Amaia Ramirez: "Nesken kirol-sozializazioa landu behar da gehien"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko mar. 10a, 12:09
Kirol munduko hainbat arlotan ari dira lan eta lan emakume herritarrak. Amaia Ramirez, esaterako, kirol psikologoa da: NARE enpresa sortu eta bertako lehendakaria da, besteak beste.

Kafe baten bueltan hamaiketakoa egiteko geratu eta bazkalordura arte luzatu da solasaldia, ia konturatu gabe. Amaia Ramirezek (Lasarte-Oria, 1967) luze eta zabal hitz egin du Txintxarrirekin kirol psikologoen ogibideari buruz, emakumeak alor horretan zein kirol-munduan oro har daukan presentziari buruz eta baita bere ibilbide pertsonalaz ere.

Nola azaldu kirol psikologo batek zertan egiten duen lan? 

Kirol psikologo batek lan egiten du kirol arloan eskatuak diren helburuak gauzatzen laguntzeko, hainbat esparrutan: kirolariekin beraiekin, entrenatzaileekin edo klubekin. Hori, konpetizio-kirolari dagokionez. Arbitro eta epaileekin ere egiten dugu lan, erabakiak hartzeko gaitasuna eta antzeko ezaugarriak hobetze aldera. Eta ezin ahaztu ingurune konpetitibotik at kirola egiten duten pertsonez. Izan ere, guztiek ez dute aukeratzen konpetizio-kirol bat, baina kirola egiten duen orok arazoak dauzka poltsa egunero egin eta ongi pasatzeko edo osasuntsu sentitzeko helburuz ariketa egiteko. Hor lan-esparru zabala daukagu. Gipuzkoako Foru Aldundia lan asko ari da egiten esparru horretan, kirola eta osasunarenean.

Behar adina garrantzia ematen al zaio zuen jardunari? 

Kirolaren munduko beste profesional batzuengandik desberdindu egin behar dugu, metodologia propioen eta emaitzen bidez. Nola? Guk dakiguna egiten: jarrerak aztertzen, lortu nahi diren helburuak zeintzuk diren baloratzen, eta, hortik abiatuz, teknika eta metodologiak sortzen, nahi diren aldaketak lortzeko. Erakutsi behar dugu gai garela lehen aipatu dizkizudan esparru horietan guztietan ekarpenak egiteko.

Zer da 'aldaketa'? 

Edozer gauza lortu nahi badugu, edozein helburu, aldaketa bat dago abiapuntuan, izan kolektibo edo norbanako bat.

Faktore bakarra ez da izango, baina motibazioak badu garrantziarik prozesu horretan?

Psikologiak, ebaluazio-teknika eta elkarrizketen bidez, baloratu egiten ditu zeintzuk faktorek eragiten duten pertsona bakoitzaren motibazioan. Aztertzen dugu ea zein esparrutan hobetu daitekeen motibazioa. Horiek identifikatu eta gero, ekintza-planak diseinatzen ditugu. 

Zerbait nahi duzunean, normalean talka bat egoten da: aldaketaren bide horretan epe motzean sor daitezkeen ondorio negatiboak, epe luzera lortu nahi diren helburuekin. Epe laburreko kostu horiek murriztea da kontua, epe luzeko xede horiek lortzetik gertuago egoteko.

Gizarteak oro har ez al ditu nahi emaitzak oso epe motzean?

Lortu nahi dugun helburua oso epe luzera begirakoa denean, saiatu behar dugu epe motzean lorgarriak izango diren helmuga txiki eta errealistak jartzen, ikusteko fruitua ematen duela gure lanak, motibatuta jarraitzeko.

Zer da garrantzitsuagoa, norbanakoa edo taldea?

Partizipazioko kirolen kasuan (konpetizio-maila altukoak ez direnak) ematen den falazia baten aurka posizionatu nahi dut: dioena taldea indibiduoa baino garrantzitsuagoa dela. Hori kirolarien artean behin eta berriro errepikatzeak egiten duena da norbanakoa lerrokatzea, eta denbora batera talde horretako kide izateari uztea. Talde-kohesio on baten alde egiteko, helburu indidualek eta taldearenek batera joan behar dute.

