Udal gobernuak "jarduera-lizentzia eskuratzea" galdegin dio Elebeltz Plataformari

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ots. 10a, 14:25
Udal korporazioak ohiko pleno saioa egin zuen atzo arratsaldean. Berritu egin du aretoa udal gobernuak: hormak margotu ditu, koadroak kendu, kortinak aldatu eta baita zinegotzien aulkiak aldatu ere. Azken horien erosketa-prezioak (800 euro inguru bakoitzak) harrabotsa sortu du azken asteetan; EH Bildu eta LOAD alderdiek horietan ez esertzea erabaki zuten.

Hainbat gai jorratu zituzten atzoko udalbatzarrean korporazioko hamazazpi zinegotziek. Tartean, Elebeltz Plataformak aurkeztutako mozioa. Testuaren egileen hitzetan, "alkatetzatik egindako hirigintza dekretu bat" erabili du udal gobernuak "erabaki politiko bat" estaltzeko eta "herritar bat mehatxatzeko": "Jesus Zaballosen udaletxe berriak ez ditu Elebeltzen ateak irekita ikusi nahi: ez du nahi kultura herrikoirik, ez aniztasunik, ez espazio librerik. Plataformako kideok uste dugu hau ez dela izan eraso isolatu bat, herri mugimendu osoaren aurkako estrategia bat baizik". 

Horren harira, hainbat eskaera egin zizkion udalbatzarrari: "Alkateak Elebeltz ixteko saiakera" salatzea, gune horretako kideei "babesa" ematea, dekretua jaso zuen pertsona "prozeduratik at" gera dadila, "prozedura bertan behera" uztea eta udal gobernua "bi pribaturen arteko harremanean ez sartzea". 

Udalbatzarrak ez zuen onartu mozioa, bozketa egin ostean: lau aldeko bozka (EH Bildu), hiru abstentzio (LOAD) eta hamar kontrako (PSE-EE, EAJ eta PP) jaso zituen.

"Ez da erabaki politikoa izan"

PSE-EEko zinegotzi Lourdes Acevedok hartu zuen hitza udal gobernuaren izenean hitz egiteko. "Udalak ofizioz esku hartu du gai horretan, Ertzaintzak azaroaren 29ko goizaldean egindako salaketa batetik abiatuta. Hori gertatu zenetik bost astera egin zuen dekretua alkatetzak. Erabaki politikoa izan balitz, askoz ere azkarragoa izango zen prozedura", adierazi zuen. 

Era berean, argitu zuen herritarrari bidalitako dekretua "jakinarazpen bat egiteko" izan dela: "Herritar horri azaldu dioguna da Elebeltzek ezin duela jarraitu kontzertuak eta antzekoak egiten lizentziarik gabe; beharrezko segurtasun neurriak ez ditu betetzen, eta zerbait gertatuko balitz erantzukizuna eskatuko genuke".

Jesus Zaballos alkateak ere hitz egin zuen gaiaren inguruan. "Udal gobernua eta ni neu ez gaude Elebeltzen jardueraren aurka, inondik ere. Ekainaren 13an izendatu ninduten alkate, eta nire asmoa gune hori oztopatzea izango balitz, askoz ere lehenago egingo nuke. Besterik gabe, Elebeltzek aktibitate-lizentzia bat behar du gune horretan jarduteko, gainontzeko elkarte, taberna eta abarrek bezala", nabarmendu zuen. 

Emandako bozka azaltzerakoan, PPko Alex Saenzek adierazi zuen "behar sozial" bati erantzuten diola mozioak, eta gisa horretako guneen erregulazio-marko batean lan egitea interesgarria izango litzakeela aipatu zuen. Bestalde, aurka bozkatzearen argudio gisara, azaldu zuen ez zuela topatu Elebeltzek salatutako "mehatxu eta kriminalizaziorik", udal gobernuak emandako informazioa kontrastatu ostean.

EAJko bozeramaile Estitxu Alkortaren aburuz, hirigintza dekretuak "ekintza puntual batzuei" erantzun die. "Uste dugu Elebeltzek herriko elkarteen erroldan eman beharko lukeela izena, oraindik egin ez badu, udalaren baliabideak erabili ahal izateko". 

LOAD Lasarte-Oriak Ahal Du alderdiak "erabateko babesa" eskaini zien guneari berari eta bertan egiten diren ekintzei. Bestalde, adierazi zuen ez zeudela ados "udal gobernuari eta alkateari egindako akusazioarekin"; alde bateko zein besteko informazioa aztertu zutela ere jakinarazi zuten.

Azkenik, EH Bilduko Pablo Barriok nabarmendu zuen Elebeltzek azkeneko lau urteetan egindako lana: "Hondamendi bidean den eremu bat garbitu, koloreztatu, argitu eta dinamizatu du. Horrelako guneei bidea libre utzi behar zaie eta, arazorik egonez gero, konponbidea bilatzeko modua erraztu eta horretan lagundu". 

Elebeltz Plataformako hainbat kide presente egon ziren udalbatzarrean. Mozioa eztabaidatu bitartean hainbat aldarrikapen afixa erakutsi zituzten. 

Udalbatzarra, Garoña ixtearen alde

CSN Segurtasun Kontseilu Nuklearra Santa Maria de Garoña zentral nuklearra (Burgos) berrirekitzeko asmotan dabilela-eta, LOAD alderdiak mozio bat aurkeztu zuen, udalbatzarrari eskatuz erabaki hori gaitzesteko eta zentrala "behin betiko ixtea" exijitzeko.

