Topa eginda hasi du Semblante Andaluzek kultura astea

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 10a, 19:03
Urteroko hitzorduari ez dio hutsik egin Semblante Andaluzek: kantu eta algara artean ekin diote aste kulturalari. Afaritxo batekin indarrak hartu dituzte; ekintzaz beteriko astea dute zain.

Ohorezko ardoa edanda hasi dute festa giroa Semblante Andaluzeko lokalean, Lasarte-Oriako Golf plazan. Bazkideez gain, udaleko ordezkariak ere gonbidatu dituzte luntxera. Topa egin, eta kantuan hasi dute jaialdia elkarteko kideek; Semblante Rociero taldearekin. 

Igandera bitartean hamaika ekitaldi antolatu dituzte. Asteartean eta asteazkenean mus eta tute txapelketak egingo dituzte, hurrenez hurren. Ostegunean egingo dituzte ekitaldi nagusiak. Okendo plazan gaztelu puzgarriak jarriko dituzte, 11:00etan, eta tiro al bote lehiaketa egingo dute eguerdian. Arratsaldean jokatuko dituzte tute eta mus txapelketak. Eta iluntzean, Semblante  Rociero taldearekin egingo dute dantza. 

Ostiral goizean ere umeentzako jokoak egongo dira Okendo plazan, eta arratsaldean Furius konpartsak alaituko du giroa. Dantzaldiak egingo dituzte 20:00etatik aurrera. 

Larunbatean, goizeko haurrez jokoen ondoren, Calderetada egingo dute bazkaltzeko. Lehenago, 13:00etan, Extremadura Etxean Badajozeko Los Jateros abesbatzari harrera egingo diote. Eta, arratsaldean, hainbat taldek dantzaldiak eskainiko dituzte. Tartean izango dira Semblante Andaluzeko taldea eta Zambra. Amaya Gonzalez Caballero dantza eskolakoek ere parte hartuko dute ikuskizunean, 20:00etan. 

Igandean amaituko da aste kulturala. Literatura, argazkilaritza eta marrazki lehiaketetako sariak emango dituzte eguerdian. Paella bazkaria egingo dute gero. Aurretik eta ondoren, dantza taldeen ikuskizunaz gozatu ahalko dute Okendora gerturatzen direnek. Son de Ases taldearen kontzertuarekin amaituko dituzte ekintzak.