Zabaleta Auzolan elkartea: "Hogeita bost urte eta gero lanean jarraitzea pozgarria da"

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 26a, 13:00
Ate joka dira Lasarte-Oriako Zabaleta auzoko festak. Ostiralean, Teresa sorginaren jaitsierarekin emango die hasiera ofiziala, baina asteartetik ostegunera ere ekintzak izango dira. Aurtengo ospakizunak berezi izango dira elkartearentzat; 25. urteurrena bete dute

Hogeita bost urtetan, ibilbide luze eta oparoa egin du Lasarte-Oriako Zabaleta Auzolan elkarteak. 

1991. urte amaieran, abenduan, eman zituen lehen urratsak eta orduaz geroztik, etenik gabe, mende laurdenez auzoaren alde lanean dihardute elkarteko kide eta auzotarrek.

Antonio Blas auzokideak eman zuen bide auzoko festak antolatu eta hogeita bost urteetako lanari bultzada emateko; "berari esker hasi zen guzti hau", azaldu dute  elkarteko kideek, eta harrezkero, hamaika ekintza, ekitaldi eta festa antolatu dira Zabaletan.

Bi helburu nagusirekin batu eta sortu zuten aipatu elkartea;   auzoan sumatutako zenbait beharri aurre egin eta Udalarekin harremantzeko asmoz batetik, eta auzoko ekintzak antolatu eta sustatzeko bestetik.

Ordutik hona ordea, aldatzen ari da Zabaleta. Azken urteotan, etxe ugari eraiki dituzte bertan, eta horrek asko haziarazi du Lasarte-Oriako gainaldeko aipatu auzoa.

Orain, belaunaldi berrien laguntzarekin batera, talde majoa osatzen dute eta prest dira auzokideak Zabaletaren alde lanean jarraitzeko. 

Bide horretan antolatu berri dituzte datorren asteartetik igandera bitarte ospatuko diren festak eta guzti hontaz hitz egiteko elkarteko kideekin izan da Txintxarri.

Noiz eta nola osatu zenuten Zabaleta Auzolan elkartea?  
Zabaleta Auzolan elkartea 1991. urteko abenduan sortu zen. 

Bi arrazoi nagusi  asebetetzeko osatu genuen elkartea; lehena, udalarekin mantendu beharreko harremanak landu eta koordinatzeko asmoz, eta auzoko ekintzak sustatzeko antolatutako ekintzak sustatzeko, bigarrenik.

Auzokideok behar batzuk ikusi genituen Zabaletan, baina Udalak ez zuen irtenbiderik ematen. Elkarteak bere funtzionamendurako behar duen espazio itxi baten eta frontoi baten beharra ikusi genuen, beste hainbaten artean, eta horiei auzo gisa erantzun eta udalarekin interlokuzioa eduki asmoz osatu genuen elkartea.

Zer gertatu da gune estali edo frontoiarekin?
26 urteren ostean, oraindik ere lortzeke dauden bi proiektu dira. Frontoia etxebizitza berriei  lotuta doan proiektua da, eta lokala edo espazio itxia, berriz, udalaren borondatearen baitan dago.

Non biltzen zarete orduan auzo elkarteko bilerak eta aurrera eramateko?
Orain hogeita bost urte, Antonio Blas auzokideak, bere garajea utzi zion elkarteari. Bertan biltzen hasi ginen eta oraindik ere, gaur egun, bertan egiten ditugu bilerak eta baita zenbait ekintza ere. 

Ekintzak aurrera eramateko espazio estalirik ez daukagunez, eguraldiaren menpe jarraitzen dugu eta edozein ekintza antolatzen dugula, eguraldiak izugarri baldintzatzen gaitu.

Nolako bilakaera izan du Zabaletak mende laurdeneko ibilbidean?
Azken urteetan Zabaleta auzoak eta Auzolan elkarteak aurrera eramandako ekintzak direla eta, bilakaera nabarmena izan du. Gure baliabideekin, auzokideen laguntzarekin zein parte-hartzearekin eta Lasarte-Oriako Udalaren laguntzarekin eraman ditugu aurrera gure auzoan antolatutako ekintzak.

Eta elkartea sortu eta orduan hasi al zineten auzoko festak antolatzen?
Ez. Zabaleta Auzolan elkartea sortu aurretik, urtebete lehenago, auzoko festak antolatu genituen. 

