Xirimiri elkarteari omenaldia larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 23a, 11:00
Orain arteko ibilbidea omendu eta etorkizunera begira itxaropentsu begiratu. Hori da azaroaren 28an, larunbatean, Xirimiri elkartean egingo duten omenaldiaren helburua. Egun osoan zehar ekintzak egingo dituzte haur, gazte eta helduentzat.

Bi urte igaro dira Xirimiri elkarteak bere 25. urteurrena ospatu zuenetik. Oraingoan ere atzera begirako omenaldia antolatu dute. 27 urte hauetan elkartean bizitakoa gogoratu eta etorkizunari itxaropentsu ekitea da antolatzaileen helburua.

Egitaraua

Goizeko 11:00etan hasiko dira ekintzak Aralar plazan. Umeentzako tailerrak eta jolasak egingo dituzte. 12:30ean argazki erakusketa izango da elkartean. Urte hauetan Xirimiriren inguruan egin diren ekimenak gogoratzeko aukera egongo da, beraz.

14:00etan bazkalduko dute umeek, eta helduek, berriz, 14:30ean. Tiketak Ilargi eta Artizar tabernetan eskuratu ahal izango dira. Umeena 5 eurotan eta helduena 10 eurotan langabetuek eta 15 eurotan langileek.

Bazkaldu ostean, taberna irekiko da eta mus txapelketari ekingo zaio. Halaber, abeslari trebeek euren gaitasuna erakusteko aukera edukiko dute 'Xirimiri Kantari' karaokean. 

Umeek ere edukiko dute jolaserako aukera arratsaldean. 17:00etan Porrotxen bisita jasoko dute Aralar plazan.

Afari-merienda, ostegunean

Omenaldiaren aurretik beste hitzordu bat egongo da Xirimirin.

Udara honetan Kuban izan diren lasarteoritar batzuek argazki erakusketa prestatu eta euren esperientzia partekatuko dute bertaratutakoekin. Ondoren, afari-merienda egingo dute.