Idoia Garzes: “Denok ez gara Saizarbitoria”

Nerea Eizagirre 2016ko abe. 26a, 10:00
Literaturaren barruan genero ezberdinak daude. Horietako bat dugu literatura erotikoa. Gutxi dira Euskal Herrian horrelako testuak argitaratzen dituzten aldizkari edo argitaletxeak, lehiaketa askorik ere ez dago. Dimako kalenturak ipuin erotikoen lehiaketa da horietako bat eta honetan lehiatu da Idoia Garzes herritarra birritan.

'ArtiXtak’ lanak irabazi du aurten Dimako kalenturak ipuin erotikoen lehiaketa. Testua Idoia Garzes herritarrarena dugu. Baina hau ez da txapelketa horretan garaile den lehen aldia. Iaz ‘Gatzagia’ lanak eraman baitzuen lehen saria. Idoiarekin bildu gara lehiaketa eta testuei buruz gehiago jakiteko.

Nola jakin zenuen lehiaketari buruz?

Duela hiru urte lehen edizioari buruz irakurri nuen internet edo aldizkari batean. Ordurako ideia bat nuen baina ez nuen garatzeko astirik izan. Bigarrenerako garatu eta aurkeztu nuen Gatzagia lana, irabazle izan nintzen. Aurten berriro aurkeztu dut beste lan bat, ArtiXtak eta berriro ere garaile izan naiz. Ez dut asko zabaldu. Lotsa ematen dit.

Horrelako lehiaketa gutxi dago eta euskaraz are gutxiago. Erotikoa beti egon da gutxi. Txalapartak ateratzen zuen Literotura. Garai batean bazeuden hainbat herrietan lehiaketak eta horiekin bilduma bat osatu zuen. Sade edo Anaïs Nin ere itzuli dituzte.

Zertan oinarritu zinen ipuinan idazterakoan?

Otu zitzaidan gai bat eta hori garatu behar nuela ikusi nuen. Lehenengoa nire ustez askozaz hobea da. Bi testuak ezberdinak dira. Lehenengoan ideia oso argi ikusi nuen eta etnografikoa da hitz tekniko askorekin. Ideia ona zela ikusi nuen eta berdin zitzaidan erotikoa zen edo ez, garatu behar nuen.

Bigarrenaren kasuan, banekien lehiaketa zegoela eta beste ideia bati erantzunez idatzi nuen. Bigarren edizioko saria jaso eta gau horretan okurritu zitzaidan. Eta apuntatu nuen eta hor geratu zen. Gerora garatzeko saiakera egin eta testua idatzi nuen. 

'Gatzagia' lanean Garoaren idealizazioa puskatzea eta testuaren ironia azpimarratu zuen epaimahaiak…

Bai, gino bat dago. Euskal literaturako irakurgai mitikoa da eta Joanes artzaina hor dago, “hura zen hura gizona”. Eta ideia hori garatuta joan nintzen pixkanaka ipuina idazten. 

Artzain bat da protagonistetako bat, bigarren pertsona bat dago bordan geratu behar dena eta kalekumea da, mendian daude… Ez nago Garoataz barre egiten, gure mundu idiliko edo bukoliko horretaz, artzain modernoak daude eta  kontatu digutena ez da horrela. Esate baterako, oso normala da ardiekin egitea.

Tonu ironikoa edo umore beltza erabiltzen dut. Gainera, jendea bide batetik eraman eta gero bihurdura mental bat egitea gustatzen zait.

Eta bigarrenean…

Bi epaimahai ezberdin izan ziren. Bigarrenak 'ArtiXtak' lanaren plastikotasuna nabarmendu zuen. 

'ArtiXtak' lanean modelo lanak egiten ditu protagonistak eta hasieran pintore batekin dago. Gero eskultore batekin eta harreman horietan zer gertatzen den kontatzen du. Hau lightagoa da, aurreikusteko modukoa. Jokoa dago agian eskultorearekin duen harremanean. 

Honetan bestean baino leuntasun gehiago dago.

Horretaz gain, bi testuen hizkuntza aberastasuna aipatu zuten, ez?

Bai, horrela da. ‘Gatzagia’ lanean artzaintzarekin zerikusia duten hitzak erabili ditut. Ez dira zaharrak baina teknikoak dira. Beraz, ez da literatura erotikoa, ze hiztegia behar duzu beste eskuan. Baina bigarren lagun bat eskatu eta listo. Aberatsa da ez dudalako kaiku hitza erabiltzen edo zintzarria hitza erabili beharrean, zintzarri ezberdinena erabiltzen dudalako. Zizeilua, zizela, arpana… hauek oso etnografikoak dira. Horrelako hitzak Txintxarrin esate baterako ez nituzke erabiliko, ze oso pedanteak edo jasoak dira, baina ipuin edo kontaketa batean erabili daitezke testuinguruaren arabera. Eta ‘Gatzagia’ lanak horrelako atmosfera bat behar zuen, bigarrenak ez. 

