Mikel Martija: “Futbolean pentsatzen jaiki eta oheratzen naiz egunero”

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko ots. 3a, 10:29
Pasiotzat duena ogibide ere bada Mikel Martijarentzat: futbola. Une honetan idazkari tekniko lanak egiten ditu SD Eibarren. Laugarren urtea du klub gipuzkoarrean.

Gustura hitz egiten du bere ogibideaz eta futbolaz oro har Mikel Martijak (Lasarte-Oria, 1987). Eta gustura entzuten dira hark esandakoak: futbol partidu bat ikusten bezainbeste denboraz ia, 85 minutu markatzen baititu kazetariaren grabagailuak. Ez da hor bukatu, ordea: mahaitik altxa eta elkar agurtu bitartean igaro dira beste bost minutuak, eta baita luzapena eta penalti-jaurtiketak ere, mingainetan inolako zaintiraturik gabe.

Egunean 90 minutu baino dezente gehiago sartzen ditu Mikel Martijak: idazkari teknikoa da SD Eibarren. Exijentzia askoko lana dela dio, denbora libre gutxi uzten diona, baina merezi duena: “Egia da ordu asko sartzen ditudala, baina gustura egiten dut, egiten dudan gauza bakoitzak helburu zehatz bat daukalako eta baloratuta sentitzen naizelako. Futbola da nire pasioa”.

Txema Indias herrikideari buruz hitz egiten hasi da: “Berarekin harremanetan jarri naizen bakoitzean oso fina, tratu onekoa eta zintzoa izan da; erlazio oso ona egin dut berarekin. Eibarrek eta Leganesek elkarren aurka jokatu zutenean, komentatu genuen: egongo al da herririk bi idazkari tekniko dituenik Lehenengo Mailan?”.

Tratu ona aipatu duzu. Idazkari teknikoek asko zaindu behar izaten duzue aspektu hori?  
Eibarren nagoenetik, batez beste, pertsona berri bat ezagutzen dut egunero. Gaur agian inor ez, baina kanpora joaten naizen asteburuetan, beharbada, hiru: jokalariak, agenteak, klubetako langileak, futbolean sartu diren enpresariak... Jendearekin duzun harremana eta tratua asko zaindu behar duzu, dudarik gabe.

Erlazioei garrantzia handia ematen diet: nola erantzun deiak eta e-mailak, adibidez. Beti hartzen dut kontuan nire izena ez, klubaren izena eta irudia daudela atzean. Ez didate deitzen Mikel Martija izateagatik, SD Eibarreko idazkari teknikoa izateagatik baizik.

Elkarrizketa egiteko hitzordua jartzerakoan, asteartea zen egun aproposena zuretzat. Lanera joan zinen gero. Asteko gainontzeko egunetan ere lanpetuta ibiltzen zara, beraz.                       Orain dela bi aste, adibidez, zazpi egunetik bi Bartzelonan pasa nituen, beste pare bat Madrilen eta bat Gijonen. Beste biak, etxean.

Nolakoa da zure bidai asteburu bat?                                                                                                                                                                                                                                                   Gure taldea nola dagoen ikustea ahalbidetuko digun informazioa biltzea eta etorkizunean Eibar are talde hobea bilakatu dezaketen jokalariak ikustea dira helburu nagusiak. Zeregin horietan igarotzen ditut ordu gehienak. Hamabostean behin Eibar, nire taldea ikusten dut zuzenean. Jokalariak nola dauden baloratzen dut. Gero, fitxaketa merkatuetan, udakoan batez ere, kontratu-bukaerei, fitxaketa berriei eta salerosketei buruzko informazio ahalik eta onena edukitzen saiatzen naiz.

Eibarrentzako zeintzuk izan daitezke jokalari aproposak?
Bi sailkapen edo multzotan egiten dugu bereziketa. Batetik, kontuan hartzen ditugu Eibarrentzat talde bezala egokiak izan daitezkeen ezaugarriak: intentsitate eta gaitasun fisiko askoko futbolariak, indartsuak, joan eta etorri aritzeko gai direnak, nortasun handikoak: aurkariei begietara begiratu eta esango diotenak ez direla makurtuko euren aurrean. Eibarrek klub bezala ezaugarri horiek dauzka, eta nahi dugu zelai barruan islatzea. Zaleek ikusi dezatela taldea jokatzen, eta honakoa esan dezatela: 'Hau Eibar da'.

