Unai Muñoa laugarren Elgoibarren

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 4a, 11:00
Unai Muñoa herriko bertsolaria Elgoibarren aritu zen atzo kantuan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetan. 407,5 puntu bildu zituen denera, laugarren postua eskuratuz. Puntuazio orokorren zain egon beharko du orain final laurdenetara pasako den ala ez jakiteko. Zuzeneko txartela Manu Goiogana irundarrak poltsikoratu du.

Gipuzkoako Bertso Txapelketako final zortzirenetako beste kanporaketa bat jokatu zen atzo. Elgoibarko Herriko antzokian izan zen atzokoa; Unai Muñoa herritarra aritu zen kantuan bertan. 407,5 puntu bildu zituen lasarteoriatarrak saioaren amaieran, laugarren postua eskuratuz sailkapenean. Ane Labaka eta Earra! eskolako kide Beñat Iguaranen moduan, puntuazio orokorren zain egon beharko du Muñoak orain, final zortzirenak bukatu arte itxaron, final laurdenetan ariko den ala ez jakiteko. 

Bertsozaleek hurrengo larunbatean edukiko dute hurrengo hitzordua, Arrasateko Amaia antzokian, 17:30ean. Igandean berriz, Andoaingo Bastero kulturgunean ariko dira beste sei bertsolari, Earra! bertso eskolako kide Asier Azpiroz tartean. Final zortzirenetako azken bi saioak izango dira aipatutako horiek.