Viña del Mar eta Arkupe tabernak garaile

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abe. 2a, 22:48
Ostiral iluntzean eman zituzten jakitera IV.Pintxo Ibilbidean irabazle izandako bi mokaduak. Viña del Marreko eta Arkupe tabernako pintxoak izan dira aurtengo garaileak.

Presa iberikoa, onddo eta Pedro Ximenez saltsarekin, eta isatsa ardo gorri erara, patata eta perretxiko kremaz hornitutako mokaduak izan dira aurtengo IV. Pintxo Ibilbideko mokadu garaileak. Horien egileak, Viña del Mar kafetegia eta Arkupe taberna izan dira. Lehenak, herritarren saria bereganatu zuen eta bigarrenak aldiz, bigarren urtez banatzen den Martin Berasategui saria. Horrela eman zituzten ezagutzera atzo, Udalean egindako ekitaldian. Zortzi mokaduak izan dira 'oso maila altukoak'. Hala adierazi zuen Martin Berasategui sukaldariak atzo.

Zortziei oroigarria
Sari banaketa ekitaldian, aurtengo ibilbideko pintxo guztien maila ona nabarmendu zuen Martin Berasateguik; oso harro agertu zen aurtengo mokaduekin. Horren aitortza gisa, sukaldariak sinatutako alkondara bana oparitu zien zortzi tabernetako kideei.

2400 pintxo inguru

Aterpea Merkatarien Elkarteko lehendakari Ramon Ormazabalek ekitaldian esan bezala, 2400-2500 pintxo inguru saldu dira guztira aurtengo pintxo ibilbidean; taberna parte-hartzaile bakoitzak, 300 mokadu inguru saldu ditu. Zifra horiek kontuan hartuta, ekimenaren arrakasta nabarmendu eta pozik agertu zen Ormazabal nahiz eta aitortu zuen, esku-orriak bete zituzten bezeroen kopurua ez dela handia izan aurten.