Jesus Zaballos PSE-EEko Alkategaia: “Aurrera egiten duen herria nahi dugu”

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 15a, 11:21
Jesus Zaballos da PSE-EEko alkategaia udal hauteskunde hauetan ere. Herritarren lehentasunei erantzuna berehala emateko konpromisoa hartzen du Zaballosek izan ere, asko dira bere ustez egin behar diren lanak. Herriaren etorkizuna herritarren esku dagoelako, enplegua sortzea garrantzitsutzat jotzen du Zaballosek.

Zeintzuk dira zure ustez Lasarte-Oriak momentu honetan dituen beharrak?
Lasarteoriatarrek pairatzen dituzten arazo nagusiak langabezia, aparkaleku falta, etxebizitza eta kaleen eta errepideetako asfaltoaren egoera txarra dira. Eta gure ustez, horien gainean jarri behar du Udalak bere arreta. Irtenbideak ematen dituen Udal Gobernua behar dugulako, ez arazoaren erantzule dena.

Zein esparrutan eragin behar da gehien zuen ustez?
Lasarte-Oria eta lasarteoriatarren etorkizuna enpleguaren esku dago. Sozialiston aburuz hori da indartu behar den arloa. Izan ere, Bildu, EAJ eta Herritarren Plataformak proiektu batzuk, hala nola, 40 lanpostu sortuko zituen Goiegi-Gorako 4 izarretako hotela, Teresategiko eremu industriala edo Michelin II-ren garapena gelditu dituzte. Proiektu hauetan zalantzarik gabe gure herritarrek lan aukerak izango zituzten eta ondorioz, bizitza duina izateko baldintzak berreskuratu.

Ekonomia, merkataritza sustatu eta langabezia tasari erreparatuta zein neurri proposatzen dituzue?
Lau urte hauetan PSE-EE oposizioan egon da eta eragile sozialekin batera enplegu mahai bat eratzea, enplegua sortzeko ekintzak finkatzen dituen Enplegu plana, pertsona ekintzaileei zuzendutako enpresa haztegia... proposatu ditugu, baita Bilduk atzera bota dizkigu aurrera eraman nahi izan ez dituen beste neurri batzuekin.

Gure konpromisoa, aipatutako ekimen hauen alde egitea da eta herriko komertzioa sustatuko duten beste neurri batzuk hartzea. “Tratu On bat” webgunea hobetu behar dugu, merkataritzaren sektorea indartu eta Lasarte-Orian komertzio berriak irekitzera sustatuko duten ekintzak garatu behar dira.

Hirigintzari dagokionean, etxebizitza eta aparkaleku eskaintza herrian nolakoa da egun eta nolakoa beharko luke?
Bildu lau urte hauetan ez da  esparru honetan inbertsiorik egiteko gai izan. Ez dira Babes Ofizialeko Etxeak eraiki, udalaren esku dauden etxe hutsak ez dira alokatu edo Okendon eta Tajamarreko biribilgunean dauden 124 eta 21 garajeei ez zaie irtenbiderik eman. Lasarte-Oriaren garapena geldituta dago eta PSE-EEk hori aldatu nahi du.

Zabaletako aldapa, Basaundi bailarako plaza edo sartzen erraza izateko Goikale 20 eta 22 eremuen berrurbanizazioa proposatzen dugu. Uistin kalean aparkaleku berriak sortu nahi ditugu. Erribera Kalerako irtenbide adostu bat eman nahi dugu, Sasoeta auzoko hiri-antolamendutik kanpo dauden lokalak eraitsi. Laburbilduz, aurrera egitea da gure nahia.

Herrian dauden zerbitzu publikoei dagokienean, zer hobetu/indartu behar da?
Gure kaleetako asfaltoaren egoera tamalgarria da. Bildu, EAJ eta Herritar Plataformak asfaltatze lan garrantzitsuak egingo zirela publikoki saldu zuten arren, ez dute bat ere egin. Honi bideetako seinaleak, zebra-bideak edo stopak desagertzen ari direla gehitu behar zaio... aspaldian ez dira berriro margotu. 

Gure kale eta auzoak guztiz utzita daude eta egunero hauetan ibiltzen garela kontutan izanda, Udalak hauei irtenbiderik ez ematea ezin dugu onartu. Alkate aukeratzen banaute, urtero asfalto eta seinaleak margotzeko kanpainak egiteko konpromisoa hartzen dut.

