Jon Altuna Egitegi: “Maialen Chourrautek urrea lortzen duela kontatu nahiko nuke”

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko eka. 28a, 19:00
“Asmoa banuen urteren batean Joko Olinpiko batzuk zuzenean ikusi eta bizitzera joateko asmoa, baina zaletu gisa; ez nuen imajinatuko kazetari moduan joateko aukera edukiko nuenik”. Jon Altuna kirol kazetariaren hitzak dira. BAT Basque Team eta Gazte Aukerak abian jarritako egitasmo batean parte hartu, eta abuztuan Rioko Olinpiar Jokoetara joango diren lau hautatuetako bat izan da. “Nire bizitzako bidaietako bat izango da; inoiz ahaztuko ez dudan zerbait, ziur”.

Kazetaritza ofizio eta kirola afizio ditu Jon Altuna herritarrak. Orain, gainera, ofizioa afizioarekin uztartzen ari da, Euskadi Irratian ari baita kirol kazetari lanetan. “Oso argi eduki dut era batera edo bestera kiroletik bizi nahi nuela; eginez ez bazen, komunikatuz”, zehazten du herritarrak. Abuztu honetan ere ariko da komunikatzaile lanetan, non eta Rio de Janeiroko (Brasil) Joko Olinpikoetan. Hilaren 8tik 15era bitartean egongo da han. BAT Basque Team eta Gazte Aukeraren egitasmoan parte hartu eta aukeratua izan da; 'Gazte Olimpic Team'-eko kidea da.

24 urte ditu Altunak, eta ibilbide zabala atzetik: Txintxarrin, Mundo Deportivon eta Euskadi Irratian makina bat elkarrizketa eginak ditu. Oraingo honetan, beste aldea ezagutzea tokatu zaio.

Nola sortu zaizu aukera Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetara joateko?

BAT Basque Team eta Gazte Aukerak lehiaketa bat jarri zuten martxan, 30 urtez azpiko kazetari eta abarrei aukera emanez kirol ekitaldi hori zuzenean ematera joateko. 

Lehiaketa bat zen, 'Euskal Selekzioak hamar domina lortu ditu' gaiaren ingurukoa. Bideo zein testu formatukoa izan zitekeen lana. Denera 70 bat pertsona aurkeztu ginen, eta nirea izan da zortzi aukeratuetako bat. Horietako lau, ni barne, Olinpiar Jokoetara goaz abuztuan. Beste lauak berriz, Paralinpikoetara, irailean. Zortzi kidek osatzen dugu 'Gazte Olimpic Team'.

Hitz egidazu zuk aurkeztutako lanari buruz.

Gaia aztertu ostean, erabaki nuen testu bat egitea. Artistiko samarra geratu zitzaidan, nolabait esatearren.

Bost euskal kirolari hautatu nituen, eta haiekin batera, euren atzean zeuden makulu eta euskarriei egin nien aipamena: Maialen Chourraut piraguista eta Ane alaba, Richard Oribe igerilaria eta ama Rosa, Jon Santacana ikusmen urriko eskiatzailea eta haren gidari Miguel Galindo, eskubaloi jokalari diren Patri eta Eli Pinedo ahizpak eta Maider Unda borrokalaria eta haren baserri Atxeta. Foku guztiak kirolariek eraman ohi dituzte, baina atzetik edukitzen dituzte hainbat pertsona laguntzen, domina ikusezin batzuen gisakoak direnak.

Zenbat egunetarako zoaz Riora? Nolakoa izango da zure egunerokoa han?

Abuztuaren 8tik 15era bitartean egongo gara han, konpetizioko lehenengo astean.

Egunero-egunero 'post' bat igo beharko dugu Gazte Aukeraren blogera. Horrez gain, '@got_rio2016' instagram kontua ere elikatu beharko dugu, eta bi egunetik behin bideo bat igo YouTubera. Gaiak askotarikoak izan daitezke: kirolariei elkarrizketak, hango giroa...eta baita espreski kirolari lotuta ez daudenak ere. Hitz egin dezakegu, adibidez, Rioko txartel saltzaile edo denda ibiltariei buruz. Mila gai egon daitezke.

