Gonzalo Zabala: “Nire helburu guztiak bete ditut”

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko abe. 24a, 12:00
'Zer pasa zitzaizun burutik gailurrera iritsi zinenean?'. Galdera horrekin hasi da elkarrizketa. “Aurrena, bukatu dela, kitto. Gero, argazki batzuk azkar batean atera eta jaitsieran hasi nintzen pentsatzen, hori baita fase garrantzitsuena; %110ean egon behar duzu”, erantzun du Gonzalok. Azaroaren 2an iritsi zen gailurrera, 06:40ean, Tenzing sherparekin batera. “Jaitsi zarenean hasten zara egindakoaz gozatzen”, gehitzen du. Hilabete eta erdi igaro da ordutik, baina herritarrak atzo izan balitz bezala gogoratzen du.

Ahalko banu, bihar bertan joango nintzateke berriro, baina faktore askok bat etorri behar dute: lanean oporrak hartzeko aukera, dirua aurreztua izatea, espedizioaren data zuri ongi etortzea... Zaila da, horrelako aukerak oso noizean behin besterik ez dira suertatzen”. Gonzalo Zabala herritarrak ez zuen aukera pasatzen utzi iazko urrian Himalaya mendilerroko ekialdeko zonaldeko Ama Dablam mendia (Nepalen, 6.812 metro) igotzeko espedizio bateko partaideetako bat izateko. 

“Bageneramatzan pare bat urte Himalayara joan nahian. Zortzimilakoen bila joatea ez zen erreala, ekonomikoki zein teknikoki. Zazpimilakoak ere garestiegiak ziren, eta horregatik aukeratu genuen Ama Dablam, garaieraz ia zazpi mila metro dituen arren, ez delako iristen, eta merkeagoa delako. Elkarrekin ibili ohi garen lau mendizale animatu ginen”, azaltzen du Gonzalok. “Askok diote munduko mendirik ederrena dela, eta ni neu ere asko erakartzen ninduen”, gehitzen du.

Iazko urrian planari forma ematen hasi, eta, aurtengoan berriz, gauzatu. Urriaren 11n hartu zuten hegaldia Katmandu (Nepalgo hiriburua) alderantz. Bertatik Luklara, 13an. Hiri hori izan ohi da Himalayako mendiren bat igoko duten alpinisten irteera-gunea. Gonzalo eta gainontzekoek ere bertan ekin zioten aklimatazio-faseari, trekking egiten, 6.812 metroko mendi bat ez baita egun bakarrean igotzen.

Egunak igaro ahala, progresiboki areagotu zituzten altuerak. Errepasoa egiten du herritarrak: “Trekking egin bitartean 4.200eko gailur bat egin genuen, 5.000ko bat gero, 5.500eko bat ere bai... 6.200 metroko Island Peak mendia ere igo genuen”. Hori eta gero, Ama Dablamera igotzeko kanpamentu basean sartu ziren, urriaren 26an.

“Mendia gutxietsi genuen”

Gonzalok berak dioenez, ia zazpi mila metro dituen mendi bat igotzeko aurre-lana “ongi” egin zuten, baina Ama Dablam “azkarregi” igo zutela ere aipatzen du: “Lehenengo kanpamentutik bigarrenera azaroaren 1ean iritsi ginen, 15:00ak aldera. Egun horretan bertan, 23:00etan abiatu ginen gailurrerantz. Espedizioa bukatu eta baloratzerakoan, aipatu genuen hobe izango litzatekeela bigarren kanpamendura igo, ikusi zer nolako exijentzia-maila zeukan, eta gero berriro jaistea atseden hartzera. Halere, ez zen izan guk nahi izan genuelako, kanpamentuko denda kopuruarekin-eta arazoak zeudelako baizik”.

“Espero genuena baino gogorragoa zen Ama Dablam, bertikala oso, esfortzu asko eskatzen zuena”, gaineratzen du Gonzalok.

Gailurra, azaroaren 2an

Bigarren kanpamentutik azaroaren 1eko gaueko 23:00etan irten ziren. Gonzalok hurrengo goizaldeko 06:40ean egin zuen gailurra, Tenzing sherparekin batera. “Egun eguzkitsua zen oso, dezenteko hotza egin zuen [10-15 gradu zero azpitik], baina haizerik ez apenas; zortea eduki genuen”. 