Jokalari bakoitzak dauzkan kualitateak baloratzerakoan aspektu asko begiratzen ditugu. Guk honela egiten dugu lan: hamaika postutan banatzen ditugu aurrena. Horietan demarkazioak daude, eta profilak barruan: ez da gauza bera erasora asko joateko joera daukan eskuin hegaleko atzelari bat edo postua gordetzeko tendentzia duena, defentsiboagoa dena. Horrelako ezaugarrien arabera multzotan banatzen ditugu.

Gero, lau parametroren arabera baloratzen ditugu. Horietako bat da taktikoki nola ulertzen duten jokoa, zein erabaki hartzen dituzten zelaian; kualifikazio teknikoa ere neurtzen dugu; zelai barruan daukaten jarrera; eta pertsona gisa nolakoak diren.

Eibarrek fitxatzeko modukoa izateko lau parametro horiek bete behar ditu futbolari batek ezinbestean?
Guretzat oso baliogarriak izan daitezkeen jokalariek bete dituzte aurreneko hiru parametro horiek, baina ez laugarrena, pertsonala, eta erori egin dira horregatik: beharbada ez du ongi hartzen ez jokatzea, edo pisua erraz hartzen du, adibidez.

Gezurra badirudi ere, denbora asko inbertitzen dugu azken parametro hori buruzko datuak biltzen: jokalariarekin elkartzen gara, gertukoei deitu eta galdetu, partiduak jokatu aurreko beroketak ikusi, kontzentrazioetan nola konportatzen diren taldekideekin... Eibarren aldagelan elkarbizitzak egokia behar du izan: hankak lurrean dituen jendea eta gogor lan egiteko gogoa daukana.

Lau parametro horiek beteta ere, zuen lana ez da hor bukatzen. Jokalariari eta agenteari proposamena egin, soldata, fitxaketa ordaintzeko dirurik daukan Eibarrek ala ez...
Beste mundu bat da hori. Horra ailegatu baino lehen, ordea, orain arte aipatu dizudan lan hori guztia egiten dugu: zenbat eta gehiago ikusi, zenbat eta informazio gehiago eduki, orduan eta hobeto. Egiten duzun lanean sinetsi, eta batez ere, nahi duzuna garbi eduki, eta azkeneraino joan horrekin. Oinarrizkoa da hori niretzat.

Hortik aurrera, guk askotan esaten dugun bezala, beste fase berri horretara iritsiko gara iritsi behar baldin badugu, etorriko da gero, konponduko gara.

Pluralean hitz egin duzu orain arte behin eta berriro. Zenbat kidek osatzen duzue idazkaritza teknikoa?
Fran Garagarza da zuzendaria. Ez da inoiz erlaxatzen, hori da bere lan egiteko modua. Garrantzia ematen die detaile guztiei eta idazkaritza teknikoko gainontzeko kideon lanari balio handia ematen dio, konfiantza du gugan; eskertzekoa da hori.

Idazkari teknikoa ni naiz, eta ikuskatzaileak koordinatzen ditut. Franek, beste sei pertsonak eta nik futbola ikusten dugu egunero. Horrez gain, beste lankide bat daukagu, euskarri teknikoez arduratzen dena: guk pilatutako informazioa sartu ordenagailuetan, jokalarien bideoak egin, eta abar.

Nongo futbola, jokalariak, taldeak...ikusten dituzue? 
Zehaztuta dauzkagu interesatzen zaizkigun ligak. Potentzial handikoenak Espainiakoak dira, zalantzarik gabe. Asko sinesten dugu jokalariak eta taldeak zuzenean ikustean; telebistaren aurrean jartzean baino informazio dezente gehiago atera dezakezu partidu batera joanda. Florian Lejeune atzelari frantziarra fitxatu aurreko urtean bere 26 partidu ikusi genituen zuzenean. Horrez gain, pertsonalki ezagutu genuen, agenteari galdetu genion nolakoa zen, ezagutu genuen bere bizimodua... Hori guztia egin eta gero, Franek eta biok erabaki genuen Lejeuneri proposatzea Eibarrera etortzeko.

