The Best Chef taldea, Sukaldean sortzaile lehiaketako sarituak: “Ongi pasatzeko parte hartu genuen eta asko ikasi dugu”

Nerea Eizagirre 2016ko eka. 28a, 17:30
Lide Hidalgo, Lide Sanchez, Nahia Fabian eta Maren Urkizu lasarteoriatar gazteek Basque Culinary Center-ek Donostia 2016 Hiriburutzarekin batera antolatutako Sukaldean sortzaile lehiaketako irabazleetako batzuk ditugu. Haiek grabatutako 'Arroz beltza txipiroi eta almejekin' bideoak epaimahaiaren oniritzia jaso zuen. Basque Culinary Center-en izan zen saribanaketan haien platerak sukaldatu eta sukaldari famatuak ezagutzeko aukera izan zuten.

Basque Culinary Center-ek eta DSS2016eu-k gazteentzako sukaldaritza lehiaketa jarri zuten martxan, 'Sukaldean sortzaile'. 12-16 urte bitarteko gazteek, aiton/amonen errezetak oinarritzat hartuz, bereganatu eta errezeta berriak asmatzea zuen helburu. Taldean errezeta berria sortu, grabatu eta bideo aurkeztu behar zen. Grabaketa guztien artean epaimahaiak bederatzi aukeratu zituen. Ekainaren 11an izan zen saribanaketa Basque Culinary Center-en eta bertan Lasarte-Oriako lau gaztek osatutako taldea egon zen, 'The Best Chefs'. Lide Hidalgo, Lide Sanchez, Nahia Fabian eta Maren Urkizuk osatzen dute taldea eta haiekin izan gara lehiaketari buruz gehiago jakiteko. 

Parte hartzea

Lehiaketari buruz ikastolan jakin zutela aipatu digute, “gelan ginen eta Basque Culinary Center-ek lehiaketa antolatzen zuela jakinarazi ziguten”. 

Ideia ona iruditu zitzaien kuadrilako hainbati lehiaketan parte hartzea eta bi talde osatu zituztela jakinarazi digute. “Kuadrilan hamar gara eta batzuk ez zuten parte hartu nahi. Zortzi ginen guztira eta zozketa bidez bi talde egin genituen”. 

Izena eta errezeta

Ostean, taldearen izena eta errezeta erabaki zituzten. 

'The Best Chef' “sukaldaririk onenak” izena jarri zioten taldeari  Libe Sanchezek azaldu legez, “Whatsapp talde bat egin genuen eta izena jarri behar genion. Momentuan hori idatzi nuen eta horrela utzi genuen”. 

Errezeta ere inprobisatua izan zela jakinarazi digu Lide Hidalgok, “ez genekien zer egin eta BMra joan ginen. Arroza ikusi genuen eta hori egitea erabaki genuen”.

Lide Sanchezek aipatu duenez, “nire amak arroza era tradizionalean egiten du eta horregatik, saltsa eta txipiroiekin egitea erabaki genuen”. Gainera “arrandegian erosten ari ginela, gure ondoan amona bat zegoen. Guk ez genuen ezagutzen eta almejak ere sartzeko esan zion oso goxoa geratzen baitzen. Eta horrela egin genuen”, aipatu dute.

Bideoa

Erosketak egin ostean, probak egiten hasi ziren. “Lehenengo egunean egin genuenean txipiroiekin izan genuen arazoa, gehiegi egin genituen,” azaldu du Lide Hidalgok.

“Almejekin arazo askorik ez genuen izan. Lehenego aldian ez genituen ongi garbitu eta batzuk ez ziren irekitzen. Baina gehiago praktikatu genuen eta arazorik ez zigun eman”, aipatu du Nahia Fabianek.

Platera egiterakoan laguntzarik izan al zuten galdetzean, “gauza batzuk egitean bai, baina gehiena guk egin genuen”, zehaztu dute.

Arazoak arazo, platera egiteko erraza dela onartzen dute, “gurea Basque Culinary-ko saribanaketan ikusitakoekin konparatuta oso erraza zen”. 

Bideoa grabatu eta egituratzeko ere ez zuten laguntzarik izan, “gehiena guk grabatu genuen, baina Noraren ahizpak ere lagundu zuen”.