Oraindik Jokoetarako sailkatzen ari dira euskal kirolariak, eta, horregatik, ez dakigu zehazki zein izango den gure plana Rioko egonaldian. Pentsatzen dut lehenetsiko dituztela euskal kirolarien guneak.
Lehen esan dudan bezala, zortzi kide hautatu gaituzte. Lau Olinpiadetara joango gara abuztuan: Aitor Biain oñatiarra, Irati Agirre donostiarra, Maria Lopez zumaiarra eta ni neu. Kazetariak gara Aitor, Irati eta hirurok, klasekideak izandakoak gainera! Maria bideogintzan aritzen da.

Kazetaritza eta kirola gustuko badituzu, aukera paregabea da guk biziko duguna. Dimentsio hain handiko kirol ekitaldi bat kubritzea izugarria da. Gainera, nik ez dut inoiz Atlantikoaren beste aldera bidaiatu. Nire bizitzako bidaietako bat izango da abuztukoa; inoiz ahaztuko ez dudan esperientzia bat, ziur.

Nondik emango duzue gertatzen denaren berri?

Hasiera batean Barra da Tijucara gindoazen, auzo olinpikoa egongo den gunera, baina azkenean Copacabanara goaz.

Lau gune nagusi egongo dira: Barrako auzo olinpikoa, Copacabana, Deodoro eta Maracana. Mapa eskuetan hartuta, badirudi gune batetik besterako distantziak laburrak direla, baina ez; esan zigutenez, pare bat orduko bidaiak egin behar dira toki batetik bestera mugitzeko. 

Hilabete eta zerbait gehiago besterik ez zaizu falta Rio ezagutzeko. Kanpotik, zein iritzi duzu hiriari buruz?

Hiria bera apur bat idealizatuta dagoela esango nuke: klima ona, hondartzak, Copacabana... Hori ere badago, egia da, baina Rio ez da hori bakarrik. Beste hainbat hiritan gertatzen den bezala, honek ere badauka 'B' alde bat. Bi Rio daude.

Angel David Rodriguez belozistari irakurtzen nion Rion ez dagoela Joko Olinpikoen girorik. Rio bakarrean dago, Rio aberatsean: Barran, Ipaneman... horrelako tokietan giroa dago, baina beste hainbat gunetan ez. Jendeak beste lehentasun batzuk dauzka, jan egin behar du, eguneroko bizimodua aurrera atera. Gustatuko litzaidake ezagutzea Rioren 'B' alde hori, nahiz eta seguraski ezingo dugun 'faveletara' igo, adibidez, arriskutsua baita; lapurreta-tasak altuak dira.

Bi hilabete baino gutxiago falta dira Jokoak hasteko, eta instalazioak ez daude bukatuta, zika birusa... Elementu horiekin bizitzen ikasi beharko.

Ez al zaituzte atzera botatzen aipatu dituzun horiek?

Ander Elosegi piraguista berriki egon da Rion, astebetez, eta komentatzen du bertan egon bitartean ez zela gogoratu ere egin zikaz eta antzeko kontuez. Euskal Herrira bueltatu zen, eta handik gutxira egin zituen Pau Gasol saskibaloi jokalariak adierazpen ospetsu horiek, zikagatik ez zela joango agian... lurrikara sortu zen orduan. Eta nik horri gehitzen diot: futbola egon bitartean, zikaz hitz egin da, baina ez asko. Eta, Champions League eta ligak bukatu direnean, gaia lehen planoan. Hedabideek bete egin behar dituzte orriak, hitz egin behar da zerbaiti buruz, eta, gainera, Gasol bezalako kirolari mediatiko batek hauspotu zuenez... Hainbeste oihartzun ez daukan norbaitek esan balitu hitz horiek, erreakzioa ez litzateke berbera.

Riora joan aurretik zenbait irizpide eman dizkigute: osasun azterketa bat egitea aholkatu digute, zehazteke dago txertorik beharko ote dugun... Ez goaz oihanaren erdira ezta ere, jende asko joaten da Riora, ez gara izango ez lehenengoak ezta azkenak ere. Kezka hor dago, baina ezin dizu loa kendu, bestela ez duzulako egonaldiaz gozatuko. Horrek ez du kentzen zikaren gaia errespetu handiz hartu behar ez denik. Horrelako gai serio batekin ez dut fribolizatu nahi.

