"Agendaren lehen lerroetan jarri behar da presoen gaia"

maider-azurmendi 2017ko mar. 24a, 09:55
Joxe Mari Agirretxe eta Ixiar Arteaga Lasarte-Oriako sareko kideak. Bazkidetza kanpaina eta mobilizaziorako deia egin du Sare Herritarrak larriki gaixo dauden presoen eskubideen alde.

Euskal Preso, iheslari eta deportatuei legez dagozkien eskubideak berrezartzeko jaio zen Sare 2014. urteko ekainean. Lasarte-Orian 2014ko abenduan aurkeztu eta hasi ziren lanean. Aurreko astean egindako agerraldian herritarrak mobilizatzera deitu zituen larunbatean Baionan eta maiatzaren 6an Gasteizen egingo diren manifestazioetara joateko gonbita luzatuz. 

Azkeneko hau apirilaren 8rako zegoen deituta baina Sarek jakitera eman duenez, "Apirilaren 8an ETAren armagabetze amaiera ekitaldia izango da. Sare-ren ustez euskal jendartearentzat ekimen oso garrantzitsua da, eta beraz denon begiradak iparraldean egongo direnez, Sare Herritarrak, Gasteizen, larriki gaixo dauden presoen eskubideen alde, izango den manifestazioa, maiatzaren 6ra atzeratzea erabaki du". 

Ixiar Arteaga eta Joxe Mari Agirretxe dira Lasarte-Oriako Sare-n lanean dabiltzan herritarretako bi. Urte hauetan gertutasunetik aritu dira, "herri mailan sarea osatzen giza eskubideen alde". 
Udal ordezkari eta alderdiekin harremenetan jartzeaz gain, herriko hainbat eragileren atxikimendua lortu dute. Gertutik jarraitzen ari dira Ibon Fernandez Iradi gaixotasun larria duen herriko presoaren egoera edota Santi Arrospideren kasua. 

Sare momentu honetan zer egiten ari da? 
Euskal Herrian eta herriz herri, erakunde publikoekin, herri eragileekin eta pertsona ororekin harremanetan jartzen ari da Sare Giza Eskubideen urraketen inguruan sentsibilizazioa zabaldu asmoz eta konpromiso batzuk lortzeko helburuarekin.

Esan daiteke gainera, lan honek fruituak eman dituela izan ere, modu anitz batean, sentsibilitate askotako jendearen atxikimenduak jasotzen ari gara. Egia da ondoren konpromisoen gauzatzea legokela.

Adibidez?
Lasarte-Oriako udalean mozio bat aurkeztu zuen Sarek, alderdiekin hitz egin zuen aurretik eta lortu zen presoen eskubideen urraketaz mozioa onartzea alderdiek emendakinak egin zituzten arren. 
Atxikimendua garrantzitsua izanda ere, lortu behar dugu gai hauek alderdi, erakundeen, agintarien agendaren lehen puntuan egotea aurrera pausuak ikusi ahal izateko. Ez dugu atxikimendu soilean gelditzea nahi. Esan behar da arazoak bere horretan jarraitzen duela ETAk jarduera armatua utzi zuela sei urte pasa direnean. Gainera euskal gizartean pausuak ematen ari gara konponbidea, bakeari eta normalizazioari begira eta bide horretan funtsezkoa da presoen gaia.

Ez da aurrera pausorik egon? 
Presoen gaiari dagokionean, dena estankatuta, geldituta dago. Atxikimendu anitzak eta asko jaso diren arren, urtarrilean Bilbon egin zen manifestazioan sentsibilitate berriak gehitu ziren, biolentzia ezberdinen biktimak egon ziren adibidez, baina azkenean, mugimendu sozialetik haratago, erabaki politikoetan gauzatzea falta da gizartearen eskaria. 

Zein da bidean oztopoa? 
Gauzatze horretan aitzakia beti Madril eta Parisko gobernuak dira.

