako Inauteria, Lapurdiko Inauteria, Leitzako ingurutxoa, Iribasko ingurutxoa, Jaurrieta, Eltziego, Gasteizko zortzikoa, Gipuzkoano... eskainiko dituzte. "13 dantza dira guztira. Belaunaldi batzuk bitan daude banatuak, jende kopuruagatik, eta dantza ezberdinak egingo dituzte", esan du Adurizek.

Eta egitarau horren barruan, ezin ahaztu Erketzen harrobia. Erketz Txikiko haurrek ere dantzatuko dute: Esku dantza, Txulalai eta Mahai dantza.

Honez gain, musikari taldeak ere 50 urte horietan egondako jendeari deitu diela jakitera eman dute. Horri esker, desfilean trikitilariak, txistulari banda eta txaranga ikusi eta entzuteko aukera izango da. Desfile koloretsu eta jendetsuak erdialdeko kaleak girotuko ditu, beraz, larunbatean.

Igandean, berriz, bazkaria antolatu dute. Lehenik, meza izango da, eta ateratzerakoan arkuak jarriko ditu taldeak. "Ohiturei eutsiz, joandakoak gogoratuko ditugu".

Bazkal ostean, musikariek erromeria edo txaranga joko dute, guztiek dantzatu ahal izateko. "Guk dakigula behintzat, ez da ezustekorik egongo. Azkenean, urteurreneko azken ginga eta errematea da urte guztia lan eta lan pasa ostean".