Nerea Arteaga: “Oso gogorra da jateko egunero jendea ilara egiten ikustea”

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 17a, 12:00
Iragan astean itzuli zen Nerea Arteaga Greziatik, Lasarte-Oriara. Hilabetez egon da Zaporeak proiektuarekin Greziako Chios uhartean, bertan diren errefuxiatuei laguntzen

sperientzia gordina bezain aberasgarria bizita itzuli berri da Nerea Arteaga (Lasarte-Oria, 1989) herritarra Greziatik. Hilabete igaro du Chios irlako errefuxiatuen kanpamentuan. Zaporeak Proiektuarekin boluntario gisa joan zen bertara eta beste zenbait zereginetan aritzeaz gain, sukaldeko lanetan aritu da bere eguneroko jardunean; eguneroko bazkaria prestatzen zuten.

Goizean goiz jaiki eta gosaria amaitzearekin batera, eguneko otordua prestatzen aritu dira Chiosera joandako boluntarioak. Prestatu beharreko barazkiak zuritu, janariak prestatu eta eguerdiro, Soudako kanpamendura joaten ziren janaria bertako errefuxiatuei banatzera. 

Gogorra izan da lasarte-oriatarrarentzat egunero bertako errefuxiatuak ilaran janariaren zain ikustea, itsaso bazterrera gerturatu eta bertan, hortzimugara begira errefuxiatuak etorkizunaz ametsetan behin eta berriro ikustea, baina aldi berean, gozotik ere faltarik ez dute izan une gogor horiek guztiek. Prestatutako otorduen trukean irribarreak  eta eskertzak besterik jasotzen ez zituzten une horiek lausotzen zuten egunerokoaren egoera latza.

Lasarte-Oriara buelta egin eta Txintxarrirekin izan da bertan bizitakoaren berri eman asmoz.

Zerk bultzatuta joan zinen Chioseko errefuxiatuen kanpamentura?

Errefuxiatuen mugimenduaren berri azken bi urteetan dezente entzun dugu eta orain dela ia urtebete, lagun batek esan zidan Chioseko greziar uhartean egon zela Zaporeak proiektuarekin. Bere esperientziaren berri eman zidan eta oso interesgarria iruditu zitzaidan, baina momentu hartan lanean nengoen eta ezin nuen joan, nahiz eta  aurrerago joateko aukera ez nuen baztertzen. Utzi eta utzi, eta ez nuen bertara joateko aukera zehatzik ikusten. Baina bat-batean, Gabonen ostean, beste lagun batek esan zidan bera ere bertan izan zela eta esperientzia horren berri izan nuen berriz ere. Gerora,  langabezian geratu nintzenez, orduantxe aukera zela pentsatu nuen. Horrela, hitzaldi bat egon zen Anoeta herrian eta bertara joan nintzen entzutera. Oso interesgarria iruditu zitzaidan eta Zaporeakekin kontaktuan jarri nintzen. Beraien egoitzara joan eta funtzionamenduaz hitz egin zidaten.

Zertan oinarritzen da Zaporeak proiektua?
Zaporeak proiektua sukaldean dago oinarritua, hau da janaria prestatu eta errefuxiatuei janari hori ematea da Zaporeak Proiektuaren lana. Beraz sukaldean ordu asko pasa ditugu, lan asko egon da sukaldean eta lan mota ezberdinak. Orduan sukaldeko lan horietan kokatze prozesu horretan ibili naiz.
Honekin batera, kontuan izan behar da talde bat dela, jende asko zegoen Zaporeak Proiektuaren barruan (sukalde arduraduna, sukalde laguntzaile edo beste arduradun bat, koordinatzailea eta hortaz gain, beste hamabost bat boluntario). 

Zenbat denbora igaro duzu Chioseko errefuxiatuen kanpamentuan?
Hilabete egon naiz bertan. Berez, Zaporeaken proiektuan boluntarioek hiru aste igaro ditzakete gehienez, baina azkeneko astean oso jende gutxi geratzen zenez, bertan gelditu nintzen.

Nolako egoerarekin egin zenuen topo bertara iristean? 
Iritsi eta lehenengo irudia ez zitzaidan uste nuen bezain bortitza egin. Telebistan  katastrofearen berri ematen dute uneoro; kanpin denak elurrez beteta, etab. Orduan irudi horiekin hara joan eta lehenengo sentsazioa ez zen hain bortitza izan. Baina gero, bertako errefuxiatuekin bizitzen jarri nintzenean, egunerokotasuneko gauzak elkarbanatzerako orduan ikusi nuen ez zegoela bertan batere egoera xamurra. Jabetu nintzen igaro dutenaz, pasatzen ari direnaz eta beraien etorkizunaz ezer ez dakitela; beraien bizitzaz zer izango ote den ere ez dakite.
Lehen irudia ez zen hain gordina, baina gero zenbat eta gehiago ezagutzen joan eta geroz eta harreman gehiago egin beraiekin, gordintasun hori gehiago islatzen da. Lehenengo egunetan ez agian, baina gerora bai konturatu nintzen errefuxiatuen kanpamenduko egoera zailaz.

