Maite Aseginolaza: “Gure esperientzien bizipen kontzientea ikaskuntza bihurtzen da”

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 16a, 11:11
Lasarte-Oriako Udalak Baketik fundazioaren laguntzarekin bi ikastaro antolatu ditu erakunde honek duen Izan proposamenaren inguruan. Gurasoei ez ezik, eskolan, familian eta orokorrean, "gizartean hobetzeko helburuarekin parte hartzen duen edozein pertsona edo talderi" zuzenduta dago. Urtarrilaren 21ean eta 28an izango da ikastaroa euskaraz eta otsailaren 4ean eta 11n gazteleraz. Ordutegia bietan 18:00etatik 20:00etara izango da Villa Mirentxun. Doan izango dira, baina aurretik izena ematea eskatzen dute antolatzaileek, 943 25 10 05 telefonora deituta edota m.aseginolaza@baketik.org helbidera idatzita.

Baketikeko Maite Aseginolazak emango du datorren astean Izan egitasmoaren inguruko ikastaroa Villa Mirentxun. Bizitzeko eta elkarbizitzeko heziketari lotuta dago ikastaroa eta gurasoei zuzendu zaien arren, edozeinek har dezake parte. 2010ean osatu zuen hezkuntza-proposamen hau Baketik fundazioak eta 2014ean berritu eta eguneratu zuten. 

Baketik fundazioak bere jarduna honela definitzen du:  “etika abiapuntu izanik, aldaketa pertsonalerako eta sozialerako prozesuak sustatzen dituen fundazioa da Baketik”. Hau oinarri izanda, heldu zein gazteei zuzendutako programa ezberdinak ditu martxan egun. Kasu honetan, udalak sustatutakoa, helduei zuzendutakoa da.

Zer da Baketik-en Izan egitasmoa?
Izan Proposamena hezkuntza egitasmo bat da, bizitzeko eta elkarbizitzeko heziketari lotua. Zortzi tresnadun kaxa da, pertsona izaten ikasteko eta irakasteko baliabide teorikoz eta praktikoz betea. Eskolan, familian eta gizartean hobetzeko helbururarekin parte hartzen duen edozein pertsonari edo talderi zuzendua dago. 

Sakondu nahi duten herritarrek ere aukera dute izanproposamena.org webgunean.

Zer dira bizizikasi pedagogia eta proposatzen dituzuen zortzi tresna horiek?
Izan Proposamena bizizikasi pedagogian oinarritzen da, hau da, esperientzia eta ikaskuntza uztartzen dituen pedagogian. 

Honakoa planteatzen digu: geure kasa hobetzen ikas dezakegu, geure esperientziez jabetuz; bereziki, oinarrizko ikaskuntzen itxura hartzen duten lau esperientzien oinarrian: izaera mugatua, esker ona, kontzientziari entzutea eta giza duintasuna. Iradokitzen digu gure esperientzien bizipen kontzientea ikaskuntza bihurtzen dela, eta hori laguntza erabakigarria dela hobeto bizitzen, elkarbizitzen eta hezten ikasteko.

Zer hutsune ikusi zen Baketik-etik halako lanketa egiteko?
Baketik-ek helduentzako ikastaroak eskaintzen zituen: bizitzari, elkarbizitzari, gatazkei, eta hazkuntza pertsonalari buruzkoak. 

Hasieratik, konturatu ginen irakaskuntza esparruko langileak zirela ikastaroetan parte hartzen zuten gehienak, eta irakasle askok eskatu ziguten proposamen hauek ikastetxeetara hedatzeko. 

Ordurako Baketik ikastetxeekin lanean ari zen, zinemaren eta antzerki-forumaren bidez emaitza arrakastatsuak lortuz gainera. Dagoeneko 23.000 ikaslek parte hartu dute gure saioetan. Aurrekari horiekin, bada, 2008ko amaiera aldera proiektua eratzeari ekin genion. Urte eta erdiko lana izan zen, hezkuntzako profesional-talde baten zuzeneko laguntzarekin.

