“Belaunaldien arteko hausturaren gainetik balioak transmititzen diren ideia finkatu nahi izan dut”

martin-vicioso 2015ko aza. 6a, 10:00
Belaunaldien arteko gatazka, landa eremu eta hiriaren artekoa... Azken batean, bizimodu kontrajarriak aurkezten dizkigu Asier Altunak 'Amama' filmean. Baina ororen gainetik, guztiak elkartzen gaituena. Baserriari egindako omenaldia da. Garai batean bezala ezagutzen zen moduan agortzear den elementu bati. Eta aldi berean, bere baloreak aldarrikatzen ditu gaur egunerako.

Gaur Lasarte-Orian izango zara filma aurkezten. Orain arte ikusleekin izandako hartu emanak nolakoak izan dira?

Orain artekoak oso onak. Filmea bukatzean asko hunkitu egiten dira, eta oso egoera berezia sortzen da. Baserriko bizimodutik gertu bizi eta bizi izan diren pertsonek oso gertukoa sentitu dute istorioa eta, horregatik, iritsi zaion jendeari asko iritsi zaiola uste dut. Leku guztietan izan dira pertsonaiaren batekin identifikatuta sentitu izan diren pertsonak.

Euskal Herrian ez ezik Erroman, Montpellierren eta Mar del Platan filma aurkezteko parada izan duzue. Zer nolako harrera izan duzue?

Pertsonalki, harreman zuzena Erroman eduki dut soilik. Montpellierrera joateko asmoa genuen, baina ezin izan gara hara joan eta Argentinara filma bakarrik doa. Izan ere, urruti dago eta azken hilabetetan eduki dugun lan karga eta gero, geratzeko ordua iritsi dela ondorioztatu dugu.

Dena den, Italian, hemen bezala, ikusleen berotasuna jaso genuen. Oso berezia izan zen. Euskal Herritik kanpora Amamak zer nolako erantzuna zuen ikusteko asmoa bagenuen, eta asko hunkitu egin ziren. Esaterako, pertsona bat musikarekin nahiko harrituta geratu zen eta galdetu zigun ea nor zen cello-a jotzen zuen emakumea –Maite Arroitajauregi (Mursego)–. Euskarari buruzko galderak ere izan ziren.

Musika Mursegok eta Javi Pezek egin dute, eta filmari intentsitatea ematen lagundu diote.

Hala da. Javirekin lehenago ere egin izan dut lan eta argi nuen berarekin jarraitu nahi nuela. Bestalde, azkenaldian, Maiteren musikarekin nahiko obsesionatua nabil eta bere musika Amaman izatea aukera erakargarria zen niretzat. Batez ere, cello-ak ematen dizkizun irakurketa ezberdinak direla eta. Asko jolasten du tresna jotzeko moduekin eta lortzen dituen melodiak batzuetan, soinu klasikoetara eramaten zaituzte eta besteetan, modernoagoetara. Adibidez, elektronikara. Filmean nekazal munduaren eta hiriaren arteko kontrastea nabarmentzen da, eta bien arteko zubi egokia izan zitekeela pentsatu nuen. Kolore askotako tresna da cello-a.

Nolakoa izan da bi musikarien arteko elkarlana?

Javirekin hitz egin nuen eta Mursegoren musikarekin ere lanean aritzeko aukera komentatu nion. Biak elkartu eta kolaboratzeko erabakia hartu genuen. Oso prozesu emankorra izan zen. Egin ahala, sekuentziak bidaltzen nizkien eta haiek musika gainean ipintzen zuten. Komunikazio ona egon zen musikarien eta nire artean, izan ere, momentu oro eztabaidatzen genuen zer azpimarratu, nolako soinuak erabili...

Modu oso efektistan erabili dugu musika. Joera izaten da, adibidez, muntaia egiteko garaian irudia asko azpimarratzeko, baina guk filmaren estilora egokitu dugu, austeritatez. Asko pentsatuz non sartu eta non ez. Muntaketa arduradun Laurent Dufrechek ere asko lagundu zuen. Montpellierreko zine jaialdian –Cinemed– soinu banda onenaren saria jaso dugu. Askotan, zuzendaria eta aktore nagusiak dira sarituak izaten direnak, baina jende pila izaten da lanean atzetik, eta hauek egindakoa goraipatzen denean oso pozgarria da.

Baserriaren eboluzioa nabarmendu duzu hainbat adierazpenetan. Ezberdinak dira gaur egungo baserria eta umetan ezagutu zenuen hura?

Noski. Ez dute zerikusirik batak bestearekin. Esaterako, garai batean oso familia handiak bizi ziren baserri berean. Batzuetan, hiru eta lau belaunaldi. Gaur egun famili nukleo txikiagoak izaten dira, eta baserria bera zatitu egiten da funtzio ezberdinak emanez. Soziologikoki ere aldaketak nabarmenak dira nire ustez. Gizartea aldatu egin da azken 30 edo 40 urtetan. Baserriak, agian, antzineko garrantzia galdu du. Nekazal giroak indarra galdu du, eta gaur egun hirietan dugun bizimodu urbano honek ez du zerikusi handirik umetan ezagutu nuenarekin. Dena den, eboluzio nahiko naturala izan duela uste dut.

