Gurutze Irazusta: "Ezagutu eta landu zoru pelbikoa"

Nerea Eizagirre 2016ko ots. 5a, 12:46
Ttakun Kultur elkarteak ikastaro berria antolatu du, zoru pelbikoa. Pelbis aldea eta zoru pelbikoa ezagutu eta hau nola landu ikasiko da bertan. Gurutze Irazusta izango da ikastaroa eskainiko duena. Otsaila amaieratik Aste Santu bitartean izango dira saioak eta Zumaburuko Sanatana Dharma yoga eskolan eskainiko dira.

Zoru pelbikoa pelbisaren beheko zatia da, barneko organoak eusteko balio duen muskulu bobeda bat da,” aipatu du Gurutze Irazustak definizioa eskatzerakoan. Gurutzek Ttakun kultur elkarteak otsailetik martxora antolatu duen zoru pelbikoan oinarritutako ikastaroa gidatuko du. Berarekin izan gara ikastaroaren nondik norakoak eta zoru pelbikoari buruz gehiago jakiteko. 

“Zoru pelbikoak muskulatura asko batzen ditu eta eusten dituen organo-sistema horiek zoru pelbikoan eragina duten arazoen zer ikusia izan dezakete”, atxiki du.

Horregatik, bere ikuspuntutik, pelbis aldea eta zoru pelbikoa ezagutzea garrantzitsua da. “Zoru pelbikoa lantzeko pelbis aldea osotasunean landuko dugu. Lehengo eremuaren kontzientzia hartu behar dugu. Interesgarria da pertsona bakoitza konturatzea berak zein pelbis daukan eta nola funtzionatzen duen bere zoru pelbikoa. Batzuk izatez uzkurtuta daukate eta horrela lan egiteak arazoak sor ditzake. Horregatik kontzientzia izan behar da”. 

Gainera, gorputza pusketaka lantzen bada ere, gorputz osoaren kontzientzia izan behar dela ere azpimarratu du, “gorputza kate bat da ez doa zoru pelbikoa alde batetik kutxa torazikoa bestetik. Gorputza osotasunean begiratu behar da. Ariketa bat egitean lepoa eta sorbalda kuzkurtuta egon daitezke, baina ikasi behar dena da ariketa egiten duzun bitartean gorputza ere lasai izaten”.

Kontzientzia

Ikastaroaren helburua bikoitza da, batetik Gurutzek arestian aipatu legez jendeak bere zoru pelbikoaren kontzientzia izatea da.

“Horrelako lanketen gauza positiboena da gure buruarekin lotura lantzen duzula. Gaur egun, burua alde batean dugu eta gorputza bestean. Zure gorputza ezagutzea oso garrantzitsu da. Gurekiko ziurtasuna handitzen du eta nire gorputzak zer dioen, zer gustatzen zaidan eta zer nahi dudan zehazteko baliagarria da,” aipatu du.

“Horrek ezagutza suposatzen du, baita lanketa bat egitea ere. Bakoitza libre gara zer egin nahi dugun erabakitzeko. Askok lanketa egin behar dela jakitean ez dute ezer jakin nahi gaiari buruz,” jakitera eman du.

Bi sexuek arazoak

Bestetik, zoru pelbikoarekin zer ikusia duen arazorik duen pertsonei hori lantzeko teknikak daudela ere jakinaraztea da.

Nahiz eta zoru pelbikoko arazoak emakumeei lotu, gizonek ere hau landu beharko luketela aipatu digu, “emakumeek arrisku faktore handiagoa dugu, haurdunaldia eta beste bizitzako beste hainbat fase direla eta. Baina gizonezkoek ere honekin lotutako arazoak dituzte”.

Izan ere, fisikoki ezberdinak garen arren, biek zoru pelbikoa baitugu eta honekin lotuta dauden arazoak izan ditzakegu digestio-aparatuan, gernu-aparatuan edo ugaltze-aparatuan.

“Ugaltze-aparatuari dagokionez, muskulatura eta nerbio sistemak du eragina eta nerbio sistemak duen aginduaren arabera muskulua uzkurtuta egon daiteke. Horrelako pertsona  batek, diafreoaren ikuspegitik, hori nola askatu ikasi beharko luke eta gero ariketen bidez zoru pelbikoa landuko luke” .

Baina arazoak ugariak izan daitezkeela aipatu du. Emakumeen kasuan, umetokia erori daiteke, umetokia txikia edo uzkurtua egon daiteke, “baina ez hori bakarrik, erditze ostean batzuk esfinterraren muskulaturan arazoak dituzte eta hori ere landu behar dute. Ze erditzeari buruz asko hitz egiten da, baina ez hainbeste erditu ondorengo garaiari buruz”. 

