Imanol Bardaji: “Hazten ari da Ostadar urtetik urtera; gero eta gehiago gara”

Iñigo Gonzalez Sarobe 2015ko eka. 25a, 14:15
Dokumentu ofizialek diote 29 urte daramatzala Ostadarrek herriko kirolaren alde lan egiten, 1986an erregistratu baitzuten. Ostadarreko lehendakari Imanol Bardajik, ordea, hiru urte lehenago kokatzen du elkartearen sorrera: “1983an antolatu genuen lehenengoz areto-futbol txapelketa; hori da mugarria”. Konparazio bat ere egiten du, argiago azaltzeko: “Beharbada hiru urte dituenean eramaten duzu zure haurra erregistrora, baina umea jaio den unetik hasten da urteak betetzen, ez erregistratua izan denetik”. Haur hori hazi da, ongi hazi ere, herriko erreferente nagusietako bat izateraino.

Ez da erraza Ostadar definitzea, baina kirola eta Lasarte-Oria egongo lirateke esaldi horretan ziur asko. Bi hitz horiek oinarri moduan hartuta, liburu bat argitaratu zuen elkarteak 1993an, Iñigo Ayestaran kazetariak idatzitakoa. Urte horretara arte gure herriak zituen kirol ohiturak eta historia bildu zituen Ayestaranek bertan.

Hurrengoa nork idatzi eta noiz argitaratuko duten ez dakigu oraindik, baina duela 22 urteko horretan ez dagoen zerbait irakurri ahalko dugu: Lasarte-Oriako udalak omendu egin duela Ostadar, orain arte herrian eta herriarengatik egindako lan guztiagatik.

Ostadar SKT omenduko du Udalak San Pedro jaietan. Zer esanahi dauka horrek elkartearentzat?

Albiste oso pozgarria da guretzat. Ostadarrek ez du sari ofizialik jaso orain artean; honako hau izango da lehenengoa. Pablo Barrio alkateak eta Taxio Arrizabalaga kirol zinegotziak horren berri eman zigutenean pozarren hartu genuen albistea. Ohore bat da.

Gutxi batzuk igoko zarete saria jasotzera balkoira, herri oso bat ez baita kabitzen bertan. Dena dela, zuek bezainbeste poztuko dira herritar ugari. Erreferente zarete Lasarte-Orian.

Omenaldiak berak asko poztu gaitu, baina herritarrek ematen diguten babesa da saririk handiena guretzat. Antolatzen ditugun kirol ekintza guztietan jasotzen dugu babes hori, jende askok hartzen baitu parte horietan. 

Gero eta jende gehiagok gainera. Urtetik urtera gehiago zarete.

Datuak eskutan hartuta, astero-astero 700 pertsona inguru mugitzen ditugu: kirolariak, familiak, entrenatzaileak... Ez da erraza guzti hori koordinatzea, baina horretarako lanik egiten dugula ezin digute esan.

700 beharbada ez, baina ez ziren askoz gutxiago bildu ekaina hasieran antolatu zenuten denboraldi amaierako festan.

Aurtengoa esperientzia berri bat izan da guretzat, aurreko urteetan beste era batera antolatu izan baitugu. Froga bat egin nahi genuen: herriaren erdigunean bertan, Okendo plazan kokatzea denboraldiko azken festa hori. Emaitzarekin gustura geratu gara, helburuak betetzea lortu baitugu: kirola eta gure jaialdia kalera ateratzea. Datozen urteetara begira, ikusiko dugu zertan hobetu dezakegun eta nola borobildu dezakegun festa hori.

Aurtengo urtekariko hainbat ale banatu zenituzten festan. Editorialean datorren denboraldira begira baikor izateko arrazoiak badituzuela esaten duzue. Zeintzuk dira?

Testu horretako lehen lerroek kutsu ironikoa daukate. Hilabete da hauteskundeak egin zirela herrian, eta kanpainan egon bitartean politikariek egiten dituzten promesetan jarri nahi izan dugu fokua. 

Hainbatetan entzun dugu esaterako herriko kirol instalazioak hobetuko dituztela edota diru-laguntza gehiago jasoko ditugula. Promesak egin dituzte, baina ikusiko dugu betetzen dituzten edo ez.