Nolakoak izan ziren Soudako kanpamentuan igarotako lehen egunak? 
Hasierako egun horietan lanaren funtzionamendua eta taldea ezagutu eta ardurak ikasten aritu nintzen.
Sukaldea herritik aparte dago, lokal bat da eta ez dago erdigunean. Janaria Soudako kanpamentuan banatzen genuen, eta lehenengo egunean, iristen zen boluntario berria banaketara jaisten zen. Janaria banatzearen truke irribarreak besterik ez ziren ikusten. Hau oso polita izaten zen, jendea oso eskertua izan da gurekin. Bertako jendea gerturatzen zen nongoak ginen jakin minez. Goizeko 07:30ean hasi eta arratsaldeko 16:30ak arte egoten ginen lanean, gutxi gora behera. Batzuetan taldean aritzen ginen lanean, bestetan ardura zehatz bat tokatzen zen eta beraz, hasierako egunetan horiek ikasten aritu nintzen.

Zehazki zein izan da zure lan Chiosen?
Janaria prestatzea eta Soudako kanpamentuan prestatutako janari hori banatzea zen gure lana; goizeko 07:30etatik 16:30tara.
Eguerdiko 13:30ean banatzen genien bazkaria.Gosaria eta afaria katerin batek prestatzen zuen. Eta orain bazkaria ere beraien esku geratu da.Errefuxiatuak bi kanpamenduetan egoteaz gain, etxeetan ere badaude. Horrela, ostiraletan janari kutxa batzuk prestatzen genituen eta etxeetan zeuden errefuxiatuengana joaten ginen janari kutxa horiek banatzera. Hauek, etxeetan bizi direnez badute sukaldatzeko diru kopuru bat, beraz guk ematen genien janaria gehigarri bat zen. Ostiraletan beraz, eguneko lana bukatu eta etxez-etxe joaten ginen janaria banatzera. Bi ruta egiten ziren; lehena Chios hiri barruan eta bestea, berriz, inguruko herrietan. 
Hau adibidez oso polita izaten zen niretzako. Etxez etxe joaten ginen, barrura sartzera gonbidatzen gintuzten, te bat ateratzen ziguten… Beraiekin elkarbanatzeko momentu politak izaten ziren. Azken finean, egunerokotasunean, janari banaketan lau hitz egiteko aukera izaten genuen, baina etxeetara joaten ginenean, bertako jendea gehiago ezagutzeko, beraien eta gure istorioak elkarbanatzen genituen, elkar ezagutzeko aukera polita izaten zen.

Nola egiten zenuten eguneroko janari banaketa?
Mahai luze bat zegoen banaketa eremuan. Mahai horretan, bi txiringito jartzen dira. Ertz batean, ogia eta mahai-tresnak, erdian janaria eta beste ertzean, berriz, postrea. Parean Norbegiako NRCko langileak genituen. Hauek errefuxiatuen kartillak begiratzen zituzten, banan-bana eta kartilla horien arabera zenbat otordu zegozkien esaten ziguten. Janaria jasotzeko beraz, errefuxiatuak ilaratan jartzen ziren. Hiru ilera osatzen ziren;  batean emakumeak biltzen ziren, beste ilara batean gizonezkoak, eta hirugarren ilara batean, errepikatu nahi zuten gizonezkoak edo kartillarik ez zuten errefuxiatuak.Ilaretatik, lehenengo NRCko pertsonengana iritsi eta kartillak erakusten zituzten eta kartilla hori analizatuta guri esaten ziguten zenbat otordu zegozkion pertsonari eta izkinetatik joan egiten ziren.Segurtasunagatik egiten zen horrela. Gure postutik ikusita, niretzako egoera oso bortitza zen. Oso gogorra da egunero-egunero jateko jendea ilara bat egiten ikustea, eta honekin batera, hainbat puntu pasa behar izatea otorduak lortzeko.

Chiosen aurkitzen diren errefuxituak kanpamentu berean bizi dira?
Ez, errefuxiatuen bi kanpamendu daude Chios irlan; Vial eta Souda. Azken hau herrian bertan dago, itsasoaren ondoan eta garai bateko gaztelu baten harresiaren atzean. Bertan kanpin dendak, plastikozko etxetxo batzuen antzerako etxeak, eta horiekin batera, festetako karpa handien itxurako estalkiak daude. Azken hauek 20 bat logelatan banatuak. Vialeko kanpamentua, berriz, militarra da. Herritik urruti eta erabat hesituta dago, eta barrakoiak daude bertan. Oso mugatua, ia debekatuta, dago bertarako sarrera. Kanpo militar bat da eta kanpoko jendeak ez du bertakoekin elkar eragiten. 
Soudako kanpamentuko errefuxiatu guztiek berez kartilla dutela suposatzen zen.

