Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria: “Elkarri ilusioa kutsatzeko jaia da”

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 5a, 10:58
Topa Eguna ospatuko da urriaren 17an Euskal Jaiarekin batera.Euskal Herriko euskara elkarte ezberdinetako jendea batuko da Lasarte-Orian euskararen alde egiten duten lana elkar banatu eta ezagutzera emateko. Euskaltzaleen Topaguneak eta Ttakun Kultur elkarteak elkarrekin antolatu duten egitaraua.

Jasone Mendizabal arrasatearra dugu 2001 urtetik Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria. Harekin bildu gara elkarteari buruz eta Topa Egunari buruz mintzatzeko.

Zer da Euskaltzaleen Topagunea?
Herriz herri saretzen den euskaltzaleen bilgunea da Euskaltzaleen Topagunea. Euskal Herrian herri zein eskualde mailako 96 euskaltzaleen elkarte daude federatuta Topagunean eta 20.000tik gora bazkide batzen ditu; oinarri sozial oso zabala dugu. 

1997an eratu zen federazio gisa eta Ttakun elkartea izan zen Topagunea sortzeko elkarte sustatzaileetako bat. Gure helburua euskararen erabilera gizarte funtzio guztietara zabaltzea da, euskaraz bizi nahi dugunok normaltasunez eta eroso bizi ahal izan gaitezen.

Zein da gaur egun euskara elkarteen erronka nagusiena?
Mugimenduaren baitan ikaragarria izan da azken hiru hamarkadatan sortutakoa, espazio asko euskaldundu ditugu. Helburua harago joatea da, euskararentzat espazioak sortzeaz gain, eguneroko gizarte bizitzan hizkuntza ohiturak euskararen alde iraultzea dugu helburu. Horretarako bi erronka aipatuko  nituzke: Barrura begira argi dugu elkarteon arteko elkarlana eta bateratasuna indartuta, askoz urrunago heltzeko gai garela. Indarrak batzean dugu erronka. 

Kanpora begira, gizartean euskararen aldeko giro sozial berritua bultzatu nahi dugu eta besteak beste, euskaraz ez dakitenengana heldu nahi dugu. Historikoki euskaraz ez dakiten euskaltzaleek asko eman dute euskararen alde eta etorkizunera begira ere elkarrekin bidea egitea funtsezkoa izango da. 

Krisia al dago euskara elkarteetan?
Krisirik ote dagoen? Esango nuke krisia gure baitan dagoela etengabe. Gizarte bizitzan eragingo badugu, gizarte garai berrietako erronkei heltzeko prest egon behar dugu eta horretarako berritze lanean etengabe aritu. Mugimendu moduan gogoeta sakon bat egin dugu orain dela hiruzpalau urte eta egiteko berriak jarri dizkiogu gure buruari. Horiei heltzeko egokitze lan sakonean gaude. Krisian gaude? Zorionez bai! Krisirik bizi ez duena ez baita berritzen.

Ikasturtean zehar hainbat ekimen ere bultzatzen ditu Topaguneak, zeintzuk dira?
Gure jarduera nagusia, elkarte berrien sorrera sustatzeaz gain, egungo elkarte bazkideak indartzera bideratuta dago eta beraien lana errazteko eta eraginkorragoak izan daitezen ekimenak bultzatzen ditugu: elkartrukerako foroak, formazioa, ordezkari lanak eta proiektu komunak besteak beste. 

Mugimendu moduan ikaragarria izan da azken hiru hamarkadatan sortutakoa. Euskararentzat espazio berri asko sortu ditugu herriz herri; 60tik gora tokiko komunikabide kudeatzen ditugu, euskal kulturgintza dinamizatzeko ehunka ekimen antolatzen ditugu urtero, milaka haur eta gazterengana heltzen gara eskolaz kanpoko jardueren bidez, 6.000 mintzalagun edo solaskide batzen dira astero Euskal Herriko bazter ezberdinetan euskaraz mintzatzeko helburuarekin,..

Herriz herriko esperientzia arrakastatsuak hedatzen dihardu Topaguneak eta horien osagarri diren ekimen bateratuak antolatzen. Adibiderako, kulturgintzako zirkuitu bateratuak (“Kultur Errota”, “Irakurri Gozatu eta Oparitu” eta “Laburbira“), sentsibilizazio egitasmoak (“Zergatik ez?” tailerrak, “Auzoko” Hizkuntza aniztasuna kudeatzeko harrera egitasmoak), eta beste hainbat. Ekimen bateratu berrienak  “Euskarak 365 ekimena” eta Topa Eguna dira. Horiek azpimarratuko nituzke azken urteotako ekimen bateratu gisa.

Horien artean Topa Eguna aipatu duzu. Zer da Topa Eguna? Zein da helburua? 
Euskaltzaleen elkarteetan lana gogoz egiten da urte osoan zehar. Topa Eguna, euskaltzaleok batu eta topa egiteko eguna da, jairako eta elkarren igurtzirako eguna.

Nori dago zuzendua Topa Eguna?
Azkoitiako lehen edizioan mugimenduko kideentzako, barrura begirako jaia antolatu genuen. Ondoren jaia ireki-tzea erabaki genuen eta Soraluze eta Derioko Topa Egunak euskaltzale orori irekiak izan dira. Urtero herriz aldatzen dugu eta helburua da mugimenduko euskaltzaleen muina batzeaz gain, harrera egiten digun herriko eta bailarako euskaltzaleek bertan parte hartzea. Aurtengoan Lasarte-Oria inguruko euskaltzaleak batu nahi ditugu jaira.

