Ainhoa Iturrioz: “Sorpresa handia izan da kartel lehiaketa irabaztea”

maider-azurmendi 2016ko eka. 28a, 13:00
Arkitektoa formazioz, Zitek akademian aritzen da klaseak ematen Ainhoa Iturrioz herritarra. Aurtengoan berea da San Pedro jaiak iragartzeko kartela. Lehenengo aldia izan da horrelako lehiaketa batean parte hartzen eta oso pozik azaldu da sariarekin. Akademiako bere ikasleei ilusio handia egin die Ainhoa komunikabideetan ikustea eta horregatik bakarrik merezi izan duela aitortzen du gazteak.

Aurtengo jaietako kartela berriz ere herritar batek egindakoa da. Ainhoa Iturrioz gazteak eskuratu du kartel onenaren saria.  Herriko txoko guztietan jarri den irudiak festetako gune eta ekitaldi esanguratsuenak islatzea izan du helburu. 

Iturriozek, aurkeztutako lan guztien artean maila ona zegoela uste du. 22 lanen artean egin behar izan zuten hautaketa Jaiak Batzordeko kideek.

Nolatan aurkeztu zenuen kartela?

Udalaren webgunean ikusi nuen lehiaketaren inguruko informazioa eta aurten probatzera animatu nintzen. Arkitektoa naiz eta diseinuan asko aritu behar izan naizenez kartela egitera animatu nintzen. 
Marrazketa ere betidanik asko gustatzen zait eta probatzeagatik egin nuen.

Zer adierazi nahi zenuen irudiarekin? Koloreak aukeratzeko garaian...

Herriko festetako ekintza guztiak islatu nahi nituen nolabait. Festetako kartela  izanda, kolore alaiak ere erabili nahi nituela argi neukan. Horrela herriko eraikin esanguratsuenak jarri ditut, dan- tzariak, erraldoiak…

Zenbat denbora behar izan zenuen kartela egiteko?

Egun batzuk dedikatu nizkion. Hala ere, denbora asko ez. 

Hasieratik ideia oso garbi neukan, zer jarri nahi nuen kartelean banekien. Digitalki aurkezteko aukera zegoenez, lana bidali eta ia ahaztuta neukan. Probatzeagatik bidali nuen, ez neukan irabazteko itxaropenik egia esan behar badut. 

Lehenengo aldia da lan bat aurkezten duzula horrelako lehiaketa batean?

Bai, lehenengo aldia da horrelako lehiaketa batean parte hartzen dudana. Irabazteak animoak eman dizkit gehiagotan saiatzeko. 

Denbora izatekotan, datorren urterako beste kartel bat prestatuko dut ziur. 

Espero zenuen irabaztea?

Ez, esan bezala proba bezala hartu nuen lehiaketa hau. Jakin nahi nuen ea gaitasuna neukan horrelako lan bat egiteko eta primeran atera zait. Irabazlea nintzela esateko deitu zidatenean sorpresa handia hartu nuen.

Ez nuen espero, etxean ere ez nuen esan lehiaketara kartela aurkeztu nuela eta pen-tsa, zuzenean saria irabazi nuela esan nienean poz handia hartu zuten. 

Zitek akademian klaseak ematen ditut eta TXINTXARRIko argazkian ikusi nindutenean izugarrizko poza hartu zuten. Ni asko poztu nintzen baina ikasleei eragin dien ilusioa ikustea polita izan da. Beraientzat aukeren artean nirea zen kartel politena. 

Zer iruditu zaizkizu aurten aurkeztutako beste kartelak?

Webgunean ikusi nituen beste lanak eta maila ona zegoela iruditu zitzaidan. Mota eta estilo ezberdinetako lanak zeuden. Nire ustez, batzuk erraz izan zitezkeen irabazleak. Oso lan politak zeuden.

Lehia egon dela iruditzen zaizu?

Bai, ez dut uste erabaki erraza izan denik. Esan bezala, nire ustez lan batzuk oso onak ziren. Herritarren iritzia kontutan hartu dutela esan zidaten udal ordezkariek, hala ere festak arloko batzordeak izan zuen azken hitza aukeraketan. 

Nire ustez, herritarrek hautatu beharko lukete kartela urtero.

Agian zaila da Udalarentzat sistema egoki bat topatzea, baina herriko festak herritar guztienak dira eta gure hitzak nahikoa behar luke nire ustez. 

Zer egingo duzu sariarekin?

600 euroko saria da eta oso ondo etortzen da. Egia esan ez dut oraindik pentsatu zer egingo dudan diru horrekin. Ikasleekin ikasturteko azken azterketak prestatzen gabiltza eta oso lanpetuta nabil. Dena den, udarako oporretan gastatuko dut ziur.

Nola biziko dituzu San Pedro jaiak? Zein izaten da festetako zure plan gustokoena?

San Pedrotan lagunekin ateratzea eta kalean disfrutatzea izaten da plana. Garai batean danborradan bandera eramaten atera nintzen baina dagoeneko ez dut parte hartzen. 

Kalera atera eta festaz gozatuko dut. Herritarrontzat egun bereziak dira jaiak eta kalean hainbeste ordu egiten ditugunez, aspaldi ikusi gabeko lagunak eta ezagunak topatzeko egunak dira.