Distantziagatik gertuago dauzkazu liga horiek Argentinakoak baino, esate baterako. Guk egiten dugun balorazio lan horregatik, errazagoa da informazio osatuagoa edukitzea errazagoa da jokalaria hemen gertu aritzen denean. Horrek, dena den, ez du esan nahi Argentinan edo beste nonbait ari den jokalari bat fitxatuko ez dugunik.

Argentina aipatu duzu. Espainiatik kanpokoak diren ligak ere jarraitzen dituzue, beraz.
Espainiakoez gain Portugalgo, Balkanetako (Kroazia, Serbia, Bosnia-Herzegovina eta Montenegro), Txileko, Kolonbiako, Argentinako eta Uruguaiko ligak jarraitzen ditugu. Frantziara ere joaten gara, eta Belgikan eta Holandan ere egon izan gara, baina erabaki dugu azken bi horiek ez digutela merezi, jokalarien ezaugarriak ez direlako Eibarrentzat nahi ditugunak. Frantzikoek, adibidez, zelai barruan taktikoki ez dituzte hain erabaki onak hartzen, baina gaitasun fisiko handia daukate, eta hori interesatzen zaigu.

Zein eremutara bidaiatzen duzu zuk? Non mugitzen zara?
Espainia mailan denok aritzen gara hara eta hona, baina gero baditugu arduradun jakin batzuk. Nik, adibidez, Argentina eta Uruguai kontrolatzen ditut. Hemendik gutxira Argentinara joango naiz berriro, otsail bukaeran edo martxo hasieran.

Frantziara ere joan izan naiz, Belgika eta Holandara ere bai... Eta, horrez gain, 'Instant Scout' programa erabiltzen dugu: mundu osoko futbola ikusi dezakegu, hasi Qatarreko ligatik eta Mexikokoraino, adibidez.

Argentinan egon zinen aurreko aldian zer tankera hartu zenion hango futbolari? Eta jokalariei?
Jokalari argentinarren ezaugarri bat asko estimatzen dut: oso-oso konpetitiboak dira. Euren bizitzako momentu oso garrantzitsu bat da futbol partidu bat jokatzea, eta dena ematen dute beti.

Argentinako futbola jarraitzen ez daramat denbora asko. Bertan gehiagotan egon direnek esaten didatenez, bertako ligaren maila jaitsi egin da: hango mentalitatea da partidu on batzuk egiten dituzten futbolariak berehala Europara ekartzea, negozioa egin nahi dute taldeek berehala. Azkartasun horrek eraman ditu egonkortasuna ez edukitzera eta maila jaistera. Hori komentatu didate niri.

Iaz joan nintzenean 23 partidu ikusi nituen bi astean. Horietako bat, Boca Juniors taldearen zelaian, La Bomboneran: 80.000 zale etengabe animatzen. Ez nekien zelaira edo harmailetara begiratu!

Zenbat jokalari dauzkazue baloratuta honezkero idazkaritza teknikoan?
Milaka. Espainiako Lehenengo Mailako, Bigarreneko eta Bigarren B mailako [azken horretan 23 urtez azpikoak soilik] jokalari guztiak ezagutzen ditugu. Denak ikusi ditugu, zuzenean zein bideoetan.
Lehen eta Bigarren mailan 21 partidu jokatzen dira astero, eta guk zuzenean 10-11 ikusten ditugu, eta baten bat gehiago telebistan. Horrez gain, aipatu dizkizudan herrialde horietako ligetan ere presente gaude eta jokalari asko ikusten ditugu.

Entrenatzaileen informeak ere egiten al dituzue?
Bai, entrenatzaileen jarraipena ere egiten dugu. Ipurua oso zelai aproposa da horretarako, adibidez. Guzti-guztiak ez ditugu baloratzen, baina duela bi asteburu ikusi nuen partiduetako batean talde bietako prestatzaileen informazioa bildu nuen. Horrek ez du esan nahi Jose Luis Mendilibarrekin gustura ez gaudenik edota berak beste norabaitera joateko asmorik daukanik.Baina egunen batean bien arteko harremana eteten bada, Eibarrek bere bidea egiten jarraitu behar du, ezin du hutsetik hasi. Beraz, biltzen dugu entrenatzaileei buruzko informazioa ere, bai.