Lan erdiak eginak zituen herritarrak. Lortu zuen gailurra egitea, baina jaitsi egin behar zen gero. Hori izan zen herritarrari burura etorri zitzaion aurreneko pentsamenduetako bat: “Ezer baino lehen 'bukatu da, kitto', pentsatu nuen. Agonia bat da goraino iristea, leher eginda zaude... Atseden pixka bat hartu, zerbait jan eta edan eta jaitsieran pentsatzen hasi nintzen berehala, hori baita fase garrantzitsuena. %110ean egon behar duzu, oso kontzentratuta, eta garbi eduki eman beharreko urrats bakoitza”, zehazten du.

“Adimenez bizkor ibili behar duzu, rappel eginez jaisten zarelako; elur edo izotzetan sartu behar dira sokak, ezegonkorrak izan daitezke, ez da arroka batean atornilatzea bezala. Tentsioan zaude, anklajeak ongi egon daitezkeelako ala ez”, dio Gonzalok. Jaisten hasi aurretik, ordea, argazki batzuk atera zituen mugikorrarekin, azkar batean, bateria agortu baino lehen: “Jendeak esan ohi dit argazki oso politak ateratzen ditudala, baina ez naiz ni, paisaiak egiten du dena!”.

Jaitsitakoan gozatu

Atseden hartu, zerbait jan eta edan eta jaitsieran pentsatzen hastearekin batera, herritarrak itxaron egin zuen kideren bat gehiago gailurrera iritsi arte. Bat bera ere iristen ez zela ikusita, beheranzko bidea egiten hastea erabaki zuen. 

Eguerdian iritsi zen bigarren kanpamentura, 12:30ak aldean. “Denda bat besterik ez geneukan guretzat; hiru sartzen ziren eta bost ginen. Baten batek jaitsi egin behar zuen, eta indartsu sentitzen nintzenez, erabaki nuen ni jaitsiko nintzela. Ura berotu, isostar pastila eta glukosa gel batzuk hartu eta behera; 20 orduko saioa egin nuen”. 

Lehenengo kanpamentua igarotzean hasi zen Gonzalo egindakoaz gozatzen: “Gune hori igarotakoan jada trekking egiten jaisten zara, eta orduan hasten zara dastatzen gailurrera iritsi izana. Behera jaistean garagardo bat edan, arroza jan eta zakura sartu nintzen lo egitera, oso gustura”.

Gonzalok dioenez, gozatzearen sentsazio hori ez da erabatekoa, Ama Dablam igo bai, baina gailurretik ikusten zirelako garaiera handiagoko mendiak: “Badirudi sekulako balentria egin duzula, baina gailurretik Everest [8.848 metro] ikusi eta pentsatzen duzu: 'A zer nolako huskeria egin dudan!'. Ez nintzen igo gailurrik altuenera, eta horregatik ez duzu hainbeste gozatzen: Everest bera, Lhotse, Cho Oyu, Makalu, Pumori... Ama Dablam baino garaiagoak diren mendi ugari daude Himalayan”.

“Helburuak bete ditut”

Herritarrak aipatzen du “helburu pertsonal guztiak” bete dituela eta “oso indartsu” sentitu dela espedizioak iraun bitartean. Arestian esan bezala, azaroaren 2ko goizaldean iritsi zen gailurrera Tenzing sherparekin batera. Berarekin atera ziren gainontzeko mendizaleetatik bat gehiago iritsi zen goraino, Gonzalo ailegatu eta ordu batzuetara. Gailurreraino iritsi ezin izan zutenak buelta ematea erabaki zuten azkenean.

Azaroaren 5ean utzi zuten Ama Dablameko kanpamentu basea eta Katmandurantz joan ziren trekking egiten. Bertara 7an iritsi ziren, erosketak eta beste zenbait kontu egin eta hegazkina 8an hartu zuten; hurrengo egunean iritsi ziren Euskal Herrira.

Espedizio “onena”

Argi mintzo da Gonzalo: “Hau izan da orain arte egin dudan espedizio politena eta onena, baina baita zailena ere, teknikoki asko exijitu digu”. 'Dorre horia' izenez ezagutzen den horma gogoratzen du: “Seigarren gradukoa da, 30 bat metrokoa. Santa Barbaran horrelako hormak egiteak asko nekatzen bazaitu, pentsa ezazu gauza bera egitea baina 6.000 metrotara, oxigeno gutxirekin eta motxila pisutsua bizkar gainean daramazula”.