Gizonezkoetan prostata arazoak, pixa egiteko arazoak, eiakulazio goiztiarra...  

“Zoru pelbiko batean egon daitezke tentsio pila bat, ez baititugu pelbis askeak. Emakumeetan umetokia, obarioak... ditugu; gizonezkoek prostata, gu baino gernu-sistema luzeagoa.... Pelbis eta zoru pelbikoa askatu eta horren kontzientzia izatean sentsazioak ere ezberdinak dira eta hainbat esperientziaz gozatu ahal da”. 

Beste eraginak

Gaur egun kanpoko eragin asko egon daitezke uzkurdura horiek sortzeko, “zenbat eta estres handiagoa, orduan eta uzkurdura gehiago. Gaur dugun bizitza ez da osasuntsuena. Gure gizarte eta kulturak ere eragin dezake guregan. Baina horregatik da garrantzitsua gure muskulatura ezagutzea, horrek gu ezagutzen laguntzen gaituelako”. 

Honetaz gain, tentsio muskular gehienetan oinarri emozional bat dagoela ere aipatu du. “Agian hau askatzeko horretaz konturatzearekin nahikoa da edo esatea, baina potenteenak oinarri emozionala dute. Interesgarria izaten da kasu horietan lanketa integratibo bat egitea. Izan ere, muga psikologikoa landu daiteke fisikoa askatzeko edo fisikoa landu psikologikoa gainditzeko. Diafreoko ariketetan fisikoa lantzen da, baina pertsonari bere emozioak kudeatzen ere lagundu behar diozu”. 

Muskuluak askatu

Hau guztiaz gain, pertsona bakoitza nola sostengatzen den ere kontuan izan behar dela aipatu du. “Pertsonaren gorputza ikusi behar da ere, ezin da bakarrik zoru pelbiko begiratu. Ugaltze-aparatuari eragiten dien nerbio sistema guztia ere sakrotik ateratzen da. Gauza asko izan behar dira kontuan ez bakarrik zoru pelbikoa”.

Eta berriro azpimarratu du, gorputza askatu behar dela eta ariketak egin ahal izateko. “Esatea baterako nik beso bat indarrik gabe badut eta postura batean geldi badut, nola landuko dut osorik? Lehenik muskulua lasaitu beharko dut, gerora ongi landu ahal izateko. Gainera, baditugu muskuluak antagonistak direnak eta biak askatzen eta lantzen ikasi behar da”.

Gurutzek diafreoaren teknika erabiliz zoru pelbikoak ongi lantzeko denbora luzeago bat behar dela eta lanketa oso interesgarriak egin daitezkeela ere jakitera eman digu.

Lanketa

Hala eta guztiz ere, Ttakunen eskutik eskainiko duen ikastaroa, hilabeteko tailerra izango da eta oinarrizko gauzak egingo dira.

Saioetan hurbiltzen diren pertsonak ariketa ezberdinen bitartez bere zoru pelbikoaz kontziente diren jakingo dute, honetan uzkurdurarik bada, nola askatu ikasiko dute. 

Era berean, aipatu legez, pelbis osoaren lanketa egingo da. Eremuko organoek ongi funtzionatzen duten ere aztertuko dute disfuntzioa badago hori nola landu ikusi. 

Ikastaroa zoru pelbikoa osasuntsu izan nahi dutenei zuzentzen da, “modu prebentiboan landu nahi dugu, baina arazoak dituzten pertsonak ere etorri daitezke”.

“Arazoa dagoenean mugitzen da jendea, baina arazorik eduki gabe zure gorputza lantzea ere oso interesgarri da. Gure gorputza modu kontziente batean ezagutzeak arazoak ekidin ditzake. Tendentzia batzuk ere izan ditzakezu, hauetaz arazoa bihurtu baino lehen kontziente bazara landu ahal dituzu,” onartu du.

Ikastaroa Sanatana Dharma yoga eskolan eskainiko da. Partehartzaileek ez dute materialik eraman beharko, baina arropa erosoa eramatea gomendatzen du Gurutzek. Emakume zein gizonek parte hartu dezaketela ere azpimarratu du.

Beraz, zoru pelbikoko arazoak prebenitu nahiez gero, hona hemen aukera. antolatzaileek hurrengo astean jakin araiko dituzte ikastaroko data eta izen emate epeak.