Gu beti gaude prest, denerako. Hori da Fran Garagarzaren mentalitatea, ez da inoiz erlaxatzen. Gaitasun hori dauka, beti prest egotearena.

Nola antolatzen duzue hainbeste informazio?
Internoki oso ongi antolatuta gaude: protokolo bat daukagu. Ikusten ari zaren neurketa bukatu eta gero, informe bat egin behar duzu, jokalariak baloratu, informe hori pasa, ikuskatzaileei deituz informazio gehiago jaso haiek ikusi dituzten futbolariez... 'Jokalari hau gustatu zait' esatea eta prozesua hor geratzea ez da nahikoa.

Gogoan dut Microsoft Word-en hasi ginela jokalarien informeak egiten. Imajina ezazu pendrive bat, eta barruan 1.000 txosten edukitzea. Hasi bilatzen jokalari konkretu bat: erotu egiten zara. Urteak igaro ahala eta hazten joan ahala, baliabideak hobetu ditugu, datu-baseak ditugu, nahi duguna bilatzeko filtroa pasatzea errazagoa da. 

Filtratzen dizkit jokalariak ezaugarrien arabera: aurrelaria, eta eskuina, esaterako. Ateratzen dizkit dauzkagun guztiak. Balorazioaren arabera ere bilatu ditzakegu: 'semaforo' moduko bat daukagu. Kolore beltza da onena, guk fitxatzeko modukoa. Gero, Eibarren errealitatearen arabera joaten gara bata edo bestearen bila.

Azken denboraldietan baliabide informatikoak bakarrik ez, idazkaritza teknikoan aldatu dira gauza gehiago. Adibidez, kide kopurua. 2014-2015.ean bi zineten: aurten, bederatzi.
Hori da klub osoak transmititzen duen hazkunde irudiaren adibideetako bat. Idazkaritza teknikoa bakarrik ez, Eibarren beste alor asko ari dira hazten. Staff teknikoan, adibidez, epe berean kide kopurua bikoiztu dugu ia: hamarretik hemeretzira. Bi fisio ez, lau; mediku bat ez, bi. Nutrizionista eta psikologoa ere bai.

Hazkunde horren beste adibide bat aipatuko dizut: ni Eibarrera iritsi nintzenean, 2013-2014 denboraldian, Bigarren B mailatik Bigarrenera igo berria zen. Urte horretan janaria etxetik eramaten genuen prestatuta lehen taldeko entrenatzaile zen Gaizka Garitanok, kirol zuzendari Fran Garagarzak eta hirurok. 'Txokoan' bazkaltzen genuen, elkarte gastronomiko moduko batean: luxua zen hiruentzako, lasai bazkaltzen genuen futbolaz hitz egin bitartean.

Hiru urte pasa dira, eta partidu bezperan edo bi egun lehenago, klubeko 65-70 langile elkartzen gara han: lehen taldeko jokalari eta entrenatzaileak, staff teknikoa, idazkaritzako kideak, garbitzaileak, zelaia mozten duena, marketing alorreko langileak, komunikaziokoak... Denak elkarrekin, bereizketarik gabe: 'Lekua dago hemen? Bai!'. Eseri, eta bazkaldu. Kluba hazten ari da, baina esentzia mantenduz, alorrak bereizi gabe. Nik balio handia ematen diot horri, klubek horrela izan behar dute nire ustez, egon Lehenengo Mailan edo erregionaletan. Normaltasun egoera horiek islatzea, bazkalorduan adibidez.

Hazkunde garaietan zailagoa izan daiteke hankak lurrean mantentzea...
Klubaren mentalitatea da gauza guztiak ongi finkatzea, sinesten dugun gauzetan indarra jartzea eta horiengan sinestea. Ez dauka fakturarik ordaindu gabe, langile guztiok hilero-hilero kobratzen dugu gure soldata, eta urtero irabaziak ematen ditu. Diru-kopuru garrantzitsu bat ari da gordetzen etorkizunera begira, ondarea egiten hasi da. Esango nuke orain hasi garela egonkortasun puntu bat edukitzen Eibarren, nahiz eta hori esatea zaila den, urte batetik bestera kategoria galdu dezakezulako. Baina une onean gaude.

