Irati Hernandez, ZoZongo!ko kidea: “Emanaldi kañeroa izango da parrandan jarraitzeko”

maider-azurmendi 2016ko uzt. 1a, 11:00
ZoZongo!k bi ikuskizun eskainiko ditu larunbatean goizean goiz, 2:00etan 'Psicho-Clown' emanaldia eskainiko du Okendo plazatik abiatuta eta 5:00etan 'Kolpez Blai!'. Honetan arituko da Irati Hernandez herritarra. Berarentzat lehenengo aldia izango da herrian ZoZongo!rekin jotzen duela eta modu berezian biziko duela aitortzen du. Herritarrei biak ikustera gerturatzeko gonbita luzatzen die.

Irati Hernandezentzat berezia izango da ostiraleko gaua, oraindik ez daki nola egingo duen goizeko 5:00etan jo eta 7:30ean Donostian lanean egoteko. Ametsa da 19 urteko gaztearentzat ZoZongo!n egotea eta ilusio hori guztia islatu nahi du San Pedro jaietako Kolpez Blai! ikuskizunean.

Noiz hasi zinen batukadan?

12 urte nituenean Ttakunek eskaini zuen ikastaro bat. Urte bete egon nintzen honetan eta ondoren geldi egon nintzen denbora bat. Dinbi Banda sortu zen garai hartan baina oraindik ez nituen 16 urte eta ezin nuen sartu. Urteak bete nituenean hasi nintzen. Orduan konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala perkusioa eta bi urte neramatzanean, bateria klaseak jasotzen hasi nintzen Odei Astibiarekin. Bera da ZoZongo! taldeko zuzendaria, eta hiru hilabete nerama-tzanean eskaintza egin zidan taldean sartzeko.

ZoZongo!k ikuskizun ezberdinak ditu eta ezkontzetan aritzen den Kili Kolo taldean sartu nintzen. Oso denbora gutxira ‘Kolpez Blai’en jendea behar zuten eta ni bertan sartu ninduten. 

ZoZongo! ezagutzen zenuen?

Bai noski, batukaden topaketatik ezagutzen nuen baina aurretik ere beraien lana ezagutzen nuen eta asko gustatzen zitzaidan. 

ZoZongo!ren jarraitzaile sutsua nintzen, ia 'grupia'. Behin Martutenen jotzen zuten eta lagunek ez zuten joan nahi eta ama konbentzitu nuen laguntzeko. Hurrengo urtean taldean nengoen eta emanaldi bera egin nuen… Zeinek esango zidan.

Zer jotzen duzu?

Dinbi Bandan sartu nintzenean surdoa, dunbala antzekoa nahi nuen jo baina kaja behar zen eta hori ikasi nuen. 

ZoZongo! talde profesionala da…

Bai, pixkanaka ari zait buruan sartzen Dinbi Bandarekin zerikusirik ez duela. Jendea bertan lanean ari da, niretzat afizioa da baina beste kideentzat lanbidea. Horrek eragiten du jarrera desberdina izatea. Dinbi Bandan inor ez da musikaria, ondo pasatzera goaz eta listo. Bestean ahalik eta emanaldi gehien egitea da helburua. Udan pila egiten dira. Egun berean hiru ikuskizun izan daitezke, edo hortik gora, laster bost ditugu egun berean. 

Lana beste modu batera egiten dute eta niretzako, beraiekin egin nituen lehenengo entseguak klase magistralak izan ziren. 

Emanaldiak ikusten nituenean zoragarriak iruditzen zitzaizkidan eta berdina egin nahi nuen baina horren atzean lan asko dago, entsegu ordu pila… 

Nola integratu zara taldean?

Ondo, ongietorria ona izan zen, neska bakarra nintzen eta gazteena. Arrotzena izan zen eurek duten gauzak esateko modura ohitzea. 

Dinbi Banda oso demokratikoa da, kide guztien artean hartzen dira erabakiak eta han ez. 

Esan behar dut, lau hilabetera beste neska bat etorri zela taldera. 

Zenbat entsegu dituzu?

Astelehenetan ZoZongo!ren ezkontzetako taldearekin entsegua izaten dut, asteartetan bateria klaseak, ostegunetan 'Kolpez Blai' eta 'Psicho-Clown' behar denean eta ostiraletan, Dinbi Banda. Saskibaloia adinagatik utzi nuen baita antzerkia ere 12 urteren ostean eta orain musikan, perkusioarekin nabil buru belarri. 

Zein ikuskizun mota egingo duzue San Pedrotan?

ZoZongo!k 12 urte daramatza martxan. Hasieran batukada bat zen baina egun askoz gehiago da. Perkusio ikuskizun ezberdinak ditu eta jendeak ez du askotan hori bereizten.

Larunbatean goizeko 5:00etan izango da 'Kolpez Blai!'. Aurretik, 2:00etan 'Psicho-Clown'-ikuskizunaz gozatu ahal izango da. Bigarren horretan egongo naiz ni. 7:30ean lanera joan beharko dut eta 19:00etan Pasaian berriz jo, beraz oraindik ez dakit nola egingo dudan lo egiteko… Baina nire herrian jo nahi nuela argi neukan. 

Emanaldiari dagokionez, oso kañeroa izango da, parrandan eta dantzan jarraitzeko modukoa.  

Zer suposatzen du zuretzat herrian jotzeak?

Oso motibatuta nago. Hasieran ez nekien jo behar nuen ala ez. Konfirmatu zidatenean oso pozik jarri nintzen.

Iaz Andoainen 'Kolpez Blai!'-rekin estreinatu nintzen eta han herriko jende pila topatu eta izugarrizko berotasuna sentitu nuen. San Pedrotakoa berezia izango da ziur.