“Gidoia irakurri dutenak gustura geratu dira; hori da sari handiena”

Iñigo Gonzalez Sarobe 2015ko ots. 13a, 11:37
Cafe Bar Bilbaoren antzerki laburreko gidoi lehiaketa irabazi du Idoia Garzes herritarrak. Mendian zegoen Idoia Garzes, lagun batekin, sariaren berri izan zuenean. "Ostatuan wi-fi konexioa zegoen eta bertan jaso nuen berria. Poz handia hartu nuen", aipatzen du irribarre batekin. 1.200 euroko saria jaso du, baina saria arlo ekonomikotik harago doala dio: "Jende askok zoriondu nau, hori izan da zoragarriena". Hurrengo 'saria' ere buruan dauka Idoiak: "Antzerkia taularatuta ikustea litzateke bigarren saria niretzat; Kukukak egingo balu herrian, taberna giroan, zer esanik ez".

Elkarrizketa hasi baino lehen kafesne bat eskatu arren, Idoia Garzesek ez ditu horrelako asko edan 'Buruaz norbere egin' gidoia idatzi bitartean: “Izenburua etorri zitzaidan lehenengo. Argi neukan elkarrizketa bat behar zuela izan, bi emakumeren arteko solasaldi bat. Blokeka joan nintzen gidoia osatzen; zati bat idatzi eta geratu, horrela bukatu arte”.

Mertxe eta Anamari

Baserri giroko adineko bi emakume dira protagonistak, Mertxe eta Anamari. Lantegi batean egiten dute lan, eta ez dute kafe askorik hartzeko denborarik izaten. Noizean behin hitz egiten dute elkarren artean, ordea. Ez edozein gai hutsali buruz; erabaki traszendental baten inguruan baizik. Euren lankide Felik hartutako erabaki “koldar” bati buruz hasten dira hausnartzen, eta ohartzen dira besteen zerbitzura bizi izan direla beti, eta badela garaia behingoz euren bizitzaren lema hartzeko.

“Besteei emanak bizi izan dira beti Anamari eta Mertxe (familia, senarrak, lana...), baina erabakitzen dute badela garaia hori atzean utzi eta eurengan pentsatzen hasteko garaia, lema hartu eta bizitzeko garaia. Norbera norbere bihurtzen da”, azaltzen du gidoiaren idazleak. 

Erabaki oso garrantzitsu bati buruz ari dira protagonistak, baina testuan bien hainbat ateraldik barre egiteko tartea ere ematen dute. "Drama bat da, ironia puntu batekin. Umoretsua ere bada hein batean, uzten ditu barre egiteko tarteak ere. Komedia ere egon daiteke dramaren barruan baina, nolabait kokatzearren, ez da 'Kutxidazu bidea Ixabel' bezalako zerbait". 

Elkarrizketa laburra baina bizia da bi protagonistena. Hala ere, bi ezaugarri horiek edukitzeak ez du esan nahi noka aritzen diren Mertxe eta Anamariren gogoetak sakonak ez direnik. 

Emakumearen bizimodua eta rolari buruzko aldarrikapenak aurki daitezke, Garzesek azaldu moduan: “Euskal matriarkatua kontzeptua kritikatzen dut, esaterako. Hainbat urtetan saldu diguten txorakeria bat da. Mertxek eta Anamarik aipatzen dute testuan alaba, ama, emazte eta errain izateko heziak izan direla. Hori baldin bada euskal matriarkatua, jai daukagu! Matriarkatua benetan existituko balitz, lehendakari izango nintzateke ni orain!”. 

Jaso duten hezkuntzarena bezalako gogoetek eramaten dituzte Mertxe eta Anamari erabaki garrantzitsu hori hartzera: euren bizitzaren jabetza hartzera, norbere izatera. 

Gogoeta eginarazten

Zein ote da erabaki hori? Lana utziko al dute? Senarrak eta familia, akaso? Dena errotik moztu eta euren buruaz beste egingo ote dute? 

Gidoia irakurri ahala sortuko zaizkie zalantza horiek irakurleei. Ariketa hori egin beharko dute; pentsatu, hausnartu. Idoia Garzesek ez die erantzun garbirik emango, ordea: “Ez zait gustatzen dena egina ematea. Irakurleari tartea uzten diot ondorioak atera eta gogoeta egiteko”.

Mertxek eta Anamarik suizidatzea erabakitzen dutela izan da irakurle askok ondorioztatu dutena lehen irakurraldiaren ondoren. “Askok aipatu didate nola izan ote naizen gai bi emakumeak suizidiora eramateko, baina gidoia berriz irakurriz gero jabetzen dira nik ez dudala gai hori aipatzen esplizituki. Hori pentsaraztera eraman nahi dut nik irakurlea, nahiz eta erabakia edozein izan daitekeen. Lantokia uztea izan daiteke soilik, nork daki!”.

'Amarru grafikoak' ere erabili ditu idazleak. 'Buruaz norbere egin' eskutan edo begien aurrean izanez gero, izenburua irakurri bezain laster etorriko zaio irakurleari ziur asko buruaz beste egitearen ideia: "Norberatik norberera egiten dutenez jauzi protagonistek, 'a' hizkiarekin jolas egin eta iraulita agertzen da, aldaketa adieraziz. Badirudi baita ere hizki hori beherantz jausten ari dela", azaltzen du Idoiak.