Bertan igarotako hilabetean zenbat otordu prestatzen zenituzten?
736 otordu prestatzen genituen azken bi asteetan. Aurretik gehiago prestatzen ziren, baina azken hilabetean jaisten joan da kopuru hori. Eguerdiko 13:30etatik 14:45tara izaten zen banaketa ordua, eta tarte horretan banatu gabe geratutako otorduak  errepikatu nahi zuten edo kartillarik ez zuten pertsonek osatutako ilaran banatzen genituen.  Sukaldatutako janari guztia banatzen genuen.

Nola moldatu zarete hizkuntzarekin?
Askotan esan izaten da hizkuntza muga bat dela, baina funtsean, konturatzen gara hainbatetan hizkuntzaren beharrik ez dagoela komunikatu ahal izateko.
Errefuxiatuekin ingelesez komunikatu gara gehienbat. Gaztetxo batzuek, ingeles maila oso altua dute, baina gehienek, bertan urtebete igaro eta gero ingelesez hitz egiten ikasi dute edota bazeuden euren herrialdean  ingelesa ikasia zuten, baita kale txikiko ingelesarekin nolabait komunikatzen ziren gutxi batzuk ere.

Eskolarik ba al da kampamenatuan?
Bai, eskolak sortu dira eta ingelesa, grekoa eta arabiera ikasteko aukera zegoen bertan. Gu arabiera zertxobait ikasten ere aritu ginen. Irakaslea  errefuxiatu bat zen eta dohainik ematen zizkigun hizkuntza klase haiek. Berak ez zuen dirurik jasotzen klase horiek ematearen trukean, baina nire ustez, arabieraren irakaskuntzan aritzeak bizia eman dio errefuxiatuari, kanpamentuan.

Nolakoa da Chioseko errefuxiatuen eguneroko bizitza bertan?
Nazkatuta, desesperatuta daude hainbeste denbora kanpamentuan zain egoteaz. Orokorrean, jan, egon, lo egin eta itxaron egiten dute;  Europarantz joateko aukera noiz helduko zain. Kanpamentuan bizi diren errefuxiatuek ez daukate autonomiarik eta otorduak noiz emango zaien menpe daude. Honetaz gain, eskolara joaten direnak ere badaude, eta hainbat errefuxiatu beste talde bateko sukaldean aritzen dira boluntario gisa eta bertan, sukaldaritza klaseak ematen hasi dira. Orduan, nolabait esateko, zeregin bat dute, ilusio bat dute, ez dira dendan jaiki eta dendan bertan egoten egun osoa. Dantzarako tarterik ere izaten genuen; gure lan orduak bukatu eta Soudako kanpamentura jaitsi aurretik, azken astean, dantza sirio eta kurduak erakusten zizkiguten.

Nola iristen dira errefuxiatuak Greziako Chios uhartera?
Irlara iristeko bidea Turkiatik egiten dute. Turkiako Izmir hirira autobusean iristen dira. Hortik Chios irlara zazpi kilometro daude, itsasoz eta gutxi gora behera, 1000 euro inguru ordaintzen dizkiete mafiari bide hori egitearen truke. Barkua gidatzen duenak ez du ordaintzen, baina normalean ez dute gidatzen jakiten. Horrek arrisku bat du; bidea zuzen harrapatzen badute, ordu erdi batean Chiosen egon daitezke, baina zuzen harrapatzen ez badute ordu asko pasatzen dituzte itsasoan bueltaka. Honekin batera, uretara atera eta Turkiako uretan poliziak harrapatzen baditu, berriz ere Turkiara bueltatzen dituzte, aldiz Greziako uretara iristen baldin badira, Greziako poliziak portura iristen laguntzen die.
Itsasoaren arabera Chiosera iristen diren txalupa kopurua aldatu egiten da. Normalean, itsasoa lasai baldin badago txalupa gehiago iristeko aukera gehiago daude. Ni egon nintzen hilabetean, hiru txalupa iritsi ziren egun batean, beste egun batean txalupa bat eta astelehen honetan, berriz, beste hiru txalupa iritsi ziren. Honen aurrean, bai Turkian eta baita Grezian ere boluntarioak harremanetan daude. Turkiakoek txalupak atera direla abisatzen diete Greziako boluntarioei;  jakitun daude. Behin portura iritsitakoan, errefuxiatuak hoztuta, bustita iristen dira eta boluntarioak beraien  zain egoten dira arropa eta zapata lehorrekin, laguntza emateko prest. Portuan, poliziaren lan orduak baldin badira, Vial kanpamendu militarrera doazen errefuxiatuak autobusean sartu eta hiru euro ordainarazita kanpamendu militarrera eramaten dituzte. Bertan, oinatza hartu eta irlara iritsi direla ziurtatzen duen fitxa bat betetzen diete. Baina poliziaren lan orduetatik kanpo heldu bada txalupa, edo Vial itxita baldin badago, lan ordua iritsi bitartean zain egon behar dute portuan. Behin prozesu hau pasata, Vialeko kanpamentuan geratu behar duten edo Soudara joango diren esaten diete.