Haurdun dauden emakumeentzat da bereziki arriskutsua zika, malformazioak eragin baititzake umekietan. Atleta batzuk ari dira jada neurriak hartzen. Greg Rutherford luzera jaurtitzaile britainiarrak, esaterako, semena izoztu du Rio de Janeirora joan aurretik. Ikusiko dugu birus horrek zenbaterainoko eragina daukan gero.

Zein albiste idaztea gustatuko litzaizuke? Zer lorpen kontatu nahiko zenuke?

Ederra litzateke Maialen Chourraut herriko piraguistak urrea irabazi duela kontatzea, K1 modalitateko finala gu han egon bitartean jokatuko baita; hori gustatuko litzaidake gehien, ezbairik gabe. Nik uste dut merezi duela behingoz. Pekinen 16. izan zen, brontzea irabazi zuen Londresen, eta, nik esaten diodan bezala, eskailerari jarraituta, aurten lehenengo postua tokatzen da. Berak ez du ukatzen hori dela bere helburua; ez diezu kirolari askori entzungo hori onartzen.

Dena atera behar zaio ongi xedea lortzeko. Joko Olinpikoek hori daukate: ez da soilik kirol alorrean onena izatea, onena izan behar duzu baita ere egoerak kudeatzen. Maialenek kanalean egin beharko dituenak ez dira izango beste konpetizio batzuekiko oso desberdinak, baina inguratzen duen guztia bai. Eta, azkenean, hori dena ongien eramaten dakienak aukera gehiago edukiko ditu urrea kolkoratzeko.

Bitxia da Maialenen kasua: aurreko egunetan urduri egoten da, baina zirt edo zart egin behar den unean lasaitu egiten da, beste askori gertatzen zaienaren kontrara. Pertsona anbiziosoa dela esango nuke, umila eta oso exigentea aldi berean. Dena ongi egin nahi du: entrenatu, sasoi puntu onean egon... eta zaila da hori dena kontrolatzea. Bizkor dabil uretan, berak planifikatu bezala doa dena oraingoz. Ama ere izan nahi zuen, Ane jaio zen eta berriro elitera itzuli da. Asko baloratzekoa da hori. Ea beste domina bat ekar dezakeen herrira, duela lau urte bezala.

Lasarte-Oriak bi ordezkari izan zituen Londresen. Maialen bera eta Nely Carla Alberto eskubaloi jokalaria.

Eta biek ekarri zuten brontzezko domina bueltan herrira! Adierazgarria da hori. Domina zerrenda eskuetan hartuta, ez daude herrialde asko bi domina lortu zituztenik Londres 2012ko Jokoetan. Eta Lasarte-Oriak, 18.000 biztanle pasatxoko herri batek, bai.

Ikusi beharko da ea Nely Carla Rion ariko den ala ez. 18 jokalariko aurredeialdian sartu da; prestatzailearen esku dago orain Espainiako selekzioa osatuko duten 14ak aukeratzea.  Denboraldi bikaina egin du Albertok, Brest Bretagne taldearekin Frantziako Kopa irabaziz.

Multzo zaila tokatu zaie, baina bukaerara arte iritsi nahi baduzu, nahi eta nahi ez onenen kontra lehiatu behar duzu. 

Dominez ari garela, Rion ariko diren euskal kirolariek ekarriko al dute baten bat?

Nire ustez, dominaren bat irabaziko dute euskal kirolariek. Nork ez dakit, baina baten bat ekarriko dute bueltan, ziur. Bakarkako modalitatean, Maialen Chourraut da aukera garbienetako bat. Nire ustez, Ander Elosegi piraguistak ere eman dezake zer esana; Pekinen eta Londresen 4. postua erdietsi zuen. Iñigo Peña ur lasaietako piraguista ere aukera garbia da, Sugoi Uriarte judoka 4. izan zen Londresen... Taldekako kiroletan ere lor daitezke dominak: eskubaloian, txirrindularitzan, atletismoan edota belar hockeyan, esaterako.