Azkenean, gai hauen konpetentziak edo eskumenak, espetxeen alorrekoa, gure herritik kanpo daude eta gugandik urrun hartzen dira erabakiak. Estatu eta gobernu biek, Europa mailan hartzen diren lege arauak sinatu eta alde azaltzen dira beste herrialdeetako gatazkei dagokionean baina hain justu, hemen aplikatu behar direnean lege horiek dena bihurtzen da traba eta oztopo. 

Alde horretatik, garbi ikusten dugu aspaldi eskuratuta beharko genukeela espetxeen konpetentzia adibidez. 

Azkenean esan bezala, erabakiak urruti hartzen dira eta urruti dauden agintari horiek, bere horretan jarraitzen dute. 

Ez da jarrera aldaketarik egon?
Duela gutxi 'Instituciones Peniteniarias'-en barne zirkular bat publiko egin da non aitortzen den larriki gaixo dauden presoak ez direla kaleratuko hilzorian egon arte. Eta horrek esan nahi du, minbizia larri bat duen preso batek, Oier Gomez adibidez, edota Ibon esklerosi anizkoitzarekin, egunerokotasunean artatze jarraitu bat behar dutenen egoera berdin zaiola 'Instituciones Penitenciarias' delako erakundeari. Ez dago borondaterik preso hauen eskubideak, oinarrizkoak direnak, onartu eta aplikatzeko.

Alderdi politikoek aurrekontuez hitz egiten duten bezala, guk eskatzen duguna da presoen eta giza eskubideen urraketaren gaia agenda politikoaren lehen lerroan jartzea eta honen gainean erabakiak har daitezela.

Horretarako gizartearen mobilizazioa beharrezkoa ikusten dugu. Gizarteak egin behar du indarra eta bultzada eman behingoz ordezkari politikoek aitzakiarik izan ez dezaten eta gaiaren inguruan konpromisoak lotu ditzaten.

Mobilizatzeko deia egin berri duzue. Jendartearen bultzadak lortuko du zerbait?
Bai aipatu bezala beharrezkoa da. Sareren jardueraren ekinbidea giza eskubideak, konponbidea eta bakea dira. Gure lan eremua preso, deportatu eta iheslarien eskubideak dira, legeak berak aitortzen duena betetzea lortu behar dugu.

Larriki gaixo dauden presoen kaleratzea eta dagoeneko kondena beteta daukatenen kasuak dira premia. Egoera honetan Ibon Fernandez Iradi herritarra dugu, dagoeneko kondena beteta du eta kalean beharko luke baita bere gaixotasuna dela eta, adituek esanda edota Santi Arrospide, bi aldiz betetzen ari da zigor bat, Frantzian eta Espainian.

Bestalde Rafa Diez dugu, Bateragune prozesuagatik espetxeratua, lan politikoan aritzeagatik kartzelan dagoena. Urrunduta daude herriko preso guztiak. Aipatutakoak dira Giza eskubideen kontrako egoerak eta gure herrian bertan bizi ditugu, urraketa horien adibideak.

Honen aurrean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan hartutako ebazpena, 51etik 50 ados jarri ziren egoera hauei irtenbidea ematearen aldeko bozka ematen.

Jendea mobilizatu izan da, aurrerapausorik ez ikustea etsipena ere eragin dezake jendartean. 
Ez gaude sinistuta mobilizazio handi batek ekarriko duenik irtenbidea. Ez gaude horrekin baina bai ikusten dugu beharrezkoa dela mobilizatuta eta saretuta egotea. Ez dago gure esku konponbidea eta gora begiratuta ere, gure agintariei,  ez dakigu horrelako gaiak zein punturaino lotzen diren.

Herri honetan senideak, preso gaixoarenak, lagunak… jende pilari ukitzen dio gaiak. Sarek nahi duena da hortik atera eta denontzako eroso eta giza eskubideak babestuko dituen gizarte bat eraikitze horretan, denok parte aktibo garelaren mezua eman. Horrekiko zerbait sentitu, agertzeko, jakin nahia, parte hartzeko… sarea, topagunea nahi dugu izan herrian. Horregatik mobilizazio potolo bat egiten denean, horren parte izan nahi dugu.