Funtziotan dagoen Espainiako Gobernua ere kritikatu zuen Arkaitz Naya bozeramaileak: "Gure iritziz, uneotan gobernuan den alderdiak ez du zilegitasunik gisa horretako erabakirik hartzeko". Mozioa onartua izan zen, aldeko hamasei bozka eta abstentzio bakarrarekin (PP).

Energiaren gaiarekin lotuta, pobrezia energetikoaren afera jorratuz mozio bat aurkeztu zuen PSE-EEk. Lourdes Acevedok jakinarazi zuenez, udal gobernua hasi da hitz egiten energia-hornitzaile diren enpresekin, "eguneroko kontsumorako energia nahikoa ordaindu ezin duten familiei" laguntza eman eta arazoari konponbidea bilatzeko.

SEADren 40. urteurreneko ekintzak

SEAD Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa eratu zenetik 40 urte beteko dira otsailaren 27an. Horren harira, Saharako Lagunak taldeak mozio bat eraman zuen pleno aretora. Udalbatzarrari hainbat eskaera egin zizkion: SEAD eta Frente Polisarioaren zilegitasuna aitortzea, Marokok saharar herria jazartzeari uztea, Lotsaren Horma eraistea, Espainiak Marokori armak ez saltzea, eta baita udaletxean Mendebaldeko Saharako bandera jartzea hilaren 27an, beste batzuen artean.

Hamasei aldeko bozka jaso zituen mozioak, eta abstentzio bakarra (PP). Tomas Arruti Sahararen Lagunak taldeko kideak "eskerrak" eman zizkien Udalari eta herritarrei emandako laguntzagatik, eta aurreratu zuen ostegunean prentsaurreko bat egingo duela elkarteak, 18:30ean Villa Mirentxun, 40. urteurrenaren harira prestatu dituzten jardueren berri emateko. 

'Correscales-Korrika'

EH Bildu eta LOAD alderdiek Movistarreko langileen egoera eraman zuten udalbatzarrera atzo. 2015eko uda baino lehen greba luze bat egin zuten, lan-baldintza prekarioak salatuz besteak beste. Orain, beste ekintza bat jarri dute martxan, 'Correscales-Korrika' izenekoa.

Otsailaren 18an hasiko da Bilbon eta handik lau egunera bukatu, Bartzelonan. Tarte horretan hainbat aldarrikapen egingo dituzte langileek: prekarietate laboralik gabeko bizimodu bat lortzea, Movistarreko langileen borroka berpiztea eta eragile zein kolektiboen atxikimendua bilatzea. 

Pleno saioak, 'streaming' bidez

Udalbatzarrak urgentziaz bozkatu eta eztabaidatzea onartu ostean, EAJk udalaren gardentasunari buruzko mozio bat aurkeztu zuen atzo. Alderdi jeltzaleak eskatu zuen hemendik aurrera udalbatzarreko saioak zuzenean eskaintzea 'streaming' bidez, Udalak YouTube atarian kanal bat eratzea saioen bideoak bertan eskegitzeko, erakundearen web orrialdean gune zentralizatu bat egitea informazioa "modu azkarrean" erakusteko, eta Udalaren gai zerrenda, akta eta antzekoak "modu eskuragarri eta ulergarrian" publikatzea.

Korporazioak aho batez onartu zuen EAJren mozioa.

Pleno aretoaren itxura berria

Udal gobernuak hainbat berritze-lan egin ditu udalbatzar aretoan. Hormak margotu ditu, koadroak kendu eta biltegian gorde, kortinak aldatu eta baita zinegotzien aulkiak ere. Zeresan handia eragin du azken horrek alderdi zein herritarren artean, erosketa-prezioa dela-eta (800 euro inguru bakoitzak). Protesta modura, EH Bildu eta LOAD alderdiek beste eserleku batzuk erabili zituzten saioan zehar. "Arruntagoak eta merkeagoak diren aulkiak erabiliz gure lana duintasun osoz egin daitekeela erakutsi dugu", adierazi zuen amaieran koalizio abertzaleko bozeramaile Pablo Barriok. Horrez gain, erabili ez zituzten zazpi aulki horiek erosiak izan ziren dendara bueltatzeko eskatu zuen.

Galdera eta erreguen txandan eztabaidatu zuten gaia alderdiek, EH Bilduk horri buruz galdera egin ostean. Jesus Zaballos alkatearen esanetan, udaletxeko areto "solemneena" da pleno aretoa: "Udalak har dezake bere gain aulkiak aldatzen egindako inbertsioa; 30 urte zeramatzaten jada aurreko besaulkiek". Pablo Barrioren iritziz, "hilabetean bizpahiru orduz" lan egiteko, "19.000 euro xahutzea ez da beharrezkoa".

Zaballosek aipatu zuen aurreko legealdian alkatetza gelarako "altzari berriak" erosi zituela EH Bilduk, 12.815 euroan: "3459,35 euroko mahai bat, 364,54 euroko aulkia, bileretarako sei aulki 1.099,98 euroan, kristalezko mahai bat 3.090,51 euroan, armairu bat 2.395,07 euroan Era berean, jakinarazi zuen udaletxe berriko hainbat areto bigarren eskuko altzariekin hornitu dituela udal gobernuak; Atsobakarreko Zaharren egoitzatik ekarri ditu horiek.

Alderdi politikoen zein herritarren galdera guztiek erantzunak jaso zituzten udal gobernuaren ahotan.