"Gidoia idazterakoan hiztegi zabala erabili dut, baserri garaiko zenbait espresio, lokuzioak, atsotitzak... Hizkuntzarekin jolastu daitekeela uste dut; asko gustatzen zait niri". 

Euskarazko saria

Mikel Martinez aktore eta Cafe Bar Bilbao tabernaren jabea ere bigarren irakurraldian jabetu zen behar baino lehenago atera zituela ondorioak: “Buruaz beste egitearena Mikelek berak ere aipatu zidan. Aktorea da bera eta mundu horretan mugitzen da, baina berriz irakurtzean ohartu zen Anamari eta Mertxe beharbada ez zirela suizidatu!”, oroitzen du Garzesek.

Idazlearen 'amarru' horretan erori arren, Martinezi testua gustatu zitzaiola dio Garzesek: “Hainbat gidoi irakurri ditu Mikelek bere ibilbidean zehar, eta nire gidoia ona dela esaten entzuteak asko poztu nau; badaki zertaz ari den”. 

Lagun batekin batera mendian zegoen Idoia Garzes sariaren berri izan zuenean. “Wi-fi konexioa zegoen ostatuan eta bertan izan nuen horren berri”, gogoratzen du. 

Ostatua ez, taberna bat da Cafe Bar Bilbao. Guztiek egiten duten bezala, hainbat kafe zerbitzatzen ditu egunean zehar. Eta, beste inork egiten ez duen moduan, euskarazko eta gaztelerazko antzerki laburren gidoien saria antolatzen du urtero. XII. edizioa izan da aurtengoa, eta euskarazko saria bereganatu du Idoia Garzesek. Gaztelaniazkoa berriz, Teresa Calo aktorearentzat izan da. 'La plancha o la vida' du izena hark idatzitako gidoiak.

Idoia Garzesek 1.200 euro poltsikoratu ditu saria irabazteagatik. “Langabezian nengoen orduan eta aizu, 1.200 euro 1.200 euro dira”. 

Saria, ordea, zenbakiez harago doa: “Jende ugarik zoriondu nau irabazi ostean. Asko gustatu zaiela esan didate, hori da benetako saria niretzat, gauza zoragarriena. Nahiago ditut 1.200 zoriontze 1.200 euro baino”. 

"Anekdota bitxi bat gertatu zait azken egunotan: duela gutxi Euskadi Irratian elkarrizketatu ninduten, eta jende askok galdetu dit ea ni naizen edo ez eta zoriondu ere bai. Kasualitatez nire urtebetetzea ere izan da eta haiekin hitz egiterakoan honakoa galdetzen nien: Zoriondu bai, baina zergatik?", oroitzen du Idoiak. 

Antzerkia taularatu

Cafe Bar Bilbaorena eskuratu eta gero, bigarren 'sari' bat dauka buruan Idoia Garzesek: “Gidoia irakurri ostean antzerki talderen batek taularatzea erabakitzen badu, aurrera. Herriko Kukuka taldeak egingo balu hemengo tabernaren batean... Bigarren sari bat izango litzateke hori niretzako”.

Taberna giroan, 20 minuturen bueltan taularatzeko gidoia prestatu du Idoia Garzesek. Euskarazko saria irabazi arren, berarentzat egindako testu bat dela dio, irabaztea ez zela xedea: "Idazten ditudan testuak niretzako egiten ditut, gustatzen zaidalako. 'Buruaz norbere egin' gidoiaren ideia berehala bisualizatu nuen eta idazten hasi nintzen, eta bukatu ostean lehiaketako baldintzak betetzen zituela ikusita, aurkeztea erabaki nuen".

“Lehiaketara gidoia aurkeztu nuen banekielako lan txukuna zela; ez nuen erridikulurik egin nahi. Dena dela, niretzat idatzi nuen; polita iruditu zitzaidan ideia eta pixkanaka paperean islatzen joan nintzen, buruan eta koadernoetan nituen apunte mordoa baliatuz”, dio Garzesek.

Idoiaren koadernoko zirriborroetako batzuek, ziur asko, zerikusia izango dute Olentzero eta herriko Santa Ana ospakizunarekin. Badaramatza urte batzuk bi ekitaldi horietarako gidoiak prestatzen; “oso gustura” egiten duela aipatzen du kazetari eta idazle herritarrak. 

Bizkarrezurra

Antzerkiaren atal guztiak (antzezpena, eszenografia...) ahalik eta ongien mugitu daitezen, beharrezkoa da bizkarrezur ona eta sendoa izatea. Garzesek adierazi moduan, gidoiak betetzen du funtzio hori: “Gidoia da antzerkiaren ardatza. Penelope Cruz baldin badaukazu, bera izango da ikusleak gatibatuko dituen amua, baina ziur Penelopek berak nahiago duela testu on bat erdipurdiko gidoia baino”.

Antzezlan, telebista-saio eta filmen ardatza izan arren, Cafe Bar Bilbaok antolatutako moduko sari “gutxi“ daudela dio Garzesek: “Kutxak eta beste zenbaitek ematen zituzten horrelako sariak, baina urteen poderioz desagertzen joan dira, krisi ekonomikoagatik bereziki. Mikel Martinezek badaki zer dagoen eta bultzadatxoa eman nahi dio gidoilaritzari. 1.200 euro saridun bakoitzari... Bejondeiola! Hark bai kafe mordoa zerbitzatzen dituela!”.