Imanol Ormazabal: "Gure kirola legeztatu egin behar da"

jon-altuna-egitegi 2014ko abe. 22a, 10:58
Imanol Ormazabal (Lasarte-Oria, 1985) herrian jaio bazen ere, Oiartzunen bizi da gaur egun. Abiadura maite du. Patinak maite ditu. Eta bi pasioak uztartzeko aukera ematen dio Downhill-ak. Zer den hori? Labur esanda longboard edo patin baten gainean aldapan behera botatzea, abiada bizian. Noiz edo noiz gainditu izan du 100 kilometro orduko langa. Gehienok arriskua ikusten dugun lekuan, Ormazabalek "askatasuna" sentitzen duela dio. Kirol honi esker, herrialde ugari ezagutzen ari da mundu zabalean.

Euria, elurra edo sekulako beroa egin, berdin du.Imanol Ormazabalek bere denbora libreko une gehienak eskaintzen dizkio longboard-ari.

Nolatan hasi zinen longboard mundu honetan? 
Longboardarekin zehazki duela bost urte hasi nintzen. Apenas ezagutzen nuen kirol hau eta bideoak ikusten sortu zitzaidan probatzeko gogoa. Austrian eta Suitzan egiten zituzten jaitsierak bideoz ikustean liluratu egiten nin-tzen eta orduz geroztik harrapatuta nauka kirol honek.

Txikitatik datorkizu zaletasuna? Beti liluratu izan zaitu patinen munduak?
Bi urterekin eskiatu egiten nuen, patinetan ere ibiltzen nintzen eserita aldapa behera... Beti maite izan ditut irristaketako kirolak eta abiadura oro har. Askatasuna sentitzen dut, beste kirol batzuk ematen ez didatena.

Longboardaren barruan disziplina asko daude ezta? Ez da zuk egiten dituzun jaitsieratara soilik mugatzen... 
Ez ez. Disziplina asko daude. Slaloma, karreteran konoak jarri eta zig-zag egitea, downhill-a, portuetako karreteretan behera azkar trazatzen joatea, 'lineak' hartzen, Crussing egiten, kalean, zuzenguneetan, biodegorrietan…

Zure espezialitatea zehazki zein da?
Downhill-a. Jaitsierak esango genuke, errepideetan behera egiten ditugun jaitsierak dira. Lagunekin edo bakarrik egin daiteke, oinez edo autoz igotzen gara aldapan gora portu amaieraraino, askotan 'dedo' eginez.

Non entrenatzen duzu?
Ahal dudan lekuan, izan ere egiten dugun hau alegala da, ez dago homologatuta eta jendeak ez duenez kirol hau ezagutzen, ez du onartzen. Baina oro har trafiko gutxiko lekuak topatzen saia-tzen naiz. Polizia etortzen bada, eurekin ondo eramaten  saiatzen gara, arrazoia daukate, egia da, baina arazoa bestelakoa da, leku falta daukagu, maite dugun kirola lasai egiteko aukerarik ez dugu. Freeride-a gustora egiteko errepidea ixtea eskertuko genuke, besteak beste.

Egoera zailean dago zuen kirola...
Erregulatzea falta da, legeztatzea. Asoziazioak badaude, skateboard federazio bat ere badago, baina gu ez gara hor sartzen, inertzia kirolen federazio bat ere badago, goitibeherak etab. kudeatzen dituena. 

Udaletxeetan eskatzen ari gara gure lekua behar dugula, gure onena ateratzen digulako kirol honek, sanoa da, ona da, bizirik sentiarazten zaitu.

Prestaketa fisiko handia eskatzen du? 
Ez askorik ez egia esan. Ahal dudan guztietan joaten naiz jaitsierak egitera. Euria edo elurra egin arren, ni joan egiten naiz. Hankak gogortzen dizkizu, forman jartzen zaitu... Ez dakit, igandean goizeko zazpietan altxatzen gara askotan downhill egiteko, pentsa. Bizioa da.

Garestiak al dira taulak? 
Prezioak 80-200 euro bitartean ibiltzen dira, jakina, segun eta zenbat ordaintzen duzun, kalitate bat edo beste bat emango dizu taulak. Ejeak edo ardatzak ere garestiak izan ohi dira, 30 eurotik hasita 500 eurotaraino… Gure kasuan 70, 80 edo 100 km/h abiadura hartzeko behar duzun materiala ona da, ezinbestean. 

Nire kasuan, Boat tabla daukat, Berako (Nafarroa) marka bat da nire esponsorra, materiala oso ona daukate, oso eskertuta nago.

Txapelketa askotan izan zarela uste dut, nazioartean, Estatu Batuetan ere bai...
Bai AEBetan eta Kanadan hilabete bat igaro genuen. Egia esan, urte osoa pasa nuen zita hori prestatzen... Baina hanka bat puskatu nuen bertan eta 25 egun turismoa egiten pasa nituen, patinatu gabe...
Baina beno, behintzat Washingtonen, Oregonen eta Kanadan izan ginen, munduko eski estazio handiena ezagutu genuen... Hangoa beste mundu bat da, karreterak itxi egiten dituzte, 200 freerider jelkartzen gara, Malaysia, AEBak, Kanada, Argentina... Leku askotako jendearen bilgune da. 

