Suak argitutako gaueko kale ikuskizuna

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 29a, 02:37
Deabru Beltzak kale-antzerki konpainiak, herriko kaleak hartu zituen. 'Su à feu' ikuskizuna eskaini zuten, musika eta sua uztartzen dituen emanaldi erakargarria.

Suak eta perkusio erritmoek girotu zituzten atzo, Okendo eta Antonio Mercero plazak. Deabru Beltzak kale-antzerki konpainiak, 'Su à feu' ikuskizuna eskaini zuen. 22:00etan puntuan agertu ziren musikari- antzezleak Okendo Plazara eta agertu bezain laster, erritmo bizi eta argitsua eman zioten gauari. Etorkizunekoak ziruditen deabru itsurako zazpi pertsonaiek hartu zituzten plazetako txoko ezberdinak eta ikuskizunean zehar, musika, sua eta argi-efektu ezberdinak uztartzen joan ziren. Aurrez aipatutako bi enparantza horietan ibili ziren, joan etorrian. 

Ikusle ugari bildu zen kale-emanaldiaz gozatzera. Gaztetxoenetatik hasi eta helduetaraino ikusi ahal izan zen protagonisten doinuen erritmora dantzan, baina musikarien itsura beldurgarria eta gauaren iluntasuna medio, izan zen izutu zenik ere.

Herritarrek, gorputza mugitzeko aitzakia ederra izan zuten beraz atzo gauean, 'Su à feu' ikuskizunarekin. Hori baita Deabru Beltzak konpainiaren helburuetako bat; ikuslea emanaldian inplikatzea. Baita lortu ere, atzokoan behintzat; jende ugari ikusi ahal izan zen antzezle-musikariekin batera emanaldiaz gozatzen, dantzan. 

Ordubete eskas iraun zuen kale-ikuskizunak eta hasieratik bukaera arte, giro bikaina sumatu ahal izan zen.