Lokuzioak erabiltzea ere gustatzen zait edo esaera zaharrak... baina berritu ahal dira. Hizkun-tzarekin jokatzea gustatzen zait eta orain eskultorearen ipuinean, eskultura egin edo gustatzen zaion pertsonak gino batzuk ikusi ditzake. Teknika batzuen izena erabiltzen dut, dakienak barre egingo du. Mezu batzuk daude atzetik, ez argiak direnak, baina esate baterako ardi beltz bat egon behar du beti, baina zertarako, kontatzeko. Dakienak ongi hartzen du hori. Niri gustatzen zait hori ematea, baita toka eta noka edo hikarekin jolastea ere…

Informazioa biltzen ere asko disfrutatzen dut. Errauskailuan gertatu den hilketa baten, ez baina ipuina elektrizitatea ez zegoen garai batean girotzen baduzu, ba garai horri buruz irakurri behar duzu eta informazioa bildu. Garaiko hizkuntza erabili eta horretarako hiztegiak erabiltzen ditut. Telebistan lan egiten dut eta bertan hiztegi ezberdinak erabili behar ditut. Pila gustatzen zait. Eta koadernoetan noa idazten. Koaderno pila ditut deigarriak egiten zaizkidan hitzak edo ideiak edo gertaerak apuntatzen ditut. 

Beraz, bi testuak ezberdinak dira…

Bai, ezberdinak dira. Baina ez dut uste bata pornografikoagoa denik eta bestea erotikoagoa. Askotan pelikuletan enfokatua egotea pornografikoa da eta  difuminatua dagoenean erotikoa.  Pornoa da ‘aquí te pillo, aquí te mato’ eta bestean beroketa bat dago.  

Niri intsinuazio gustatzen zait gehien. Erotikoan ere sexua dago. Ez da bata birjinagoa edo garbiagoa dela. Erotikoak beroketa du, gozoagoa da eta beste tempo edo erritmo bat dago. Literatura erotikoa beti esan da esku bakarrarekin irakurtzekoa dela, bestearekin bestelako gauzak egiteko. 

Baina uste dut ‘Gatzagia’ gehiago zela haragia eta ironia ere hortik zihoan. Hau ez da guztia arrosa eta titi bat ukitu zidan, beste gauza bat da. Okela edo haragi gehiago dago. Onomatopeia gehiago daude, zingi zanga eta horrelakoak. Eta ‘ArtiXtak’ eleganteagoa da.

Ni lehenengoarekin geratuko nintzateke. 

Lanaren irakurketa egin behar izan zenuen saribanaketan…

Bai eta askok biak entzun zituzten. Urduri zaude eta amaitzean, bigarrenaren kasuan, jendeak “eskultore hori ezagutu nahiko genuke” esatea oso polita da. Jende oso majoa dago. Haiek ongi pasa badute, ni pozik.
Izan ere, idatziak badaude, gustatzen zait jendeak irakurtzea. Lagunei uzten diet eta gustatu bazaie, ni pozik. Sariak irabazten baditut fenomeno.

Saribanaketan ere tipo batek esan zidan, “oso ondo idazten duzu, maila handia duzu”. Idaztean gustua dudala uste dut, buruan dudana iruditan jartzen badakit, testuei erritmoa jartzen dakidala uste dut eta txukun idazten dut. Ideia borobildu eta klak bat dagoenean hobeto. Horrek ere irakurtzeak eman dit. Askotan da “nik ez dakit dantzatzen”. Barkatu… denok dakigu dantzatzen ondo edo gaizki, erritmo bat dago eta horri jarraitu behar zaio. Idaztearekin ere berdin gertatzen da.

Zaila al da ipuin erotiko baterako ideia izatea?

Idaztea gustatzen zait eta milaka ideia izaten ditut. Asko beldurrezko kontaketak egiteko dira, gutxi batzuk erotikoak.  Imajinazio handia dut.  

Eta ez zait zaila egin testuak idaztea. Dena bezala da, ideia ikusten badut, hau da edo bestea da. Ideia izatean badakit hau nobela beltza izan daiteke, hau kazetaritza lana, hau da pajeoa eta hau da garatu daitekeen ideia. Mataza hor dago eta pixkanaka haritik tira behar da. Gero muntaia buruan egina dudanean listo. Garatu dut, borobildu dut, egin diot finala. Buruketa egina dut. Eta gehien kostatzen zaidana idaztea da.
Izan ere, ideia izatea gauza bat da, baina denak ez gara Saizarbitoria. Eta ideia hori garatzen jakin behar da eta jendeari gustatzea.

Kasu honetan, “titi bat ukitu zidan”, ez da nire gustukoa. Zerbait gehiago behar dut. Ideia atondu behar dut, beste era batera azaldu. Edo berotuko zara, baina ez zaitut ukitzen. Jendeak imajinazioa erabiltzea gustuko dut. Irakurleak eskutik eramatea ez da nire asmoa, bakoitzak bere pelikula egitea nahi dut. Organo sexuala azkenean buruan dago.

Aipatu duzunez, idaztea da gehien kostatzen zaizuna?

Askotan ere data bat behar dut. Niretzat lehiaketak gauza ona dira, data baterako aurkeztu behar duzulako. Artikuluak ere idazten ditut noizbehinka mendiari buruz eta horiek ere, egun zehatz baterako egon behar dute. Data izateak, nire buruari akuilua jartzea da eta horrek idaztera behartzen nau.

Hurrengo urtean ere aurkeztuko al zara?

Badaukat ideia hurrengo urterako ere. Baina lehiaketako kideei epai mahaian jende faltan badaude, ni kontuan izateko eskatu nien.

Libururik idaztea pentsatu al duzu?

Jendek galdetzen dit. Baina ni oso ziur egon behar naiz eta oso ona izan behar du hori gertatzeko. Nik langa oso goian jartzen diot jendeari, baita nire buruari ere. Gainera, liburu bat idazteko denbora behar da, beraz loteria egokitu arte…