Klubaren hazkundea, beraz, elitean jarraitzeari lotuta dago?
Eibarren lan egiteko moduak aldatu ditzakezu, eta helburuak ere bai, eta hazten jarrai dezake. Esaterako, aurten ez ditugu salduko elastikoak; mantendu dezakezu hazkundea. Klubak kategoria galtzen badu, ordea, ez du edukiko gaitasunik gaur egungo erritmoa mantentzeko: lanpostuak, soldatak... 40 milioi euro baino gehiago jaso ditu klubak aurten telebista eskubideengatik, adibidez.

Oraindik goiz da, baina ez dirudi aurten halakorik gertatuko denik. Bigarren itzulia hasi berritan 29 puntu ditu taldeak, eta badirudi oso merke egongo dela salbazioa aurten.
Lasaitasuna ematen du hogei partidu jokatuta 29 puntu edukitzeak. Gauzak okertzea oso zaila izango dela uste dugu, baina guk ez dugu altxako hanka azeleragailutik. 

Neguko merkatuan ez duzue egin mugimendurik apenas. Datorren urtera begira ari al zarete lanean honezkero, ala mantentzea matematikoki bermatu arte itxaroten ari zarete?
Jota Peleteiro Brentford taldera itzuli da eta ez dugu fitxaketarik egin. 22 jokalari dauzkagu, lesioren bat gehiago orain baina lasai gaude. Hori bai, badaezpada ere beti gaude hor; aurrelari asko begiratu ditugu urtarrilean, ikusten genuelako behar bat egon litekeela postu horretan.

Datorren urtera begira erabaki definitiborik ez dugu hartu oraindik, baina lanean ari gara, bai. Niretzat, Asier Riesgoren kontratua berritu izana etorkizunera begira eman dugun urrats bat da. Kluba egonkortzen joatea da gure helburua: utzita etorri beharrean kontratuak dauzkaten jokalariak ekartzea, harrobia sendotzea [aurten kuotak kendu dituzte; gazteek ez dute ordaindu behar Eibarren aritzeagatik] eta jokalariak formatzea... Lan egiten dugu pentsatuz datorren urtean Lehen Mailan ariko garela, baina horrek ez du esan nahi jaitsiz gero klubak hutsetik hasi beharko lukeenik, edukiko luke zer egin. Baina, esan bezala, mantenduko bagina bezala ari gara lanean, urrats gehiago egiteko informazio ahalik eta gehiena biltzen.

Hazkundearen eta egonkortasunaren isla da lehen taldearen jarduna aurten. Ligan 29 puntu, Europatik gertu, eta Errege Kopako final laurdenetaraino iritsita. Lan eta lan ari zaretenontzat pozgarria izango da hori.
Eibarzale bat bere taldearekin pozik egotea helburu garbia da. Nik nahi dut zale bat kontentu ateratzea Ipuruatik Eibar jokatzen ikusi ostean. Zaleak pozik egotea gauza handia da. Errege Kopan Osasunaren aurka jokatu genuen kanporaketa bukatu eta gero, jendea elkar besarkatzen ikusi nuen, lortu berri genuena ospatzen: Eibarren historian lehen aldiz, 76 urtean, Errege Kopako final laurdenetara sailkatu ginen. Klubarentzat berriak diren markak ezartzen dituzula ikustea pozgarria da.

Oso gustura egiten dut lan Eibarren, eta gauzak ondo badoaz are kontuago nago, noski.Nabaritzen dugu klubak sinesten duela gure lanean: konfiantza eman digu erabakiak hartzeko. Aldatu egin dugu filosofia: jokalariak erosten hasi gara, kontratu luzeak sinatzen... Horrek egonkortasuna ematen dio klubari, dena orain arte bezala badoa oinarri sendo bati egiteko aurre datorren urteari: hamabost jokalari ekarri beharrean, bospasei bakarrik. Udaran lana emango digu taldea osatzeak, baina lan kopurua espezifikoagoa izango da. Ez dugu lan gutxiago egingo; behar bakoitzari denbora gehiago eskaini ahalko diogu. Kalitatea emango digu horrek.