Iaz ere Maryhillen (AEB) izan ginen, baina gehienbat  Gipuzkoan ibilten gara. Bakarrik edo lagunekin egiten ditugu jaitsierak, denborak hartu eta lasterketarik egin gabe. Dena den, badaude karrerak Erandion, Laredon… Pixkanaka geroz eta gehiago. Gutxinaka lortuko dugu gizartearen onarpena.

Normalean lehiatik at aritzen bazarete ere, lasterketak nolakoak izan ohi dira, erlojuz kontrakoak?
Bai, kontrareloj modukoak izaten dira, lehenengo librean egiten ditugu jaitsiera batzuk, non frenatu edo non derrapatu behar dugun jakiteko. Bestalde, badaude launaka egiten diren lasterketak ere, errepidea itxita, hil ala bizikoak izaten dira, topera egiten ditugu. 

Topera, eta ia 100 kilometro orduko abiaduran... Erorikoek ez al dizute beldurrik ematen?
Hori gauza guztiak bezala da, zenbat eta abiadura handiagoan ibili, orduan eta arrisku handiago asumitzen duzu. Baina urte asko daramatzagu honetan, ez gara berriak.
Horrexegatik beharko duzue puntako materiala, segurtasunak berebiziko garrantzia du. 

Bai. Kasko integralak, larruzko trajeak, belaunetako babesak... Oso ondo babestuta goaz. Dena den, beti gertatzen dira istripuak. Sorbaldak atera, belaunetan min hartu, hankak hautsi… akzidenetak egoten dira, nola ez.  

Hala ere, aprobetxatu nahi dut esateko oso kontuz aritzen garela errepide irekian. Walki talkie bidez arriskuez ohartarazten digute, kotxe bat joaten da aurretik, beste bat behean egoten da zain… Beraz, ez da istripu askorik egoten, jakin badakigulako egiten duguna arriskutsua dela eta bizia gal dezakezula aldapa behera. Kitamiedosaren aurka jo, kotxe bat jan, bidetik atera… oso kontuz ibiltzen gara.

Gidariren batekin baino gehiagorekin sesioa ere izan duzula uste dut...

Bai, izaten dira halakoak. Etxetik gertu daukadan aldapa batean gertatu izan zait. Hor hasi nintzan lehen urratsak ematen. Asko gustatzen zait joatea, bakarrik edo lagunekin, rollo ona izaten dut oro har jendearekin, zuk ez diezulako batere molestatzen.

Patinetan aldapa behera botatzen garenean, jendeak ulertu behar du moto bat edo bizikleta bat bezain ondo joaten garela gure erraietik. Jakina, beti daude tontoak leku guztietan, eta kotxe gidari batzuk ez dira salbuespena. 

Ez dugu ulertzen zergatik jartzen diren horrela gu ikustean, ez diegu batere molestatzen eta beraiek arriskuan jartzen gaituzte. Zaila da, badakit, kirol hau ez da asko ezagutzen eta pixkanaka lortu behar dugu erakustea gurea beste edozein kirolen parekoa dela eta buruarekin praktikatzen dugula. 

Profesionalki bizi al daiteke downhill egiteaz?
Gure kasuan ez. Munduan milaka lagunek egiten dute hau... Eta denera hamar per-tsonak irabaziko dute dirua honekin, AEB eta Kanadan batez ere. Hemen bakoitzak bere soldata dauka, bere lana egiten du eta ez dago profesionalik. Gure markek eta sponsorrek asko laguntzen digute, diru pixka bat emanez edota materiala lortzeko erraztasunak jarriz…

Jakin badakit, freerider izatea ez dela zure pasio bakarra, musika zalea zara oso eta talde bat baduzu gainera.
Hala da, bateria jotzen dut  eta astean bi aldiz entsega-tzen dugu, kriston ondo pasatzen dugu, denbora pasa ederra da. 

Etorkizunerako ze asmo duzu? 
Epe laburrean ea neguan eskiatzera joan naitekeen. Eta downhill-ari dagokionez, Aurrezten ari naiz, ea zer egutegi irteten den. Munduko kopan lehiatzea handia litzateke. Europan hiru lasterketa dira, AEBetan bost, Kanadan bat, Australian bat, Hegoafrikan bat eta Hegoamerikan bi. Oraingoz, AEBtan, Kanadan, Inglaterran, Alemanian, Txekiar Errepublikan eta Frantzian egon naiz eta hurrengo urtean ahal baldin bada Hegoamerikako errepideak probatzea gustatuko litzaidake, Kolonbia, Peru, Brasil…

Mundua ezagutzen ari naiz pixkanaka: lekuak, jendea, kulturak… Pasada bat da, kirol txikia da, pertsona bat patin batekin ikusten dudan bakoitzean, harekin hitz egitera joaten naiz. Oso konexio polita sortzen da gure artean.