Gabezia: “Ezinegona baretzeko jotzen dugu, barrua husteko egiten dugu musika”

jon-altuna-egitegi 2014ko abe. 22a, 11:00
Julen Basterra, Guillermo Murcia eta David eta Guillermo Carcedo anaiak dira Gabezia taldeko kideak. Ez dute beste taldeen bertsiorik jotzen. Ez dira eta ados jartzen. Bakoitzak bere musika gustuak ditu, gabeziak. Eta kolore guztiak batu dituzte 'Bilanx estudioko lan berri honetan. Jendeak metala zarata eta garrasiarekin alderatzen duela diote, eta ez dute halakorik ukatzen. Baina euren kantuetan badago musika eta sentimendua, zarataz gain. Hori zuzenean berresteko aukera izango dute herritarrek Abenden, urtarrilaren 9an.

Donostian egin dugu hitzordua, Larramendi eskola ondoko lokal txiki batean. Gabezia  taldearen entsegu lekua da. Hogei metro karratu, eta musika unibertso bat barruan.

Noiz eta zergatik sortu zenuten Gabezia?
2012ko udan sortu genuen. Txikitatik izan dugu interes musikal handia, hortaz, interes musikal hori asetzeko asmoz sortu zen Gabezia. Hasieratik, proiektua serioski hartuko genuela hitz egin genuen, metalaren estilo zabalaren barruan kokatu genuen geure burua eta aurreiritzi gehiegirik gabe abestiak sortzen hasi ginen, sortzen genuena sailkatzeko asmo handirik gabe. 

Gizakia etsai lan laburrak harrera ona izan zuen bi urte atzera, kolpe moduko bat izan zen, flash bat metal zaleontzat. Herrian bai, eta ausartuko nintzateke probintzian ere hala izan zela baieztatzera.
Metalaren mundua kuantitatiboki txikia den arren, “mundutxo” horren barruan eraginik izan ez zuela ezin dezakegu esan. Izan zuen bere eragina, lehenengo lana izateko askok aitortu baitzuten kalitatea eta sormena bazituela eta kritika onak izan dira jaso dituenak. Herrian ere, inguruko jendeak hala uste du, iritzia eman digutenek behintzat. Gainera, metala entzuten ez duen jendeari ere gustatu zaio, harrigarria eta pozgarria da hori. 

Euskaraz kantatzearen hautua egin duzue hasieratik. Kalterako izan daitekeela pentsa dezake askok, metalaren mundua asko ingelesez egiten delako, gazteleraz ere bai, baina berezitasun etiketa ere ematen dizue hizkuntzak ezta? Zergatik euskaraz?
Azkenean gure hezkuntza euskarazkoa izan da. Beraz, zentzuzkoena euskaraz kantatzea dela uste dugu. Berezitasuna ematen digu eta harro egoteko identitate baten adierazlea da, mundu osora esportagarria. 

Talde amateur bat izateko kritika oso onak jasotzen ari zarete 'Bilanx' zuen lan berriarekin, Espainian barrena bira hasi duzue, furgonetan bafleak eta erremintak sartu eta handik hona ibiliko zarete talde handien gisan...
Tira... Talde handiek txoferrak, sukaldariak, managerra, eszenatokia eta ekipoa muntatzeko taldetxoa eta soinu teknikaria bezalako pertsonekin egiten dituzte birak. Gu talde txikia gara une honetan eta lan guzti hauek guk egin behar izaten ditugu.

Iruditzen zaigu “amateur” hitzak musika hobby bezala hartzen duen pertsona definitzen duela. Gu, ordea, musika modu profesionalago batean hartzen ahalegintzen gara eta lan honen inguruko kritikak ere oso onak izaten ari dira, aurreko diskokoak baina hobeak.

Zuen melodietan, riffetan, kantuetan oro har nabari da musika ikasketak badituzuela, ez zaretela lagun koadrila soil bat, gitarra, baxua eta bateria hartu eta besterik gabe batu zaretenak, baduzuela gaia. Gaur egun susmoa daukat musika egitea erlatiboki erraza dela eta kalitatea gramotan neurtzen dela.

