“Probatu ez duenak ez daki zer den hau”

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 10a, 14:28
Hirugarren ikasturtea hasiko du irakurle txokoak. Uxue Alberdiren gidaritzapean urrian hasi eta maiatzera bitartean hilero hitzordu bat izango da. Herritar gehiago animatzera da taldeak duen erronka, batez ere “gizonak eta gazte jendea”. Uxue Alberdi oso pozik azaltzen da taldean sortu den dinamikarekin, baita parte hartzaileak ere.

Uxue Alberdik gidatzen du herriko Irakurle Txokoa eta gogotsu dago ikasturte berriari ekiteko.

Hirugarren ikasturtea hasiko duzue. Nolako balorazioa egiten duzu orain artekoaz?
Oso ona. Oso talde interesgarria eta parte-hartzailea da Lasarte-Oriakoa, lagun-giro polita sortu da eta irakurketak elkarrekin konpartitzea plazer hutsa da, egia esan.

Parte hartzaile kopurua finkatzen joan da. Dagoeneko bakoitzaren gustuak ere ezagutuko dituzu…
Gutxi gorabehera, bai, baina ez da inoiz jakiten! Liburu bat esku artean dugunean pentsatzen dut: “Halakori gustatuko zaio... halakori ez hainbeste...”, baina beti izaten dira sorpresak. Gainera, gertatzen da liburua elkarrekin komentatu ondoren harekiko iritzia aldatzea ere, hobera, normalean: besteen iritziak eta gogoetak entzunda, liburuari begiratzeko modua zabaldu egiten da, eta posible da aurrez aurkitu gabeko interesgunean aurkitzea irakurketa berari. Literarioki interesgarriak izateaz gain, solaserako gaia emango duten liburuak hautatzen saiatzen gara, irakurlea handik edo hemendik harrapatuko dutenak.

Poesia, saiakerak… solasaldiez haratago ere bertso-afari literarioa egin duzue. Nolatan?
Bai, hasieratik irakurri ditugu genero ezberdinak: ipuinak, poesia, saiakerak... Liburu berriak eta zaharragoa tartekatzea ere gustatzen zaigu, baita jatorrizko liburuekin batera, beste literatura batzuetatik euskarara itzulitakoak irakurtzea ere. Aurten antzerkia ere irakurriko dugu, eta Oier Guillan antzerkigilea eta poeta etorriko zaigu bisitan, adibidez.

Bertso-afari literarioarena funtzio bikoitza edo hirukoitza duen ekimena da guretzat. Batetik, taldea finantzatzeko bideetako bat da, errifekin eta pailazoen emanaldiarekin batera. Bestetik, herriari eskaini nahi diogun ekimen kulturala da: literatura eta bertsoa kalera ateraz, herrira zabalduz. Eta, azkenik, taldekideok ohiz kanpoko kontestuan elkarrekin biltzeko modua da, taldea egiten laguntzen du, esperientzia elkarrekin konpartitzen. Gustatzen zaigunaren bueltan elkartzen gara: literatura entzun, bertsoak aditu, elkarrekin afaldu...

Kanpotik dinamika ona sortu dela dirudi.
Hala da. Gogoz nago ikasturte berriari ekiteko. Eta orain arte irakurle-taldera animatu ez diren herritarrak gonbidatu nahiko nituzke: datozela eta probatu dezatela, talde irekia da, eta irakurketarekin gozatzen duen edonork du bere tokia.

Zein da irakurleak eta idazleak elkartzearen emaitza?
Gure literatura kuantitatiboki eta geografikoki txikia izateak duen abantailetako bat da hau: idazleak oso gertukoak ditugu, eta gure letretako hainbat eta hainbat autore bertatik bertara ezagutzeko aukera dugu. Egileen idazketa-prozesuak euren ahotik ezagutzea, liburuetako gaiei buruz eurekin solastu ahal izatea, liburuak haien ondoan aletzea... oso aberasgarria da. Irakurle-taldearen erakargarritasun handienetako bat dela esango nuke.