Epe motzean balio dezake taldea gainetik egotearen mezuak, baina, gerora, ez: denboraldiak luzeak dira eta astez aste taldearen alde eginez, helburu kolektiboa lortzen bada baina norberarena ez, kirolariak taldea uzten du eta kirola egiteari uzten dio, helburu propioak bete ez dituelako. Aipatu falazia hori adin txikikoen kasura eramaten badugu, akatsa egingo dugu. Haurrari sentiarazi behar diogu parte hartzen ari dela talde helburuak lortzen, bere ekarpena ere garrantzitsua dela. Bestela, talde-kohesio on bat ez dugu lortuko.

Ez al gara gazteegi hasten konpetizio giroan kirola egiten?

Konpetizioa baliabide hezitzaile gisa aldarrikatzen dut, balore askorekin jartzen zaituelako harremanetan. Hori bai, balore sozializatzaile horiek gaztetxoei transmititzeko prozesua ongi gidatu behar dute agente sozializatzaileek: entrenatzaileen lana funtsezkoa da fase horretan, eta gurasoek lagundu behar diete. Adin txikikoen kirolaren balore garrantzitsuena da pertsonaren garapena sustatzea kirolaren bitartez, gaitasun, errekurtso, arau eta balore berriak ikasiz. Baina, berriro diot, transmisio horretan agente sozializatzaileek, batik bat entrenatzaileek eta baita gurasoek ere.

Askotan gertatzen dena da gaztetxoen entrenatzaile lanetan 15-17 urte bitarteko pertsonak aritzen direla, lan giltzarri hori egiteko formazio nahikoa ez daukatenak. Lagundu egin behar diegu haurrei balore horiek transmititzeko prestatzen. Eta horrek ez du esan nahi eurek egiten duten lana aitortzen ez diedanik: hainbeste kirol dago jende asko prest dagoelako boluntario lana egiteko.

Nolakoa da emakumearen presentzia kirol psikologian?

Oro har, presente gaudela esango nuke. Halere, datu zehatzik ematerik ez dudan arren, profesionalki klub batekin lan egiterakoan esklusiboki, psikologia zerbitzu hori edukitzeko dirua ordaintzen duten kirol klubetan alegia, oraindik gizon gehiago daude.

Eta kirol munduan, orokorrean?

Behar baino mantsoago, baina uste dut ematen ari garela aurrerapausoak: pixkanaka, aukera gero eta gehiago ditugu kirol diziplina desberdinetan aritzeko, eta presenteago gaude parte hartzen, arbitratzen, zuzendaritza-organoetan... Dena den, kirol modalitate desberdinak egiteko aukera gehiago ditugun arren, egia da oraindik konpetizio-maila mugatua dela. Neska bazara eta errugbian jokatu nahi baduzu, adibidez, 3-4 partidu jokatzen dituzu denboraldian zehar, baldintza okerragotan prestatzen zara, entrenatzeko jende gutxiago dagoelako...traba horiek are ahalegin handiagoa egitea eskatzen die emakumeei gustuko duten kirola egiteko.

Labur esanda, oraindik neurri konkretuak falta dira hazkunde hori, anekdotikoa baino, erreala izan dadin.

Eliteko kirolean ere falta al dira neurriak?

Errendimendu altuko kirolari dagokionean, profesional izatera iristea zaila da oso oraindik emakumeentzat. Maila mediatikoan ere diferentzia handia dago oraindik segun eta zein kirol diziplinatan lortzen dituzten emakumeek garaikurrak, profesionala izan ala ez. Presentzia areagotzen ari da, baina murritza da oraindik. Ez dira ereduak sortzen. Ereduak sortzen direnean, babesleak interesatu egiten dira, diruarekin laguntzen dute eta errentagarria da. Ez badugu ahaleginik egiten kirol profesionalean emakumeak ikusarazteko, zaila izango da. Dena den, gutxinaka ari gara lortzen, Carolina Marin badminton jokalariaren kasuan, esate baterako.