Kalitate asko dago musika kontserbatorioetatik kanpo ere. Gu kontserbatorio barruan zein kanpoan ibili gara. Mundu “klasiko” akademikoa eta “underground” mundua ezagutzen ditugu, neurri handiagoan edo txikiagoan.

Gaur egun edonork egin dezake talde bat, egia da erraztasun asko daudela taldeak sortzeko, baina gure ustez, formazio musikala edukitzeak ez du kalitatea bermatzen. Kalitatean hezkuntza musikalak laguntzen du, baina, interes musikala, inguruko taldeak entzutea, kontzertuetara joatea, “mundutxoa” ezagutzea... Ezinbestekoa da kalitatezko musika sortzeko. 

Testuei ere garrantzia ematen diezue halere. Esaterako, Jorge Oteizaren hitzak txertatu dituzue, metala ez dela bestelako arte-adierazpenekin kontrajarria ezta?
Bai, hitzari eta poesiari garrantzia eman nahi izan diogu. Hitza garrasien artean adierazten den arren eta garrasiak mezua distortsionatzen badu ere, horrek ez dio mezuari garrantzia gutxiagotzen. Jorge Oteiza hitzaren garrantzia azpimarratzeko autoritate gisa txertatu dugu.

Onartuko dizuet introa entzunda, Oteizaren hitzekin, oilo-ipurdia jartzen zaidala. Lotura bikaina egiten du Atabismoa lehen kantuarekin. Gustuarekin, pazientziarekin egindako lana da. Nolakoa izan da prozesua, nola grabatu duzue diska etapaka?
Urte bateko lana izan da. Lehenengo, diskoaren hezurdura egin genuen, alegia, zein kantu mota egingo genituen adostu genuen. Ondoren, riffen hautaketa egin genuen, ezaugarri horiek betetzen zituzten kantuak sortzeko. Honen ostean, konposizioari ekin genion, hau da, “puzzlea” egiteari. Orduan, “demoak” grabatzen hasi ginen (behin-behineko grabaketa). Azkenean, pista definitiboak eta azken ukituak eman genizkion lanari. Prozesu luzea izan da, laburki kontatzen dugu, baina ordu asko daude atzean. 

Talde baten atzean lan asko dagoela ezin uka...
Bai. Astean bi aldiz elkartzea sakratua da. Honetaz gain, etxeko-lanak egitea ere ezinbestekoa. Eta “etxeko-lanak” aspektu musikaletatik haratago doaz sarritan. Talde bat serioski hartzeak lan handia ematen du, baina, satisfazio handiak ere ematen ditu. Bestela ez genuke egingo.  

Denera hamar kantu diskoan, thrash-metal, post-hardcore, metalcore kutsua ere bai kantaren batean...
Metalaren mundu zabalean murgiltzen zarenean eta aurreiritzi musikalak atzean uzten ahalegintzen zarenean zure sorkuntza lanak uki ditzakeen generoak anitzak dira halabeharrez. 

Estilo nahasketari ez diogu beldurrik. Kantak egitea da helburua, kanta sailkatu gabe “ondo” sartzen eta entzuten den kantua egiten saiatzen gara. 

Soinu potoloa du, gorputz askoko diskoa da, indartsua da, baina melodiari ez diozue muzin egin, askotan uztartuta ageri da gainera. Ze asmorekin?
Helburu berarekin, esplorazio musikal honetan positiboa eta aberasgarria iruditzen zaigu kontrasteak eta estilo desberdinak uztartzea, eta honek lau instrumentuetan du eragina: gitarran, baxuan, baterian eta ahotsean. Esperimentatzea gustatzen zaigu.

Zer transmititu nahi duzue zuen musikaren bitartez? Zein helbururekin jotzen duzue?
Ezinegona. Ezinegona baretzeko jotzen dugu, barrua husteko eta jendeak ere barrua husteko egiten dugu musika. Sufrimenduari irtenbide eman nahian, “gaizki” dagoena salatzeko eta geure buruarekin lasaiago egoteko igotzen gara oholtzara.  