Modu argi eta ulerterraz batean laburbiltzen du Gonzalok espedizioa zer izan den berarentzat: “Zure bizitza osoan liburuetan ikusi eta haiei buruz irakurri dituzun mendiak dauden tokira joan zara; zure pelikula gogokoena ikustea bezala da, baina zu bertan zaudela”.

Antolakuntzari buruz ere ongi hitz egiten du: “Katmandura iritsi bitartekoa zuk zeuk lotu behar duzu, baina behin hara iritsita agentzia arduratzen da: zure bila doaz, hotelera eramaten zaituzte...oso ongi daukate antolatuta dena”.

Asian Trekking agentziak nazioarteko baimen bat erosi eta partizipazioak saldu zituen gero. Gonzalok eta beste hiru lagunek erabaki zuten horretan parte hartzea, eta Mendiak eta Herriak agentziarekin jarri ziren harremanetan. Eurek kontaktua dute Asiako konpainia horrekin, eta espedizioa kudeatzen hasi ziren.

Hemendik lau mendizale joan ziren, baina berez taldea hogeik baino gehiagok osatzen zuten: kataluniarrak, poloniarrak, alemaniarrak... “Haiekin baimena partekatzen duzu, baina Ama Dablamen ez genituen ikusi”, dio Gonzalok.

Sherpei buruz galdetuta, “oso atseginak” direla dio, eta “alor guztietan” laguntzen diotela alpinistari: “Zuk jateaz eta edateaz oso pendiente daude, aholkuak ematen dizkizute...Bi altuerako sherpa etorri ziren gurekin; nirekin gailurrera iritsi zenak 11 aldiz igo du Everest". Nepalgo biztanleak ere “oso adeitsuak” dira, herritarrak zehazten duenez.

2002tik mendian

Himalaya “mendizaletasunaren gune erreferentziazkoena” dela nabarmentzen du herritarrak. “Oraindik joateko moduan gaudenez, aprobetxatu egin behar dira aukerak; uzten bazoaz, azkenean ez zara inoiz joaten”.

Alpinistak gogora ekartzen duenez, gaztetan futbolean jokatu zuen Ostadar SKTn, eta bizikletan ere eginak ditu kilometro ugari, martxa zikloturistetan eta antzekoetan atera ohi baitzen. Hori, belaunean min hartu zuen arte. Bizikleta saldu eta mendia egiten hasi zen 2002. urtean.

2016. urtean ezagutu eta bere hankekin zapaldu du Himalaya Gonzalok. Horren atzetik baditu hainbat espedizio gehiago eginda. “Hasieran hemen gertuko mendietan aritzen ginen, Pirinioetara joaten ginen. 2004. urtean Kilimanjarora [Tanzania, Afrika, 5.892 metro] joan ginen”, oroitzen du. “Urtero” saiatu izan dira “espedizio bereziren bat” egiten, baina elkarrizketa hasieran aipatzen dituen faktoreak tarteko (dirua, egunerokotasunarekin uztartu beharra, etab.), beti ezin izaten dute aurtengoa bezalako espediziorik egin. Halere, mundu osoko hainbat menditan egona da lasarteoriatarra: “2004an Kilimanjarora [Tanzania, Afrika, 5.892 metro] joan ginen, hurrengo urtean Aconcaguara [Argentina, 6.960 metro]. Elbrus [Kaukaso, 5.642 metro] edota Lenin Peak [Tayikistan eta Kirgistanen arteko mugan, 7.134 metro] ere igo ditugu”. Espedizio berezirik egin ezin dutenean, saiatzen dira astebete inguruz Alpeetara joaten, uda partean. 

Gonzalok, halere, ez du zertan munduan barrena ibili mendiaz gozatzeko: “Berdin-berdin gozatzen dut Aralar igotzen edo Ziordian eskala-tzen [Nafarroa], adibidez”.

Gakoa, konstantzia

Ziordian bakarrik ez, etxetik oso gertu ere, Santa Barbaran hain justu, eskalada saio ugari egiten ditu Gonzalok. Hori da bere prestaketaren oinarrietako bat. Astean bitan joan ohi da, astearte eta ostegunetan. Astelehen, asteazken eta ostiraletan, berriz, mendira joaten da, Txindoki edota Buruntza igotzen ditu korrika. “Konstantea izatea da gakoa”, nabarmentzen du.