Herri mailan, Maialen Chourraut piraguista izan daiteke eredu?

Eliteko kirolari baten adibide garbitzat eta lidertzat daukat Maialen Chourraut. Ikurretako bat kirol munduan. Eta azpimarratu nahiko nuke ez soilik lortu duena, baizik eta urteotan guztietan seguruenik eman behar izan duen guztia iritsi den tokira iristeko. 

Iruditzen zait jaitsi egin beharko liratekeela emakume batentzat kirolari profesional izateak dakartzan kostuak. Baldin badaukazu 16 urteko seme bat futbolean ona dena, esate baterako, gurasoek pentsa dezakete ‘ea ona ateratzen den’. Futbolean ona den 16 urteko neska bat baldin badaukazu, aldiz, pentsatu dezaketena da ‘ea ez den hain ona ateratzen, ea ez dituen ikasketak uzten…’. Kostu handiak dakartza profesionala izateak emakumearentzat gaur egun oraindik. Halere, gero eta adibide gehiago daude, izan emakume edo gizon, kirolean profesional izatearen bidea aukeratzen dutenak ikasketak utzi beharrik gabe.

Krisi ekonomikoa dela-eta laguntza kopuruaren eskasia da oztopoetako bat?

Beldurra ematen dit egoera batek: urteotan krisi ekonomikoak kolpatu du baita ere kirola sustatzera bideratu den dirua. Hori hor dago. Dena den, diru gutxiago bideratuta ere, emakumeen profesionalismo kopurua ez da jaitsi, eta kirolariek lanean segitu dute, lan gogorra egiten segitu dute eta azkenean esfortzu hori aurrera atera da, eta dominak lortu dira.

Baina, diru-sarrerak berriro igotzen badira, diru hori erabiliko da urteotan esfortzu eta sakrifizio handiei esker aurrera atera diren lan eta kirol horiek sustatzeko, profesionalizatzeko eta egonkortzeko? Emakumeei gutxiago kosta dakien profesional izatera iristeak, ala orain arte bezala kostu altu horiek mantenduko dira kirolera diru gehiago bideratuta ere? Hori da nire galdera. Eta hau planteatzen dudanean badakit zertaz ari naizen hizketan.

Kirol psikologiaren talaiatik, zer landu parekidetasunaren bidean?

Hastapen fasean neska-mutilek jarduera egiteko gai sentitu behar dute, konpetente, garrantzitsu. Zergatik duzu gustuko zerbait konkretua egitea? Uste duzulako trebea zarela horretan. Entrenatzaileek helarazi behar diete hori gaztetxoei, helburu erreal eta egingarriak planteatuz. Hori lortzeko gai direnak asko ari dira egiten gizartearen alde. Eta, mutilekin bezala neskekin ere egiten badute, euren hondar aletxoa ariko dira jartzen parekidetasunaren eta berdintasunaren bidean. Gaztetxoek, kirolean urrats horiek eginez, beste esparru askotara ere eraman ditzake: Zergatik ez du egingo ikastetxean, adibidez?

Nerabe izatera iristean, kirol arloan urratsak egiten doaz, bai, baina konpetitzeko maila ona eduki behar da. Kirolaria ez dela iristen horra? Ados, ba ez da ezer gertatzen. Jarrai dezake partizipazio kirola egiten, ongi pasatzeko eta osasuntsu sentitzeko, esaterako. Baina emakumeen presentzia murritza da hor: neskak ez dira sozializatu mutilak bezainbeste kirolarekin, lagunengandik urrun egin behar izan dute, edo, bestela, lagunekin, baina ekitaldi antolaturen batean. Okendo plazan mutil asko ikusten ditugu futbolean jokatzen, baina neskak? Urteen poderioz, edo talde hori mantentzen dute, edo kirola uzten doaz. Esparru hori da gehien landu behar dena, nire iritziz: kontzertuak-eta antolatzen diren bezala, kirol-ekitaldiak, helburu sozializatzaileekin. Sortzaileak izan behar gara alor horretan.