Pixkanaka bizimodu berriak sortzen ari dira baserrietan. Familia gazteagoak esaterako. Oraindik ere bada garai batean egiten zen lanari eusten dionik, baina formak aldatu direla esango nuke. Tresneria hobea da eta besteak beste, horren ondorioz, familia handiak izan beharrean, beste mota batzuetako bizimoldeak posible dira. Hala ere, lehen bezala, oso bizi gogorra da baserrikoa.

Filmeko pertsonaia nagusiak, bai Amaia (Iraia Elias) baita bere aita Tomas (Kandido Uranga) ere izaera indartsukoak dira, gustura zaude aktoreek eginiko lanarekin?

Bai, oso gustura. Konfiantza handia nuen Kandido Urangak eta Klara Badiolak egingo zuten lanarekin. Izan ere, esperientzia handiko aktoreak dira. Gidoia idazten nuen heinean haiek irudikatzen nituen Tomas eta Isabelen paperetan, eta beraz, egingo zuten antzezpena ona izango zela ziur nintzen. Zineman ibilbide motzagoa duten Iraia Elias, Amparo Badiola Ander Lipus eta Manu Uranga ederki egokitu dira. Egia da hauekin entsegu gehiago egin behar izan ditugula. Batez ere Iraiarekin, ez baitzuen zinemaren dinamika ezagutzen, orain arte antzerkia egin du eta. Segituan harrapatu ziola azpimarratu behar dut.

Hasieran hiru anai-arrebak karakterizatu egiten dituzte bakoitzari kolore bana emanez. Zer bilatu duzu pertsonaiek karakterizazio horrekin duten gatazka irudikatzean?

Horrekin nabarmendu nahi nuen famili askotan, ez soilik baserriaren munduan, joera izan dela ondorengoen estatusa eta rolak definitzeko. Alegoria egin dut, jolas moduan eta handizkatzen, hori irudikatu nahian. Koloreak erabili nituen ikus-efektu argia sortzen dutelako eta ikuslean eragina izatearren. Azken batean, joko zinematografikoa da.

Filmean amamak bilobari jakinduria transmititzen dio. Gizartean transmisio hori eman al da?

Nire ustez, garai bateko balioetatik beti geratzen da zerbait. Baserrietatik oso gertu bizi izan den gizartea gara. Ikuslegoan asko suma daiteke hori. Bada gaur egun hirian bizi den eta azalean oso ‘urbanita’ dirudien jendea hunkitu egiten dena bizimodu honetan oinarritutako istorio honekin.

Ideiak asko konturatu gabe transmititzen dira belaunaldiz belaunaldi. Balio asko oso barneratuak ditugu, eta filmean hori finkatu nahi izan dut ‘orain dela 80 amama neolitikoan bizi ginen’ esaldiarekin. Nahiz eta apurketak izan eta belaunaldien artean gizartean bizimodu aldaketa izugarriak eman daitezkeen, transmisioa beti hor egongo da. Aurretik datorrena nire baitan izateak, egia esan, lasaitasun handia ematen dit. Izan ere, dena galtzea tragedia handia litzateke.

Gero eta gehiago dira auzolana eta elkarren arteko kooperazioa aldarrikatzen dituzten pertsona eta kolektiboak. Berreskuratzen ari dira garai batean baserrietan ohikoak ziren jarrera eta lan egiteko moduak?

Arlo horretan ez dakit ziur non gauden. Pentsatu nahiko nuke benetan berreskuratuko ditugula, elkarlanean oinarritutako ideiak oso interesgarriak iruditzen baitzaizkit. Egun kapitalismoak planteatzen duen bizimodua ez da batere osasungarria eta balio kolektiboak bigarren planoan geratzen dira. Dena da erabili bakarrekoa. Auzolanarekin, naturarekin eta baserriarekin zerikusi handia duten balore horiek beharrezkoak ikusten ditut eta begirada horietan fokatzea ez legoke batere gaizki, gaurko gizartea zelan dagoen ikusi behar besterik ez baitago. Kontsumoa, dieta eta beste hainbat ikuspuntutik baserrira buelta egitea gustatuko litzaidake, kontzeptu aldaketa behar baitu gure bizimoldeak.

Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean bi urtetan jarraian euskarazko filmak lehiatu dira. Joerak jarraituko du?

Espero dut baietz. Garrantzitsuena zinema egiten jarraitzea da. Segitu behar dugu sortzaileak laguntzen, haiek gabe arterik ez baitago. Ekonomiaren ikuspuntutik, zinea egitea oso zaila da. Nire ustez, gauza berriak gehitzea interesgarria da, eta eginez gero, Zinemaldian eta beste ekitaldi inportanteetan euskal kulturak presentzia izango du.