Ione Zabala: “Artea transmititzen hasi naiz”

jon-altuna-egitegi 2015ko api. 19a, 22:54
Udaberriaren etorrerarekin batera, herriko hainbat pareta kolorez jantzi dituzte hango eta hemengo artistek. Obra horien artetik onena Ione Zabalarena (Lasarte-Oria, 1996) izan dela ebatzi du Antxota artisten elkarteak, Aterpearen laguntzarekin batera. 'Aniztasuna' izena du herritar gaztearen obrak eta hitz horixe du inspirazio iturri. EHUko Leioako Campusean Arte Ederrak ikasten ari da Zabala, "aurrera egiteko indarrak ematen dizkit", adierazi du.

Zorionak. Lan ederra egin duzu. Txapelketa batetara lehenengo aldiz aurkeztu, eta irabazi. Marka da. Espero al zenuen?

Lehen saria ez nuen espero, hirugarren sariren bat edo agian bai, baina lehena irabaztea sorpresa izan zen... Elkarrizketa hau ere ez nuen inondik esperoko.

Zer islatu nahi izan duzu zure obrarekin, zer transmititu nahi izan duzu 'Aniztasuna' lanarekin?

Udala aniztasuna lantzen ari denez, besterik gabe, aurkeztu egin nintzen, baina egia esan ez nekien zehazki zer egin. Itxaron egin nuen udalak eginiko bideoa sarean jarri arte. Aniztasuna gai zabala da eta lana nondik bideratu edo ideiaren bat emango zidala pentsatu nuen.

Gainera, Unibertsitatean artista alemaniar bat ikusten aritu ginen, ama batek bere semeak besarkatzen zituen lana aztertu genuen. Ideia gustatu zitzaidan, baina nik kultura ezberdineko jendea sartzea pentsatu nuen. Aurpegiak detailatzea izan zen zailena, sobatuta geratu ez zitezen, arropak kolore planoetan sartu nituen. Erabili ditudan forma nagusiak marra eta puntua izan dira.

Ordu askoko lana, nabari da. Jendeari gustatu zaio.

Saiatu naiz ahalik eta txukunen egiten. Hala ere, arropak detailatu nahiko banitu, lau egunetan ere ez nukeen bukatuko. Aurpegiek ere lana eman zuten, erabilitako margo hau plastikoa denez, ez baldin baduzu pintura gainean azkar nahasten, mantxoteak geratzen dira, hori kontrolatzea ez da erraza izaten. Lehenengo aldia zen paretean halako zerbait egiten nuela eta espero ez nuen emaitza ona izan du.
Gainera hor geratuko da, horman. Lasarte-Oriaren parte bilakatu da.

Hori ere polita izango da, herriari zure sinaduratxoa jartzea.

Saria lehenengoa izan arren, irabazi izana eta dirua bigarren mailakoak dira. Benetako saria kalean pintatzeko aukera ematea da, inork zu molestatu gabe, asko da hori.

Nondik datorkizu artearekiko zaletasuna?

Nire lehenengo koadroa zortzi urterekin pintatuko nuen... Ba orduz geroztik datorkit. Amaren aldeko familiak oso esku ona du, aitonak ere pintatzen zuen... Betidanik ari naizela esan daiteke.

Eta zergatik hasi zinen ba marrazten? Zeren bila?

Zergatik? Egia esan... Ez dakit. Betidanik pintatzen dut, txiki-txikitatik. Aspertzen nintzenean beti pintatzen nuen, pixkanaka aurrera jarraitu dut txikitako zaletasunarekin. Orain hasi naiz artearen bidez gauzak transmititzen. Lehen gauza naturalistak egiten nituen gehiago. Teknika lantzen urte asko igaro ditut eta orain mezuak bidaltzen ere hasi naiz marrazkien bitartez. Gustatu egiten zait. 

Ba al duzu erreferenterik arte munduan?

Bat konkretuki ez, artista askoren zatitxoak biltzen saiatzen naiz nire obretan. Abangoardisten influentzia dut agian gehienbat, baina inpresionistak ere gustatzen zaizkit. Handik eta hemendik jaso eta gero nirea egiten dut.