Eta hitzen bidez, zer esaten dute zuen kantuek? Edo behintzat, zer mezu zabaldu nahi duzue kantuekin?
Letrak nahiko pertsonalak dira. Norbaitek letra bat egin nahi duenean esan nahi duena esaten du. Ez dugu hi-tzen esanahia mugatu nahi, gure letrek bakoitzarentzat esanahi desberdin bat dutelako. Hala ere, mezu guztiak laburbiltzekotan desoreka bat salatzen dugula esan dezakegu, desoreka hau aspektu pertsonalean edo gizartean ematen delako eremu zabalean. “Bilanx” latinetik datorren hitzak “balantza” esan nahi du. Hortaz, oreka dugu helburu. 

Kolaborazioak ere izan dituzue... Mikel Yarza (Hilotz), Ivan Martinez (Defectos Comunes), Petti...
Esperientzia polita izan da kolaborazioena. Mikelekin grabatutako garrasiak burua lehertzeko modukoak izan ziren literalki. Ivanekin egin genuena familiartean izan bagina bezala izan zen. Eta Pettiren kolaborazioa ziztu bizian egin bagenuen ere oilo ipurdia jartzeko moduko grabaketa oparitu zigun.

Gainera, azken aldian talde askoren gisan, autoekoizpeneko lana da, diskoetxerik gabekoa. Ze abantaila eta desabantaila ditu horrek?
Abantaila nagusia alde ekonomikoa da. Auto-ekoizpenak gastu ekonomiko handiak aurrezten ditu, izan ere, une honetan ezin diogu estudio batean grabatzeak dakarren gastuari aurre egin. Honek, ordea, lan eta esfortzu handia dakar grabatzen ikasi behar baita. Zentzu honetan Daviden interesa azpimarratu behar da berak gidatu baitu neurri handi batean auto-ekoizpenaren bidea. Beraz, abantaila: dirua; desabantaila: esfortzua eta orduak. 

Kritiketan 'freskotasuna' hitza nabari da. Euskal metala ordu baxuetan zegoen, hala dago oraindik?
Sorkuntza aldetik eta originaltasuna baloratzen dugun taldea izanik erreferente gehienak kanpoan bilatu behar ditugula aitortu beharra dugu eta belarriak Euskal Herritik kanpo jarri ditugu gehienetan. Hortaz, “freskotasuna” kanpoan bilatzen dugun arren Euskal Herriko eszenan interesa mantentzen dugu. 

Euskal metal eszena bizirik dago, astero antolatzen diren kontzertuek baieztatzen dute hori. Zazpi probintzietan berrehun musika taldetik gora dago, Gipuzkoan 70 dira metala egiten duten taldeak. Beraz, ez ginateke euskal metala ordu baxuetan dagoela esatera ausartuko. 

Zein dira zuen musika-influentziak?
Bakoitzak bereak dauzka. Luze joango litzaiguke denak aipatzea musika asko entzuten baitugu. Influentzia ani-tzak eta desberdinak dira eta pluraltasun honek sorkuntzan berebiziko garrantzia duela iruditzen zaigu. 

Bira hasita duzue, zer moduz doaz orain arteko zuzenekoak? Elebeltzen debuta herritarren aurrean eta… Bartzelonan ere jo duzuela alajaina!
Elebeltzeko kontzertua ez zen bira bati hasiera bat emateko emanaldirik onena izan, Gabezia laukotea izanik taldekide batek huts egitea asko nabaritzen baita. Dena den, jendearen erantzuna oso pozgarria izan da hasi berri dugun bira honetako bi kon-tzertuetan. Jendearengana gehiago heltzen garela sentitzen dugu, kontzertuetan eta kontzertuetatik kanpo. 

Grabazioan, estudio lanetan emaitza bikaina lortu baduzue ere, zuzenekoetarako jaiotako taldea zaretela esango zenukete?
Zuzenekoetarako jaio garela esan ordez zuzenekoetarako egiten ari den taldea garela uste dugu. Estudio lanetan lortutako emaitza onak zuzenekoetan berrestea dugu helburu. Urteetan zehar askotan igo gara oholtza gainera eta horrek lagundu du gure zuzenekoa hobetzen. Izan ere, talde bezala ez ginen atzo hasi eta plano pertsonalean gutariko bakoitzari jendaurrean egotea tokatu zaio une batean edo bestean. 

