Aurpegi berriez betetako Udalbatza

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 26a, 20:00
Udal hauteskundeek zinegotzi berriz betetzen dute Udalbatza. Aurreko legealditik sei kide mantenduko dira, batek bi legealdiko etenaren ostean berriro hartu du kargu eta hamar dira zinegotzi aulkian lehenengoz eseriko direnak.

Aurpegi berriez osatutako Udalbatza izango da, beraz, legealdi honetan. Hamazazpi zinegotzietatik hamarrentzat lehen aldia izango da aulkian eseriko direnak. Aurreko legealditik sei zinegotzik errepikatzen dute: 3 PSE-EE, 2 EHBIldu eta EAJ-PNV 1. PSE-EEko Urdampilleta, berriz, 1999-2003 eta 2003-2007 legealdietan izan zen zinegotzi. 

Gauzak honela, PSE-EEk 7 izango ditu: Jesus Zaballos, Lourdes Acevedo, Agustin Valdivia, Maite Iglesias, Txus Alonso, Beatriz Juez eta Jose Mari Urdampilleta. Hauetatik lau izan dira zinegotzi aurreko legealdi batean, Zaballos, Acevedo, Alonso eta Urdampilleta.legealdietan izan zen zinegotzi.

EHBildun Pablo Barriok eta Gorka Lizarragak errepikatzen dute zinegotzi postua eta Leire Elizegi eta Kris Bernal dira berriak.

Arkaitz Naya, David Ares eta Alicia Garcia izango dira Lasarte-Oriak Ahal du hautesle taldearen izenean Udalbatzarrean lanean izango diren kideak. Hiruentzat lehen aldia da Udalbatzako kide direnak.

EAJ-PNVk bi kide izango ditu korporazioan, batek errepikatzen du Estitxu Alkortak eta Jon Antxordokik aldiz, lehen aldia du.

Lehen legealdia izango da ere Udalbatza mahaia osatuko duen PPko Alex Saenz gaztearentzat.

Orain, hiru asteko epea dute alderdiek elkarrizketak eta akordioak egiteko. Ekainaren 13an eratuko da legealdi berriko udalbatza eta alkate berria aukeratuko da. Ezustekorik ez bada Jesus Zaballosek eskuratuko du kargua. PSE-EEko hautagaia prest agertu da beste alderdiekin hizt egiteko eta  komunikabideei azpimarratu dienez "hau adostasunen legealdia izan daiteke".

Bozkak sekzioka

Bestalde, igandean argitaratu genuen moduan, PSE-EEk irabazi zituen udal hauteskundeak 3.540 bozkekin. 2.365 bozkei esker EHBildu izan zen bigarren indarra eta Lasarte-Oriak Ahal du hirugarrena izan zen, 1.480 bozkekin. EAJk nahiz eta bozkak irabazi laugarren izan zen 1.428 bozka lortuz eta azkenik, PP 477 eskuratu zituen.

Gaur, sekziokako eta mahaikako bozka kopuruak jakitera eman dira. 

Hauetan ikusi daitekenez, PSE-EE izan zen nagusi ia mahai guztietan eta Sasoetako 3. sekzioan lortu zituen igandean bozka gehien.

EH Bilduk Sasoetako 1go sekzioan, Kultur Etxeko 4A mahaian, Udaletxeko 6. sekzioan eta Liburutegi Zaharreko 9A eta C mahaietan lortu zuen PSE-EE baino bozka gehiago.

Lasarte-Oriak Ahal du hautesle taldeak Basaundiko 11 B mahaian 105 bozka eskuratu zituen eta beste mahaietan 47tik 87ra. Baina lau mahaietan Kultur etxeko 4A eta 5 mahaietan eta Zumaburu ikstetxeko 8. sekzioan 40 bozka baino gutxiago lortu zituen. 

EAJk 53-83 arteko bozka kopurua mantendu zuen mahai gehienetan, Zumaburuko Ikastetxeko sekzioan eta Sasoetako 2. sekzioan eta 3A mahaian izan ezik hauetan 28tik 36ra doaz bere aldeko bozkak.

Azkenik, PPk Kultur etxeko 5 sekzioko mahaian eta Zumaburuko 7B eta 8A mahaietan lortu zituen bere emaitzik onenak.