Nerea Paniagua: “Poz izugarria sentitzen dut jendea nire diseinuekin ikusten dudanean”

maider-azurmendi 2014ko abe. 22a, 10:30
Nerea Paniagua herritik Londresera joan zen duela bederatzi urte ingelesa ikastera. Han australiar betekin maitemindu eta egun Australian bizi da bikotea eta Luka semearekin. Betidanik izan ditu Nereak gustuko esku lanak eta lumekin egindako belarritakoak egiten hasi eta egun material hau erabilita, ile estentxioak, bitxiak eta mota ezberdinetako osagarriak egin eta saltzen ditu Perth hiriko bere dendan edota www.chicafeathers.com atarian. Honi esker bere lanak nazioarte mailan ezagunak egiten ari dira.

Nerea Paniagua lasartearrak ez zuen imajinatzen Australian bizitzen bukatuko zuenik. Artearen Historia ikasketak bukatuta, Londresera joan zen ingelesa ikastera eta han ezagutu zuen egun bere senarra dena. 

Londresen hiru urte egin ostean, bikotea Australiara mugitu zen. Diseinuaren munduan Nerea Greenwell bezala ezagutzen dute izan ere, Australian ezkontzerakoan senarraren abizena hartzen du emakumeak. Batez ere luma naturalekin egindako lanak dira ezagun egin dutenak Nerea Greenwell horretaz gain, beste osagarri eta bitxiak ere egin eta saltzen ditu. Ilean jartzeko luma estentxioak modan jarri dituela esan dezake harro lasarteoriatarrak. Hauek tintatu, kixkurtu edota nola jarri azaltzeko gomendio guztiak bere web atarian aurki daitezke online dendaren baitan. Aipatu behar da maskotentzako estentsio batzuk ere daudela eskuragarri. Modelo eta argazkilari profesional hasiberriekin ezagutzera eman ahal izan ditu bere eskulanak. 

Aitortu bezala, lagunei opariak egiteko helburuarekin lantzen hasi zen bitxi eta osagarri mota hau eta  orain kaletik ezazagunak bere diseinuekin ikustera ohitzen ari da. Bigarren denda bat ere buruan du.

Nolatan bukatzen du lasarteoriatar batek Australian? 
Ba egia esan, ez nuen inoiz pentsatu Australian biziko nintzenik. 2006. urtean Londresera joan nintzen ingelesa ikastera eta han gaur nire senarra dena ezagutu nuen, bera australiarra da. 
Hiru urte Londresen egin ondoren, Australiara bizitzera etortzeko erabakia hartu genuen. Jadanik sei urte igaro dira ordutik.

Eskuz egindako bitxiak eta lumekin ilean jartzeko estentxioak egiten dituzu egun… hobbya lanbide bihurtu al duzu?
Bai guztiz, hala izan da. Luma naturalekin egindako belarritakoak, lepokoak, estentxioak eta abar egiten hasi nintzen lagunei eta hemengo (Australiako) familiari oparitzeko eta baita bertako kale merkatuetan saltzeko asmoarekin ere. 

Lanik gabe nengoen orduan eta denbora asko nuenez, horrela hasi nintzen  pixkanaka mota guztietako diseinuak probatzen eta gauzatzen. Saltzerakoan harrera ona zuten lanek. 

Nolatan hasi zinen lumekin lan egiten? 
Betidanik gustatu zaizkit lumak. Berez duten esanahi sinbolikoagatik eta duten itxura leunagatik batez ere.  Asko gustatzen zaidan moda estiloa da, 'hippy' edo 'bohemioa', eta honetan lumak asko erabiltzen dira osagarri modura. Estilo hori, batez ere 'Boho Chic' deitutakoa, jarraitzen duten moda blog-etan sartzen naiz nire lanak egiteko inspirazio bila eta tendentziak ikusteko. 

Nondik ateratzen dituzu lumak? Errazak dira aurkitzen? 
Lumak aurkitzea ez da gauza erraza nik erabiltzen ditudanak naturalak direlako, oilar lumak dira.  Zailtasuna da oilar berezi hauek ez dituztela Europan edo Australian hazten.

Zein harrera dute zure lanek jendearen artean?
Saltzen ditudan lumak, bitxiak eta bestelako osagarriek oso harrera ona izan dute jendearen artean, Australian batez ere. Oso ondo saltzen dira ia lehenengo egunetik eta ilean jartzeko luma estentxio koloretsuak Australian modan egon direla esan daitek hauek saltzen hasi nintzenetik. 

