Urteari amaiera emateko, Buruntzara

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abe. 29a, 12:00
Ostadar SKT-k eta Ttakun Kultur Elkarteak antolatuta, hirugarren urtez Buruntza mendiko gainaldean dagoen San Roke baselizara txangoa prestatu dute. 2014. urteari bukaera emateko aukera polita izango dute beraz lasarteoriatarrek. Kirol pixka bat egin eta era berean konpainia onean mokadutxo eta tragoxka batzuk hartuz, ermitaren inguruan goiz-pasa ederra egitea da asmoa, Urtezahar egunari probetxua atera, eta 2015ari ongi-etorria emateko.

Bakoitzak bere kaxa egingo du ibilaldia eta antolatzaileak San  Roke baselizaren ondoan dagoen aterpean hamaiketakoa eta giro ederra jarriko dituzte goizeko 10:00etatik eguerdiko 12:00etara. 

San Roke ermita
Aukera paregabea da ibilaldi hau Buruntza mendiaren tontorrera igo eta mendiaren magalean, 340 metroko altueran dagoen San Roke baseliza ezagutzeko. 

Baseliza hau 1908. urte inguruan eraiki zen eta abuztuaren 16an ospatzen da meza San Roke egunez, Buruntza auzoko festak direnean. Tontorretik behera, 400 bat metrotara dago auzoa, mendiaren magalean.

San Roketik gertu harrobi ikusgarri bat dago Andoain aldeko magalean eta baita aterpe moderno bat ere, mahaiez hornituta.

Baselizari dagokionez, zementuz egindako eraikin txiki bat da, 3,8 metroko altuera duena. Barrutik ere ez da oso handia, 4,3x3 metroko azalera du, baselizara sartzeko hiru eskailera edo koxkatxo igo behar dira eta aldarea iparraldera begira dago.

Paretak azulejo txuriz apainduta daude eta aldarearen goikaldean, balio artistiko handirik ez duen San Rokeren harlanduzko irudi bat ikus daiteke, Buruntza mendiko harrian bertan eginda. 
Ermitaren kanpokaldean ur bedeinkatuaren harrizko edukiontzia eta burniz egindako atea dauzka, Erroke Deuna hitzak bertan iltzatuta dituela.

Trikitixa eta hamaiketakoa
Lasarte-Oria inguruko txokoak ikusi eta bide batez kirola egitea da Ostadar SKT eta Ttakun KEren asmoa. Horrekin batera, 10:00etan hasita bi orduz, hamaiketako goxoa egiteko aukera izango da San Roke inguruan, txorizo errea, gazta, salda, ardo eta sagardo tragoxkarekin; trikitixa soinuez girotuta.

Ibilaldi laburra eta luzeagoa egiteko aukera dago, herritar bakoitzak bere ibilaldia antolatuko du; Lasartetik, Oriatik, Azkorteko baselizatik, Urnieta bidetik… Eguraldi txarra egingo  balu, mendiaren magalean, baseliza ondoan aterpea dago, eta sua egingo da tarte horretan epelago egoteko. 

Urteari bukaera lege onean eman nahi dionak aukera du mendi buelta egin, lagun artean mokadu ederra jan eta kontu-kontari aritzeko.