Pablo Barrio EHBildu: “Partehartzea eta ardura lehentasun”

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 18a, 12:05
Pablo Barrio alkatea da berriro ere EHBilduko alkategaia. Lau urte Udala kudeatzen egon ostean, Gobernuari eustea espero du. Legealdi honetako irakurketa eta arlo ezberdinetan proposamen berriak egiten ditu hurrengo lerroetan.

Zeintzuk dira zure ustez Lasarte-Oriak momento honetan dituen beharrak?
Beharrak mota askotakoak dira, garrantzitsuak guztiak. Diru beharrik suposatzen ez dutenen artean zintzotasuna, gardentasuna, jendearekiko konplizitatea aipatuko nituzke. Politika egiteko modu jakin batzuk asko zikindu dituzte instituzioak eta duintasuna eman behar zaie. Horretan saiatu gara azken urte hauetan Lasarte-Orian eta hala jarraituko dugu.

Diru dezente behar dute beste batzuk. Langabezia dela, egoera ekonomikoa dela, erronka handiak ditugu aurrean. Herritar guztien bizimodu duina ziurtatu behar dugu, jarduera ekonomikoak babestu eta bultzatu. 

Zein esparrutan eragin behar da gehien zuen ustez?
Orain artean aritu garen bezala, herritarrekin harremana indartzen eta zabaltzen, gardentasunean eta herritarren erabakimenean eragin behar dugu. Eta hori bi lehentasunezko kontzeptutan laburbiltzen da: parte-hartzea eta ardura. Ardura kudeaketa zintzoa, zuzena eta garbia egiteko, iraganean pasatakoak berriro errepikatu ez daitezen. Eta partehartzailea, azken finean, herritarrak egunerokotasunean ahalduntzeko.

Ekonomia, merkataritza sustatu eta langabezia tasari erreparatuta zein neurri proposatzen dituzue?
Urte hauetan frogatu dugunez, arlo sozioekonomikoa lehentasunezkoa izan da guretzat. Tresna autonomo moduan, Sozioekonomia Batzorde espezifikoa eratu eta edukiz bete dugu. Herriko merkataritza eta zerbitzuak herritarren lehenengo aukera izan daitezen Tratu On Bat marka sortu dugu. 

Herrien arteko lankidetza protokoloen bidez eskualdean 1.000.000 eurotik gertu kudeatu dira urtean eta lanpostu ugari sortu ditu. Orain, forma juridikoa ematea falta zaio bakarrik Garapen Integralerako Agentzia izateko. Ekonomia eredu berri batean sinesten dugu, soziala eta eraldatzailea, kooperazioan eta elkarlanean oinarritua.

Hirigintzari dagokionean, etxebizitza eta aparkaleku eskaintza herrian nolakoa da egun eta nolakoa beharko luke?
Hirigintzak herritarren eskubidea izan behar du helburu, ez merkatuarena. Etxebizitzak bizitzeko izan behar dira, ez espekulatzeko. Horregatik, gure lehenengo lana higiezinen merkatuaren azterketa bat egitea izango da: etxebizitza eskaria, etxebizitza hutsak, eraikuntza prozesuak...

Gure aldetik, inbertsioak herritarren beharretan oinarritu ditugu. Sasoetako etxabeen eraisketa da adibide argiena. Aspaldiko eskakizunari ekin diogu eta martxan dago. Auzotarrekin harremanetan beti ere, beraiekin adostuz urbanizazioa eta eman beharreko pausoak, Tximistarreta parkean egin zen moduan.

Era horretan auzoak biziberritzea izango da gure helburua. Zumaburun, Zabaleta, Basaundi eta abar. Erdigunean ere eguraldiaz babestu eta bizitza sozialerako egokia izango den estalpea proiektatuko dugu. 

Aparkalekuei dagokionez, pausoak eman dira eta Udalak trafiko eta aparkalekuei buruz ikerketa bat egin du, hemendik aurrera, pertzepzio subjektiboez gain, datu errealetan oinarritutako neurriak hartzeko.

Herrian dauden zerbitzu publikoei dagokienean, zer hobetu/indartu behar da?
Ezer baino lehen, zerbait azpimarratu: egoera ekonomikoa ez da oztopo izan behar herritar guztiek Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak erabili ahal izateko, eta hori bermatzeko hobari eta salbuespen sistema ezarri dugu.

Garbiketa, argiteria, udaltzaingoa, hondakinak, kale, parke, eskola eta espazioen egoera eta abarri heltzeko, Auzo Kontseiluak proposatzen ditugu. Urtean pare bat alditan deituko dira auzo bakoitzean eta auzotar guztiek aukera izango dute alkatea, udaltzain burua eta zerbi-tzuetako arduradunarekin beraien kezkak, kritikak eta proposamenak konpartitu eta aztertzeko.

Garbiketa Zerbitzuaren kasuan, egungo kontratua handituko dugu hainbat hobekuntzak sartuz. Zona eta horma degradatuak biziberritzeko lanketarekin jarraituko da eta hainbat espazioetan komun publiko eraikiko ditugu.

Kultura alorrean, zeintzuk lirateke lan ildoak? Euskarak zein leku dauka? 
Kulturak pertsona egiten gaitu. Kultura ez da denbora pasa; kulturak osatu egiten gaitu, baita herri moduan ere. Kultur politikak herritarra kontsumitzaile izatetik agente aktibo izatera pasatzea bilatu behar du.