Kultura alorrean, zeintzuk lirateke lan ildoak? Euskarak zein leku dauka? 
Lasarte-Oria kultura arloan herri aberatsa da, baina ez dago gunerik aberastasun horren pareko denik. Erakusketa areto berria proposatzen dugu eta Antonio Mercero museoaren alde egingo dugu. Honetaz gain, elkarteei haien ekintzak aurrera eramateko  Elkarteen Hotela eskainiko diegu.

Sozialistok aire zabaleko museo baten alde egingo dugu. Kultura gure kale eta plazetan egon eta herriaren zati izateko.

Eta kirolak?
Urte hauetan guztietan kiroldegiaren berrikuntza egiteke egon da. Nahiz eta sozialistek proiektu bat egin, krisi ekonomikoak eta egungo Udal Gobernuak aurrera eramatea oztopatu dute. Nire konpromisoa kardio ariketak eta spinninga baldintza hobeetan egin ahal izateko, gela berriak sortzea izango da. Era berean, gimnasioa handituko litzateke.

Zer iruditzen zaizu herriaren parte-hartzea erabakietan eta ekimenetan?
Herritarren parte hartzea ekimen positiboa da udalaren kudeaketan. Baina ezin da hau hauteskunde kutsuarekin edo modu mediatikoan erabili. Lau urte hauetan zehar ez da udal aurrekontuak eratzeko parte-hartze proiekturik egin eta hain zuzen, hauetan erabakitzen dira hurrengo urtean egingo diren ekintzak. 

Herritarrek ere lekua duten hirigintza edo hezkuntza kontseiluak ez dira ia bildu. Iradokizun eta kexa orrialdeak edo alkatearekin bilera orduak desagertu direla esango nuke Gobernu honekin.
PSE-EEk herritarren parte-hartzearen alde egiten du, baina ez herritarrak erabiltzearen alde.

San Pedro jaiak deszentralizatuak izan behar dute edo Okendok izan behar du gune bakarra?
Lasarte-Oria herritar guztiek osatzen dugu, zein auzotan bizi garen kontuan izan gabe. Udalak kultura eskaintzaren deszentralizazioa sustatu beharko luke, ez bakarrik San Pedro jaiena. Era honetara, herrian antolatzen diren ekintzak auzo eta lasarteoriatar guztien eskura egongo lirateke. Ezin ditugu auzoaren arabera, lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak sortu.

Zeintzuk dira finkatutako lehentasunak eta erronkak?
Herritarrek duten edozein arazo lehentasun izan behar du Udalarentzat. Baina dudarik gabe enplegua sortzea, aparkalekuaren arazoari irtenbidea ematea, herritarrentzat etxebizitza eskuragarri izatea, kiroldegiko instalazioak hobetzea, asfaltatze kanpaina handia egitea... dira PSE-EErentzat lehentasunak. Gure konpromisoa irtenbideak azkar ematea izango da.

Alkate izatekotan zer da egingo duzun lehenengo gauza?
Alkate aukeratzen banaute, egingo dudan lehenengo gauza nire bulegokoa ateak salbuespenik gabe irekitzea izango da. Alkate batek bere bulegoan herritarrei haien arazoak azaltzeko aukera ez ematea ez dut ulertzen. Herritarra nor den edo arazoa zein den kontuan izanda gabe, alkateak herritarrak jaso behar dituela iruditzen zait.

Azken lau urte hauetan herritar askok egungo alkateari hitzordu eskaerak egin dizkiote, baina ez dute erantzunik izan edo luzamenduekin ibili dira. Herritarrak hartzen ez dituen alkate bat izateak, frustrazioz betetzen ditu herritar asko. Hori bai, gero parte hartzearekin ahoa betetzen zaio.

Horregatik, nire lehenengo neurria nirekin egon nahi duten pertsonei alkatetzako ateak arazorik gabe irekitzea izango da.

Nolako herria irudikatzen duzu lau urte barru zure zerrendak gobernatuko balu?
Etorkizun hobe baterantz doan Lasarte-Oria nahi dugu sozialistok. Ezin dugu onartu 2015. urtean beste garai batzuetan baino udal zerbitzu kaxkarragoak izatea. Aurrera egitea ez da, karramarroen antzera, atzera ibiltzea. Aurrera egitea, onera egitea da. 

Lasarteoriatarrek bizitza kalitate hobea izatea nahi dugu. Herritarrak herrian eskaintzen diren gauza guztiengatik gurean bizitzen geratzea nahi dugu. Lasarteoriatarrak direla harro, ozen eta argi esan dezatela nahi dugu.