Halere, guk hartzen ditugun erabakiak ez dira matematikoak: futbolean, bi gehi bi ez dira beti lau. Ez da ekuazio bat egin eta emaitza jakin bat lortzea. Jokalari bat ona izan daiteke, baina Eibarren ere ongi ariko ote da? Ba agian ez. Baina bi gehi bi egitearen emaitza lau izatera gehiago hurbilduko zara baldin eta egiten duzunean sinesten baduzu eta azkeneraino bazoaz horrekin. Arrakasta ez dizu bermatuko horrek, baina gertuago egotea ahalbidetuko dizula uste dut nik.

Egin dezagun ekuazio bat bigarren taldearekin: 23 partidu jokatuta aurten, eta 49 puntu. Bigarren sailkapenean. Emaitza, Bigarren B mailara igotzea?
Emaitza ez dakit, baina helburua hori da. Motz geratzen da hirugarren maila bigarren taldeko jokalariek lehenengora jauzi egiteko gero. Dena den, aurten Imanol Sarriegik egin du debuta, adibidez. Kualitatiboki urrats bat egingo genuke kategoriaz igota: lortzen badugu, jokalarien gaitasuna altuagoa izango da eta entrenatzaileak gehiago ikusiko ditu gai lehen taldera igotzeko.

Bigarren urtea da CD Vitoria gure filiala dela. EIbar B sei urte atzera desagertu zenetik ez geneukan. Ederki ari dira, ea horrela jarraitzen duten.

Emakumezkoen lehen taldea ere ederki ari da Bigarren Mailan. Zein da euren helburua?
Bigarren mailan egonkortzea. Pare bat denboraldi daramatza maila horretan taldeak, eta kategoria horretan finkatzea nahi dugu. Gero eta emakumezko futbolari gehiagok hartzen dute bide hori, Eibar eta inguruko neska gero eta gehiago ari dira animatzen harrobian jokatzera. Duela hiru urte apenas zegoen jokalaririk, eta orain hiru talde ditugu: seniorrena eta bi harrobian.

Eta orain harrobia aipatu dudala, badaukagu beste egitasmo bat ere esku artean.

Zein egitasmo?
Kirol-hiri bat eduki behar du Eibarrek; Franek eta biok asko sinesten dugu egitasmo horretan. Pausu garrantzitsu bat izango da. Gaur egun, hasi Lehenengo Mailako taldetik eta futbol eskolaraino, hiruzpalau entrenamendu gune ditugu: Atxabalpe (Arrasaten), Iurreta, Unbe eta Ipurua alboko zelaia. Ez daude elkarrengandik urruti, baina guztiekin kontaktua edukitzea zaildu egiten du.

Asmoa da lauzpabost zelai edukiko dituen instalazio bat egitea, harrobia eta profesionalak gune berean egoteko. Egia da Eibarren geografia ez dela erraza, lautada bat topatzea. Baina ari gara horretan ere: lan-kalitatean irabazi egingo dugu proiektu horrekin.

Kirol-hiriaren egitasmoan ere murgilduta zaude orduan. Futbola da hori ere, baina klubarekin lotura gehiago duen funtzio bat da, ez hainbeste jokotik informazioa ateratzearekin, ezta? Horrelako zeregin gehiago dituzu?
Eibarren hazkundearen ondorioa da: prozesu asko egin behar dira, eta horiek formalizatzen ari naiz. Prozedura batzuk finkatu eta horiek euskarri finko batean jaso. Adibidez: zer egiten du ikuskatzaile batek idazkaritza teknikoan? Hau, hau eta hau. Ba hori idatzita utzi, dokumentatu, klubarentzako. Etorkizunean pertsona berri bat etortzen bada, jakin dezala zehazki zer egin behar duen, erreferentzia bat eduki dezala.

Detaile txikiak dira, baina oso garrantzitsuak. Gerta daitekeen beste egoera bat: pentsa ez zarela konturatzen jokalari bat zigortua dagoela eta ezin duela jokatu, baina zelaira irteten dela. Astean zehar horrenbeste lan egin gero horrelako huskeria batengatik dena pikutara joateko...pena litzateke. Gauza horiek guztiak ahalik eta prestatuen edukitze aldera ari gara lanean.
Horrez gain, EHUrekin hitzarmen bat daukagu, eta formazio saioak eskaintzen ditut, azaltzen dut zer nolako lana egiten dugun Eibarreko idazkaritza teknikoan. Ipuruan areto batzuk moldatu ditugu saioak emateko.

