Udalak eta Iberdrolak hitzarmena sinatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abe. 2a, 14:34
Goizean sinatu dute Lasarte-Oriako alkate Jesus Zaballosek eta Iberdrolako Euskadiko Ordezkari Komertzial Juan Aurrecoecheak. Horren bidez adostu dute, ekonomikoki egoera ahulean dauden pertsonek faktura ordaindu ez badute ere, argindarraren eta gasaren hornidura etetea saihesteko beharrezkoak diren koordinazio-mekanismoak ezartzea. Akordio bera sinatu zuten aurreko astean EDP konpainiarekin.

Zaballosek iragarri duenez, laguntza-ildo bat onartuko da aurki ahultasun egoeran dauden pertsonentzat, gasa eta argindarra hornitzen duten enpresekin adostu ondoren, “eta bereziki Eusko Legebiltzarrean PSE-EEren emendakinaren bitartez onartu ziren Eusko Jaurlaritzaren laguntzetatik kanpo geratzen direnentzat”.

Lasarte-Oriako Udalak eta Iberdrolak hitzarmena sinatu dute “egoera ahulean dauden bezero lasarteoriatarrak babesteko helburuarekin”. Une honetan, udalak faktura elektrikoari aurre egiteko arazoak dituzten eta Iberdrolako bezeroak diren 47 familiarekin jada lan egiten du.

Ezarritako baldintzak bete beharko dituzte pertsona hauek Udalak ematen dituen laguntza sozialen onuradun izateko. Laguntza horiek zorraren zati bat edo zor osoa ordaintzeko erabili ahal izango dira.  Udalak laguntza jasotzaile posiblearen egoeraren berri eman orduko, Iberdrolak konpromisoa hartzen du epe bat ezarriko duela non ez baita hornidura etengo, eta aurretik etena badago, berriro hornitzeari ekingo zaio baldin eta Udalak laguntza sozial baten aukera tramitatzen badu.

Hala ere, Iberdrolak Kale Nagusian bulegoa du zabalik eta herritarrek bertan argitu ahal izango dituzte zerbitzuarekin duten edozein zalantza.