Zer diote bertako errefuxiatuek?
Desesperatuta daudela adierazten dute gehien. Nekatuta daude. Askotan pentsatzen dute guzti honetan zailena itsasoa zeharkatzea dela. Bertan nengoela, Argeliar batek esaten zidan bera etxetik atera eta Greziara iristeko hiru egun behar izan zituela, oso ondo joan zela bidaia, baina behin Chiosera iritsita, berak ez zuela bertan hainbeste denbora zain egon behar izatea espero ; ez aurrera ez atzera. Jendea bertan usteltzen ari da. Chiosen, itsas-ertzean eserita zegoen gizon batek ere hala zioen; nahiago zuela tiro edo kolpe baten ondorioz hil irlan gutxika hiltzen egotea baino.

Horrenbeste denbora zain egonda egoera gero eta gehiago zailtzen ariko da, noski…
Bai. Itsas salbamenduan badago medikua den emakume bat eta berak kontatutakoaren arabera, prostituzio dezente dago kanpamenduan (batzuk nahi dutelako eta beste batzuk, berriz, egoerak behartuta). Emakume eta haurrekiko erasoak ere gertatzen ari dira, familia liskarrak, alkohol eta droga kontsumo handia… Beraien artean ere geroz eta liskar gehiago sortzen ari dira, nekatuta daude eta desesperazio horren ondorio dira hauek guztiak. Gu bertan geundela kanpin denda bat guztiz erre zuten eta beste bi ere erasotuak izan ziren. Nahita egindako eraso bat izan zen eta bertan bizi ziren sei mutilek gainean zeramaten guztia galdu zuten; dirua, erropak… 

Irtenbiderik ikusten al dute?
Martxoaren 20an beteko da urtebete mugak itxi zirela eta esaten denez, deportazioak hastera doaz orain. Egia da errefuxiatuak irlatik ateratzen ari direla. Batzuk legalki, baimenak lortzen dituzte eta Atenasera joaten dira, baina beste batzuk, berriz, ilegalki  baina jendea irlatik ateratzen ari da. Horrek ordea ez du esan nahi Chiosen baino hobeto daudenik. Atenasera edo leku berri batera joateak ez du esan nahi zerbait hobea izango denik; batzuetan benetan hobea izaten da eta hori poztekoa da, baina beste batzuetan ez. Nik kanpamendutik alde egin nuen egun berdinean, gurekin sukaldean aritzen zen gazte bat Tesalonikara joan zen bere familiarekin. Lehenago, Greziako Estatuko kanpamentu batetara joateko aukera eskaini zioten familiari, baina Chiosen geratzea erabaki zuten, bertan ez baitzeuden horren gaizki. Eskola zeukaten, sukaldean ere integratuak zeuden, familiarentzakoa denda bat zuten eta bertan geratzea erabaki zuten. Baina nik kanpamentua utzi nuen egun berdinean, Tesalonikara joateko aukera eman zioten familia horri. Bertan etxe batean bizitzeko aukera izango zutela eta, onartu eta bertara iritsi zirenean, Tesalonikatik ordu eta erdira dagoen desertu moduko leku batekin egin zuten topo; ez daukate ezer inguruan.
Estatura leku aldatzea beraz ez da aurrerapausorik. 

Nola borobilduko zenuke Greziara egindako bidaia? Zein da bertan bizitakoaz gorderik duzun oroitzapenik politena eta zerk larritu zintuen gehien?
Momentu ezberdinak ditut gogoan, baina jendearen esku zabaltasuna izugarria zen. Zeukaten gutxia bertan geundenokin elkarbanatzeko prest zeuden; guk banatutako janaria gurekin partekatu nahi izaten zuten, adibidez. Baina niri benetan estutu ninduen unea, etxera bueltu nintzenekoa izan zen; etxera bueltatzen nintzen ni eta beraiek bertan gelditzen ziren. Ni nahi nuelako, aukera nuelako bueltatzen nintzen etxera eta beraiek berriz, ez aurrera ez atzera egiteko aukerarik gabe gelditzen ziren Soudako errefuxiatuen kanpamenduan. Bizitza hobe baten bila ihes egin dute etxetik eta hala ere, beti, gordinkeria hortan bizi behar izatea latza da oso.