Baina bideoa montatzerako orduan Marenen aitaren laguntza izan zutela onartu dute: “Bideo edizioa Marenen aitak egin zuen, bere kamara ona zen eta grabaketarako mugikorrak baino hobea zen. Gainera guk ez dakigu nola editatu. Hala ere guk aurretik nola izan behar zuen pentsatu genuen”.

Sarituak

Aitortu dutenez, gazteek ez zuten sarituak izatea espero. “Marenen aitari emaila bidali zioten. Nahiaren urtebetetze eguna zen hurrengo egunean eta sorpresa eman nahi genion, baina ezin izan genuen gelako batek aurretik esan baitzion”, azaldu dute.

“Ez genuen sinesten”, aipatu du Nahiak. “Ongi pasatzeko egin genuen bideoa eta begira”, adierazi du Lide Hidalgok.

“60 talde baino gehiagok parte hartu zuten eta gurea bederatzi hoberenen artean aukeratu zuten”, atxiki du Lide Sanchezek. 

Basque Culinary Center-en

Honela, ekainaren 11n, Basque Culinary Center-en izan ziren haien sariak jasotzen.

Diploma, Basque Culinary Center-eko mantala eta sari berezi bat ere jaso zuten. “Talde bakoitzarentzat bereziki prestatutako ikastaro bat eskainiko digute”, azaldu du Maren Urkizuk.

Baina saria jasotzeaz gain, haien platera sukaldatu behar izan zuten gazteek, “bertako ikasleek lagundu ziguten gainera”. 

Eta sukaldari ezagunak ezagutzeko aukera ere izan zuten, sariak banatzen Martin Berasategui, Luis Irizar eta Jose Juan Castillo  izan ziren, baita Mikel Lopez Iturriaga  gastronomia kritikoa ere. 
“Gomendioak eman zizkiguten sukaldatzen ari ginen bitartean”, adierazi dute.

Eta, amaitzean, “Martin Berasategirekin egon ginen. Gu ta Gutarrak programako aurkezlea Julen Telleria ere egon bertan zegoen eta argazkiak atera genituen”.

Bitxikeria bat ere aipatu digute: “Bideoan osagarri sekretu bat genuela esaten dugu eta bertan ginela neska batek galdetu zigun zein zen osagarri hori. Guk hori esan genuen ez genuelako espero aukeratuak izatea. Baina osagarri bereziak gogo eta maitasuna zirela erantzun genion. Gogorik gabe egiten baduzu gaizki aterako da”.

Hau guztiak gain, aukeratutako hiru errezeta koktelean dastatu ahal izan zituzten.Horietako bat taldearen errezeta izan zen. “Gure platerak sukaldatu zituzten baina bokadu antzera jateko, jendeak probatzeko. Baina gurea gozoagoa zegoen. Guk txokolatezko bola bat probatu nahi genuen, baina ez zuten egin”.

Etorkizuna

Lauek sukaldaritza gustuko dute baina Marenek aipatu legez, “ez dugu pentsatu etorkizuneko ogibide bezala”.

Lide Sanchezek sukaldaritzako programak gustoko ditu, “Master Chef eta horrelakoak”. Marenek postreak egiten ditu. Nahia Fabianek eta Libe Hidalgok noiz behinak gauzak egiten dituzte.

Hemendik aurrera sukaldean gehiago ibiliko direla aipatu dute, “ongi pasatzeko egin dugu eta asko ikasi dugu esperientzia honi esker”.

Era berean, berriro ere, lehiaketara aurkeztuko liratekeela aipatu dute eta “telebistan, irratietan, egunkarietan ateratzea ere oso berezia izan da”, azpimarratu dute.

Eskerrak

Taldeko kideek familiei eta batez ere, Marenen aitari eskerrak eman nahi dizkiete. 

Honetaz gain, ikastolari ere haien esker ona erakutsi diotela jakiarazi digute, “taldearen izena zuen diploma handi bat eman ziguten eta gero bakoitzari beste bat. Ez genekien zer egin harekin, baina ikastolan uztea erabaki genuen azkenean”.