Maialen Chourraut: “Piraguista gisa hobetzen jarraitzea da nire helburua”

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko urt. 13a, 10:07
Iritsi da urte berria Maialen Chourrautentzat, 2017.a, eta baita erronka berriak ere. Rio 2016ko urreak hauspotuta, ziklo olinpiko berri bati ekin dio herritarrak.

Modu ezin hobean itxi zuen aurreko ziklo olinpikoa Maialen Chourraut piraguistak (Lasarte-Oria, 1983). Urrezko domina kolkoratu zuen Rio de Janeiron, bete zuen ametsa. Igaro dira bost hilabete pasatxo ordutik, eta, urte berriarekin, erronka berriak ditu. 2017ko irailean, adibidez, Munduko Txapelketa jokatuko da Paun (Frantzia). Bere palmares zabalean falta zaio urrezko domina eskuratzen saiatuko da; irabazita ditu zilarrezkoa eta brontzezkoa 2009an eta 2011n. Dena den, hasi berri den urte honetan, Maialenek dio tituluak eta garaipenak ez direla obsesio beretzat, piraguista bezala hobetzen jarraitzea eta ongi prestatzea baizik.

Piragua gainean ziklo olinpiko berri bati ekin dio Maialenek, eta guraso bezala ere beste etapa bat ireki ere bai, eskolan hasi baita Ane alaba. “Fase berriak etortzen doazen heinean ikasten joaten gara alor horretan ere”, zehazten du.

Eguberrietako festetan zehar ere estu-estu eduki du agenda herritarrak. Ospakizun egunak familiarekin igaro, entrenatu eta hainbat aitortza jaso herrian bertan: Lasarte-Oriako Kirol Zerbitzuak bere izena darama orain, eta San Silvestre lasterketan ohorezko dortsala jaso zuen Nely Carla Alberto eskubaloi jokalariarekin batera. Halere, Txintxarrirekin hitz egiteko tartetxo bat atera du: “Herrikoak, beti lehenengo”.

Lau hilabete pasatxo dira Rioko Joko Olinpikoetan urrezko domina irabazi zenuenetik. Tarte horretan hartu al duzu unerik lasai eseri eta lortutakoaz hausnartzeko?  
Rion konpetitu eta gero bi aste inguru hartu nituen niretzat: familiarekin egoteko, udaraz gozatzeko eta Joko Olinpikoetan gertatutakoa asimilatzeko baliatu nuen denbora. Maletak egin eta herrira etorri nintzen, deskonektatzera.

Oso garrantzitsuak izan ziren egun horiek niretzat. Urte asko neramatzan geratu gabe, aurreko ziklo olinpikoa gogorra izan zen,  eta egun batzuez deskonektatu egin behar nuela sentitzen nuen. Asko gozatu nuen, atseden egun horiek oso beharrezkoak zirela argi neukan, berriro ere lau urtetan ez ditudalako hamabost egun edukiko niretzat. Beraz, nire buruari esan nion: 'Maialen, oporretan zaude eta errespetatu egin behar duzu'.

Rioko Jokoak eta geroko bi aste horietan asimilatu zenuen lortutakoa? Zein ondorio atera dituzu? 
Joko Olinpikoetan urrezko domina lortzea sentsazio ikaragarria izan zen, konfiantza asko eman digu bide honetan jarraitzeko. Hori bai, gauza onak zein txarrak izan, ez zait gustatzen etengabe horiei bueltak ematen egotea, bizitzak aurrera jarraitzen du eta erronka berriei ekin behar diezu; bertutetzat daukat hori. Niretzat hartu nituen egun horiek oso ondo etorri zitzaizkidan atseden hartzeko, baina gero berehala hasi nintzen pixkanaka-pixkanaka errutinara bueltatzen, piraguan ibiltzeko harra baineukan ordurako.

