Tximistarreta parkean jarri du aldundiak airearen kalitatea neurtzeko estazioa

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 28a, 17:43
Erraustegia martxan jartzen dutenean kutsadura neurtuko du. Andoainen, Usurbilen eta Zubietan ere estazioak jarriko dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak airearen neurgailuak ezarri ditu, Zubietako erraustegiaren inguruko airearen kalitatea neurtzeko. Horietako bat jarri dute Lasarte-Orian, Tximistarreta parkean, hain zuzen. Jose Ignacio Asensio eta Elena Moreno aldundiko Ingurumeneko arduradunak izan dira herrian. "Gardentasun borondatea erabatekoa da", esan du Asensiok. Lehen ebaluazio bat egingo dute erraustegia abiatu aurretik, gero datuak alderatzeko. 

Lasarte-Orian ezaritako estazio mugikorrari esker, airearen kutsadura maila unean bertan jakin ahal izango dute. Estazioak honako substantziak kontrolatuko ditu: PM10 partikulak, sufre dioxidoa, ozonoa, nitrogeno oxidoak eta karbono monoxidoa. Estazioak etengabe airearen laginak aztertzen ditu. Datu horiek egiaztatu ondoren, argitaratu egingo dituzte. 

Neurketa kanpainak hiru hilabete iraungo ditu, eta balioko du Lasarte-Oriako airearen egungo kalitatea ezagutzeko. Erraustegia jarri aurreko egoera ezagutu ahal izango da, gero haren inpaktua aztertzeko Geroago, estazio mugikor horren ordez finko bat ezarriko dute, parametro berberak kontrolatzeko.