Nire marrazkiak egiten ditudanean ezagutzen nauen jendeak badaki nireak direla, hori esaten didate klasean eta etxean behintzat. Nik ez dut ikusten toke hori, baina egia da klaseko kideen obrak nik ere ezagutuko nituzkeela sinadurarik gabe. 

Arte Ederrak ikasten ari zara EHUn, Leioako Campusean. Gustura?

Lehenengo urtea nahiko lasaia izan da, ona da ikasleen bizitza (barrez).

Txapelketara itzulita, zer iruditu zaizu Udalak abian jarri duen I. Margoketa Lehiaketa?

Ba oso ondo iruditu zait, benetan. Suposatzen dut hurrengo urteetan ere halako txapelketa gehiago egingo dituztela. Kanpotik jende mordoa etorriko da Margoketa Lehiaketak jarraitzen badu. Aurten bertan Gasteizko bi eta Donostian bizi den leondar bat etorri dira. Jendea konturatu da Lasarte hor dagoela, artisten aldetik Lasarte-Oria mapan jarri du lehiaketa honek.

Gauza bat du ona, artistek pintatzen dutena errespetatu egiten dela. Gainera, sariak potoloak dira. Datorren urtean ere etorriko da jendea, ziur.

Sariak aipatuta, 1.500 euro horiek modu oso berezi batean inbertituko dituzula jakin dut...

Txinara bidaia bat egingo dut eta bertan praktika batzuk egiteko aukera izango dut gainera. Hango haurtzaindegi baten kurtso amaierako emanaldiko mural moduko bat osatu beharko dut ume txinatarrekin. Kurrikulumerako ere ona izango dela uste dut.

Eta etorkizuna, nola ikusten duzu geroa artista gisa? 

Etorkizunerako... Oraindik ez dakit graduko lau urte hauek bukatzean zer egin. Artista bezala ikusten ote naiz? Galdetzen diot neure buruari. Igual ez, hemen ez behintzat. Kanpoan probatzea? Hobeto ikusten dut egia esan hemen tiratzea baino.

Dena den, jarraituko dut horrelako gauzak egiten, ziur, nahiz eta profesionalki honetara ez dedikatu. Momenturen batean zalantzak izan nituen karrerarekin baina pentsatu nuen, ‘nik ez baldin badut pintatzen, ez dakit zertan arituko naizen benetan gustura’.

Alegia, zure pasioa dela pintatzea.

Astean zenbat ordu pintatuko ote ditut... Inkonszienteki egiten dut, nahi eta nahiez. Ba-tzuetan gogoarekin eta besteetan ez, baina beti pintatzen dut.

Zein izango da zure hurrengo erronka? Baduzu buruan zer edo zer?

Oraingoz atera zaidana etxe barruko paretak pintatzea da. Lagunek eta ezagunek hori egiteko eskatu didate. Baina unibertsitateko lanak atzeratuta dauzkat, lehenengo horiek egin eta gero etxeko paretekin hasiko naiz. 

Jendeak nigan konfiantza dauka eta oso eskertuta nago. Ondo atera da lan hau, eta ezagunek konfiantza boto bat eman didate. Babes izugarria eman dit herriko jendeak oro har, oso eskertuta nago.

Etxe barruko paretak pintatzea, ez da batere ideia txarra.

Denetik eskatzen diate. Batzuek nahi dudana egiteko esaten didate, beste batzuetan diseinua adosten dugu. Bozeto txiki bat egin eta horren gainean gauzak sartu, kendu, hau jarri, beste hori kendu... Herritar batek komentatu dit ea mural hauxe bera egingo ote diodan etxe barnean.

'Artea' terminoa zabala da, pentsatu duzu pinturaz gain beste arte adierazpenetan murgiltzea?

Guk teknologia, ikus-entzunezko komunikazioa, kamara eta bideoen erabilera, irudi laborategia, performanceak, interfaceak, sensoreak, objektuak, irudiak... denetik erabil-tzen dugu artea egiteko. Geroz eta gehiago, diseinu kontuak ere bai. Askatasun handia dugu, itzela. 

Dena den, zuri gehien pintura gustatzen zaizu.

Pixkanaka ari naiz beste gauza batzuk deskubritzen eta ikasten, argazkilaritza bereziki. Baina pintura... Hor egongo da beti pintura.