Bestalde, egia da, etsipenerako motiboak badaude, sumatzen da estatutik ez dagoela intentziorik pausoak emateko, hainbat gai izan dira albiste azken asteetan. Baina Saretik lortzen ari den atxikimendu anitz horrek eman behar digu indarra eta itxaropena. 

Aniztasunean dago gakoa?
Herritarren artean hori lortu badugu, alderdien artean ere lorpenak daude. Adibidez PPren abstentzioa lortu zen Donostiako udalean Sara Majarenas eta bere alaba Izarren gerturatzea eskatu zutenean alderdi guztiek. Kasu zehatz bat da baina behintzat hemen Euskal Herrian, sentsibilitate horrek, giza eskubidei dagokiona, aurrera doala erakusten du gure ustez. Eta horrek indarra ematen digu jarraitzeko. 
Herritarren inplikazioa eta mobilizazioak ere eragingo du sentsibilizazio hori zabaltzea eta geroz eta zailagoa egitea Euskal Herrian bertan geldirik egotea urraketa ezberdinen aurrean.

Aste honetan argitaratu da Eusko Jaurlaritzak euskal presoak gehienez etxetik 250 km-ra egoteko eskaera egin duela. Ildo beretik, euskal presoen hurbiltzea nahi du Frantziako presondegien ikuskatzaileak. Zein balorazio egiten duzue? 

Sarek gai honi dagokionez esaten du presoen eskubidea dela etxetik eta ingurune afektibotik ahalik eta gertuen egotea. Beraz, horren alde, helburu hori lortzeko ematen diren pausoak ongi hartuak dira.

Aipatu dugu, herriko presoen artean, Ibon eta Santiren kasuak ditugu entzutetsuen. Zein egoeratan daude? 
Ibonen kasuan, esan bezala, udal ordezkariekin izan ginen, sendagileekin eta eragileekin ekimen ezberdinak burutu genituen herritarrei irekiak eta sinadura bilketa abiatu genuen ere. 
Bi helburu bete ziren gure ustez, gertuko informazioa ematea batetik eta bestetik, horren aurrean atxikipenak jaso ziren. Kanpainan bildu ziren sinadura guztiak Ibonen azkeneko epaiketan aurkeztu ziren arren, azkenean erabakia politikoa izan zela ondorioztatzen dugu.

Legeak hor daude, ez dira betetzen eta badakigu erabaki politiko batek aldatuko lukeela egoera baina erabaki hori momentuz behintzat, ez da iristen. Ibonen kasuan momentu honetan, jarraipena egitea besterik ez dugu. Hiru epaiketa izan ditu eta Europara jotzea geratzen zaio. Adituek esan dute kalean behar duela, eta epailearen azken erabakia barruan geratzen dela izan da. Guk, herritarrok, gaiaren aktibazioa egitea beste tresnarik ez dugu. Santi Arospideren egoeraren aurrean egin da ere atxikimendu bilketa.

Nolako harrera egin dizuete herriko  eragileek? 
Ezaguna da gaia guztientzat. Badakite zein den orokorrean euskal presoen egoera baina gertutasuna eskertu dutela iruditu zaigu. 
Kasu konkretuetara jotzeko gertutasunak asko lagundu du hor dago saretzeko gaitasuna. Bestela interesarekin hartu gaituztela esan daiteke. Kontutan izan behar da gurean, Lasarte-Orian bertan era guztietako bortxakeria pairatu  izan dela. 

Lasarte-Orian orain ari da udala azterketa egiten, baina ETAk hil du, torturak izan ditugu Olanoren kasua dugu, urrunketak heriotzak eragin ditu… Eta agian gertatutako guztiagatik, herritarren aldetik urruntze bat egon da. 