Eta, nerabezaroan konpetitzeko adina gaitasun duten eta profesional izaten saiatzea hautatzen duten nesken kasuan, tranpolin lana egin behar dugu: ereduak sortuz, egiten dutenaren berri emanez eta enpresek euren ekarpena eginez. Badago Mezenazgo Lege bat Gipuzkoan: emakumeei euren kirol ibilbide profesionalean laguntzeagatik Ogasunean desgrabatu egiten die enpresei, %25 zuzenki eta %17 ez-zuzenki. Eta enpresa askok ez dute horren berri. Uste dut hori hauspo oso ona izan daitekeela profesionalki kirola egiten nahi duten emakumeentzat. 

Nolatan kirol psikologia?

Gaztetan futbolean aritzea gustatzen zitzaidan, baina talderik ez zegoenez, eskubaloian jokatzen hasi nintzen, Oztaran taldean. Infantil, kadete eta jubenil mailetan Gipuzkoa zein Espainiako selekzioetan jokatzera ere iritsi nintzen. Ez nintzen oso ona, baina ilusio askorekin jokatzen nuen!

Gustura sentitzen nintzen eskubaloian jokatzen, gustatzen zitzaidan. Dena den, beti diot, gustatzen zitzaidan, baina une horretan aukera eduki izan banu futbolean ariko nintzen.

Jubenila nintzenean, 17 urterekin, Ohorezko Mailan hasi nintzen jokatzen, Hernanin, eta orduan hasi nintzen bidegabekeria mordoa ikusten genero ikuspegitik. Taldekide Ane eta Reyes Karrere eta hirurok aldarrikapenak egiten genituen, entrenatzaile trebatuak nahi genituela, aste osorako janaria ere guk eramaten genuen etxetik… Kanpotik jokalariak ekartzen hasi ziren, eta orduan guk eskatu genuen guri behintzat etxera itzultzeko taxiak ordaintzeko, joan egingo ginela bestela…eta bota egin gintuzten. Uste dut une horretatik aurrera hasi ginela sentitzen saiatuko ginela emakumeen kiroleko alor profesionalen baten gidari izaten, noizbait.

Esan, eta egin.

Psikologia izan da nire pasioa: gauzak hobetzen saiatzea, baloreak gehitzea. Baina horretarako ikasi eta jakin behar nuen jarrerak ulertzen, eta psikologia ikasten hasi nintzen. Gero kirol-psikologian espezializatu nintzen, eta helburutzat jarri nuen nire ogibide bilakatzea. Pixkanaka joan naiz nire bidea egiten eta modelo bat eraikitzen joan naiz, psikologia eta aldaketaren kudeaketan, eta hori aplikatzen dut enpresetan eta aldaketa eskatzen den edozein egoeratan. Eta kiroletik dator hau dena. 

Zertan zabiltza orain?

NARE enpresa sortu eta bertako lehendakaria naiz. Helburu bat dauka: ‘aldaketa’ kudeatzea. Edozer gauza lortu nahi badugu, edozein helburu, aldaketa bat dago abiapuntuan: berdintasun, kirol, lan, erronka pertsonal… helburuak lortzeko aldaketak behar dira, eta horiek kudeatzen ditu NAREk. Egiten dugu lan enpresa mailan, ertain-mailako buruzagitza daukaten langileekin batez ere, uste dugulako horiek direla gero langileak gidatu behar dituztenak. Maila pertsonalean ere berdin, norbanako batek helburu jakin batzuk lortu nahi dituenean aldaketa bat dago hor: laguntzen dugu identifikatzen zeintzuk aldagai ari diren boikoteatzen, bidean aurrera jarraitzeko eta bide hori helmuga izan dadin punturen batean.

Kirol-talentua sustatzeko 'Sport Talent Factory' asesoria teknikoan ere ari naiz. Horrez gain, ezintasunak dituzten kirolariekin lan egiten dut, kirolaren bidez engaiatu eta sozialki integratu daitezen. Aholkularitza, ikerketa eta formazioan ere ari naiz. Hiru horietan zailena, formazioa da (barreak).