“Oroitzapen politenak ez dira paisaia ederrenen inguruan sortu”

maider-azurmendi 2016ko uzt. 11a, 14:00
Txilen hasi eta hilabeteak daramatzate Unai eta Maria Hego Amerika bizikleta gainean zeharkatzen. Mota honetako lehenengo bidaia da bikotearentzat eta hamaika abentura bizitzeaz gain, lagun eta txoko eder pila ezagutzen ari dira bidean. Bidaia noiz bukatuko duten ez dakite, baliabideak dituzten bitartean jarraitzeko asmoa dute. suarenbila.wordpress.com blogean ari dira euren abentura ederra kontatzen.

Unai Altuna eta Maria Mungia irailean abiatu ziren euren bizitzako bidaia egitera. Lasarte-Oriako etxea utzi eta bizikletetan beharrezkoa kargatuta soilik joan ziren. Hego Amerika bizikletaz ezagutzera irten eta hamaika abentura, kultura eta lagunekin egin dute topo hilabete hauetan guztietan zehar. Ahaztezina izaten ari da esperientzia eta horren berri ematen ari dira, Interneteko konexioa dutenean behintzat, Suaren Bila izeneko blogean. Oraindik ez diote amaiera data jarri bidaiari. Hurrengo helmugak Bolivia, Peru, Ekuador eta Kolonbia izango dira. Eurekin harremanetan jarri eta orain arteko esperientzia kontatu digute San Pedro de Atacamatik. Andeak gurutzatu berri dituzte Jamako igarobidetik.

2015eko irailean hasi zen abentura. Zergatik Hego Amerika eta zergatik bizikletaz?

Hasieran, zalantzan ibili ginen Asia eta Hego Amerikaren artean. Ekialderantz joateko ez genuen hegazkinik hartu behar, etxetik aterako ginen bizikletan; Hego Amerikan, berriz, hizkuntzaren erraztasuna genuen, bidaia asko aberastuko zuena. Gainera, bizikleta edo materialarekin arazorik izanez gero, ordezko piezak lortzea errazagoa izango zela iruditu zitzaigun –hastapeneko beldurrak–. Asia gerorako utzi dugu, kar-kar. 

Bestalde, hasieratik genuen argi bizikletaz abiatuko ginela, asko gustatzen baitzaizkigu eskaintzen dituen aukerak: abiadura egokia, horrek ematen duen gertutasuna –bai jendearekiko bai naturarekiko–, noranahi joateko independentzia, helmugak ez diren lekuak ezagutzeko parada... Eta, gainera, bidaiatzeko era merkea da. 

Aurretik horrelako bidai luzerik eginda zenuten?

Ez. Aurretik, laneko oporrak baliatzen genituen bidaiatzeko; ondorioz, asko jota, hilabeteko bidaiak egin izan ditugu bizikletaz, Euskal Herrian zein atzerrian.  Horrelakorik ez orain arte.

Suaren Bila da zuen bloga eta bertan azaltzen duzuenez, zuen burua hobeto ezagutu eta bizitzaz hausnartzeko egiten ari zarete bidaia. Etxean hain zaila al da lan hori egitea?

Etxean ere egin daiteke lanketa hau, noski, baina zailagoa da. 

Zeure herrian zaudenean, lantegiko orduez gain, hamaika saltsa eta konpromezu izaten dira eta ez da erraza izaten norberarentzako denbora hartzea; ozeanoa tartean jarri behar izan dugu, kar kar kar. Gainera, Hego Amerikara etortzeak balio gehitua du. Izan ere, hamaika errealitate ezberdin aurki daitezke hemen, bizitzeko era anitzak. Eta haietatik ikasteko ere atera gara etxetik, bertan, betiko zirkuluetatik irtetea konplexuagoa baita. Euskal Herrian, bilatu egin beharko genituzke esperientzia horiek, bidaiatzen, aldiz, parean agertzen zaizkigu.

Txilen hasi zenuten bidaia. Argentina eta Uruguain egon eta gero berriro bueltan zaudete. Zein izan da orain arteko ibilbidea? Bisitatu dituzuenetatik zein leku izan dira berezienak? 