Momentu egokian gaude ordea, berriro gerturatze bat gauzatzeko herritarren artean. Guk hori bultzatu nahi dugu, sinistu behar dugu, hala delako gainera, norberak bere aletxoa jartzea posible duela konponbidean eta bakerako bidean. Prozesuan izan eta senti gaitezen denok protagonista. Udala eta herriko eragileengana hurbilduta, hori nahi dugu lortu, gertutasunetik sentsibilizatzea eta eskua luzatzea.
Presente izan behar dugu igarotzen den egun bakoitzean, urraketa bat dagoela. Ezin dugu hori onartu eta eten behar dugu. Guztien esku dago.

Presoek nola bizi dute egoera hau. Sareren lana eta mobilizazioak adibidez?
Beraiek badira kolektibo baten parte eta beren disposizioa erakutsi dute pausuak emateko bai kolektiboki baita indibidualki ere. Esan dute prest daudela hitz egiteko, harremantzeko, agente aktibo izateko prozesuan. Esan behar da ere, eurek pairatzen duten egoeraren larritasunarekin daramate guztia.

Herritarren kasuan, gure ustez, sentitzen dira Lasarte-Orian gertatzen denaren parte. Eskura dutena egiteko eta harremanetarako prest agertu dira.

Zeintzuk dira Sareren hurrengo ekintzak herrian?
Aurten Lasarte-Oriako Sarek gehiago zabaldu nahi du eta kultura, hezkuntza zein gizarte arloko eragileekin harremanetan jarri eta atxikimenduak bilduko ditu. 
Beti ere norbanakoak ahaztu gabe. Herritarrekin hitz egiteko prest gaude.

Zer egin behar da Saren parte hartzeko? 
Deia egin nahi diegu herritarrei gurera gerturatzeko. Sare Herritarraren ekimen eta lan ildoez informatuta egon nahi dutenek, euren emaila emanda, guk informazio guztia puntualki bidaliko diegu. 
Bestetik, kolaboratu eta Lasarte-Oriako Saren parte hartzeko, bakoitzak ahal eta nahi duen neurrian, gurekin harremanetan jarrita lasartekosare@gmail.com -era idatzita, bide emango diogu. 
Azkenik, Sare-ko bazkide egiteko aukera dagoela esan nahi dugu.

Nola lagundu daiteke? Zein bide erabili dezakete herritarrek? 
Sarek 2015eko manifestazioan bildu zuen dirua Guardia Zibilak konfiskatu zuen. 104.000 euro horien faltak zuloa eragin du.Sare herritarrak baliabide ekonomiko horiek behar beharrezkoak ditu bere jarduna gauzatu ahal izanteko.

Sare.eus webgunean daude ekarpen puntualak egiteko bideak. Dohaintzak transferentzi bidez egin ahal dira Laboral Kutxa ES90 3035 0060 4406 0014 3604 eta La Caixa-ko ES17 2100 6502 4102 0006 2067 kontuetan esaterako. Sareren bazkidetza ere bideratu daiteke hau da, hilabetean diru kopuru bat emateko konpromisoa hartutzen duten herritarren kasua.

Aukera ezberdinak daudenez, guztiaz informazioa emateko, hilabeteko azken ostiraletan herriko Sareko kideok ohiko elkarretaratzea baino lehen, mahai bat jarriko dugu Okendo plazan bazkide egiteko bideak azaldu edota informazioa emateko. Hurrengo hitzordua datorren ostirala, 31, izango da 19:30ean. 

Bestalde, autobusa antolatu dugu Bagoaz kolektiboak bihar Baionan 17:00etan antolatu duen mobilizaziorako. Gasteizera joateko ere jarriko da beste autobus bat (maiatzaren 6ra aldatu da larriki gaixo dauden presoen eskubideen aldeko mobilizazioa). Gainontzean, Aste Santutik aurrera ekingo diogu herriko eragileekin kontaktu berriak egiteari.