Chicafeathers.com atarian daude zure lanak. Bertan erosi eta Australian ez ezik, mundu osora bidaltzeko aukera eskaintzen da. Bezeroak nagusiki australiarrak al dira?
Saltzen dudan guztia www.chicafeathers.com web orrian dago bai eta noski Perthen dudan denda fisikoan ere. Bezeroak nagusiki australiarrak dira bai, Perth, Sydney eta Queensland-ekoak gehienak. 
Singapur eta Londresera ere bidali izan ditut lanak eta Lasarte-Oriara ere bai! Baina herrira egindako bidalketak lagunentzat izan dira batez ere...

Diseinu ikasketak egin al dituzu? 
Ez dut halakorik egin. Artearen Historia ikasi nuen baina betidanik gustatu izan zait eskulanak egitea. Marrazketa eta pintura gustatzen zait, ez naiz oso ona baina nire gauzatxoak ere egiten ditut. 
Lumekin gauza bera gertatu zait, oso gustora egiten dut lan lumekin. Pixkanaka gauza berriak egiten saiatzen joan naiz eta horretan jarraitzen dut.

Zer sentitzen da norberaren diseinuak kaletik ikustean?
Pasada bat da, poz izugarria sentitzen dut jendea nire lumekin eta batez ere boten gainean jartzeko osagarriekin ikusten dudanean. Hasieran nire lanak saltzeko erabakia hartu nuenean, lotsa antzeko sentsazioa nuen. Ez nekien nolako harrera izango zuten diseinuek ezta jendeari gustatuko zitzaizkion ere. Behin hasita zalantzak argitu ziren.

Webgunean ikusi dugu etxekoak ere erabili dituzula zure diseinuak erakusteko modelo lanetan… 
Bai, anaia eta koinata bisitan etortzen direnean modelo bezela erabiltzen ditut, hemengo lagunetaz ere “aprobetxatzen” naiz ahal dudanean. Ni neu ere jarri izan naiz kamaren aurrean!
Hala ere, modelo profesional hasi berriak ere erabili izan ditut elkar promozionatzeko, argazkilari profesionalekin ere gauza bera egin dut. 'Chica Feathers' Facebook orrian jarraitzaile dexente izateak horrelako elkarlanak egiteko aukera eman dit. 

Ea martxoan herrira bueltatzen naizenean hango lagunak animatzen diren modelo lanak egitera!

Momentu honetan zein erronka dituzu, noraino iritsi nahiko zenuke zure diseinuekin?
Orokorrean horrela jarraitzea gustatuko litzaidake. Esan behar da nik egiten dudala dena, produkzioa, interneteko salerosketak kudeatu, marketing lana... eta duela gutxi arte dendan ere lan egiten nuen. Dendan orain neska batek laguntzen dit.

Oraintxe egiten dudanarekin pozik nago, gustatzen zaidan honetaz bizi ahal izatearekin benetan pozik nago jada. Noski horrela jarraitu nahi dut. Datorren urtean Sydney-ra goaz, Perth-en bizi gara orain, eta han bigarren denda bat irekitzea ere gustatuko litzaidake.

Familiaz gain, zer da Lasarte-Oriatik gehien faltan botatzen duzuna?
Guztira dagoeneko bederatzi urte izango dira urtarrilean Lasarte-Oriatik kanpo bizi naizela, Londresen hiru urte pasa nituen eta dagoeneko sei urte daramatzat Australian. Familia eta lagunak dira batez ere faltan botatzen ditudanak jakina baina baita  hizkuntza, pintxoak, urdaiazpikoa eta txistorra adibidez edota ogia! Santo Tomas jaia eta Gabonekin gogoratzen naiz ere. Hango bizimodua orokorrean faltan botatzen da. 

Oso desberdina al da Australian bizimodua hemengoarekin alderatuta?
Bai zentzu askotan oso desberdina dela esango nuke. Ezkerretik gidatzen da, hego hemisferioan Gabonak udara erdian izaten dira eta hondartzan pasatzen ditugu. Bestetik, ordutegiak ere desberdinak dira goizean jaikitzeko, lotara joateko, jateko... dana askoz goizago egiten da.  

Kanpora joan baino, etxeko party-ak oso arruntak dira hemen eta barbakoak egiten dira lagunen etxeetan, piknik-ak eta horrelakoak. Bestalde, eguraldia oso ona da beti Australian, udarak luzeak izaten dira eta neguak oso motzak.

Lasarte-Oriara bueltatzeko asmoa duzu? 
Ahal dudanean herrira bueltatzen naiz eta aste batzuetako egonaldia egiten dut. Urtero saiatzen naiz behintzat behin joaten. Hurrengo bidaia  Lasarte-Oriara 2015eko martxoan egingo dut. Baina ez dut uste bizitzera bueltatuko naizenik. Dagoeneko Australian nire bizitza antolatuta daukat; ezkonduta nago, Luka hiru urte eta erdiko semea dut, denda martxan, hipoteka, lagunak... beraz ez dut uste. Hala ere, nork daki.