Politikarien asmoak zeintzuk diren ez dakigu, baina Ostadarrenak bai. Kirol taldeak ez dituzue murriztuko. Are gehiago, zenbait arlo zabaltzeko lanetan ari zarete.

Zazpi atal federatu ditugu gaur egun: futbola, areto-futbola, saskibaloia, boloak eta toka, tenisa, mendizaleak eta zikloturismoa. Futbolean bi talde gehiago atera nahi ditugu eta beste bat saskibaloian, gainontzekoak mantentzeaz aparte. Hurrengo urtean zortzi atal izango ditugu: 'Nordic walking' edo ipar martxa izenez ezagutzen den kirola sartuko dugu.

Gogora ekarri nahi dut berriro editoria, horrelako arrazoiengatik idatzi baikenuen. Herriko kirol instalazioak zaharkituta daude eta txiki geratzen ari dira; gero eta arazo gehiago ditugu ordutegiak koadratzeko. Hori horrela den arren, gure intentzio eta irizpideak argiak dira: Lasarte-Orian eta gurekin kirola egin nahi duen orori eman nahi diogu aukera, gero ikusi beharko da hori posible izango den ala ez. Hori bai, berrikuntzak eta aldaketak oso beharrezkoak dira, instalazioen alorrean batez ere. Michelingo futbol zelaia txiki geratu da, saskibaloi eta areto-futboleko taldeek arazoak dituzte entrenatu eta jokatzeko... Udaletxeak badu lana.

Komeriak komeri, bukatu berri den denboraldian zehar lortu duzue dena aurrera ateratzea. Zer balorazio egiten duzue?

Positiboa. Kirolaren bitartez herria bultzatu nahi dugu, herritarrei aukera eman gustuko duten kirola egiteko. Haiengandik ere babes asko jasotzen dugu, eta gu horrekin konformatzen gara. Kirol-emaitzak onak badira askoz ere hobeto, baina hori ez da lehentasuna guretzat.

Lan handia egin dugu denboraldian zehar, atsedenik ez daukagu. Gero eta atal gehiago ditugu, gero eta gehiago gara, eta horrek etengabeko ahalegina eskatzen digu.

'Lana' eta 'kirola' hitzak askotan aipatu ditugu elkarrizketan zehar. Ostadarren mugak areago daude ordea, beste zenbait esparrutan ere murgilduta zaudete.

Kirola sustatzea da helburu nagusia, baina beste zenbait arlo sozialetan ere murgilduta gaude, euskaran esaterako. Korrika edo Euskararen Maratoia bezalako ekitaldietan beti egon gara presente, eta oso argi daukagu bertan egongo garela etorkizunean ere. 'Guk kirola euskaraz' akordioa ere sinatu genuen iazko abenduan, herriko beste hainbat kirol eragilerekin batera. Gure konpromisoa irmoa da.

Aniztasuna da gure herriak daukan beste ezaugarri bat, eta alor horri ere babesa ematen diogu. Ostadarren lantaldeko pertsona bat espreski arduratzen da esparru horretaz. Aniztasunaren inguruan sor daitezkeen gaiak jorratzen ditu eta behin zehaztuta daudenean babesa ematen diegu guk klubaren izenean.

Herriko merkataritzan ere presente gaude. Urtero antolatzen dugun kros herrikoiarekin batera 'Lasarte-Oria Bai!' marka sortu genuen. Ekimenaren atzean kirola zegoen noski, baina herriko merkataritza sustatzea ere bai. Lasarte-Oriako kaleetan giro ederra sortzeaz eta kirola sustatzeaz gain, hirugarren sektoreari bultzadatxoa ematen diogu urtero-urtero. 

Hitz egin dezagun krosaz. 20. edizioa izango da aurtengoa.

Hala da bai. Bi hamarkada igaro dira lehenengo lasterketa herrikoia antolatu genuenetik. Urteurren berezia izango da, zenbaki borobila, eta ziur asko sorpresaren bat edo beste prestatuko dugu. Horretan ere ari gara lanean, baina ezin dezakegu ezer gehiago aurreratu. Momentua iristen denean herritarrek izango dute horren berri.