Kultura arloan, tresnak eta helburuak uztartu behar dira. Herriko eragile eta elkarteek osatutako Koordinazio Mahai bul-tzatuko dugu tresna moduan. Mahai horrek aukera izango du udal programazioan parte hartu eta erabakiak hartzeko. Truke ekonomikorik gabeko jarduera kulturalak sustatuko ditugu, disziplina kultural ezberdinak, sortzaile amateurrak. Aniztasuna aberasgarria dela barneratuta, kulturartekotasunaren alde lanean jarraituko dugu.

Daukagun aberastasunaren adierazgarri bereziena izanik, ikasketa eta erabilera indartuko dugu, ostalari eta merkatarien artean, kirol elkarteetan eta beste esparrutan. Horregatik, iaz matrikuletan %85 aurrezteko jarritako beka sistema eutsiko dugu.

Eta kirolak?
Azken hamarkadetan, kirola gutxiengo jarduera izatetik aisialdi eta osasunaren elementu garrantzitsua izatera pasa da. Horren kontzienteak izanik, lan handia egin dugu daukagun baliabide material, ekonomiko eta pertsonalei ahal den errendimendu handiena ateratzen.

Oinarria jarri dugu lau urte hauetan. 2014ean, parte-hartze bidez, Kirol Plan Estrategikoa egin genuen herriko kirol eta jarduera fisikoa etorkizuna zehaztuz.  Datozen urteetan, Kiroldegi proiektu berri bat burutuko dugu herritarren parte-hartzea adostuz eta bideragarritasun ekonomikoa jasoko duen Plana definituz.

Zer iruditzen zaizu herriaren parte hartzea erabakietan eta ekimenetan?
Parte-hartzea gure identitate seilua bilakatu da lau urte hauetan eta hala izan behar hurrengoan ere. Zerotik abiatu gara. Ezer ez zegoen. Parte-hartze Departamendua sortu dugu urte hauetan eta pauso garrantzitsuak eman dira. Hau hastapena izan da, asko dago ikasteko, hobetzeko, sakontzeko eta egiteko dago, jakina, baina hau da bidea guztiona izan behar duen herria guztion artean egiteko. Parte hartzen duen herria, herri bizia da.

San Pedro jaiak deszentralizatuak izan behar dute edo Okendok izan behar du gune bakarra?
San Pedro jaietan emandako aldaketa erabatekoa izan da, bai antolaketa ereduan eta baita jendearen erantzunean ere. Eredu parte-hartzailea txertatu dugu festetan, eta era horretan herritarrek markatzen dituzte ildo nagusiak, ekitaldi mota eta espazioak. 
Aurrekoa esanda, ezin da ahaztu San Pedro jaiak herriko jaiak direla eta herri guztietan festa gune nagusi bat dagoela beti, ez bakarra eta ez esklusiboa, baina bai erreferentziala. Horrek ez du esan nahi auzoak ahaztu behar direnik. Gure ustez, auzoek bere festa propioak edukitzea bultzatu behar da; horretan udalak badu lana, daudenak indartu eta auzoetatik planteatzen direnak bultzatuz, Oriakoekin egin dugun moduan.

Zeintzuk dira finkatutako lehentasunak eta erronkak?
Ikuspegi motzarekin, plangintzarik gabe kudeatu da herria urte askotan. Momentuko interesak izan dira nagusi, adreiluaren kultura espekulatiboari lotuak kasu askotan, konturatu gabe gure herria oso txikia dela, biztanleria handikoa eta oso kontzentratua, gure zabalpen eta arnas eremuak eskasak direla, industria ahul eta sektore ekonomiko desorekatuak dituena. 
Beraz, gure etorkizuna definituko duen Lasarte-Oria 2030 Plan Estrategikoa egitea litzateke gure erronka nagusia. Gainon-tzeko alderdiekin, udalerriko eta inguruko eragile sozioekonomiko, instituzional, kultural eta, oro har, herritarren parte-hartzearekin landu beharrekoa. Hemendik aurrera egin beharreko bidearen oinarri sozioekonomiko, urbanistiko eta kulturalak jarriko dizkion apustu garrantzi-tsua izango da. 

Alkate izatekotan zer da egingo duzun lehenengo gauza?
Lanari ekitea, noski. Aurreko legegintzaldian frogatu dugun moduan, pertsonalismoak alde batera utzita, talde lana da benetan inportanteena, ekipo berria kokatu eta martxan jartzeak lehenengo lana izan behar du. Hortik aurrera, proiektu guztiak dira inportanteak, guztiei ekin behar. Bakoitzak bere tempoa izango du, ordea, eta horren arabera joango da gauzapena.

Nolako herria irudikatzen duzu lau urte barru zure zerrendak gobernatuko balu?
Herri Bizia dugu, ez leloa, helburua. Eta hala irudikatzen dut herria lau urte barru: herri biziagoa. Eta ez da irudipena bakarrik. Lau urte pasa ditugu udal gobernuan, eta apal-apal esanda baina konbentzimendu osoz ere bai, duela lau urte baino herri biziagoa daukagu orain, herri aktiboagoa, kohesionatuagoa, alaiagoa eta parte-hartzaileagoa. Eskarmentu horretatik abiatuta eta guztion lanarekin, ziur nago urrats gehiago emango ditugula bide horretan.