Aurrekoa atzean utzi eta ziklo olinpiko berri bati ekin diozu. Nola ikusten duzu? Tokio 2020ra iristeko asmorik duzu? 
Ziklo olinpiko polita da datorrena: 2017an Munduko Txapelketa jokatuko da Paun (Frantzia). Asko erakartzen nau txapelketa horrek, frantziarrek oso ongi antolatzen dituztelako horrelako ekintzak eta bertan dezentetan entrenatzen dugulako. Handik bi urtera, 2019an, Seu d'Urgellen egingo da Munduko Txapelketa [2018koa Rion izango da]; urtean zehar denbora asko pasatzen dut bertan bizitzen eta entrenatzen. Gainera, idealizatuta daukat txapelketa hori, 2009an Seun bertan jokatutakoan eskuratu nuen zilarrezko domina hori izan zelako mugarria orduz geroztik goi-mailan mantentzeko. Eta, jakina, 2019ra iritsita, urte preolinpikoa dela kontuan hartuta, Tokio 2020 ere hor dago. 37 urterekin iritsiko nintzateke, baina gaur egun motibatzen nau erronka horrek ere. Halere, nahiago dut pixkanaka joan.

Joko Olinpikoetan eta Europako Txapelketetan urrezko dominak irabazi dituzu. Mundukoetan zilarra eta brontzea ere bai, baina urrea ez oraingoz. Aurten eduki dezakezu horretarako aukera, Paun. Loa kentzen al dizu horrek? Hori al da 2017rako daukazun helburu nagusia?
Ez nago obsesionatuta titulu eta garaipenekin, piraguista bezala hobetzen eta prestatzen jarraitzearekin baizik. Lehen esan dudan bezala, zita politak daude ziklo olinpiko honetan, baina ez didate loa kentzen.

Entrenatzen eta prestatzen ari zara orain beraz, jo eta ke. Alor konkreturen bat hobetzeko lanean ari al zara? Zertan, zehazki?
Apurka-apurka topatzen goaz bilatzen ari garena. Batez ere palada bertikalagoak ematea dut helburu, pala aldatu baitut; zentimetro eta erdi luzeagoa da orain. Momentuz, adaptazioa oso ona izaten ari da eta pozik gaude horrekin.

Egiten ditugun saio guztiak bideoz grabatzen ditugu. Ondoren, etxean, Xabi (Maialenen entrenatzailea eta senarra da Xabi Etxaniz) eta biok aztertzen dugu, ikusteko nola entrenatu dudan eta etorkizunera begira zertan hobetu dezakedan.

Orain Ane aipatu duzula, berak ere ekin dio fase berri bati aurten: eskolara joaten hasi da. Nola moldatzen zarete entrenamendu-saioak horrekin uztartzeko?
Ane goizeko 09:00etan sartzen da eskolan, eta 12:30ean irten. Horrek aukera ematen dit goizetan denbora gehiagoz entrenatzeko eta ahal dudan gehiena aprobetxatzen saiatzen naiz. Arratsaldean ere egiten ditugu saioak, eta Ane oheratu ostean, 'bilera' moduko batzuk egiten ditut Xabirekin batera entrenamenduetako bideoak ikusteko, egun horretan landutakoa aztertu eta zertan hobetu dezakedan jakiteko.

Jaio zenetik orain arteko etapa mugituegia izan da Anerentzat, bidaia eta konpromiso askorekin, beti etorri izan baita gurekin batera, guk uste izan dugulako gurasoekin batera egotea zela harentzat aproposena.

Hasieran aipatu ditudan atseden egun horiek ere baziren familiari eta Aneri eskaintzeko, etengabeko erritmo hori lasaitu eta berari egun batzuk eskaintzeko, bera ere ez baita geratu. Gero, iraila hasieran, eskolara joateko prestaketarekin hasi ginen.

Alor honetan ere, beste guztietan bezala, fase eta esperientzia berriak iritsi ahala ikasten ari gara.

Abuztuan urrezko domina Rion, atseden egun horiek gero, omenaldi eta aitortza ugari hilabeteotan... Kosta egin al zaizu berriro errutinan sartzea?
Pixkanaka-pixkanaka joan gara berriro erritmoa hartzen, lehen esan bezala, piraguan sartu eta entrenatzeko har hori neukalako. Konpromisoak konpromiso eta bidaiak bidai, entrenamendu egutegia doitu eta hasi gara lanean berriro, gogo ikaragarriarekin.