Etapa honetan, asko zaintzen ari zarete sare sozialak, bideoen edizioa, argazkiak… Esparru horretan ere lan handia egiten ari zarete.
Musikari bezala aro informatikoan bizitzea tokatu zaigu. Gure lana jendeak entzutea nahi dugun neurrian ezinbestekoa da jendeak une honetan gehien erabiltzen dituen bitartekoak erabiltzea. Esaterako Facebook oso erabilgarria iruditzen zaigu gure kontzertuen zein berrien inguruan interesa duen jendea jakinaren gainean jartzeko. Honetaz gain, Youtube-ra bideo asko igotzen ditugu, Spotify-n, Itunes-en eta Bandcamp-en gaude eta web orri bat eresortzen ari gara.

Abiada handian eboluzionatzen ari zarete, ez da zalantzarik. Norabiderik baduzue finkatuta? Nora jo, zer egin, ze urrats eman…
Orain egindakoa baloratzea eta disfrutatzea tokatzen da. Bi disko egin ditugu oso denbora laburrean eta kontzertu gutxiegi eman ditugu gauden lekuan egoteko. Beraz, une honetan kontzertu asko ematea tokatzen da. Hirugarren diskoa buruan dago jada, “riff”, estribillo eta melodia berriak buruan daude, baina, ez da konposatzen hasteko unea. Hortaz, oraingo helburua taldea ezagutaraztea eta jendearen erreakzioa ikustea da.

Zer lortuta geratuko zinatekete gustura?
Euskal metalaren historian lekutxo bat egitea lortuko bagenu errealizatuta sentituko ginateke. Bestalde, beti esan dugu Resurrection Fest bezalako musika jaialdi batean jotzea gustatuko litzaigukeela. Une honetan amets bat da bertan jotzea, baina, ari gara pixkanaka ametsak betetzen. Nork daki... Dena den, amesteari ez genioke inoiz uko egingo eta amets berriak sortuko lirateke hauek betetzen genituzkeen neurrian, ziur.  

Zer nolako egoera bizi du herriak musikaren alorrean?
Herri multikulturala da Lasarte-Oria. Biztanle asko ditu baina ezin ditugu gure herritarrak pare bat genero musikaletan sailkatu. Metalaren alorrean herria ez da kuantitatiboki oso aktiboa, baina, Parapetasonik bezalako ekimenek eta azken aldian hainbat tabernetan antolatu diren metal kontzertuek positiboak izateko parada eskaintzen digute. Ezin da gu mugitzen garen genero honetan jendetza biltzea eskatu, dagoena baloratzen jakin behar da hainbeste aukera eskaintzen dituen herrian.

Ba al dute herriko musika taldeek nahikoa azpiegitura entseguetarako, kontzertuetarako, lokal edota material aldetik?
Guk parapetoari esker hasi genuen gure abentura musikala. Alabaina, ezin esan dezakegu parapetoa etorkizunera begira dagoen talde batentzat egina dagoenik. Udaletxeak Gaztelekua sortu du egoera hau hobetzeko asmo onarekin. Hala ere, bertako ordutegiak, talde kopuruek, materiala gordetzeko eta muntatzeko arauek... Arazo bera dakarte: ez da etorkizunera begira dagoen talde batentzat egindako entsegu lokal bat. 

Dena den, musika denbora-pasa bezala hartzen duten herritarrentzat egokia den instalazio bat dela iruditzen zaigu. Behar zuen Lasarte-Oria bezalako herri batek halako leku bat, gauzak hobeto egin zitezkeen, baina herritar askorentzat ondo egon daitekeen doako espazio bat da.

Beti izan du tradizioa musikarekin herriak, askotarikoa gainera, Joseba Tapia edota Angeles del Infierno, Gaueko Itzalak, lagun dituzuen Hilotz, Juan Mari Beltran, Alboka Abesbatza, Zero Sette eta Suberri akordeoi orkestrak... 
Esan bezala, herriak duen izaera multikulturalarekin bat dator zerrenda hori. Positiboa da guztiz. Herriak berak eskaintzen du aukera herritarrak bere lekua bilatu dezan.