Bidaia Santiago de Chilen hasi genuen irailean; bertatik, hegoalderantz, Ushuaiara iritsi ginen otsaila hasieran. Handik, hegazkinez Buenos Airesera jauzi egin genuen, eta Unairen arreba Maialen bertan zegoela probestuz, hilabete eman genuen berarekin, hiriburua ezagutzeaz aparte, Iguazuko ur-jauziak eta Uruguai bisitatuz. Maialen Montevideon agurtu eta, berriz bizikletak harturik, Uruguai ezagutu genuen hilabetez. Ondoren, Argentinako iparraldean ibili gara. 

Joandako astean Andeak gurutzatu ditugu Jamako igarobidetik eta Txileko San Pedro de Atacaman gaude orain deskantsatzen. 

Leku bereziak ia egunero azaldu zaizkigu. Txile hegoaldeko bide austral basatian egindako hilabetea, adibidez, ederra izan zen, baita Argentinako lakuen eremua ere, eguraldi bikainarekin igaro genuena. Uruguaiko kostaldea, Salta-Jujuy inguruak edota oraintxe egindako Andeen zeharkaldia ere politak izan dira... 

Zaila da leku bakarra aukeratzea, asko eta asko izan baitira hunkitu gaituzten paisaiak.

Bertako jendearekin harremanak egin eta zaudeten lekuetako kultura, errealitatearen zatitxo bat jaso nahi duzue... ez da soilik bidaiatzea eta paisaia ederrak ikustea… ezta?

Leku ederretan, gehienetan, turismo egiturak sortzen dira inguruan eta bertako jendea bidaiariak ikusteaz ohitu egiten dira eta inguratzen zaizkizun gehienak negozioa egiteko asmotan etortzen dira. Aldiz, turismorik ez dagoen herrixketan geratzean, hartu-eman atseginak sortzen dira: jendea jakin-minez gerturatzen zaigu eta, batzuetan, etxera gonbidatzen gaituzte edota mate bat hartzera edo jatera. 

Paradoxikoa bada ere, oroitzapen politenak ez dira paisaia ederrenen inguruan sorturikoak, herrixka galdu hauetako istorio txiki eta goxo hauek baizik.

Zuen antzera bidaiatzen ari direnak ere topatu dituzue?

Bai, asko eta asko. Bide australean edo Patagonia hegoaldean, esaterako, ziklistaren bat topatzen genuen ia egunero.

Handik aurrera, ordea, ibilbide nagusitik kanpora, ez dugu ia bat ere topatu hilabeteetan, San Pedro de Atacamara heldu arte, hiru herrialdeen arteko elkargunea eta, ondorioz, txirrindularientzako puntu logistikoa. 

Atzo arratsaldean, esaterako, sei lagun elkartu ginen informazioa trukatzeko aitzakian: Suitzako bikote bat eta Irlandar-Eskoziar bikote bat. Bidean egin ditugun lagun batzuk ezagutzen zituzten haiek ere; azken finean, komunitate txiki bat osatzen dugu bizikleta bidaiariok.

Bloga diario moduko bat da. Zergatik idatzi? Etxekoak hurbilago sentitzen al dituzue horrela?

Batetik, ariketa polita da bizi ditugun abenturak idatziz azaltzen saiatzea. Biok dugu gustuko idaztea eta atseginez egiten dugu, horretarako denbora hartzea zaila zaigun arren – daramagun atzerapena ikustea besterik ez dago–. Bestetik, gure esperientzia kontaturik gelditzen da horrela, bai guretzako, etorkizunera begira, bai ingurukoentzako.

Zer eraman behar da motxilan halako bidai bat egiteko?

Bizikletan kargatzen dugun gauza bakoitzak bere esfortzua eskatzen digunez, motxilan eraman beharrekoa ondo aukeratu behar da. 

Bakoitzak hogeita bost kilotan klima eta egoera ezberdinetarako behar den guztia eraman beharra daukagu –arropa, kanpin denda, lo zaku eta esterila, sukaldeko tresnak, erremintak...–,  baita askotan hiru-lau egunetarako janaria eta ura ere. Honez gain, “kapritxo” batzuk ere garraiatzen ditugu: pultserak egiteko hariak eta harriak, ordenagailu txiki bat, musika entzuteko bozgorailu bat... 

Irakasgai polita izan da bizitzeko behar dugun guztia bizikletan sartu behar izana: gainean daramaguna nahi adina denboran bizitzeko nahikoa da. Lasarte-Oriako etxea hustu genuenean bete genituen hiru furgoneten aldean, bada diferentzia. 