Honetan, Antonio Blas izan zen aitzindaria. Berari esker hasi zen guztia. 

Garai haietan, plazan egiten zen bizitza. Aurretik aipatu moduan, gaur egun oraindik ere auzo elkartearen lokala den garajea berea zen, eta sagardo  apur baten bueltan, bertan elkartuta, auzoko festak antolatzea erabaki zen. Lehen festak antolatuta, Zabaleta Auzolan elkartea sortu zen gero.

Garrantzitsua izan da Antonio Blas orduan Zabaleta Auzolan elkartearentzako.
Bai, oso garrantzitsua, bera izan zen elkarteko lehen lehendakaria, guzti honi hasiera eman ziona.

Euskaraz jakin ez arren, berak animatu zituen auzokideak lehen festak  (euskaraz) antolatzera, lehen ekintzak aurrera eramatera eta aurrez esan dugun moduan, berea zen garajea utzi zigun auzo elkarteko lokal gisara erabiltzeko.

Lehen aldiz festak antolatzen hasi ginenetik, bi helburu markatu genituen; euskaraz eta ondo pasatzeko izan zitezela.

Nola antolatzen da gaur egun Zabaleta Auzolan?
Bi bereizketa nagusi egin behar ditugu hemen. Batetik, auzo elkartea dago eta bestetik, berriz, festetako batzordea. Azken honetan parte hartzen dutenek ez dute zertan auzo elkarteko kide izan.
Elkarteari dagokionean, estatutuek markatzen duten moduan, lehendakari bat du, idazkari bat, kontu-hartzailea eta bokalak ditu. 

Horrela, urtero, batzarra egiten da eta bertan, kontuen berri ematearekin batera, urteko ekintzen balorazioa ere egiten da.

Normalean, batzordeko kideek gutxienez bi urtetarako konpromisoa hartzen dute, eta denbora hori pasata berritzen dira partaideak.

Festa batzordea, auzoko festak antolatzeaz arduratzen da eta auzo elkarteak berriz, urtean zehar aurrera eramaten ditugun beste hainbat ekitaldi ere antolatzen ditu.

Gaur egun, zenbat kidek osatzen duzue elkartea?
Egun, 140 bazkidez osatua dago.

Azken urteetan Zabaleta auzoa zenbat hazi den ikusita, jende berria gehitu al da elkartera? Jarraitzen al dute belaunaldi berriek?
Urte hauetan guztietan, normalean, mantendu egin da elkarteko kideen joan etorria, baina sorpresa handia hartu genuen gabonetako neguko ekintzan, olentzeroan.

Jende berri dezente gehiago bildu ginen aipatu ekintza horretan eta pozgarria izan da hori guretzat.

Ezin ukatu liteke urte batzuk ataskatuta egon garela, baina garai batean Zabaletako auzokide izan zirenak, gero urte batzuk auzotik kanpo bizi arren, etxe berrien eraikitzearekin berriz ere bueltatu egin dira, eta horien inplikazioa ere geroz eta nabarmenagoa da. Inplikazio hori mantentzeko lan egin behar dugu orain.

Urtean zehar beraz ekintza bat baino gehiago antolatzen daramatzazue urte mordoa.

Bai hala da. Urte hasierarekin batera, urtarrilean, gaztetxoentzako irteera bat antolatzen dugu, eta horrekin batera, baita babarrun jana ere.

Otsailean, Santa Ageda egunean santa-eskean ateratzen gara auzoko baserrietatik barrena eta horrekin batera, inauterietako desfilean ere parte hartzen dugu. 1991. urtean hasi ginen inauterietan parte hartzen eta aurten, adibidez, 90 pertsonako taldea osatu dugu.

Ekaineko ekintza nagusia, auzoko jaiak izaten dira, baina horrekin batera, udako festaren harira, San Juan sua ere egiten dugu.

Garai batean egiten zen ekintza bat berreskuratu dugu azken urtetan; gamusino bila. Orain urte batzuk ume gisa hortaz gozatu ahal izan zuten gaurko gazteek errekuperatu dute ekintza hori.

Irailean, auzoko irteera prestatzen dugu eta urritik abendura ere, hilabete bakoitzean izaten dugu ekintzarik; Udazken festa (sardina jana) urrian, hitzaldiz beteriko aste kulturala azaroan eta urteari amaiera emateko neguko festa, Olentzeroa, abenduan.