Euskarazko literaturaren inguruan taldea biltzea erronka al zen zuretzat?
Baditut Lasarte-Oriako lagunak eta badakit euskaltzale asko dagoela herrian, ondo antolatuak eta saretuak, gainera. Urteetako lanaren emaitza da irakurle-taldean, beste hainbat taldetan bezala (bertso-eskola, abesbatza, antzerki-taldea...) herritarrek parte-hartzea. Literaturzaletasuna, euskalzaletasuna bezala, ez da kasualitatez sortzen. Lanaren eta ekinaren emaitza da, eta eskerrak eta zorionak ematen dizkiet Lasarte-Orian euskararen alde aritu diren eta ari diren guztiei. Eredu dira beste herri askorentzat.

Liher Unanue eta Pili Romero dira irakurle txoko honetako bi parte hartzaile. Bientzat esperientzia aberasgarria izateaz gain, herritar gehiagori parte hartzera animatzeko deia egiten diete.

Nolako esperientzia izan da irakurle bezala? 
Balorazio erabat positiboa egiten dugu. Lehenik eta behin, euskaraz irakurriz gozatu egin dugu. Bigarrenik, euskal literaturaren ezagutzan sakontzen lagundu digu. Eta azkenik, interes komun baten inguruan jendea ezagutzeko ere balio izan digu. Ez da gutxi, ezta?

Irakurtzea beti ekintza intimo bat izan da gutako batzuentzat, orain irakurritakoa taldean konpartitzea oso esperientzia polita da.   

Pozik al zaudete hilabetero saioetan izan den parte hartze eta dinamikarekin?
Oso giro polita dugu gure artean. Bataz beste, 8-10 lagun biltzen gara saio bakoitzean. Egia da, kopuru handiegia ez dela, baina talde txikia izateak ere badu bere xarma, konfiantzan eta goxotasunean bakoitzak bere iritzia edo hausnarketa errazago agertzen baitu. 

Nola hautatzen dituzue irakurgaiak? Idazleak?
Ikasturte amaieran irakurle txokoko moderatzaileak, Uxue Alberdik edo azken urtean Danele Sarriugartek, euskal literaturako hainbat liburuz osaturiko zerrenda bat aurkezten du. 
Zerrenda horretatik bakoitzak gure gustuko obrak aukeratzen ditugu. Hurrengo pausoan, guztion aukeraketak komunean jartzen ditugu eta bozketa moduko baten bidez ranking bat osatzen dugu. Ondoren, moderatzaileak, bozkatuenak izan diren idazleen artean gurean parte hartzeko aukerak baloratzen ditu. 
Eta azkenik, aurretik aipaturiko aldagaiak kontuan izanik zerrenda definitiboa eta ordena definitzen ditugu.

Zer esango zeniekete herritarrei bertaratzeko?
Jon Maiak zioen bezala “Probatu ez duenak, ez daki zer den hau!!!”. Irakurle txokoan parte hartzeak ez du esan nahi hileroko lotura edo konpromezua hartzen denik. Probatzeko eta ezagutzeko bada ere ikasturte honetan behin gutxienez animatu!!! Ez zarete damutuko!!! Gustatzen bazaizu irakurtzea, pentsatu ze poz emango dizun gustatzen zaizuna konpartitzea…

Idazleekin egindako solasaldien artean. Zerekin geratzen zarete?
Idazlea bera gure artean izateak liburua xehe-xehe aztertzea ahalbidetzen digu.

Liburuko pasarteen interpretazio ezberdinak, bakoitzak ulertu duena, berarekin konpartitzeak asko aberasten du istorioa. Hitzen atzean ezkutatzen den pertsona ezagutzeak izugarri laguntzen du obra osotasun batean ulertzen.

Nik (Pili) izandako bisiten artean, bi dauzkat kutunenak… Bat Itsaso Martinena. Bere liburuak 'Ni, Vera' hunkitu ninduen, zer eta nola kontatu zuen; emakumeak, gaixotasun mentalak, psikiatrikoak…
Bestea Unai Villenarena izan zen, gure irakurle taldeko kidea izan zelako lehengo urtean eta bere liburuak nire belaunaldiari buruz hitz egiten duelako.
Irakurketa eta hileroko saioetara jende gazte eta gizonezko gehiago erakartzea da erronka.

Bai horretarako, orokorrean, herritarrei euskal literatura ardatz duten ikuskizun-ekitaldi gehiago eskaintzea da asmoa. 
Aurten  bertso afari literarioaz gain beste ekitalditxo bat ere antolatu nahi genuke baina oraindik goiz da ezer aurreratzeko.