Zergatik egiten da? Horrelako ekimenak beharrezkoak al dira? 
Mugimenduko euskaltzaleok biltzeko eta elkarri indarra eta ilusioa kutsatzeko beharra sumatu genuen eta hortik sortu genuen Topa Eguna. Behar hori dugun artean Topa Eguna antolatzen jarraituko dugu. Beharrak aldatu ahala, egokitzen jarraituko dugu. 

Aurten Topa Eguna Lasarte-Orian ospatuko da, zergatik?
Topa Egunaren laugarren edizioa izango da aurtengoa. Jai berria da eta honen antolakun-tzari heltzeko elkarte bizi eta dinamikoak bilatu ditugu jaia antolatzeko erronkari heltzeko. Ttakun elkartearen jarduna mugimenduarentzat eredugarria da ikuspegi askotatik, baina bereziki jaiari heltzeko lasartearrek erakutsitako gogo eta grinak bultzatu gaitu Topa Eguna Lasarte-Oriara ekartzera.

Berezitasunik izango al du laugarren Topa Egun honek?
Lasarte-Oriako Euskal Jaiarekin bat egitea izango da Topa Egunaren jaiko lapikoan sartuko den aurtengo osagai berezia. Lasartearrontzat berriz, Topa Eguna izango da Euskal Jaiko lapikoan aurkituko den osagai ezberdina. Bat egite hori izango da finean aurtengo edizioari nortasun berezia emango diona. Zapore hobea lortzekotan prestatu dugu aurtengo Topa Egunaren menua.

Zer nolako ekintzak egoten dira Topa Egunean?
Lasarte-Oriako inguruak ezagutzeko bisita gidatuarekin hasiko dugu eguna eta kale jirarekin jarraituko dugu goizean. Topagunearen baitako elkarteen esperientzia arrakastatsuak ezagutzeko “Truke gunea” ere antolatu dugu, horixe izango da areto barruan egingo dugun ekintza bakarra. Hortik gora, bazkari herrikoia, Irrien Lagunekin ikuskizun parte hartzailea, erromeria... Egun osoko egitaraua izango dugu elkarrekin jaiaz gozatzeko.

Baina euskara elkarteetako kideez gain, herritarrek ere parte hartzeko aukera izango dute, ezta?
Esan bezala, jai irekia da Topa Eguna, euskaltzale orori irekia eta aurtengoan bereziki Lasarte-Oria eta inguruko herrietako euskaltzale jendearekin ospatu nahi dugu egun hau. 
Gonbidapen berezia luzatzen diegu Andoain, Hernani, Usurbil, Donostia, Urnieta eta inguruko herri guztietako euskaltzaleei.

Topa Egunaren aurretik ere ekintzak egingo dira Lasarte-Orian, giroa berotzen joateko... Urriaren 12an, astelehenarekin, Ramon Agirre eta Inazio Tolosak “Kokakola eta barea” ikuskizuna eskainiko dute Abend Garagardotegian. Antzezlanean Ez Dok Amairu euskal kantagintzaren historian mugarri izan den mugimenduaren gaineko istorioa kontatuko dute.

Urriaren 14rako, arratsaldeko 18.30ean hasita, mahai ingurua antolatu dugu Villa Mirentxun. Topalabea taldeak osatutako eta maiatzean argitaratu den “Berrikasi eta berrikusi” dokumentua izango da aztergaia mahai inguruan, eta saio honekin ekingo zaio hurrengo asteetan Euskal Herriko hainbat eskualdetan antolatutako hitzaldi eta mahai-inguru zikloari. Euskararen iraganari buruzko irakurketa egin eta etorkizunerako proposamenak mahaigaineratu eta eztabaidatzea izango dira saioaren helburu nagusiak. 

Mahai inguruan lau lagunek parte hartu dugu. Nirekin batera, Iñaki Martinez de Lunak parte hartuko du eta Lasarte-Oriako bi lagun ere izan ditugu mahaian. Soziolinguistika Klusterreko kide den Pablo Suberbiola, eta Udaleko euskara teknikaria den Iñaki Arruti. Eztabaida ahalik eta aberats eta biziena eskaintzea izango da gure helburua.

Orokorrean, harrera ona izatea espero al duzue?
Ilusioz gatoz Lasarte-Oriara, lasarteoriatarrekin batera gozatzeko gogoz eta Lasarte-Oriako Euskal Jaiean murgiltzeko prest. Euskal Herriko bazter guztietatik hurbilduko gara Lasarte-Oriara eta harrera beroa espero dugu bai Ttakuneko kideen aldetik eta baita herritarren aldetik ere.

Zer esango zenieke herritarrei edo Topagunearekin loturatik ez dutenei Topa Eguneko ekintzetara hurbil daitezen?
Lasarte-Oriako herriak borondate argi bat erakutsi du azken hamarkadatan bere etorkizuna euskalduntzeko. Herri bizi bizia dela somatzen dugu eta jai giroak abagune aproposa eskainiko digulakoan gaude, bai elkar ezagutzeko eta baita jai giroan euskararen alde elkarrekin topa egiteko ere. Euskal jaiaz gozatuko dugu Euskal Herriko euskaltzaleok eta Topa Egunaren proposamenarekin Lasarte-Oria eta bailarako euskaltzaleek ere gozatuko dutela ziur gaude. Aukera hau baliatzen dut bailarako euskaltzale guztiak prestatu dugun egitarauaz gozatzera hurbildu daitezen.