Hala ere, eman diezaiogun perspektiba apur bat gaiari: mundu mailako kirol ekitaldi batez ari gara hizketan. Joate hutsa jada sekulakoa da gehienentzat. Zaila baldin bada zure portaleko onena izatea zerbaitetan, pentsa ezazu munduko hiru onenen artean sartzea! Oso-oso maila altuaz ari gara hizketan; dominak lortzeak ilusioa ematen du, jakina, baina ikaragarri zaila da.

Joko Olinpikoetara joatearekin lotuta, Ainhoa Muruaren kasua datorkit burura. Aurten laugarrenez ariko da. Zenbakitara eramanda, 16 urte dira elitean. Hori, nire ustez, edozein domina irabaztea baino gehiago da. Triatloiaren gisako diziplina batean, gainera: 16 urte egurrean, goi-mailan. Kirolari hauek ez daukate beste batzuek bezainbesteko foku mediatikoa, baina balore oso baliotsuak igortzen dituzte.

Kirolari bezala Joko Olinpikoetan parte hartzea sekulakoa da, ezbairik gabe. Kazetari gisa aritzea ere bai?

Horrelako aukera bat edukitzea ez nuen imajinatzen. Baneukan asmoa urteren batean zaletu gisa Olinpiar Joko batzuk ikusi eta bizitzera joateko, baina ez lanera, kazetari bezala. Orain arteko lan-esperientzia guztietan asko ikasi dut, eta abuztuko hori ere ikasgai berri bat izatea espero dut. 

Beti eduki dut argi kiroletik bizi nahi nuela, modu batera edo bestera: eginez ez bazen, komunikatuz, baina ardatz gisa kirola hartuz beti. Azkar asko konturatu nintzen kirolari profesional izatea ikaragarri zaila dela, baina orain kirol kazetari gisa ari naiz lanean Euskadi Irratian, eta hori ere bada kiroletik bizitzeko modu bat.

Han egingo duzun lana, ordea, ez da izango irratikoa bezalakoa, ezta?

Paperezko egunkarietan egiten denaren antzera landuko dugu informazioa han: gertakaria ez dugu momentuan emango, lanketa eta hausnarketa bat egingo dugu aurretik. Bai behintzat blogera igo beharreko albisteekin. Instagramen saiatuko gara, argazkien bitartez, uneko emozio hori islatzen.

Irratiak badauka emozioak zuzenean islatzearen magia hori. Ez da berdina kazetariak idaztea zerbaiti buruz kirolaria elkarrizketatu ostean, edo zuzenean beraiek esatea. Gero eta gehiago gustatzen zait galkorra den informazio hori, elkarrizketa motzak direla onenak irratian, horiek daukatela emozio gehien. Momentuaren araberakoak diren horiek, emaitza bat lortu eta berehala antenan sartzea, emozio hori transmititzea. Irratian gol bat zuzenean emateak, edo txirrindularitza etapa bateko ihesaldi bat kontatzeak pentsarazten dizu zu ere ari zarela ekintza hori egiten. Atera egiten zaizu erreakzio hori baldin eta pasioz bizi baduzu egiten ari zarena.

Kirol kazetaritzan garrantzia gehiegi ematen al zaie emaitzei? Nola ikusten duzu zuk?

Nire ustez, hedabideok askotan irizpide horri jarraiki idazten ditugu albisteak eta egiten ditugu elkarrizketak. Emaitzek itsutzen gaituzte, eta kirolari baten atzean dauden elementuak, eguneroko lana, ez ditugu jartzen lehen planoan. 

Imajina ezazu, adibidez, Riora joango diren euskal kirolariek ez dutela domina bakar bat ere lortzen. Gero erraza da egunkari edo irrati batetik kritikatzea, esatea 'zeinen gaizki egiten diren gauzak'. Ados, agian ez dira behar bezain ongi egiten, baina ez da ahaztu behar Joko Olinpikoak mundu mailako kirol ekitaldi garrantzitsuenetako bat direla; baloratzen jakin behar da hori, eta analisia ez mugatu soilik bertan lortzen diren emaitzetara. 

Euskadi Irratian eta ni pertsonalki, saiatzen gara 'mass media' delakoetan hainbeste jorratzen ez diren kirolei kantxa ematen, eta, batez ere, protagonistei hitza ematen. Beti dago norbait elkarrizketatzeko, beti dago zerbait kontatzeko. 