Hamabi urterekin murgildu zinen piraguismoaren munduan. Hemerotekan saltseatzen, topatu dut Txintxarriko kazetari izandako Nerea Navarrok hamabost urte zenituela egin zizun elkarrizketa bat. Honakoa zenioen: “Piraguismoari esker naturarekin harremanetan egoten naiz eta hori oso polita da. Izugarri gustatzen zait”. Ia bi hamarkada beranduago, zerk bultzatzen du Maialen piraguan aritzen jarraitzera, eta har hori edukitzen jarraitzera? Zerk egiten du piraguismoa erakargarri?
Nire hastapenetan itsaso zabalean aritzen nintzen Atletico San Sebastian taldean eta ikaragarri gustatzen zitzaidan; hor askoz ere harreman gehiago daukazu naturarekin kanal itxi batean baino. Hori aldatu egin da, orain kanaletan entrenatzen eta konpetitzen dudalako. Naturarekin ez daukazu hainbeste harreman; nik esaten dudan bezala hamsterrak bezala ibiltzen gara, beti antzeko toki eta paisajeetan. Hori bai, uretan irrist egite hori mantentzen da kanaletan ere, kontaktu hori badago, eta horrek asko engantxatzen du, benetan.

Beste hainbat gogoeta interesgarri ere egiten zenituen elkarrizketa horretan. Adibidez, hau: “Kirol honetan [piraguismoan] konfidantza izatea oso garrantzitsua da. Horrez gain, lasai egotea. Bestela, gauzak ez dira zuk nahi bezala ateratzen”. Oso gogoeta aproposa iruditzen zait islatzeko Rioko Jokoetan bizitu zenuen egoera, sailkapen faseko lehenengo jaitsieraren ostean eta bigarrenari ekin aurretik. Hori pentsatu al zenuen momentu horretan ere?
Lehenengo jaitsieran ate bat igaro gabe utzi nuen eta momentu batez pentsatu nuen aukerak nituela finalera ez sailkatzeko. Hori kontuan hartuta, bigarrenari nire buruarengan konfiantza osoz ekin nion, eta ongi atera zen. Finalera sailkatu eta gero urrezko domina irabazi nuen azkenean.

Une zail horietan saiatzen zara zure buruarengan konfiantza edukitzen eta jaitsieran zehar eman beharreko pausu bakoitza argi edukitzen. Sailkapeneko lehen jaitsieran behar baino bost ehuneko lehenago biratu nuen; gai izan behar duzu bira hori behar den unean egiteko, itxaroteko gaitasun hori eduki, ura entzuten joan. Baina gauza bat esango dizut: lasaitasun hori horrelako proba baten aurretik ez da existitzen, ezinezkoa da lasai jaistea. Eta, era berean, erlaxatuta ez jaiste horrek ahalbidetzen dizu jaitsieran zehar kontzentratuta egoten uneoro. Apur bat kontraesankorra da.

Londres 2012 eta Rio 2016ko podiumetako bi argazkietan agertzen zara. Duela lau urtekoan, hirugarren mailara igota; iazkoan, berriz, lehenengora. Podiumean bertan, zentimetro eskas batzuetara daude maila biak, fisikoki diferentzia ez da handia, eskuinerantz edo ezkerrerantz urrats pare bat besterik ez, baina lau urteren buruan batetik bestera igaro izana ez da izan alde batera edo bestera pausu pare bat ematea bezain erraza, ezta? Lan handia dago atzean.
Londresko Joko Olinpikoetan lortutako brontzezko domina oso garrantzitsua izan zen niretzat eta piraguismoarentzat ere bai, ur bizietan sekula ez baitzen dominarik irabazi ordura arte, baina ez ninduen guztiz ase. Urrea irabaztetik oso-oso gertu geratu nintzen, 97 ehunekotara baino ez. Oso-oso bizkor nindoan orduan, prest ikusten nuen nire burua lehen postuetan egoteko; munduko ranking-ean bigarren postuan iritsi nintzen. Brontzea kolkoratu arren penatuta geratu nintzen, urrezko domina irabaztetik oso gertu geratu nintzelako.

