Udalbatzak onartu du aurtengo aurrekontua

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ots. 7a, 10:00
PSE-EEren aldeko bozak jaso ditu EH Bilduren kontrakoak eta PP, EAJ nahiz Ahal Du Lasarte-Oria Puede taldeen abstentzioa. 28 milioi euro erabilgarri izango ditu 2019an udalak bere jardunerako, gastuetan aurreikusitakoa baino 6.000 euro gehiago

Lasarte-Oriako Udalak badu 2019ko aurrekontu orokorra. Guztira, 28.162.013,79 euro izango ditu udalak bere jardunerako. Astelehen arratsaldean egindako ezohiko udalbatzarrean onartu zuten PSE-EEren aldeko zazpi boza, EH Bilduren kontrako lau, eta PP, EAJ eta Ahal Du Lasarte-Oria Puede (ADLOP) abstenituta. 
Ia bi orduz luzatu zen bileran, EH Bilduk aurkeztutako osoko zuzenketa eta EAJren lau emendakin partzial eztabaidatu zituzten. Proposamena argudiatzerakoan, Pablo Barrio EH Bilduko bozeramailea oso kritikoa izan zen; udal kudeaketarekin, "ezer egin" ez izana egotzita; baita aurrekontu proposamenarekin ere. Batetik, maiatzeko hauteskundeetatik sortuko den udal gobernuaren jarduna "baldintzatuko" duelako; eta bestetik, herritarren interesei begirakoa ez delako. Horren adibide aipatu zuen herritarren parte hartze eredua, Barrioren ustez, "orri zuri batean nahi dutena idaztera" mugatzen dena. Era berean, Zarataraingo nahiz Zabaleta-Berriko udal orubeak Babes Ofizialeko Etxebizitzak egiteko saldu izana ere kritikatu zuen. "Jabetza publikoa interes pribatu espekulatiboen mesederako pribatizatu" delako, beste finantzazio bide batzuk bilatu beharrean. 
Ordubetetik gora eztabaidatu zuten Barriok eta Jesus Zaballos alkateak. Entzundako argudioei erantzun zien udal gobernu buruak, baina aurrekontuen zirriborroa osatzeko, gainerako alderdiak ez bezala, EH Bildu kontuan hartu ez duela besterik ez zuen onartu. Hitz hartzeak amaituta, aldeko lau boz eta hamahiru ezezkorekin ezetsi egin zuten zuzenketa. 
Halaber, EAJk aurkeztutako lau zuzenketa partzialak ere ezetsi zituzten. Batean, hiritarren bulego mugikorraren aurrekontua 6.000 euro murriztea eskatu zuten, baina bere horretan mantenduko dute. Beste batean, lurpeko zaborrontziak konpondu edo lur gainekoekin aldatzea, abian den azterketaren emaitzak ezagutzean erabakiko dute. Gainerako biek lotura zuten udal lanpostuen zerrenda eta pertsonalaren taularekin. Jeltzaleek egun behin behinekoa den aparejadore postua mantentzea nahi zuten, eta honen kontratua maiatzetik abendura arte luzatzea. Horren ordez, ordea, obra publikoetako ingeniari lanpostua sortuko dute.   
PPk, EAJk eta ADLOPek euren abstentzioarekin aurrekontua onartzea ahalbidetu zuten. Erabakia argudiatzerakoan "arduraz" eta " lasarteoriatarren interesen alde" egin izana adierazi zuten. Horrez gain, EAJko Jon Antxordokik nabarmendu zuen ezin zutela alde bozkatu, udaltzain kaporalen hizkuntza eskakizuna murriztu izanaren aurka daudelako.

Inbertsio ugari herriko azpiegituretan

Aurrekontu zirriborroei egindako hamabost zuzenketen herena onartuta osatu dute 2019ko udal aurrekontua. Udal gobernuak 28 milioi euro erabilgarri izango ditu tasak, zergak, foru funtsa eta Zatarain nahiz Zabaleta Berriko udal lurren besterentzea batuta. Kopuru hori bost atal nagusitan banatuko dute: 12 milioi, oinarrizko zerbitzu sozialetara; 8 milioi, ondasun publikoen ekoizpenera; 4 milioi, jarduera orokorretara; 2,5 milioi, babes eta sustapen lanetara; eta 269.000 euro, jarduera ekonomikoetara. 
Inbertsioetara bideratutako diru kopurua baliatuko dute, besteak beste, Basaundiko auzoa berritzera, 1,17 milioi; Atsobakarreko futbol zelaia egitera, 1, 3 milioi; Jaizkibel eraitsi eta berreraikitzera, 500.000; Sasoeta eta Landaberri ikastetxeetako eraikinak hobetzera, 448.000 eta 307.000, hurrenez hurren; eta 120.000 eurona hilerria errehabilitatzera eta gune publiko bat estaltzera.
Gastu guztien batura diru sarrerak baino 6.000 bat euro gutxiago izatea espero dute.