Baina, batez ere, pisatzen ez duten gauzak sartu behar dira motxilan horrelako bidaia bati ekiteko: datorrenari irekita egotea, gauza berriak ikasi eta ezagutzeko gogoa... Eta beste batzuk etxean uztea komeni da: aurreiritziak, beldurrak, ziurgabetasunak... Azken hauek bazterrean uztea zaila izan daitekeen arren, lasai hasi, bidaian aurrera egin ahala, ezinbestean eroriko baitira.

Noiz arte luzatuko duzue bidaia?

Ez dakigu, eta faktore hau klabe garrantzitsu bat dela konturatu gara bidaia honetan. 

Epe bat jarriz gero, nahiz eta luzerako izan, atzera-kontu batean sartzen zarela iruditzen zaigu eta horrek estresa sor dezakeela, ezagutu nahi dituzun leku guztietara heldu nahia eta, ondorioz, plan aldaketei, geldialdiei edota bide galdu eta berriei iskin egiteko arriskua.  

Abenturari denbora-mugarik ez jartzean altxor ederra topatu dugulakoan gaude. Baina, jakina, ez da erraza halakorik planteatzea. 

Zein herrialde gehiago bisitatuko dituzue?

Oraingoz, iparralderantz jarraituko dugu eta, datozen hilabeteetan, Bolivia, Peru, Ekuador eta Kolonbia ezagutzeko asmoa badugu, gutxienez. 

Baina auskalo, esandako moduan, erabat irekita gaude eta ikusteko dago non ibiliko garen datozen hilabeteetan; abenturaren xarmaren parte bat da. Gure diru aurrezkiek markatzen dute muga, baina geldialdiren bat egin eta dirua biltzen saiatuko gara agian... Argentinar batek esan zigun moduan: “Ojala os quedéis sin dinero y os tengáis que buscar la vida para continuar, ¡ahí empezará vuestro verdadero viaje!”. 

Ikusiko dugu nora eramaten gaituen bideak.

Hilabete luze hauetan asko izango dira bizitako anekdotak. Baten bat kontatuko diguzue?

Asko izan dira bai, nola ez. Humahuacako arroila bisitatzeko asmotan bidean gora abiatu ginen aurreko astean eta, Maimara herrixkan, bide ertzean alabarekin zetorren gizonak ikusi eta segituan etxera gonbidatu gintuen bazkaltzera. Bazkalostean, nahi genuen denboran deskantsatzeko gela bat eskaini ziguten eta, azkenean, bost egun eman genituen beraiekin: haurrekin jolasean, kanaberazko teilatua egiten laguntzen, baratza prestatzen eta matea hartu bitartean, Argentinako zein munduko egoera politikoa analizatuz. Ez ginen Humahuacaraino iritsi baina ahaztezina izan zen egonaldia.

Handik Atacamara iristeko, zazpi egun egin ditugu Andeak zeharkatzeko. Jama igarobidetik pasa gara, 4.800 metrotik gorako altuerara iritsiz; 450 kilometrotan herrixka bakarra eta mugako instalazioak soilik. Hori bai, negua da eta haizea eta hotza nahi adina izan ditugu, espero gabeko arazoak sortzeraino: ur botilak izoztu egiten ziren kanpin-dendan sartu arren eta eguerdian, oraindik, izozturik jarraitzen zuten,  suak egiteari utzi zion –ez dakigu altuera, hotza edo zer arraiogatik–, eta argazki kameraren bateria ere deskargatu egin zen hotzagatik. Bestalde, azken bi egunetan, hiru auto gelditu zitzaizkigun eta justu behar genuena eskaini ziguten guk ezer esan aurretik: laranjak, Txileko mugan janari fresko oro pasatzea debekatu ostean; ogia eta oilasko gisatua –turista ibilaldi bateko bazkariaren soberakinak–, suak ibiltzeari utzi eta jateko askorik ez genuenean eta freskagarri botila bat, ura izoztuta zegoenean...

Hauek azken bi asteetako anekdota parea. 

Bederatzi hilabeteetan asko izan dira bizitakoak eta gure blog-ean gehiago aurki ditzazkezue. Gustu baduzue: suarenbila.wordpress.com