Riora bitarteko ziklo olinpikoa gogorra izan da, oso exijentea. Eliteko kirolari eta guraso izatea uztartzearen aldeko apustua egin genuen Xabi eta biok (2013an jaio zen Ane alaba). Gauza berri ugariri egin behar izan genien aurre eta etorri ahala joan ginen ikasten. Horrez gain, Rioko kanalera egokitzea kosta zitzaidan, bidaia dezente egin genituen joan den urtean bertan entrenatzeko. Munduko Ranking horretan bigarren sailkatu gisa iritsi nintzen Riora baita ere, eta bizkor nindoala sentitu. Orduko horretan, ordea, orduan bai, urrea irabazi nuen.

Zirrara handia eragin du jendearengan zuk Rion lortutakoak. Espero zenuen horrelako erreakziorik? Poztu al zaitu horrek?
Egia esan, ez nuen espero jendea horrenbeste hunkitzea nire urrezko dominarekin. Bizi egin dute, horrek biguntzen dit bihotza gehien. Kaletik noanean eta norbaitekin hizketan geratzean, gogoratzen du non zegoen nik Rion urrea irabazi nuen egun eta momentu zehatzean, kontatu egiten dit, eta hori oso polita da.

Gizartea zuk egindakoarekin hunkitu denik ezin uka. Hilabeteotan jaso dituzun omenaldi, sari eta aitortza guztiak ikustea besterik ez dago.

Esker hitzak besterik ez ditut ni babestu eta zoriondu nautenentzat, erabateko bultzada izan da hori niretzat. Hein batean aturdituta ere banago, benetan ez nuela halakorik espero, oso eskertuta nago.
Udaran omenaldi beroa jaso zenuen herrian Nely Carla Alberto eskubaloi jokalariarekin batera. Nola gogoratzen duzu abuztuaren 24ko egun hori?
Lasarteoriatarrek sekulako berotasuna eta babesa eman zidaten egun horretan, harrituta geratu nintzen. Jasotako guztiak hitzik gabe utzi nau, oso polita izan zen. Londres 2012ko Jokoen ostean egin bezala, Nely Carla eta biok errepikatzeko aukera izan genuen. 

Duela lau urte, omenaldi horretan ezagutu nuen Nely. Pertsona zoragarria da eta harekin akordatzean irribarre bat irteten zait beti. 
[Txintxarriren galderak erantzun ondotik ere jarraitu du herritarrak aitortza eta sariak pilatzen: Gipuzkoako Kirol Prentsa Elkarteak kirolari onenaren saria eman zion hirugarrenez, Lasarte-Oriako Kirol Zerbitzuak bere izena darama eta San Silvestre lasterketa herrikoiaren II. edizioaren antolatzaileek ohorezko dortsala eman zioten, baita Nely Carla Alberto eskubaloi jokalariari ere. Horrez gain, 2016ko kirolari onenaren Euskadi Irratia saria irabazi du berriki; kirolariek beraiek ematen dute sari hori].

Eliteko piraguista izateari noiz utziko diozun galdetzeak ez dauka zentzurik, urruti dagoela dirudi, baina eguna iristen denean zer egitea gustatuko litzaizuke? Ikusten zara entrenatzaile gisara, esate baterako? Zure ibilbidean zehar pilatutako ezagutza eta esperientzia beste piraguista batzuekin partekatzen?
Egiari zor, ez dakit zer egingo dudan eliteko piraguismotik erretiratzen naizenean, ez dut pentsatu ere egin oraindik. Kirol ibilbidea bukatu eta gero entrenatzaile izatearena? Ez dakit ongi moldatuko ote nintzatekeen prestatzaile lanetan, nire buruarekin oso-oso exijentea izan naiz beti eta horrela izaten jarraitzen dut, eta uste dut beste pertsona batzuk entrenatuko banitu ere horrela izango nintzatekeela horiekin, oso exijentea, eta tolerantzia puntu bat faltako litzaidakeela agian haiek gidatzeko.