Asteburuetan ere saiatzen dira irteerak egiten: “Pirinioetara joaten saiatzen gara, hilabetean behin gutxienez. Goizeko bostetan hemendik irten, zazpi t'erdietan iritsi eta bertan aritu arratsaldeko hiruak edo lauak arte, eta buelta gero. Askoz gehiagorik ezin dugu egin; ideala litzateke Alpeetara joan astebetez eta laumilakoak egitea, baina ez daukagu denborarik eta dirurik horretarako”.

Mendian hasi zenetik pixkanaka-pixkanaka erronka berrien bila abiatu izan da Gonzalo. Mailaz igo ahala mendien zailtasuna ere areagotu egiten dela dio, eta hori gertatu ahala ikastaroak egiten hasi zen federazioan, espedizio bati ekin aurretik jende esperientziadunarekin hitz egin izan du, aholkuak jaso ditu. “Teknika hartua daukazu, mekanizatua; rappelatzea eta antzeko gauzak egiten dituzu behean zaudenean ere, mendian zaudenean altuera da aldatzen den faktorea. Mendiak jartzen du bakoitza bere tokian, baita baldintza meteorologikoek eta prestakuntza pertsonalak ere. Horregatik diot %110ean egotea funtsezkoa dela, eta gailurreratzean bizkor egotea adimenez, jaitsieran gertatzen baitira istripu gehienak”.

Egunerokoaz deskonektatu

Eguneroko errutinaz aldentzen laguntzen dio mendira joateak Gonzalori. ”Pirinioetara joaten garen larunbat horietako batean, gailurrera heltzen zara eguerdiko hamabietan, bokadilo bat eskuetan eta ardo zatoa alboan, eta zure buruari esaten diozu: 'Zer gehiago behar dut une honetan?'. Beste mundu bat da hor goikoa, egunerokotasunean ikusten ez dituzun bistez gozatzen duzu adibidez: egunsentiak, ilunabarrak, glaziarrak...oso toki desberdinak dira, kaletik zoazenean ikusten ez dituzunak”.

Herritarrak aipatzen du ”jende asko” ezagutu duela mendira joaten hasi zenetik, ”munduko hainbat tokitakoak, bestelako kulturak eta ohiturak” dituztenak. Bizitzan eta toki denetan gertatzen den legez, ”denetik” dago mendian ere, herritarrak zehazten duenez: ”Pertsona on ugari ezagutu ditut, laguntzeko prest daudenak, eta baita jende oso berekoia ere, uste dutenak beraiek daudela beste guztiaren gainetik”.

Orain arte esandakoarekin gutxi ez, eta honakoa azpimarratzen du Gonzalok: ”Ama Dablam igotzeko egin dugun espedizioa bezalakoak burutzen dituzunean baloratzen duzu eguneroko gauzek, guretzat ohikoak bilakatu direnek daukaten balioa. Ur beroa zuzenean edukitzea iturria irekitzean, ez elurra hartu, urtu, bi zopa-pastilla bota eta hotzez akabatzen egon bitartean hori berotzea; etxeko ohean lo egitea eta ez kanpin-denda batean zaku baten barruan, lagunekin geratu eta zerbait hartzera joan taberna batera, goxo-goxo... Egunerokoak eta arruntak diruditen gauza txiki horiei balio askoz gehiago ematen diezu”. 

Eta, etorkizunean, zer?

Argi eta garbi dauka Gonzalok galdera horren erantzuna: hemen inguruko mendietan ibili eta horiez gozatu nahi du, Buruntza, Andatza, Aralar... Aipatzen duenez, beharbada Alpeetara joango dira astebete inguruz udan, baina oraindik ez daukate ezer zehaztuta. ”Aukera bereziren bat sortuko balitz ikusiko genuke zer egin, baina ez gara bila ibiliko. Esan bezala, oso zaila da Ama Dablamgoa bezalako aukerak edukitzea, oso noizean behin suertatzen dira. Bestalde, familia ere hor dago, orain dela gutxi arte kide bakoitza munduaren ertz batean egon da: Ione alaba Mexikon ikasten, emaztea hemen eta ni Nepalen!”. 

Elkarrizketako hitzordura argazki askotan agertzen den bezala etorri zen herritarra, motxila bizkarrean eta mendiko arropa soinean. Ostegun arratsaldea zen; Santa Barbaran eskalatzea tokatzen zitzaion orduko horretan. Horrela ibiltzen da herritarra astero, hara eta hona: “Ez da gelditu behar, bestela herdoildu egiten zara eta!”.