Krosari buruzko hori ez da izango datozen hilabeteetan emango duzuen albiste bakarra, ezta?

Aurten argitaratu dugun urtekarian irakur daitekeen bezala, webgune berri bat sortzen ari gara: www.ostadarskt.eus

Alor horretan geldi egon gara orain arte. Ikusi dugu orain daukagun web orrialdea zaharkituta geratu dela. Hori dela eta, herriko web diseinatzaile batzuekin harremanetan jarri ginen proiektu horri ekin eta aurrera eramateko. Oraindik ez dago bukatuta, baina asmoa da elkarteari buruzko informazio guztia biltzea atari berri horretan. 

Gure espazioa sortu nahi dugu sare sozialetan, Twitterren eta Facebooken batez ere. Esparru horiek ematen dituzten abantailak baliatu nahi ditu Ostadarrek. 

1983an Twitter eta Facebook ez ziren existitzen, baina Ostadar Kirol Taldea bai. 

Urte horretan landatu genuen gaur egun garenaren hazia. Duela 32 urte sortu genuen lehenengo areto-futbol txapelketa, 1983ko azaroan. 18 taldek hartu zuten parte, eta Zubi tabernak irabazi zuen. 

Futbol eta saskibaloiko atalak handik lau urtera sortu genituen, 1987an. Rugby talde bat ere sortu genuen 1991n; denboraldi horretan emakumezko futbol taldekoak konpetitzen hasi ziren baita ere... Urte asko daramatzagu lanean, hazten ari gara urtetik urtera.

Gainera, gauza bitxi bat gertatu zaigu azken urteetan. Zenbait elkartek jo dute guregana babes eske. Orain dela lauzpabost urte mendizale zein zikloturisten gure proiektura batu ziren, Beltzak Rugby taldearekin batera eskola ere sortu dugu... Gero eta gehiago gara.

Hainbeste hazi den elkarte bat kudeatzeko ezinbestekoa da lan egitea, baina dirua ere bai.

Azken urteetan areagotu egin dira klubaren atalak eta baita aurrekontua ere. Hainbat iturritatik jasotzen ditugu diru-sarrerak: bazkideengandik, sponsorrengandik, kirol kuotetatik eta diru-laguntzetatik.  Garrantzia handia dute guztiek. Kostata baino nahiko ongi mantendu dugu aurrekontuaren oreka.

Bestalde, Udaletxetik jaso ditugun dirulaguntzak eskas samarrak izan dira historikoki. Kirolariek kiroldegiko bazkide izan behar dute; 45.000 euro jasotzen ditu Udalak eta guri 17.000 euroko diru laguntza eman digute. Kirol ekintzak guk antolatzen ditugu, gainera. Tamalez, kirolari ez zaio eman behar bezainbesteko garrantzia herri honetan. Batzuentzat kirolak gastua esan nahi du, inbertsio izan ordez. Ez goaz ongi bide horretatik.

Horrez gain, beste buruhauste bat ere badugu: Entrenatzaileen kontratuak eta haien lan legalizazioak. Ekonomi arloan lanak eman dizkigu. Zabala da gaia, eta zaila irtenbidea. Denborak markatuko du gai horren norabidea. 

Fronte asko dauzkazue irekita. Mugimendua etengabekoa izango da Geltoki kalean daukazuen lokalean.

Ia ez daukagu atsedenik. Eta, orain lokala aipatu duzula, esan behar dut Ostadar ez dela beti egon oraingo lokalean lanean, dezentetan aldatu gara tokiz urte guzti hauetan zehar: oraingo osasun etxearen parean zegoen ikastolako lokal bat, Txepetxen albokoa, Okendokoa...eta oraingoa. 

Ilargipean egiten genituen bilerak elkartearen lehenengo urteetan. Ostadarren jatorria eta urte guzti hauetan zehar egindako lan mordoa baloratu egin behar ditugu. 

Pertsona askok hartu dute parte prozesu horretan. 

Dudarik gabe. San Pedro jaietan jasoko dugun omenaldi hau eskaini nahi diegu pertsona horiei guztiei, baita jada gure artean ez daudenei ere. Denona da sari hau.