Hitz egin dezagun urtemugaz orain... urte berezia da aurtengoa zuentzat. 
Programazio berezia izango da aurtengo festa asteburuan txertatuta.

Hasiera batean, asteburu honetan (festen aurreko asteburuan) egin nahi genuen urteurren ospakizuna eta proposamen hori luzatu genion Udalari, baina datorren asteburuan auzoko festak izango zirela eta, dena elkarrekin egiteko proposamena egin ziguten haiek eta horrela egingo dugu azkenean.

Hogeita bosgarren urteurren hori modu berezian ospatzeko, izango al da ekintza berezirik aurten?
Bai, noski, baina aurrez esan moduan, festen egitarauaren barruan txertatu dugu. 

Urteurrena ospatzeko, Zo-Zongó eta Gozategi musika taldeak izango ditugu, besteak beste,  datorren larunbatean eta igandean. 

Eta gainontzean, nolako festak prestatu dituzue aurten? Izango al da berrikuntzarik?
Orokorrean, aurtengo jaien bizkarrezurra aurreko urteen antzerakoa da, urteroko ekitaldiak mantentzen dira aurtengo egitarauan ere. 

Asteartetik ostegunera bitarteko haurren jolasak eta antzerkia adibidez, urtero izaten dira Zabaletan, baita sorgin dantza herrikoia, larunbateko bertso saioa eta rock gaua, igandeko proba mistoa, bazkaria, Kukukaren dantza emanaldia eta beste zenbait ekintza ere.

Baina izango dira berrikuntza bat baino gehiago ere, hala nola,  ekainaren lehenean, iluntzeko 20:15ean ikusgai izango dugu Erradikalak Gara antzezlana, ekainaren hiruko arratsaldeko Txan magoaren saioa, iluntzeko zikiro afaria eta akelarrea.

Akelarrea izango da aurten. Sorginak izango dira noski bertan. Jaien zaindari nagusia ere Teresa Sorgina duzue Zabaletan. Nolatan sorginaren irudia?
Orain urte batzuk, Teresategin eraiki asmo zuten industrialdea zela eta jarri genion Teresa izena gure jaien ikur den sorginari, eta orduaz geroztik, horrela mantendu dugu, (hortik dator sorginaren jaitsiera ere). Auzo honetan sorgin ugari dago! –barre egiten dute elkarteko kideek–.

Alejandro Romo da Teresa sorginaren egilea. 

Hitz egin dugu auzoaren egun arteko bilakaeraz, baina etorkizunaz galdetuko bagenizue?
Nabarmena da auzoa etengabe aldatzen ari dela. Etxebizitza dezente eraikitzen ari dira eta oraindik ere gehiago eraiki asmo dituzte.

Zabaletan hazi eta herriko beste auzoren batera, zein beste herri batera bizitzera joan diren gazteak ere bueltatzen ari dira, eta lasarteoriatarrak ez diren auzokide berriak ere baditugu. Horren ondorioz, bizilagun eta auzokide gehiago gara eta auzoa nabarmen gaztetzen ari da. 

Egoera honen aurrean, hausnarketa prozesu bat hasi dugu. 

Zer-nola-norekin? galderak hizpide hartuta, bilerak egiten ari gara orain, eta parte hartze polita izaten ari dira saio horiek.

Auzo elkarte bezala, zein behar sumatzen dituzue gaur egun? Urte guzti hauetan egindako lanaren zein balorazio egiten duzu?
Lokal baten beharra nabarmena da, batez ere ume kopurua handitzen ari delako. Auzoko haur eta gazteek jolasteko gune estalirik ez dute, beraz gune estali baten beharra du gure auzoak.

Bestalde, oso balorazio ona egiten dugu, batez ere urte  hauetan guztietan ekintza ugari eraman baititugu aurrera eta  gogo hori oraindik ere mantentzen baita. Hogeita bost urte eta gero lanean jarraitzea pozgarria da.

Bide batez, lerro hauek baliatu nahiko genituzke modu batera zein bestera laguntzen gaituzten guztiei eta dei egiten  diegu lasarteoriatar guztiei gure auzoko festak gozatzera etor daitezen.