Hezkuntza-proposamen hau 2010eko maiatzean aurkeztu zen eta 2014ko udan berritu eta eguneratu da.

Ikaskuntza horietan gehitzen duzue elkarrizketa. Zergatik? Ez al dugu bestea entzuten?
Esan bezala, Izan Proposamenak bizitzarako eta elkarbizitzarako heziketa-lana zortzi ikaskuntza nagusitan biltzen du. Lehen lau ikaskuntzek Izan Proposamenaren mamia osatzen dute, geure burua ezagutzen eta geure errealitatearen jabe egiten irakasten baitigute: izaera mugatuaren, esker onaren, kontzientziari entzutearen eta giza duintasunaren ikaskuntzak dira.
Elkarrizketa, enpatia eta pazientzia jarraian lantzen dira eta besteekin ditugun harremanez jabetzeko eta hauek lantzeko balio digute.

Hobeto bizitzeko eta elkarbizitzeko elkarrizketa tresna ezinbestekoa dugu. Adar horretatik sortzen dira adostasuna behar duten ikaskuntza guztiak: taldeko lana, gatazka konponketa, bizikidetza... Komunikazio-metodologia bat baino zerbait gehiago da elkarrizketa: norberaren egia zabaltzea du helburu eta horrek geure ikuspuntua inoiz ez dela osoa onartzea eskatzen du. Horregatik, entzutea du oinarri, %50ean gutxienik.

Nola entzuten diot neure buruari? Zertan ez dut nik arrazoi osoa? Nola entzuten ditut besteak? Galdetu egiten dut edo ondorioak ateratzen ditut?

Enpatia eta pazientziarekin osatzen dituzue zergatik? 
Enpatiak lantzeak elkartasun-gaitasunaren eta potentzialaren kontzientzia hartzen laguntzen digu. Izan ere bestearen lekuan jartzeko teknika bat erabiltzen ikastea baino zerbait gehiago da enpatia: besteez kezkatzea eta arduratzea da, besteen sufrimendua geurea balitz bezala sentitzea, nolabait, sufrimenduaren eragileei ekiteko. Berezko gaitasuna dugu enpatia eta garatu dezakegu.

Pazientzia desafio, zailtasun eta sufrimenduei konstruktiboki ekiteko gizakiak daukan tresna nagusia da. Pazientzia, eustea da, eta baita irautea ere. 

Egun nahiko baztertuak dauden baina bizitzan aurrera egiteko ezinbestekoak diren hainbat balio sustatzea eskatzen du pazientziak: lasaitasuna, itxaron edo jasaten jakiteko; ekitea, tinkotasuna, erregulartasuna...

Maitasunak ere badu bere tartea…
Heziketa proposamen hau 7+1 ikaskuntzek osatzen dute, eta maitasunarena da oinarrizkoa, beste guztia har-tzen eta estaltzen baitu, eta zentzua ematen. Bizitzeko eta elkarbizitzeko dohaina eta giltzarria da maitasuna. Gu besteei doan eskaintzeko bizitzak ematen diguna dohaina da, ahalik eta onik handiena egitera bideratzen gaitu. 

Ikastaroak gogoetari atea zabaldu nahi diola esango zenuke? 
Ikastaroak hitzaldiak eta solasaldiak bateratzen ditu. Bada denbora bakarkako eta taldeko lanak egiteko ere.

Zer esango zenuke herritarrak parte hartzera animatzeko?
Ikastaroak Villa Mirentxun izango dira, doakoak dira eta herritar guztiak gonbidatuak daude. 
Ikastaroetan parte hartzen duten lagunen balorazioak oso positiboak izaten dira. Azken batean norbera hobetzeko bide bat ezagutzeko aukera baloratzen dute; Bizitzarako eta heziketarako tresnak lortzen laguntzen du ikastaro honek.