Suak amaitu du jaia

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ots. 7a, 21:30
None
Euskal Inauteriek Lasarte-Oriako mugak gainditu dituzte eta Zubietatik Lasarte-Oriara egin dute bidea. Hipodromoko zubian egin den senidetzearen ostean, zubietarrak eta lasarteoriarrak herriko kaleetan barrena dantzatu dira. Okendo plazan, hartzaren erretzearekin amaitu da jaia.

Atzerapen txikiarekin hasi da Zubietan Euskal Inauterietako egitaraua. 

Zubietarrek musikarien doinuak jarraikiz, dantzaldi txikia egin dute, hala nola, zazpi jauzi edo Egi dantzatu zituzten. 

Gorputza berotu ostean, Lasarte-Oriara bidea hartu dute Zubietako lagunek.

Senidetzea

Lasarteoriatarrak zain zeuden Hipodromoko zubian eta bertan harrera beroa egin diete 'ongi etorri' dantza bat eskainiz. Era berean, zubietarrek beste dantza batekin erantzun dute.

Ongi etorriaren ostean, guztiek batera txokolate janaz gozatu dute.

Karrozarekin arazo txiki bat izan eta honek ezin izan du aurrera jarraitu.

Desfilea

Indarrak berreskuratu eta musikariak oinez zihoaztela, Euskal Inauterietako konpartsa Hipodromoko zubitik atera eta Lasarte-Oriako erdialdeko kaleetan barrena ibili da.

Ttirriki Ttarrakako lagunen musikaren erritmora hainbat euskal dantza egin dituzte konpartsako txantxoek Hipodromo etorbide eta Kale Nagusian.

Bertan izan dira hartza eta bere zaintzaileak dantzari, zein herritarrei ziria sartzen.

Sua

Okendo plazara iritsi eta hainbat dantza egin ostean, suaren ekitaldia egin da.

Hartzak ihes egin, hau harrapatu eta erre dute zaintzaileek. 

Ostean, sorgin dantza, fandangoa eta arin-arina dantzatu dira.

Jaiari amaiera emateko, hurrengo urtera begirako lanketan herritarrek parte hartu dezaketela gogoratu dute antolatzaileek.

Honetaz gain, zubietarrek eskerrak eman dituzte eta hurrengo urtean, Lasarte-Oriatik Zubietara egiteko gonbita luzatu dute.

Euskal Inauterien konpartsako argazkiak galerian ikusgai.