Momentu estresanteak bizitzeko prest Rion? Irratian lan eginda, ohituta egongo zara honezkero...

Lantaldeko kideok badakigu han egon bitartean denboraz justu xamar ibiliko garela askotan, tentsio uneak ere biziko ditugula. Baina, era berean, esperientzia polita eta aberasgarria izango delakoan nago, talde-lana funtsezkoa izango baita, koordinazioa... Elementu horiek lantzeak asko ikasteko aukera emango digu.

Irratian ere bizitzen ditugu lehen aipatu ditudan egoera horietako batzuk. Askotan ito egingo zarela dirudi, baina azkenean beti ateratzen zara aurrera. Gogoratzen naiz iazko udan Euskadi Irratian hasi nintzenean zalantza asko edukitzen nituela, ardura berriak hartzen hasi nintzenean; esaterako, irratsaioak nik egiten. Zure buruari galdetzen diozu ea beteko duzun ordu kopurua, telefono konexioak onak izango ote diren... Denborarekin ohitzen zara erritmo horretara, eta azkenean, beti egiten dugu aurrera, modu batera edo bestera. 

Egia da kirolen sailean daramagun erritmoa ez dela beharbada beste sail batzuenen berbera, baina asteburuetan lau orduko irratsaio bat bete behar izaten dugu; Hiru Erregeen Mahaia, hain justu.
Hitz egin dezagun Lasarte-Oriako kirolari gazteez. Euren lorpenek emango lukete lau orduko irratsaio bat betetzeko, baita gehiagorako ere. 

Gazte asko ari dira zeresana ematen diziplina desberdinetan. Jon Ander Puertas errugbi jokalaria, Hernanirekin Ohorezko mailan aritzen dena; Axier Arteaga pilotari profesionala ere hor daukagu. Puertasen zein Arteagaren aitek ere urratu zuten profesionaltasunaren bidea: Fran Puertasek eta Juan Mari Arteaga 'Marak'.

Ezin ahaztu Eneritz Busto atleta, nazioarte mailan lehiatzera iritsi zena iaz Calin, Iñigo Ibarburu igerilaria, Aizpea Arroyo gimnasta, Ander Bardaji eta Iraia Iparragirre Realeko jokalariak, eta aipatu gabe uzten ditudan beste hainbat.

Nire ustez, oso herri kirolaria da Lasarte-Oria; bultzatu egin beharko genuke hori. Eta are gehiago esango dizut.

Bota.

Kirolari oso onak atera dira eta ateratzen ari dira, baina uste dut maila are altuagoa izan daitekeela, baldin eta hobekuntzak ematen badira, instalazioetan batez ere. Gaur egun dagoen maila eta eskaria aintzat hartuta, txiki eta zaharkituta geratu dira hainbat gune. Adibide bat jartzearren, ez dakit Ibarburuk Espainia mailan dituen lehiakideek igerilekuko kaleak konpartitzen ibili behar izaten duten, herritarrak egin astero-astero behar izaten duen bezala.

Aurrez aipatu dudan bezala, gure herria oso kirolaria da, eta sustatu egin beharko genuke. Baita ere emakumezkoen kirola. Nik atletismoaren esparrua ezagutzen dut [herriko LOKE taldean ibilitakoa da urte luzez, eta gaur egun Super Amara BAT taldearekin konpetitzen badu ere, Lasarte-Orian entrenatzen jarraitzen du], eta harrobian emakumezko gehiago dago gizonezkoak baino. Gimnasia erritmikoan ere hori gertatzen da, Ostadar SKTren saskibaloi alorra ere lan ederra ari da egiten... 

Badakit klubek ahal dutena egiten dutela eskura dauzkaten baliabideekin; hori ere baloratu behar dugu. Musutruk ari dira gehienak, eta erraza da gero kritikatzea, baina ardurak eta erabakiak hartzea ez da batere erraza. Ea orain arte egin bezala jarraitzen duten lanean, pertsonak formatzen eta kirolari belaunaldi onak ateratzen. Azken finean, guk, kirol kazetariok, beharrezkoak ditugulako gure ogibidea egin ahal izateko, euren balentriak kontatu ahal izateko.