Txapak jartzeko prest, Euskaraldiari ekiteko

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 15a, 15:30
Astebete falta da Euskaraldia hasteko, eta dagoeneko prest dituzte 'belarriprest' eta 'ahobizi' txapak. Asteartetik ostegunera Ttakunen eta udalean jaso daitezke; ostiralean eta larunbatean, berriz, Okendo plazan egingo dituzten ekitaldietan

Azken txanpan sartu da dagoeneko Euskaraldia. Hurrengo astean, hilaren 23an, hasiko da hizkuntza ohiturak astintzeko esperimentu soziala, eta ekitaldiari azken ukituak ematen ari dira. Belarriprest eta ahobizi txapak prest dituzte dagoeneko, eta hurrengo astean hasiko dira banatzen. Hilaren 20tik 23ra, Ttakun Kultur Elkarteko bulegoan eta udaleko Euskara Zerbitzuan. Ostiral eta larunbatean, berriz, Okendo plazan ekitaldiak prestatu dituzte, eta hor ere jaso ahalko dira. 

Jon Antxordoki Euskara Batzordeko buruak eta Tomas Arrizabalaga Ttakuneko presidenteak erakutsi dituzte Euskaraldirako txapak. Ez dira Euskararen Maratoikoak bezalakoak. Azpialde zuri baten gainean daude marraztuta ahobizi eta belarriprest figuren ikurrak.

Hurrengo asteko asteartean, asteazkenean eta ostegunean hartu ahal izango dira horiek. 09:00etatik 13:30era, udaleko Euskara Zerbitzuan. Baita Ttakuneko bulegoan ere; 09:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara.

11 eguneko egitaraua fintzen ari dira antolatzaileak, baina lehen bi ekitaldien berri eman dute; ostiralean, hilaren 23an, 16:00etatik 21:00etara izango da, Okendo plazan. Larunbatean, toki berean, 11:00etatik 14:00etarako egitaraua prestatu dute.

Txapekin batera, Euskaraldiak iraun bitartean norberak bere rola betetzeko aholkuak ere jasoko ditu. Euskal Herriko antolakuntzatik prestatu dituzte horiek, eta orain bi urte herrian egindako ikerketako ondorioetan oinarritu dira, alegia, Baietz 40 egun euskaraz! egitasmoan. Aholku horiek jarraituz, ahobiziek eta belarriprestek laguntza izango dute beren rolak betetzeko. 


Etxez etxe 
Estitxu Garmendia eta Joxe Mari Azkonobieta hamaikako kideak ere izan dira agerraldian, eta aurreko asteburuan eginiko Euskaraldia loratzen Lasarte-Orian ekitaldiari buruzko azalpenak eman ditzute. 160 pertsona inguru aritu ziren etxez etxe Euskaraldia herritarrei azaltzen, eta izen emateko aukera eskaintzen. Boluntario horiek guztiak zoriondu eta eskerrak eman dizkiete. 

Horrez gain, balkoietan zintzilikatzeko puntuak banatu zituzten; gero eta gehiago ikusten dira kalean, herritarrek ekitaldiari eginiko harrera beroaren erakusgarri. Dagoeneko ahobizi edo belarriprest gisa 1.800 pertsonak baino gehiagok izena eman dute. Halere, oraindik badago aukera parte hartzeko: http://lasarte-oria.euskaraldia.eus webgunean izena eman daiteke, edo herriko 28 punturetan bestela, Ttakun Kultur Elkartean tartean. 

Bestalde, gero eta ugariagoak dira Euskaraldiari emandako atxikipenak. Abbadia saridunek talde argazkia atera dute aste honetan, ekitaldiarekin bat egiteko. Tartean izan dira Ttakuneko ordezkariak.