Dena den, esan dudan bezala, ez dut pentsatu oraindik zer egingo dudan eliteko kirola utzi eta gero. Argi daukadana da ni ez naizela entrenatzailea, ni piraguista naiz, eta hori izaten jarraitu nahi dut, hori besterik ez dut buruan, hobetzen jarraitzea.

Nola ikusten du eliteko piraguista batek bere kirol diziplina, zein ikuspuntutik? Zein egoeratan dago gaur egun piraguismoa?
Euskal Herrian piraguismoan aritzeko instalazioak falta dira, hori begibistakoa da; kanal bat behar dugu hemen. Kirol horren praktika hemen sustatzeko, gakoa da entrenatzeko instalazio egokiak edukitzea. Horrez gain, oso lizentzia gutxiko kirola da, fitxa gutxi daude piraguismoan.Gauza oso ona daukagu, ordea: piraguista oso prestatuak ditugu, oso onak eta talentu handikoak, adin tarte guztietan gainera, ez daukagu hutsunerik alor horretan. Entrenatzaile oso onak ditugu baita ere, baina lehen esan dizudan bezala, oso fitxa eta instalazio gutxi. Hori landu behar da.

Ni neu ere horrela ibili izan naiz urte luzez, furgonetan sartu eta kilometroak egiten, bata bestearen atzetik, baldintza egokietan entrenatu ahal izateko. Berez entrenatzen pasa beharreko ordu horiek ibilgailuan sartuta pasatzen genituen. Euskal Herrian instalazio apropos batzuk egitea oso ona izango litzateke; beharrezkoa da.

Duela gutxi aldatu dugu urtez. Zein balantze egiten duzu bukatu berri den urteaz, 2016az? Kalifikatzeko eskatuko banizu, zein nota emango zenioke?
Urte oso biribila izan da 2016a, zalantzarik gabe. Ziklo olinpiko baten helburu nagusia, azken lau urteetan bilatzen aritu garena bete genuen Rio de Janeiroko Jokoetan, urrezko domina irabazita. Zailtasunak zailtasun, azkenean  guk planifikatu genuen bezala irten zen dena eta oso pozik gaude horregatik, jarraitzeko irrikaz.

Bukatu berri den urtea kalifikatu beharko banu 9,5 bat emango nioke, urtea ez delako guztiz biribila izan; Liptovskyn (Eslovakia) iazko maiatzean jokatutako Europako Txapelketan seigarren postua eskuratu bainuen; denboraldiko helburua ez zen hori, baina sentsazio gazi-gozoa geratu zitzaidan. Hor geratu zen nota biribiltzeko beste 0,5 hori. Dena den, aipatu dudan bezala oso-oso exijentea naiz nire buruarekin, etengabe hobetzea bilatzen ari naiz, eta hamarreko nota ez diot jarriko.

Egin duzu bukatu berri den urtearen errepasoa. Orain, berriki hasi dugunari buruz galdetu nahi dizut. Zer eskatzen dio Maialenek 2017ari?
Osasuna, batez ere. Eta jarraitzea topera entrenatzen, indartsu, piraguista bezala hobetzen jarraitu ahal izateko. Piraguaren gainean benetako Maialen Chourraut ikusten segitzea; ahalik eta gehienetan irudi hori ematen jarraitu nahi dut, entrenamendu eta konpetizioetan erakusteko gero. Uste dut ari naizela hori lortzen, Maialen Chourrauten bertsio onena urtetik urtera gehiagotan erakusten. Horretarako entrenatzen dut. Hori eskatuko nioke hasi berri dugun urteari.

Era berean, ez nuke aipatu gabe utzi nahi lasarteoriatarrek ematen didaten babesa eta eskuzabaltasuna, esker hitzak besterik ez ditut haientzat. Nire onena ematen jarraituko dut.