Txapelketa nagusiko finalaurrekoei begira

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 1a, 10:20
Andoni Egañak Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko gorabeherak izan ditu hizpide Xirimiri elkartean. Hurrengo asteartean Ane Labakak eta Imanol Lizardik errepasatuko dute Iruñeako finalaurrekoak emandakoa, Ttakunenea elkartean

Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko finala iritsi ahala, bertsotan aritu bakarrik ez, bertsoei buruz hitz egiteko garaia ere bada. Donibane Lohizuneko finalaurrekoak eman duenaz aritu dira Xirimiri elkartean, Ttakun Kultur Elkarteak eta Bertso Eskolak antolatutako solasaldian. Gonbidatu berezi baten eskutik eman diote errepasoa txapelketari, eta, oro har, bertsolaritzari: Andoni Egaña bertsolaria. Miren Artetxeren Durangoko saioa ere hizpide izan du Egañak: "Bertsoak irakurriz gero, ikusten da onak direla, baina bertso txarrak izango balira bezala kantatu zituen". Asteartean egingo dute hurrengo solasaldia, 19:30ean, Ttakunenean. 

Orain zortzi urte utzi zuen txapelketa Egañak, eta orain  zorabio handiagoa ematen dio oholtzak. "Harritu egiten nau pentsatzeak hor aritzen nintzela".   Ez baita lan samurra bertsolariena: "Pentsatu iturginen lehiaketa egingo balute erakusleiho handi batean, denok ikusteko moduan. Ausardia handia behar da". 

Bertsolariez gainera, epaileak eta gai jartzaileak miresten ditu. "Epailearena egin izan dut etxean, eta kartzela iritsi arte ez da atsedenik. Lan oso zaila da".

Herrigintza, bertsotan 

Halere, iruditzen zaio txapelketan gehiegi zigortzen dituztela ondo hasi ez direnak. "Hondoratu egiten dituzte". 

Lau urtean behin, Txapelketa Nagusiak aukera ona ematen du "bertsolaritza bizitzeko moduak" ikusteko. Izan ere, Egañak aitortu du ez diola inoiz ikasteari utzi. "Azal askotako tipula da bertsolaritza, eta txapelketak ahalbidetzen du azal mota guztiak azaleratzea". 

Gainera, antolatzaileak zoriondu ditu, txapelketa "inoiz baino Euskal Herriagokoa" delako. Maulen, Bastidan, Donibane Lohizunen... egin dituzte saioak. "Hernanin edo Tolosan sarrera gehiago salduko lituztekte, baina hori ez da kontua".