Edu Galardi: “Egin dugunaz harro egon gaitezke”

maider-azurmendi 2016ko abe. 22a, 12:00
Edu Galardi eta Isa Fernandez de Agirreren ardura izan da dokumentala osatzea Udalaren aginduz. Eurek egin dute azken muntaia baina asko izan dira bidean lagundu duten herritarrek. Estreinaldia bihar izango da Manuel Lekuonan 19:30ean eta herritarrak honetara gerturatzea gonbidatzen dituzte. DVDa salgai izango da egunean bertan.

Euskarak azken 50 urtetan herrian egindako bidea jasotzen du lanak. Eragile askorekin hitz eginda, osatu da herriaren historiaren zati bat. Edu Galardi herritarra da dokumentalaren egileetako bat.

Nola bururatzen zaizue dokumental hau egitea?

2016an euskara arloko talde eta erakunde ezberdinen urteurrena izan da. Bakoitza bere historia kontatzen hasi beharrean, Euskara Batzordeko Iñaki Arrutiri iruditu zitzaion egokia izango zela historia bateratu eta bere osotasunean kontatzea. Talde edota erakunde guztien ibilbidea kontatuko zuen zerbait egitea 50 urteko ibilbidea borobilduz.

Noiz hasi zen proiektua gauzatzen?

Otsailan hasi ginen lanean. Euskararen 9. Maratoiko lehenengo bileretan hasi zen ideia mamitzen. Taldetxo bat eratu genuen euskarak herrian izandako bilakaera ezagutuko zuten herritarrekin. Azkenean lau lagun elkartu ginen, Imanol Lizardi, Jexux Artetxe, Iñaki Arruti eta ni neu. 

Bakoitzak bere mundutik egin zuen ekarpena. Gure esperientziatik abiatuta bideoaren bizkar hezurra diseinatu genuen. Horri forma emateko, sasi gidoi bat egin genuen eta azken gidoia osatzeko, Idoia Garzesen laguntza izan dugu.

Nola egin da 50 urte hauen dokumentazioa biltzeko?

Gai batzuk jarri genituen mahai gainean; ikastolaren sorreratik hasita, gau eskolak nola sortu ziren, institutua, nola sartu ziren hizkuntza ereduak eskola publikoan, nola sortu zen Ttakun, Udal euskaltegia… Gai horiek zehaztu genituen eta horien bueltan aritutako jendearen zerrenda egin genuen haiengana jotzeko. 

Argazki zaharrak gutxi aurkitu ditut. Baina lagun batekin hizketan aipatu zidan bere aitak grabatutako zinta batzuk agertu zirela etxean eta Filmategira joan ginen ikusi eta kopia ateratzea. Oriakoak dira nagusiki irudiak eta 1965.urtekoak batzuk. Filmategian bertan zegoen materiala ere hartu dugu baina orokorrean oso material grafiko gutxi dago. Horien faltan, hemerotekara jo dugu eta garaiko hainbat artikulu eta elkarrizketa hartu. Nik ere zaletasuna daukat etxean gauzak gordetzeko eta hortik baliabide batzuk erabili ditugu. 

Julian Sagardiak bideo batzuk utzi dizkigu ere. Esaterako, Lasarte-Oriako Udala osatu zenekoa.

Nolako harrera egin dizue jendeak?

Harrera ona egin digu jendeak.Aipatu behar da hasiera hasierako asko hilda daudela dagoeneko eta hitz egin dugun pertsonak orduan gazteak zirela. Bestalde, emakumeen papera garai hartan aktiboa izan arren, ez zen izan agerikoa. Eurek ezagutzen dute historiaren parte bat senarrek kontatuta. 

Zerbaitek harritu zaitu?

Hizkuntza ereduak ofizial egin aurretik, eskola publikoetan bazebiltzan gurasoak borrokan euskara sartzeko. Nik orain jakin dut hainbat guraso elkartu zirela gurean sare publikoan euskal ereduak eskatzeko, bai Zumaburun eta baita Oztaranen ere. 

Zer ikusiko dute Manuel Lekuonara gerturatzen direnek?

Oso herrikoa da lana, herrikoentzat. 

Egia esan, Euskal Herri osoan gertatu zen fenomeno hau. Gure kasuan berezitasuna da, hau dena gertatzen ari zenean, Lasarte-Orian Udala eratzen ari zela eta nolabait lortu zen Udalaren eraketa hori batera joatea herriak euskararekiko zeukan gogo eta kezkarekin. Euskara zerbitzu indartsua jarri zen martxan, gauzak oso argi zituen jendearekin. Euskaldunak euskararen inguruan biltzea izan zen asmoa, alderdikeriak alboratuta. Gure Udaletik euskararekiko horrelako politikak eraman ahal izatea garrantzitsua izan da. Batzuk aktiboki lan egin dute eta beste batzuk berriz, aurrekontu batzuk onartuz egin dute ekarpena.

Herrikoa izateak erraztu al du lana?
Bihotz asko jartzen da. Maitasunez egiten duzu nolabait kontatzen ari zaren horren parte zarelako. Lana muntatzeko garaian kosta egiten da edukiaren hautaketa egitea. Baina dokumentalak luzera bat izan behar du...

Herri honek ez du historiarik horretatik dugunarekin osatu behar dugu gure herritartasuna gorpuztu eta harro egoteko. 

Herri erdaldunaren San Benitoa bazuen Lasarte-Oriak, eta kanpotik etorrita, harrituta geratzen ziren ikustean euskaldunak zeudela hemen. Hemen duela 100 urte bazeuden herri korrespontsalak euskaraz idazten zutenak, bazegoen jendea euskararekin kezkatuta. Ondoren jende pila etorri zen eta 4tik 1 geratu ginen baina egoera bestelakoa da orain.

Zein balio du dokumentalak?

Alde batetik garrantzitsua iruditzen zait 50 urte hauetako historia jasotze hutsak. Testigantzak betirako geratuko dira 20-25 lagun elkarrizketatu ditugu. Bestalde, jendea konturatuko da herri mailan egin genuen horrek fruitua eman duela.

Gazteagoek ikusi ahal izango dute beraientzat hain arruntak diren gauzak, lehen ez zirela batere normalak. Ez zegoela euskarazko klaserik, ez zegoela ipuinik euskaraz, ez haur kantarik…

Atzera begiratzea da errazena. Aurrera begira ateak zabalik utzi nahi izan ditugu. Izan ere, ematen du hasieran gauza asko egiten baitirela eta ondoren finkatzen diren neurrian, desagertzen direla baina berdin-berdin egiten dira. 40 eguneko erronkak izango du tokia noski.