Eibar gero eta dimentsio gehiago ari da hartzen.
Eibar ez da soilik baloi bat, ez da bakarrik futbola. Nahi dugu kluba eredu izatea gizartearentzat, alor guztietan: hezkuntzan, formazioan... Euskarari ere ematen diogu garrantzia. Aurten Lehen Mailan bost euskal talde arituta jokalari euskaldunen merkatua ez da zabala, baina klubaren dokumentazio guztia euskaraz eta gaztelaniaz dago, prentsaren aurrean euskaraz aritu behar dugunean aritzen gara...Eibar mundu horretan presente egotea ere nahi dugu.

Auskalo zenbat aldiz errepikatu dugun 'futbola' elkarrizketa honetan dagoeneko. Eta entzuteko geratzen zaizkizun aldiak oraindik, ez bakarrik solasaldi honetan, baita egun, aste, hilabete eta urte osoan ere.  Oso gustura sumatzen zaitut hizketan, baina ez al zara saturatzen? Ez al da gehiegi batzuetan?
Askok esaten didate gauza bera: oso gustura hitz egiten dudala nire lanbideari eta futbolari buruz. Eta hala da, futbola delako nire pasioa, eta baita nire bizitza ere. Jende asko ezagutu dut futbolarengatik, eta gertatu zaizkidan gauza gehienak daude kirol horrekin lotuta. Futbolak ez nau inoiz nekatuko.

Saturatzearena? Ez dakit... Gertatu izan zait partiduren batera joan eta esatea: 'A zer nolako partidu astuna ikusten ari naizen!'. Beste batzuetan, ordea, espero gabe, momentu oso onak bizitu ditut.
Nik nire lanean egiten dudan gauza bakoitzak arrazoi bat dauka, helburu konkretu bat dauka. Horrez gain, ikusten dut nire iritziak eta lanak balio handia daukala, baloratua sentitzen naiz, erabilgarria da egiten dudana. Ilusioz ari naiz, eta indarrarekin lan honetan jarraitzeko, dedikazio askokoa den arren. Ordu asko sartzen ditut, etxera berandu joaten naiz normalean bulegotik, baina egia da baita ere nik neuk antolatzen dudala nire lan-jardunaldia.

Egunen batean hori dena aldatuko balitz, ikusiko banu ez dagoela konfiantzarik nik egiten dudanean, edo nire lanak ez daukala xede finkoren bat... Horrek pertsonalki eragin ahal dizu, eta eraman ahal zaitu nahiago izatera beste edozer egitera. Nik, ordea, oso gustura hartzen dut autoa egun batean bat-batean Frantziara joan behar badut partiduren bat ikustera, edo Kike Garcia fitxatzerakoan egin genuen bezala, abenduaren 25eko bazkaritik altxa eta Manchesterrera hegazkin bat hartu eta berarekin elkartu ginenean, jokalaria ezagutzeko.

Eibarrera entrenatzaile gisa iritsi zinen, baina berehala aldatu zenuen karguz. Ez al duzu faltan botatzen zelai barruan egote hori, futbola ikusi eta bizitzeko perspektiba hori? Orain harmailetako eta bulegoko ikuspuntua daukazu.
Zortzi urte eman nituen jarraian entrenatzaile bezala herrian, Ostadar SKTn. Eibarrera ere hala iritsi nintzen, baina Franek ulertu zuen nire profila aproposa zela beste kargu batzuk hartzeko, eta orduan pentsatu nuen: 'Zergatik ez?'. Aukera polita zela ikusi nuen. Entrenatzaile mundua oso polita da, baina gogorra ere bai. Nire bizitza aldatzeko aukera eman zidan proposamenak, beharbada nire planen artean ez zegoena une horretan: futbola izatea nire ogibidea. 

