Urtarrilean, aldaparik ez

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 13a, 14:48
Aurelio Rodriguez bezeroak irabazi du Ogi Berrik urtero zozketatzen duen 1.500 euroko saria. Pozarren joan da gaur Pintore kalean dagoen okindegira

Urtarrilean hainbat gasturi egin behar izaten diote herritarrek, eta hilabete aldapatsua bihurtu ohi da askorentzat. 31 egun hauek ez zaizkio horren malkartsuak egingo Aurelio Rodriguez bezeroari: Ogi Berri okindegiak urtero zozketatzen duen 1.500 euroko saria irabazi du. 

Irribarretsu erantzun ditu Rodriguezek Txintxarriren galderak. Añorga Txikin bizi da bera, eta igandero-igandero joaten dela Pintore kalean dagoen okindegira, "asko" gustatzen zaiolako bertako ogia. "Urtarrilari aurre egiteko primeran etorriko zaigu saria, aintzat hartzeko moduko diru-kopurua da", aipatu du. Gastuei aurre egiteaz gain, emazte eta semearekin batera "plan bereziren bat" egiteko asmoa du Rodriguezek.

Urtarrila hasierako El niño loteriaren 1go sariaren zenbaki bera dauka Rodriguezen txartelak, eta horregatik poltsikoratu du 1.500 euroko saria. "Inoiz ez zait ezer tokatu parte hartu dudan zozketa guztietan, gaur arte!", nabarmendu du Rodriguezek.