Goizetan futbolean pentsatzen jakitzen naiz, eta futbolean pentsatzen oheratu gauetan. Hori da niretzat futbolaz bizitzea. Jende askok egiten du hori, eta beste askok ere egingo lukete. Ni zaku horretan nago une honetan, luzarorako espero. Esan bezala, nagoen tokian gustura nago, baloratua sentitzen naizelako. Hori horrela ez balitz, beste bideren bat hartuko nuke.

Nire bizitza profesionala asko aldatu da, ordu asko sartzen ditut eta denbora libre gutxi izaten dut, baina gustura nago egiten dudanarekin. Hori bai, bihar bertan jaitsiko nintzateke aulki batera entrenatzera, talde bat zuzentzera, edo jokatzera ere bai. Esango balidate 'Mikel, bihar partidu bat jokatuko dugu eta zu izango zara entrenatzailea', hartuko nuke arbela berriro jokalariei jarraibideak emateko. Baloi bat ikusten dudanean ere ostiko bat ematen diot, eta ahal dudanean lagunekin jokatzen dut futbolean. Entrenatzaile izateari ez diot inoiz utziko, denbora asko eman baitut horretan. Baina orain fase konkretu hau bizitzen ari naiz eta gustura nago, gaztea naiz oraindik.

Egia da baita ere ez daukadala 'Reflex usain' hori nire lanean, faltan botatzen dut hori.

Mikel Martijaren bizitzan aldaketa hori gertatu zenetik laugarren urtea da aurtengoa. Bistan geratu da Eibarrek eboluzionatu egin duela epe horretan. Eta Mikel Martijak?
Gaur esnatu naiz, eta, profesionalki, futbola da nire eginbeharra. Kezka pertsonal askoz gehiago ere badauzkat, noski, baina futbolaz bizi naiz. Azken urteetan pasa naiz ardura gehiago edukitzera, kargu garrantzitsu bat daukat eta pozarren hartzen dut, hori egin nahi dudalako. Futbola da nire pasioa, esan dut lehen ere. Eta gaur egun nire lanbidea ere bai.

Futbolaren fase guztiak ezagutu ditut: izan naiz jokalari, entrenatzaile eta orain idazkari tekniko. Hori formazioa da niretzat. Gaur egun alor asko kontrolatu behar ditut: jokalariak ikusi eta eurei buruzko informazioa lortu, agenteei deitu, talde ingelesekin operazioren bat egin behar dugunean nik egiten dut, horretarako nire ingeles maila hobetu dut. Izet Hajrovic duela bi denboraldi taldera etorri zenean ingelesez besterik ez zekien hitz egiten eta ni nintzen bere kontaktua, AC Milan talde italiarraren idazkari teknikoarekin egin izan ditut bilerak, duela gutxi Mino Raiola agente ezagunak ere deitu dit... Normaltasunez hartzen ditut horrelakoak. Niretzat berdin-berdina da izen handiko agente batek deitzen badit edo nire lagun-min batek, edo kazetari batek elkarrizketa bat egiteko.

Oraindik ere entrenatzaile sentitzen zaren aldetik, hainbat momentu biziko zenituen Gaizka Garitanorekin aurrena eta Jose Luis Mendilibarrekin gero. 
Asko hitz egin dut futbolaz biekin, bidaietan eta beste hainbat momentutan. Kontatu dizkidate euren esperientziak, eta uste dut entrenatzaile bezala ere hobetu dudala, naiz eta orain ez naizen ari horretan. Ikasi dut entrenatzaile batek zeri begiratu behar dion, nola, zergatik... Hori ere formazioa da.

Herriko Michelingo zelaian hainbat eta hainbat ordu eta egun igaro zenituen. Zure lana dela eta, gutxitan agertzerik izango duzu orain...
Pentsatu izan dut, arratsalde batean gustura gerturatuko nintzatekeela Michelinera entrenamendu edo partiduren bat ikustera, baina oso gutxitan egin dezaket hori, lanagatik. Halere, argi daukat ez zaidala ahaztuko inoiz non ditudan sustraiak. Lasarteoriatarra naiz, eta hori ez dut zertan ezkutatu. Azken finean, egun batean herriko pertsona batzuek eman zidaten aukera Ostadar SKTren lehenengo taldea entrenatzeko, eta askotan esaten ez dudan arren, oso eskertuta nago horregatik ere.